2008/04/22

Erakuslea eta letra larriak

Aztergaia:

Horregatik guztiarengatik, ulertzen dugu ez dela Kirol Zuzendaritzaren funtzioa dopinaren inguruan Gipuzkoako Federazioak erabakitzen duenaren legezkotasuna aztertzea, hori beste erakunde batzuen eskumena baita. Hala ere, federazio horrek eskatzen digun iritzia emate aldera, Kirol Zuzendaritzak uste du, esandakoa eta eskura dagoen informazioa oinarri hartuta, eta kontrakorik frogatzen ez den bitartean, Federazioaren jardunbidea zuzena eta zuzenbidez egokia izan dela prozesu honetan.
Gazteleraz, Kirol Zuzendaritza jartzen duen bakoitzean, ESTA DIRECCIÓN DE DEPORTES jartzen du; guk erakuslea kendu egiten dugu, jarriz gero letra xehez idaztera behartzen baitugu geure burua, eta nahiago dugu “kirol zuzendaritza honek” baino, letra larriz idatzi “Kirol Zuzendaritzak”. Gainera, galdetu dugu inoiz ea erakusle hori beharrezkoa den, eta esan digute ezetz. Baina, egia al da hori?

Lehenengo esaldia:
Horregatik guztiarengatik, ulertzen dugu ez dela Kirol Zuzendaritzaren funtzioa dopinaren inguruan Gipuzkoako Federazioak erabakitzen duenaren legezkotasuna aztertzea, hori beste erakunde batzuen eskumena baita.
Egia, ez dirudi “honek” horren beharrik dugunik.

Bigarren esaldia:

Hala ere, federazio horrek eskatzen digun iritzia emate aldera, Kirol Zuzendaritzak uste du, esandakoa eta eskura dagoen informazioa oinarri hartuta, eta kontrakorik frogatzen ez den bitartean, Federazioaren jardunbidea zuzena eta zuzenbidez egokia izan dela prozesu honetan.
Beharbada, egia da “honek” hori ez dela beharrezkoa eta apaintzeko besterik ez duela balio, baina esango nuke ez garela berehala konturatzen “gu” eta “Kirol Zuzendaritza” bera direnik; ala bai?

Inkestatxoa. Aukeratu bat:

a) Kirol Zuzendaritzak
b) kirol zuzendaritza honek
c) Kirol Zuzendaritza honek

Xabier

2008/04/19

"Epaitegiko idazkari", "idazkari judizial"

Informazio pixka bat gehiago bildu dut, eta ea denon artean osatzen eta erabakiren bat hartzen dugun. Badakit/badakizue nire ikuspegia ez dela batere inpartziala, eta ulertuko duzuelakoan nago. Idatzi erantzunak. Inkesta jarriko dut eskuineko aldean (jendeak gutxi gorabehera zer iritzi duen jakiteko), eta nik ez dut botorik emango oraingo honetan.

  • Interneten 10.000 aldiz ageri da idazkari judizial, eta 400 bat aldiz epaitegiko idazkari. Adibide horietako asko aldizkari ofizialetakoak dira, eta beste asko prentsakoak. Esate baterako: Seiak eta hamar aldera hogeita hamar bat ertzain eta idazkari judiziala sartu dira Belartzako eraikinera, eta lehendabizi kazetari guztiei ateratzeko agindu… Joan den asteartean EAEko lehendakari Kepa Bereziartua Audientzia Nazionalean zela bertan agertu zen Auzitegi Goreneko idazkari judiziala eta… Egia da idazkari judizial aurki daitekeen iturri gehienetan ageri dela epaitegiko idazkari ere. Bizpahiru aldiz ikusten da epaitegi(-)idazkari.
  • Ereduzko Prosa Gaur-en 11 aldiz ageri da idazkari judizial eta 4 aldiz epaitegiko idazkari. Hona horietako bat: - Barkatu jauna, epaitegiko idazkaria naiz eta lehen instrukzioa egin behar dut. (Koldo Izagirre: Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri).
  • Interneten aurkitutako adibideetatik, niretzat esanguratsua da honako hau: Auzitegi edo epaitegi batean, batetik epailea edo magistratua dago (edo daude); bestetik, idazkari judiziala, funtzionarioak, mediku forentsea... Ezin ditugu alde batera utzi, fiskalak, abokatuak eta prokuradoreak... eta zuzenean egitura honetan parte hartzen ez badute ere, ezta notario, errejistrariak etabar, azken hauen araudiak euskararen erabilera eta ezagutzaren obligazioa dela-eta (arlo honetan ezin dugu hauei buruz gehiegi hitz egin, bestela bukaezinak eta astunak bihurtuko liratekeelako ohar hauek). (Nekane San Miguel: “Euskara Justizia Administrazioan: ohar batzuk”. Senez, 1997ko urtarrila.)
  • Kataluniako Termcatek honako fitxa hau eskaintzen du: ca secretari -ària judicial, m i f; es secretario de juzgado, secretario judicial; fr secrétaire du tribunal, secrétaire-greffier; en judicial law clero. Definicions ca: Persona que exerceix la fe pública judicial i auxilia els jutges o els magistrats, i que té la facultat d'ordenar el tràmit i d'elaborar propostes de resolució de les previsions i les interlocutòries. Ohar morfosintaktikoa: bigarren forma "de juzgado" da, ez "del juzgado".
  • Euskaltermen bi fitxa daude (bat errotulu bati dagokiona), eta bietan idazkari judizial. Gauza bera Eusko Legebiltzarrekoen datu basean ere.
  • Euskarara itzuli diren legeetan, idazkari judizial erabili da ia erabat. Prozedura Zibilaren Legean (Deustuko Unibertsitatea) 121 aldiz ageri da. Adibidez: Epaileen, magistratuen, idazkari judizialen, fiskalen eta auzitegi zibilen zerbitzupeko langileen abstentzioa. Lege horretan, bi aldiz esaten du gaztelaniaz “Secretario del Juzgado”, eta bietan, jakina :-), “epaitegiko idazkari” itzuli da. Ohar morfosintaktikoa: testuak "del" dio, ez "de" (Termcateko fitxan ageri den bezala). Hala ere, nire iritziz, "secretario del juzgado" dioenean "secretario judicial" esaten ari da.
  • Botere Judizialaren Legearen 5. eta 6. liburuak itzuli berri dira EHUn (ez da oraindik argitaratu). Testuko lehen hitzak hauek dira: LIBRO V. De los secretarios judiciales y de la oficina judicial. Hona hasierako pasarte pare bat. (435.1) La Oficina judicial es la organización de carácter instrumental que sirve de soporte y apoyo a la actividad jurisdiccional de jueces y tribunales. (438.5) Al frente de cada servicio común procesal constituido en el seno de la Oficina judicial habrá un secretario judicial, de quien dependerán funcionalmente el resto de los secretarios judiciales y el personal destinado en los puestos de trabajo en que se ordene el servicio de que se trate y que, en todo caso, deberá ser suficiente y adecuado a las funciones que tiene asignado el mismo. Uste dut ulertuko duzuela zergatik nioen lehengo egunean niretzat idazkari judizial esatea administrazio-laguntzaile edo gizarte-laguntzaile esatea bezala dela.

Anekdota-puntua 3000 Hiztegiak eskaintzen digu kasu honetan, “epailearen idazkari” ematen baitu ordaintzat.

2008/04/17

Kontabilitate Plan Orokorra

2007an onartutako Kontabilitate Plan Orokor berria euskaratzen ari dira bi itzultzaile talde: bata, EHUn (Agustin Erkizia irakaslea tartean dagoela) eta bestea, UZEIn. Elkarrekin harremanetan daude itzultzaile taldeak. Jakin dugunez, hainbat eragozpenekin egin dute topo; adibidez: bi taldeen testuen arteko aldeak, gaztelaniazko bertsioak erreferentzia gisa ingelesezko testua erabili izana (nazioarteko kontabilitate arauak)...

Itzulpen lanean kontabilitate arloa lantzen dutenentzat izan daiteke interesgarria berria, alegia ogasundarrontzat ez ezik, idazkaritza teknikoen itzulgaiekin aritzen zaretenontzat eta batzar nagusitarrontzat ere.

Itzultzaile taldeen asmoa omen da aurten Durangon gida liburu moduko argitalpena azokaratzea.

Itzultzaileak eta trebakuntza

Gogoeta eragin asmoz idatzi du artikulua Edorta Españak Administrazioa euskaraz aldizkariaren azken zenbakian (59). Itzultzaileak hartu ditu hizpide IVAPekoak.

Proposamen ausart(egi)a egiten du: itzultzaileak trebatzaile bihurtzea. Agerian jartzen du, besteak beste, askotan itzultzaileen eskutik osatu dela euskal herri administrazioetan diskurtso administratiboa (itzulpen bidez sortu dira euskarazko testu gehienak).

Proposamenak proposamen, beharrezkoa da itzultzaileok gure lanean pilatutako jakintza beste langile batzuekin partekatzea. Berez, itzulpen lana bera eta alorrez alorreko terminologiaren osaketa, adibidez, gure lana konpartitzeko ohiko moduak ditugu. Horrekin batera, pentsa daiteke urte hauetan sortzen joan garen diskurtso administratiboa langileei ezagutarazteko aukera sortu daitekeela inoiz (ikastaro labur bat, adibidez). Horrelako esperientzia egina du, beste maila batean, Ogasun Departamentuko hainbat teknikarik, gai jakin baten azalpena prestatu eta lankideei emanda.

2008/04/04

Gipuzkoa

Bozketa 5-3 doa ("Gipuzkoa osoa" garaile, beraz), baina denok dugu arrazoi, itxuraz. Kontu honen gaineko argi bila, armiarma.com guneko Klasikoak sailean "Gipuzkoa" bilatu eta banan-bana irakurri nituen adibide guztiak, ea zenbat "Gipuzkoa oso" eta zenbat "Gipuzkoa guzti" ageri den. Hori egitean, beste zenbait gauza ikusteko ere aukera izan dut. Hona, bada, zer adibide aurkitu ditudan:

GUZTIA
  • Bere jaio-tokian ibai au dan baino ugariagorik, ez det uste arkituko dala Gipuzkoa guztian.
  • (…) eta Gipuzkoa guztia arkitzen zala prest Beraren Majestadea serbitzatzeko, azkeneko odol malkoa ixurteraño.
Juan Ignazio Iztueta: Gipuzkoako probintziaren kondaira

  • Era berean Gipuzkoa guziari egin diozu, bidez, atsegingarrizko ontarte txit onesbedagarri bat, birjaiotu dituzulako, baserrietako zoko illunetara igesi joanik, azkenengo asnasetan arkitzen ziraden zure sorterriko dantza oniritzi pozkarriak, eta anziña anziñako soñu gogoangarri gozoak.
  • (…) baña etzitzaien agertu kontrariorik, Españia guziko gaitasun edo abilidaderik aundienen gordelekua erri aurrenengo ura izan arren.
  • Fernandoren eranzuera: Ezin gentzake bada, beste gauzarik egin, nik gogoan neukana, zuk dezu itzegin: Utzi bear ditugu, biak berdin berdin; Gipuzkoa guziak ar dezan atsegin.
Juan Ignazio Iztueta: Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira

  • Gipuzkoa guztiko diruakgatik enitzake Oñatiraño jetxiko.
  • Gaur Gipuzkoa guztia ementxen da, batari ta besteari ongietorria ematen nabil, eztet zurekin egoteko asti andirik izango, ta entzun zadazu piskatxo batean.
Txomin Agirre: Garoa

  • Gipuzkoa guzian eta Naparroan ere berdin jokatu dute.
  • Gipuzkoa guzia besoak zabalik zuen zai dago.
Txomin Arruti "Mendi-Lauta": Loretxo

OSOA

  • Beragaitik nai izan det, bada, gertaera au ezarri zearo ta zabalki, jakin dezan mundu osoak, Gipuzkoan badirala basoak, iñon ere bezin gozoak.
Juan Ignazio Iztueta: Gipuzkoako probintziaren kondaira

  • Jaunak: Biarko eguna, egun gogoangarria izan diteke bai Tolosa eta bai Gipuzkoa osoarentzat ere.
Antonio Maria Labaien: Domenjon de Andia

  • Izarraitz eta Urraki mendiak estaltzen duten lurralde pitiña izan ezik, begien aurrean degu Gipuzkoa osoa lilluragarri.
  • Baña, nolatan asmatu dezu nungoak geran? - Bai al-da, noski, Gipuzkoa osoan nik ezagutuko ez nukeanik iñor? Nere begininiai noizpait azaldu zaiena, etzaie egundo itzaliko.
Tomas Agirre "Barrensoro": Uztaro


Gainerakoan, Juan Ignazio Iztuetak etengabe darabil "Gipuzkoako mugape guztian" Gipuzkoako probintziaren kondaira liburuan (1847).

Adibide hauen bila nenbilen bitartean, atsegin hartu dut Iztuetaren prosa mamitsuarekin. Ez alferrik Inazio Mujika Iraolak Ez direlako aketsak liburua argitaratu zuen, duela dozena urte inguru, Klasikoak Alberdanian sailean.

2008/04/03

Gure blogosfera aldatzen hasiak gara

Itzulpengintza mintegiko blogaren inguruan (bloga, artikulugile taldea...) hainbat aldaketa egiten hasiak gara. Uste dugu merezi duela bloga, beste baliabide batzuekin batera, mintegiko kideon ohiko lan tresna bihurtzea. Asmo horretan, bada, hasiak gara:
  • itxura argia eta nabigazio erraza ematen
  • artikulugile kopurua gehitzen
  • artikuluak atalka antolatzen
  • mintegikideon partaidetza sustatzen
Aldaketak aste gutxitan gauzatu nahi ditugu. Horregatik, eta frogako ingurune bat ez dugunez, itxura eta antolaera frogak pantailan ikusiko dituzue. Barkatu enbarazua.

Bestetik, denon ekarpenak ongietorriak dira. Badakizue...

2008/04/02

Gipuzkoa osoa / Gipuzkoa guztia

Nola esaten da? Nola da egokienik? Bietara ondo? Nola esango zenukete? Adibide pare bat:

1.
a) Gipuzkoa osoa ezagutzen du.
b) Gipuzkoa guztia ezagutzen du.

2.
a) Gipuzkoa osoan eskaintzen ditu zerbitzuak.
b) Gipuzkoa guztian eskaintzen ditu zerbitzuak.

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondorior...