Nafarroako Gobernuko Aldizkari Ofizialeko itzultzaileen taldearen izenean idazten dizuet, zeuen iritzia bildu nahian geure lanean sortu zaizkigun zalantza batzuei buruz, guztiok Administrazioaren alor beretsuetan ari garela kontuan hartuz eta “batasun”era ahalik eta gehien hurbiltzeko asmoz. Zehazki, jarraian aipatzen dizkizuegun lau kasu hauetan zer iritzi duzuen edo praktikan nola jokatzen duzuen jakin nahi genuke:
1. Berriki argitaratu den
Letra larriak erabiltzeko irizpideak lanean, besteak beste, hizpide dute kontseilariak/sailburuak izendatzeko modua. Honela diote lanaren egileek:
Kulturako sailburua idaztea
zuzena da (Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako
Kulturako sailburua da),
kultura-sailburua idaztea ere
zuzena da (Miren Azkarate kultura-sailburuak adierazi du...).
Ez da idazkera egokia, ordea
*Kultura-sailburua forma, ezta
*Kultura sailburua ere (ez baita aposizioa; alegia, ez da hau: Kultura izena duen sailburua).
Horri jarraikiz, gu behinik behin oker ari gara gure kontseilari batzuk aipatzen ditugunean:
Hezkuntza kontseilaria, Osasun kontseilaria, Ekonomia eta Ogasun kontseilaria… (aipatutako irizpidea aplikatuz gero,
Hezkuntzako kontseilaria, Osasuneko kontseilaria, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria… egin beharko genituzke).
Jakin nahi genuke zuek ere kontseilariak/sailburuak/diputatuak/aldunak… aipatzen dituzuenean, EIMAko adituekin bat zatozten eta, hala ez bada, hemendik aurrera haien iritzia kontuan hartzeko asmoa ote duzuen.
2. EIMAren lan horretan berean, zeharka esaten digute (hala ulertu dugu)
zergen izenak ere letra xehez idatzi beharko genituzkeela, “
Frantziako testu ofizialetan edo katalanezko testu ofizialetan” egiten den moduan (eta Espainian ez bezala).
Gu prest gaude oraingo geure praktika aldatu eta irizpide horri jarraitzeko, baina jakin nahi genuke zeuen erakundeetan nola egiten duzuen.
3. Beste alor batera pasatuta, lanpostuen zerrendetan (administraziokoetan zein kanpokoetan, hitzarmen kolektibo batzuetan, esate baterako), gaztelaniaz “
mozo” izenekoa agertzen zaigu (“
mozo”, “
mozo especializado”, “
mozo taller”, “
mozo carga y descarga”…). Izen horren ordaina ematerakoan, “
morroi” eta “
mutil” hautatu ditugu gehienetan, baina ohartu gara ez direla sobera egokiak biak “gizonezkoei” besterik ez dagozkielako. Hori dela eta, beste baten bila gabiltza. Orain “
sehi” erabiltzeko proposamena sartu da gure taldekideon eztabaida-plazan. Euskaltermeko fitxa batzuetan ageri da “
sehi”, baina zuen iritzia jakin nahiko genuke, nahiz eta jakin arlo honetan bereziki zaila dela batasuna lortzea, administrazio bakoitzean lanpostuak modu arbitrario samarrean izendatzen direlako.
4. Eta bukatzeko, beste izen bat ordaina ematen zaila: “
adjunto”. Gurean, lanpostuen zerrendako izen batzuetan eta bestelakoetan ageri zaigu: “
médico adjunto”; “
adjunto al presidente-coordinador del tribunal”; “
director adjunto”; “
adjunto al gerente”; “
veterinario adjunto”… Euskaltermen begiratuz gero, honako aukera hauek aurkituko ditugu:
alboko, ondoko, laguntzaile, adjuntu… Orain arte “
alboko” izan da maizenik hautatu dugun ordaina, baina konbentzimendu handirik gabe. Zuenetan zer egiten duzue honelakoetan?
Azken oharra Ez dakigu kontsultarako aukeratu dugun bide hau egokia iruditzen zaizuen, eta gerora ere erabiltzeko baliagarria. Zuek esan beharko. Egia da hiztegi guztiak hor ditugula (Orotarikoa, Elhuyar, 3000, Zehazki…), Euskalterm,
Itzul eztabaidagunea… baita gutako bakoitzaren web orriak ere. Horiek denak begiratzen ditugu (Gipuzkoako web gunea gertatzen zaigu deserosoena bilaketak egiteko, ez baitakigu nola egin gaztelaniazko eta euskarazko testuak pantaila berean elkarren ondoan izateko), baina zenbaitetan hiztegien artean adostasunik ez, eta gure praktikan ere, itxuraz, koherentzia falta izaten denez (gutako bakoitzaren itzulpenak ikusita, itzulgai berari hainbat modutan emandako ordainak frankotan…), pentsatzen dugu hiztegiek eta Euskaltzaindiak (edo alderantziz) behin betiko erantzuna eman bitartean, geure behin-behineko erabakien berri elkarri honela ematea lagungarria izan daitekeela, kasuan kasuko ordaina hobeki asmatzeko, eta erabaki horrek aurrera egiteko berme sendoagoa izateko edo, besterik ez bada, erabiltzen dugun aldiro konbentzimendu handixeagoarekin aritzeko.
Gure aldetik, behinik behin, prest gaituzue aldian-aldian hartzen ditugun erabaki horiek zuekin partekatzeko. Inoiz halakorik nahi izanez gero, lasai jo dezakezue gurera eta gustu handiz eginen dizuegu kasu.
Hartu agur bero bat Iruñetik.
Xabier Olarra, Mikel Taberna