Skip to main content

-(e)tik gora; –(e)tik behera

Azken egunetan buruan bueltak ematen ari naiz euskaraz nola adierazi gaztelaniazko kopuru-mugak: a partir de, más de, no superior a... (euskarazko ordainen sailkapen txiki bat prestatzen ari naiz aurrerago proposatzeko). Eta, lehenik eta behin, zalantza etorri zait "-(e)tik gora" eta "-(e)tik behera" esapideak zehazki nola ulertu:

[a] “36 m3-tik gora, 0’60 €/m3” (Elena-n aurkitua)
Esango nuke aipatu kopurua sartuta dagoela, alegia (hilean-edo) 36 m3 ur edo gehiago kontsumituz gero kuota 0,60 €/m3 izango dela.

[b] “UHT esneetan, laktulosa mailak 600 mg/l-tik behera egon behar du” (Elebila-n aurkitua)

Bigarren kasuan, ordea, zalantza handiagoa dut. Halere, esango nuke 600 mg/l-ko maila eta txikiagoa onargarria dela. Baina, ez naiz ausartzen hori ziurtatzera.


Norbaitek besterik ulertzen al du edo ziur ikusten du esanahi zehatza?

Comments

Anonymous said…
Arabako Aldundiko itzultzaile Joxe Mari Berasategik ere sareratua du antzeko gaia Itzul-en (http://doiop.com/joxe_mari_berasategi).

Galdera, dena den, beste modu batean egingo daiteke, agian (egia esan, bi galdera dira):

- testu batean baino gehiagotan parekatuta ikusi ditut gaztelaniazko "superior a" eta "a partir de". Benetan berdinak ote?

- gaztelaniazko "superior a" euskaraz "-tik gora" eman ote daiteke?
Gotzon said…
Multzo semantiko antzekoak izan arren, ez nituzke ezpal berekotzat joko a partir de, más de, no superior a. Esate baterako:

más de

Gehienetan ez du ezer esan nahi, klixe erretoriko hutsa da. Adibidez, asistieron al acto más de 500 personas, zer da? Zenbat bertaratu ziren? 501? 50.000? Ez, bostehun bat, bostehun inguru.

Batzuetan –gutxitan– gerta daiteke ñabardura erretoriko hori jasotzea komeni dela: han tenido que pasar más de mil años para que...; halakoetan, uste dut mila urte eta gehiago... formula erabil daitekeela.

superior a

Gure eLenan bilaketa eginda, aurkitu ditudan adibideetan argi samar ikusten da esanahiari heldu diogula irtenbidea aurkitzeko: «baino ...ago izan», «halakoa gainditu», eta horrela:

una base imponible superior a la cantidad de 30.000,00 euros
oinarri ezargarria 30.000,00 eurokoa baino handiagoa.

Los proyectos actualmente en marcha arrojan ya en la actualidad un total superior a dicha previsión
Une honetan hasita dauden proiektuek jada aurreikusitako zenbateko hori gainditzen dute

Mantenimiento de una situación de suspensión por un periodo continuado superior a 12 meses
12 hilabetez baino gehiagoz etenda badago

la ayuda económica nunca será superior a la diferencia entre la pensión y el ingreso mínimo garantizado que le pudiese corresponder por el tamaño de la unidad de convivencia
diru laguntza ez da izango inoiz pentsioaren eta elkarbizitza unitatearen arabera legokiokeen gutxieneko diru sarrera bermatuaren arteko aldea baino handiagoa

Badira, jakina, «-tik gora(ko)» eredura egindako itzulpena ere; adibidez: gastos subvencionables por importe superior a 12.000 euros, euskaraz 12.000 eurotik gorako gastu subentzionagarriak emana dago. Gisa honetako testuinguru lotuetan ez zait guztiz traketsa iruditzen, egia esateko, baina erraz asko eman daiteke, baita ere, 12.000 euro baino gehiagoko gastu esanda.

no superior a

Iruditzen zait gehienetan máximo esan nahi duela. Adibidez, gure eLenan begiratuta, maiz agertzen dira halakoak: conceder un plazo no superior a quince días, eta zentzuz emanak ditugu euskaraz gehienez ere hamabost eguneko epea eman.

Gotzon

Popular posts from this blog

Itxiera-ordutegia

Irratian entzun dut gaur goizean iragarki bat, Herrizaingo Sailarena, (tabernen) "itxiera-ordutegiak" betetzearen aldekoa. Ez dakit burmuinaren txokoren batean "etxera-ordua" ez ote dugun ikusten... Bestela, nire uste oraingo honetan ere harro samarrean, "ixteko orduak" zaindu behar lirateke: ez "itxiera", eta ez "ordutegia". Zer diozue zuek? Patxi

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondoriorik izan ez duenez, iragarki honen bidez jakinarazten dira, 1992ko azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Lege ak, 59. artikuluko 5. zenbakian agintzen duenaren arabera. Interesatuek jakin dezaten ematen da horren berri eta interesatu horientzat banakako jakinarazpen balioa izan behar du». Atzoko BAO tik: «Zigortzeko espedienteari ebazpen proposamenaren jakinarazpena ehizari buruzko BI-60/2010. / Notificación de la propuesta de resolución del expediente sancionador de caza BI-60/2010». (Gero bada zehapen bat edo beste). 30/1992 Legearen euskal testua k zehapen, zehapen-prozedura eta halakoak darabiltza etengabe, eta uste dut zuzenbidearen arloan aipatu samarra dela zehapen/zigor bereizkuntza. Ez genuke hitz hori erabili behar testuetan?; ez zaigu sinesgarria iruditzen oraind...

Mendetasuneko pertsonak

Testu hau Ezintasun mailak izenekoaren jarraipena da. Osteguneko saioan, ikusi genuen hitz zehatz bat behar dugula "dependencia" kontzeptua adierazteko ("Ley de dependencia" eta abar adierazi beharra dago: Itzul-en behin galdetu zen, eta inork erantzunik eman ez!). Ikusi genuen, orobat, hitz horrek ezintasun eta ez-gaitasun hitzez bestelakoa izan beharko duela. Aipatu genituen "laguntza beharra", "besteren beharra" eta abar, baina ordainik beteena mendekotasun dela atera genuen ondorio ( menpeko ere badago Hiztegi Batuan, eta mendeko -ren sinonimoa dela dio, baina eratorririk bat bera ere ez dute sartu, eta bai aldiz mendeko -renak, eta hortik ondoriozta daiteke erro hori hobesten dela). Horrekin batera, mendetasun ere badagoela ikusi genuen, esanahi berarekin. Hortik aurrera, beste bi kontu daude erabakitzeko: lehena, mende(ko)tasun sustantiboa hartu ondoren, zer adjektibo edo izenlagun hartu "persona dependiente" adierazteko; bigar...