2007/11/28

Itxiera-ordutegia

Irratian entzun dut gaur goizean iragarki bat, Herrizaingo Sailarena, (tabernen) "itxiera-ordutegiak" betetzearen aldekoa.

Ez dakit burmuinaren txokoren batean "etxera-ordua" ez ote dugun ikusten...

Bestela, nire uste oraingo honetan ere harro samarrean, "ixteko orduak" zaindu behar lirateke: ez "itxiera", eta ez "ordutegia".

Zer diozue zuek?

Patxi

2007/11/21

OHIZ, azken proposamena

Jasotako iruzkinetan piztu diren auziak laburtzen eta, ahal dela, behin betiko proposamena egiten saiatuko naiz.

Hasi aurretik, Mielanjelek barkatuko dit bazter uzten badut bere «higible» menturazkoa, Iñakiri bezala, niri ere nekez gertatzen baitzait «ulerble». Nolanahi ere den, uste dut beste era bateko eztabaida sakonagora lerratzen den Mielanjelek piztu nahi lukeen su txingar hori.

Sigla

Errazenetik hasita, uste dut OHIZ sigla hobetsi behar genukeela. Mikelek emandako argudioen kontrara, uste dut zetaz amaitzen diren siglak erraz josten ahal direla deklinabide atzikiekin. Gainera, erdi txantxetan, erdi serio, Joan Marik aipatzen zuen nahasbidea ez zait arrisku handikoa iruditzen: lekutan dago Irundik Oiz mendia, Bizkaiko Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz udalerrian... Berehala erabakiko dugu zer dagoen, zehazki, siglaren atzean.

Higigarri/higikor/higigai

Iñakik eta bestek emandako arrazoiak askietsi behar genituzkeela iruditzen zait, «higigarri»-ren alde. Egia da Hiztegi Batuan ez agertzeak ez duela euskaraz zuzen eta zentzuz eratutako hitz bat (batik bat, eratorria) galarazten.

Beste kontu bat da, Mielanjelek ongi igarri zuen gisan, «higigai» ERE erabiltzekoa ez ote den; eta, Iñakik ederki zehaztu zionez, erabilgarri da, baina izenondo gisa: «ondare higigai», alegia baina, Iñakik zehaztu zionez, erabilgarri da «ondare»-rekin batera baldin bada: «ondareko higigaiak» eta abar.

Gipuzkoako/gipuzkoar

Zentroaren izen osoari dagokio kontu hau: «...de Gipuzkoa» dioen lekuan, zilegi ote dugu «Gipuzkoar...» ematea? Mielanjelek hala proposatu zuen.

Aitortuko dizuet neronek askotan tentazioa izaten dudala, bide horretan zertxobait abiatzeko, baina gehienetan, beti ez esatearren, atzera egiten dut: leku izenetatik eratorritako gentilizioak pertsonei edo, gehienera, bizidunei eta metafora antropomorfikoei aplikatzen zaiela iruditzen zait. Ereduzko prosa gaur-en begiratu azkar bat eginda, ondorio garbia atera daiteke. Niri «gipuzkoar ekonomia», «bizkaitar enpresak» edo «nafar basoak» oso gogor gertatzen zaizkit.

Azkena

Esandako guztiak kontuan izanik, iruditzen zait proposamena era honetan eman genezakeela:

Izendapen luzea

(1) Centro de Depósito y Conservación del Patrimonio Cultural Mueble de Gipuzkoa
(9) Gipuzkoako Kultura Ondare Higigaia Higigarria Gorde eta Artatzeko Zentroa

Izendapen laburra

(6) Centro de Patrimonio Mueble (de Gipuzkoa)
(10) (Gipuzkoako) Ondare Higigaien Higigarriaren Zentroa

Sigla

(8) OHIZ

2007/11/15

Persistencia declarativa

Beharbada entzungo zenuten, atzo edo gaur goizean, Espainiako atzerri-ministroaren adierazpen bat: "La persistencia declarativa del presidente de Venezuela...". Nominalizazio basatiaren adibide ederra, fenomenoaren erakusgarri bikaina (eta berria, nik esan behar banu). Nahi adina elementu gehi dakizkioke, atzetik nahiz aurretik:

- la persistencia declarativa
- la vergonzosa persistencia declarativa
- la vergonzosa y no por ello inesperada persistencia declarativa
- la vergonzosa y no por ello inesperada persistencia declarativa actual

Itzuli perla horiek...

Patxi

2007/11/13

Altzari higigarriak

Askok jakingo duzuenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak zentro berri bat zabalduko du laster Irunen, URI izeneko lantegia izandako eraikinean.

Zentro horretan kultura ondareko elementuak gorde eta zainduko dituzte: batez ere, indusketa arkeologikoetatik bildutako tresnak, Aldundiaren jabetzakoak diren arte lanak, eta gisakoak.

Gazteleraz, zentroaren izen osoa hauxe izango da:
(1) Centro de Depósito y Conservación del Patrimonio Cultural Mueble de Gipuzkoa
Euskarazko izena emateko eskatu digutelarik, lehen-lehenik esan diegu burutik kentzeko «Gizartekintza - Departamento de Servicios Sociales» gisako ereduak. Guk izen orekatu bat proposatuko dugu, euskaraz oso, gazteleraz oso, hizkuntza bakoitzean era burujabean erabiltzeko modukoa.

Esan diegu, baita ere, gaztelerazko izen luuuuze hori ondo egon daitekeela xedapenetan eta dokumentu guztiz ofizialetan erabiltzeko, baina hobe dutela horrekin batera erabilerarako izendapen laburrago bat eratzea, adibidez:
(2) Centro de Patrimonio Mueble de Gipuzkoa

Euskaraz, orain arteko bidea

Zentro horren proiektua ez da aspaldikoa, baina bere bidetxoa egina du gurean. eLenan galdetuta (Hizkuntza: ES centro patrimonio <Tartean> 1 gehienez Ordenatua), 51 emaitza ateratzen dira, gehienak esaten ari garen proiektu honetaz. Bi kasutara bil daitezke:
(3) Gipuzkoako Kultur(a) Ondare Higigarriaren Zentroa
(4) Gipuzkoako Altzarien Ondare Zentroa
Lehenengo adiera da ugariena, eta bigarren adieraren adibide guztiak dokumentu berekoak dira. Ez dirudi, beraz, gehiegi(tan) nahastu garenik.

Nolanahi den ere, uste dut (4) izendapena baztertzeko arrazoi sendoak ditugula:
  • Sinekdoke bat izan zitekeen (pars pro toto, ale bat guztiaren ordez): besteak beste, «altzariak» gordeko direnez bertan, izen hori har genezakeen «guztia» aditzera emateko. Alabaina, zentro horretan ez da batere ziur altzariak (benetako altzariak, alegia) inoiz gordeko direnik.
  • Badirudi kalko bat gertatu zaigula: «mueble» > «altzari». Kontuan izan behar dugu, ordea, hor «mueble» adjektiboa dela, DRAEk definitzen duen gisan: «Dicho del patrimonio o de la hacienda: Que se puede mover».

Proposamena

Esandako guztiak kontuan izanik, iruditzen zait ez daukagula beste irtenbiderik, «higigarri higikor»-en bidetik jotzea ez bada. Ohartzen naiz «higigarri higikor» oso hizkera espezializatuko terminoa dela, eta, gainera, ez dela Hiztegi Batuan ageri; baina irtenbide hoberik ezean, zerga alorrean aspaldidanik darabilgun horri heldu beharko diogu.

Proposamen hau nahi nuke eztabaidatu zuekin.
Izendapen luzea

(1) Centro de Depósito y Conservación del Patrimonio Cultural Mueble de Gipuzkoa
(5) Gipuzkoako Kultura Ondare Higigarria Higikorra Gorde eta Artatzeko Zentroa

Izendapen laburra

(6) Centro de Patrimonio Mueble (de Gipuzkoa)
(7) (Gipuzkoako) Ondare Higigarriaren Higikorraren Zentroa

Sigla

(8) OHIZ

Erabilera

Iruditzen zait halako izen luze eta korapilatsua (1 eta 5) ez dela inolaz ere erabilgarri, testuinguru guztiz zehatzetan ez bada: xedapenak, adibidez.

Hortik aurrera, uste dut izendapen laburra erabili behar dela, eta hor ere zalantza egiten dut «Gipuzkoako» erantsi behar ote zaion beti.

Irteera on bat izan daiteke, askotan egin izan dugun bezala, sigla bat asmatzea, eta hor uste dut irtenbide erraza egon daitekeela, euskarazko izendapen laburretik abiatuta «OHIZ» sortzen baita, sigla esangarri eta, nolabait ere, zentroaren eginkizunaren zantzua aditzera ematen duena.

Ez kasurik egin diseinu ezin pobreago honi, baina siglaren eta izendapen laburraren erabilera konbinatuaz ideia bat emateko lagungarri izan daiteke:


Iruzkinak

GIFAMI blog honetan nahi izan dut proposamena egin, kritikak, iruzkinak edo oharrak idatzi eta denon agerian ipintzeko aukera erraza ematen baitu.

Ez isildu, hartu hamar minutu eta idatzi zure iritzia. Erraza da: testu honen amaieran ageri den POST A COMMENT loturan klik egin, eta leihotxo bat zabalduko dizu, «Leave your comment» formulariotxo batekin. Idatzi beharrekoak idatzi, eta sakatu PUBLISH YOUR COMMENT botoia. Kito

Gotzon

2007/11/08

Judizio edo epaiketa

Gehienok dakizuen bezala, GAOn argitaratzeko, epaitegitik datozenak itzultzen hasi gara. Itzuli ditugunetan, judizio jarri dugu “juicio” agertu zaigun bakoitzean, eta “epaiketa” baztertu egin dugu. Izan ere, iturri nagusi dugun justizia.net-en, “judizio” erabiltzen dute ia salbuespenik gabe. Jakin badakit Patxi zuzenbide kontuetatik ez dabilela urruti, eta Aitziberrek ere eskarmentu handia duela epaitegian (esan nahi baita, bertako itzulpenetan). Zuei bereziki galdetu nahi dizuet ea zergatik ez den “epaiketa” erabiltzen justizia.net-en, izanik hitz erabat normalizatua gizartean, eta ea zer iruditzen zaizuen hemendik aurrera GAOn “epaiketa” erabiltzea, izanik hitz erabat normalizatua gizartean.

Xabier

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondorior...