2007/12/17

La proposición nueva

Izen-sintagma determinatuekin eta determinatu gabeekin buruari halako beroaldia eman eta egun batzuetara, grazia handia egin dit postan sartu zaidan spam gisako mezu batean darabilten gaztelaniak. Etengabe huts egiten du izenei artikulu determinatua erantsiz; pentsatzen dut itzultzaile automatikoren baten gauza izango dela. Hona lagintxo bat:

La proposición nueva

Por eso, en este momento estamos buscando los socios en su país, quien nos ayudara aceptar el pago mas rápido. Si Vds. quieren ganar el dinero complementario, Vds. pueden ser los representantes de nuestra empresa en su país. Vds. podrán recibir 8% de cada transacción, que realizamos con la participación de su cuenta. Su trabajo consistirá en la acepción del capital en la forma de los giros postales a su cuenta y la salida del dinero a nosotros. Esto es un método muy cómodo y rápido de recibir los ingresos adicionales. Además, estudiamos la posibilidad de la apertura de la oficina en su país en el futuro próximo y entonces Vds. podrán tener los privilegios de recibir el trabajo de plena ocupación. Si Vds. tienen interés trabajar con nosotros, entonces, estamos en sus ordenes.
Patxi

2007/12/05

Espainia-Frantzietako eskualdeen izenak

Euskaltzaindiaren 151. araua, atera berria: Espainia-Frantzietako eskualdeen izenak. Nahi baduzue, araua irakurri aurretik, egin atariko proba hau. Bost erantzunak asmatzen ez badituzue, badakizue...

1.
a) Béarn
b) Biarno
c) Bi arno
d) Biarnoa

2.
a) Las Hurdes
b) Lurdes
c) Hurdes
d) Hurdeak

3.
a) Champagne
b) La Champagne
c) Xanpaina
d) Cava

4.
a) Rioja Alta
b) Errioxa Garaia
c) Titinerri
d) Haute Riosse

5.
a) Baix Ebre
b) Baix Ebre edo Ebro Beherea
c) Ebrerea
d) Bajo Ebro

Erantzunak eta azalpenak, hemen.

Patxi

Diseinua

Hona beste nominalizazio-kasu bat, atzizki bidezkoa ez denez oharkabean pasatzeko arriskua duena: diseño. Adibidea, atzoko EHAAkoa.

LEHIAKETA PUBLIKOA, irekia, Fundación Euskadi Kirola Fundazioarena, Fundazioaren korporazio-irudia, aplikazio eskuliburua eta komunikazio planaren diseinurako.

CONCURSO PÚBLICO por procedimiento abierto, para el diseño de la imagen corporativa, manual de aplicación y el plan de comunicación para la Fundación Euskadi Kirola Fundazioa.

FUNDACIÓN EUSKADI KIROLA FUNZAZIOA (sic)
Begira zer arazo gramatikal sortzen den, gainera: "-a, -a eta -aren diseinurako". Uste dut "-a, -a eta -a diseinatzeko" beharko lukeela. Ez da hala? Izan ere, gaztelaniaz diseño hitzak ekintza adierazten du hor.

Patxi

2007/11/28

Itxiera-ordutegia

Irratian entzun dut gaur goizean iragarki bat, Herrizaingo Sailarena, (tabernen) "itxiera-ordutegiak" betetzearen aldekoa.

Ez dakit burmuinaren txokoren batean "etxera-ordua" ez ote dugun ikusten...

Bestela, nire uste oraingo honetan ere harro samarrean, "ixteko orduak" zaindu behar lirateke: ez "itxiera", eta ez "ordutegia".

Zer diozue zuek?

Patxi

2007/11/21

OHIZ, azken proposamena

Jasotako iruzkinetan piztu diren auziak laburtzen eta, ahal dela, behin betiko proposamena egiten saiatuko naiz.

Hasi aurretik, Mielanjelek barkatuko dit bazter uzten badut bere «higible» menturazkoa, Iñakiri bezala, niri ere nekez gertatzen baitzait «ulerble». Nolanahi ere den, uste dut beste era bateko eztabaida sakonagora lerratzen den Mielanjelek piztu nahi lukeen su txingar hori.

Sigla

Errazenetik hasita, uste dut OHIZ sigla hobetsi behar genukeela. Mikelek emandako argudioen kontrara, uste dut zetaz amaitzen diren siglak erraz josten ahal direla deklinabide atzikiekin. Gainera, erdi txantxetan, erdi serio, Joan Marik aipatzen zuen nahasbidea ez zait arrisku handikoa iruditzen: lekutan dago Irundik Oiz mendia, Bizkaiko Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz udalerrian... Berehala erabakiko dugu zer dagoen, zehazki, siglaren atzean.

Higigarri/higikor/higigai

Iñakik eta bestek emandako arrazoiak askietsi behar genituzkeela iruditzen zait, «higigarri»-ren alde. Egia da Hiztegi Batuan ez agertzeak ez duela euskaraz zuzen eta zentzuz eratutako hitz bat (batik bat, eratorria) galarazten.

Beste kontu bat da, Mielanjelek ongi igarri zuen gisan, «higigai» ERE erabiltzekoa ez ote den; eta, Iñakik ederki zehaztu zionez, erabilgarri da, baina izenondo gisa: «ondare higigai», alegia baina, Iñakik zehaztu zionez, erabilgarri da «ondare»-rekin batera baldin bada: «ondareko higigaiak» eta abar.

Gipuzkoako/gipuzkoar

Zentroaren izen osoari dagokio kontu hau: «...de Gipuzkoa» dioen lekuan, zilegi ote dugu «Gipuzkoar...» ematea? Mielanjelek hala proposatu zuen.

Aitortuko dizuet neronek askotan tentazioa izaten dudala, bide horretan zertxobait abiatzeko, baina gehienetan, beti ez esatearren, atzera egiten dut: leku izenetatik eratorritako gentilizioak pertsonei edo, gehienera, bizidunei eta metafora antropomorfikoei aplikatzen zaiela iruditzen zait. Ereduzko prosa gaur-en begiratu azkar bat eginda, ondorio garbia atera daiteke. Niri «gipuzkoar ekonomia», «bizkaitar enpresak» edo «nafar basoak» oso gogor gertatzen zaizkit.

Azkena

Esandako guztiak kontuan izanik, iruditzen zait proposamena era honetan eman genezakeela:

Izendapen luzea

(1) Centro de Depósito y Conservación del Patrimonio Cultural Mueble de Gipuzkoa
(9) Gipuzkoako Kultura Ondare Higigaia Higigarria Gorde eta Artatzeko Zentroa

Izendapen laburra

(6) Centro de Patrimonio Mueble (de Gipuzkoa)
(10) (Gipuzkoako) Ondare Higigaien Higigarriaren Zentroa

Sigla

(8) OHIZ

2007/11/15

Persistencia declarativa

Beharbada entzungo zenuten, atzo edo gaur goizean, Espainiako atzerri-ministroaren adierazpen bat: "La persistencia declarativa del presidente de Venezuela...". Nominalizazio basatiaren adibide ederra, fenomenoaren erakusgarri bikaina (eta berria, nik esan behar banu). Nahi adina elementu gehi dakizkioke, atzetik nahiz aurretik:

- la persistencia declarativa
- la vergonzosa persistencia declarativa
- la vergonzosa y no por ello inesperada persistencia declarativa
- la vergonzosa y no por ello inesperada persistencia declarativa actual

Itzuli perla horiek...

Patxi

2007/11/13

Altzari higigarriak

Askok jakingo duzuenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak zentro berri bat zabalduko du laster Irunen, URI izeneko lantegia izandako eraikinean.

Zentro horretan kultura ondareko elementuak gorde eta zainduko dituzte: batez ere, indusketa arkeologikoetatik bildutako tresnak, Aldundiaren jabetzakoak diren arte lanak, eta gisakoak.

Gazteleraz, zentroaren izen osoa hauxe izango da:
(1) Centro de Depósito y Conservación del Patrimonio Cultural Mueble de Gipuzkoa
Euskarazko izena emateko eskatu digutelarik, lehen-lehenik esan diegu burutik kentzeko «Gizartekintza - Departamento de Servicios Sociales» gisako ereduak. Guk izen orekatu bat proposatuko dugu, euskaraz oso, gazteleraz oso, hizkuntza bakoitzean era burujabean erabiltzeko modukoa.

Esan diegu, baita ere, gaztelerazko izen luuuuze hori ondo egon daitekeela xedapenetan eta dokumentu guztiz ofizialetan erabiltzeko, baina hobe dutela horrekin batera erabilerarako izendapen laburrago bat eratzea, adibidez:
(2) Centro de Patrimonio Mueble de Gipuzkoa

Euskaraz, orain arteko bidea

Zentro horren proiektua ez da aspaldikoa, baina bere bidetxoa egina du gurean. eLenan galdetuta (Hizkuntza: ES centro patrimonio <Tartean> 1 gehienez Ordenatua), 51 emaitza ateratzen dira, gehienak esaten ari garen proiektu honetaz. Bi kasutara bil daitezke:
(3) Gipuzkoako Kultur(a) Ondare Higigarriaren Zentroa
(4) Gipuzkoako Altzarien Ondare Zentroa
Lehenengo adiera da ugariena, eta bigarren adieraren adibide guztiak dokumentu berekoak dira. Ez dirudi, beraz, gehiegi(tan) nahastu garenik.

Nolanahi den ere, uste dut (4) izendapena baztertzeko arrazoi sendoak ditugula:
  • Sinekdoke bat izan zitekeen (pars pro toto, ale bat guztiaren ordez): besteak beste, «altzariak» gordeko direnez bertan, izen hori har genezakeen «guztia» aditzera emateko. Alabaina, zentro horretan ez da batere ziur altzariak (benetako altzariak, alegia) inoiz gordeko direnik.
  • Badirudi kalko bat gertatu zaigula: «mueble» > «altzari». Kontuan izan behar dugu, ordea, hor «mueble» adjektiboa dela, DRAEk definitzen duen gisan: «Dicho del patrimonio o de la hacienda: Que se puede mover».

Proposamena

Esandako guztiak kontuan izanik, iruditzen zait ez daukagula beste irtenbiderik, «higigarri higikor»-en bidetik jotzea ez bada. Ohartzen naiz «higigarri higikor» oso hizkera espezializatuko terminoa dela, eta, gainera, ez dela Hiztegi Batuan ageri; baina irtenbide hoberik ezean, zerga alorrean aspaldidanik darabilgun horri heldu beharko diogu.

Proposamen hau nahi nuke eztabaidatu zuekin.
Izendapen luzea

(1) Centro de Depósito y Conservación del Patrimonio Cultural Mueble de Gipuzkoa
(5) Gipuzkoako Kultura Ondare Higigarria Higikorra Gorde eta Artatzeko Zentroa

Izendapen laburra

(6) Centro de Patrimonio Mueble (de Gipuzkoa)
(7) (Gipuzkoako) Ondare Higigarriaren Higikorraren Zentroa

Sigla

(8) OHIZ

Erabilera

Iruditzen zait halako izen luze eta korapilatsua (1 eta 5) ez dela inolaz ere erabilgarri, testuinguru guztiz zehatzetan ez bada: xedapenak, adibidez.

Hortik aurrera, uste dut izendapen laburra erabili behar dela, eta hor ere zalantza egiten dut «Gipuzkoako» erantsi behar ote zaion beti.

Irteera on bat izan daiteke, askotan egin izan dugun bezala, sigla bat asmatzea, eta hor uste dut irtenbide erraza egon daitekeela, euskarazko izendapen laburretik abiatuta «OHIZ» sortzen baita, sigla esangarri eta, nolabait ere, zentroaren eginkizunaren zantzua aditzera ematen duena.

Ez kasurik egin diseinu ezin pobreago honi, baina siglaren eta izendapen laburraren erabilera konbinatuaz ideia bat emateko lagungarri izan daiteke:


Iruzkinak

GIFAMI blog honetan nahi izan dut proposamena egin, kritikak, iruzkinak edo oharrak idatzi eta denon agerian ipintzeko aukera erraza ematen baitu.

Ez isildu, hartu hamar minutu eta idatzi zure iritzia. Erraza da: testu honen amaieran ageri den POST A COMMENT loturan klik egin, eta leihotxo bat zabalduko dizu, «Leave your comment» formulariotxo batekin. Idatzi beharrekoak idatzi, eta sakatu PUBLISH YOUR COMMENT botoia. Kito

Gotzon

2007/11/08

Judizio edo epaiketa

Gehienok dakizuen bezala, GAOn argitaratzeko, epaitegitik datozenak itzultzen hasi gara. Itzuli ditugunetan, judizio jarri dugu “juicio” agertu zaigun bakoitzean, eta “epaiketa” baztertu egin dugu. Izan ere, iturri nagusi dugun justizia.net-en, “judizio” erabiltzen dute ia salbuespenik gabe. Jakin badakit Patxi zuzenbide kontuetatik ez dabilela urruti, eta Aitziberrek ere eskarmentu handia duela epaitegian (esan nahi baita, bertako itzulpenetan). Zuei bereziki galdetu nahi dizuet ea zergatik ez den “epaiketa” erabiltzen justizia.net-en, izanik hitz erabat normalizatua gizartean, eta ea zer iruditzen zaizuen hemendik aurrera GAOn “epaiketa” erabiltzea, izanik hitz erabat normalizatua gizartean.

Xabier

2007/10/31

Jaun Garzia 16an

Esan bezala, Jaun (Juan) Garzia izango dugu mintegian azaroaren 15ean (azken ordukoa: 16an, ostiralarekin; hau ikusten duenak, zabal beza mezua). Gogo onez hartu zuen gonbita, zenbatsu izango ginen galdetu zuen, eta foro egokia iruditu zitzaion oso. Testuak hautatzeaz gain, pentsatu behar genuke, nire ustez, aski egun berezia izango dela hori, eta ondo aprobetxatu beharrekoa. Niretzat, behintzat, halaxe da.

Idazle eta itzultzaile beldurgarria da, nire eta askoren iritziz, Juan Garzia. Ez inor beldurtzen duelako (bueno, hori ere bai tarteka...), baizik ahalmen ikaragarrikoa delako. Bere garaian Txirritaren bertsoak aztertzetik, Shakespeareren sonetoak itzultzera ere ailegatu dena, bi txikikeria aipatzeagatik. Borgesen Ipuin hautatuak eta Juan Rulforen Pedro Páramo itzuli dituena, beste bi txikikeria aipatzeagatik. Bestalde, batzuon bibliarik irakurriena, bestelako katiximei uko egiten ez badiegu ere, Juan Garziaren Joskera lantegi izango da (ohartxo bat, bidenabar: ez dira bat edo bi izango oraindik ere izenburu horrek "joskera lantegia" esan nahi duela uste dutenak).

Joskera dugu lantegi, eta Juan Garzia akuilatzaile. Prest egon beharko dugu eztenkadaren bat edo beste jasotzeko, baina sinesten dugu akupunturan, ezta?

Patxi Petrirena

2007/10/24

Nora sartu, nor sartu?

Nahasi samarrik ibili gara «Ley 11/2007, de 22 de junio, de acceso electrónico de los ciudadanos a los servicios públicos» euskaraz emateko garaian. ItzuL zerrendan 2007ko urriaren 22an egin zuten galdera baten erantzun bila hasita ohartu naiz gure nahasmenaz. eLenan galdetuta, hiru modutan aurkitu dut emana:

Ley 11/2007, de 22 de junio, de acceso electrónico de los ciudadanos a los servicios públicos

(1) Herritarrak zerbitzu publikoetan elektronikoki sartzeari buruzko Legea
2007-10-17

(2) 2007ko ekainaren 22ko 22/2007 Legea, herritarrek zerbitzu publikoetan sartzeko bide elektronikoak erabiltzeari buruzkoa
2007-09-06 

(3) 2007ko ekainaren 22ko 11/2007 Legea, herritarrek zerbitzu publikoetara baliabide elektroniko bidez jotzeari buruzkoa
2007-09-06

Aurretik, legea onartu baino lehenagoko proiektua ere zenbait aldiz aipatua agertzen da, bi eratan:

Proyecto de Ley de Acceso Electrónico de los Ciudadanos a las Administraciones Públicas

(4) Lege Proiektua, Herri Administrazioetarako herritarren sarbide elektronikoari buruzkoa
2007-05-08

(5) Herri Administrazioetarako herritarren sarbide elektronikoaren Lege Proiektua
2007-05-08

(6) Lege Proiektua, Herri Administrazioetarako herritarren sarbide elektronikoari buruzkoa
2007-04-04

(7) Herri Administrazioetarako herritarren sarbide elektronikoaren Lege Proiektua
2007-04-04

Gainera, lege proiektuak aipamen laburtua ere izan zuen, antza, eta hor beste adiera bat eman genuen, bitan, akats tipografiko eta guzti (itzulpen memoriaren iruzurtxoen lekuko garbia):

Proyecto de Ley de Acceso Electrónico

(9) Sarbide Eletronikoaren Lege Proiektua
2007-05-08

(10) Sarbide Eletronikoaren Lege Proiektua
2007-04-04

Acceso electrónico...

Badirudi hor adostasun handi samarra daukagula, baita adjektibo erreferentziala erabiltzeko ere. Oro har, «acceso»-ren kasuan hiztegi gehienek (Zehazki, Euskalterm, Elhuyar, 3000) «sartu» edo «sarbide»-tik jotzen dute. Beraz... «sarbide elektroniko» ontzat jo genezakeela iruditzen zait.

Bildutako (1) itzulpenean (kronologiaren arabera, berriena da bera) «elektronikoki sartzea» ageri da, baina ez zait iruditzen horrek ezer konpontzen duenik. Esanahiaren aldetik, zalantzakoa da zer ote den «elektronikoki» inora sartzea. Ez dakit, «umilki», «ausarki» edo, muturreraino joanda, «tentelki» sartzea uler daiteke, baina «elektronikoki»?

...de los ciudadanos a los servicios públicos

Oraingoz badugu «sarbide elektronikoa». Erabaki beharko dugu nora(koa) den sarbide hori: «a los servicios públicos». Beraz, «zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa», edo, bestela, «herri zerbitzuetara sarbide elektronikoa».

Ez zait iruditzen (5) itzulpenean «servicios públicos» behar bezala jasotzen denik, «Herri Administrazioetarako [...] sarbide elektronikoa» esaten baitu. Ez da herri administrazioetara sartzea, baizik haien zerbitzuetara.

Alabaina, kontuan izan behar dugu koska bat gelditzen zaigula oraindik gainditzeko: «...de los ciudadanos...», alegia. Izan ere, orain arteko josi dugun «zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa» kolokan gelditzen da «herritarren» tartean ipini nonbait behar dugularik. Bi irtenbide ditugula bururatzen zait:

(12) «herritarren zerbitzu publikoetarako sarbide elektronikoa»
(13) «zerbitzu publikoetara herritarren sarbide elektronikoa»
(14) «zerbitzu publikoetarako herritarren sarbide elektronikoa»

Oroituko zaretenez, ItzuLeko eztabaidan Joxe Mari Berasategik (12) aukera aldeztu zuen, esanez hauxe:

 «Testuinguruak argi uzten du, nire ustez, ez dela [herritarren zerbitzu publikoetarako] [sarbide elektronikoa], [herritarren] [zerbitzu publikoetarako sarbide elektronikoa] baizik.»

Bestalde, (13) kasuan argudiatu liteke lotura bat eskas dela, «...publikoetara herritarren sarbide...» hori ez baita guztiz ziurra.

Alabaina, (14) aukerak badu [zerbitzu publikoetarako herritarren] [sarbide elektronikoa] ulertzeko arriskurik, (13) kasuaren antzera. Gauza harrigarria: lege proiektu izan zen garaian, (14) bidea hartu genuen, eredu horretara lerratzen baitira aho batez (4), (5), (6) eta (7).

«Noren norako sarbidea» ala «nor nora sartu»

Beharbada hortxe dago behaztopa harria: nominalizazio bat dago ezkutuan, «acceder –> acceso» ohiko ereduaren araberakoa, eta hor korapilatzen zaizkigu kontuak.

Beraz, «herritarren zerbitzu publikoetarako sarbidea» (noren norako sarbidea) ordez, «herritarrak zerbitzu publikoetara sartzea» (nor nora sartu) hartu behar genuke abiapuntutzat. Berriro ere, harriturik diot: proiektua lege izan zenez geroztik, «nor nora sartu» ereduaren arabera jokatu dugu, narras antzean bada ere; ikusi (1), (2) eta (3).

Horrela, nik gisa honetako izendapena proposatzen dut:

(15) 2007ko ekainaren 22ko 11/(20)07 Legea, herritarrak zerbitzu publikoetara bide elektronikoz sartzeari buruzkoa

Bide batez, esan dezadan (2) itzulpeneko ergatiboak, «herritarrek» alegia, betiko zalantzaren ispilu dela: «herritarrak sartu», baina «herritarrek erabili»; alegia, esaldi bakarrean subjektu bera aditz intrantsitibo eta trantsitibo banarentzat... Halaber, (3) itzulpenak ez dut uste behar bezala jasotzen duen «acceder» zentzua, «halakora jotzea» esanda.

Gotzon Egia

2007/10/23

Ente o no ente, Letra Potente

3. artikulua.– Euskararen Aholku Batzordearen Batzorde Osoaren osaera.
1.– Honako hauek osatuko dute Euskararen Aholku Batzordearen Batzorde Osoa:
(...)
e) Euskal Irrati Telebista erakundeko zuzendari nagusia edo hark izendatutako ordezkaria, erakunde horretako nahiz atxikita duen sozietate publikoren bateko zuzendari izaera izan beharko duela.

e) El Director o la Directora General del ente Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca, o persona con condición formal de directivo del Ente o de cualquiera de sus Sociedades Públicas dependientes que a tal efecto designe.

176/2007 DEKRETUA, urriaren 16koa, Euskararen Aholku Batzordeari buruzkoa.

Zernahi nolanahi. Gaztelaniazko testuaz ari naiz, lehenik eta behin. Ederki gaude burujabe izateko, besteren txarrena ontzat hartzen eta are hobetzen badugu.

- Nola justifikatu maiuskulen erabilera hori? Eskuzabal izanda, utz ditzagun alde batera "Director" eta "Directora" (ez dagokie maiuskula, baina Alkate eta halakoetan neurri batean irits naiteke ulertzera, kargua bera nolabait erakunde bada). Baina "cualquiera de sus Sociedades Públicas dependientes"? Eta "directivo del Ente"? Benetan jasanezina da, eramanezina. "Destina un alto porcentaje de su presupuesto al Ente". Amen.

- "que a tal efecto designe". ¿Quién designa, el ente o su director o directora? ¡Bah, qué más da! ¿Qué designa? Quizás designe "cualquiera de sus Sociedades Públicas dependientes".

- "El Director o la Directora (...) o persona que designe (...)". Supongo que será "la persona que designe".

- Hori ikusita, euskarazko testua zoragarri hasten da. "Euskal Irrati Telebista erakundeko zuzendari nagusia edo hark izendatutako ordezkaria". Gerokoa ez dago hain fin: "erakunde horretako nahiz (--> edo) atxikita duen sozietate publikoren bateko zuzendari izaera izan beharko duela". Uste dut "erakunde horretako edo erakunde horren mendeko sozietate publiko bateko zuzendaritzako kidea izan beharko du ordezkari horrek" jarri beharko litzatekeela, eta bi esaldien tartean puntu eta koma. Eta "condición formal de"? Nire iritziz, lastoa.

Patxi

2007/10/17

Froga: irudiak sartzea

Azken mintegi saioan Gotzonek galdetu zuen blogean irudirik sartu ote zitekeen. Froga moduan, Elebila euskarazko bilatzailearen irudia sartu dugu:


Irudiak sartzeko bidea erraza da. Administratzaile moduan sartu behar da blogaren administrazio panelean (Patxiri edo Mikeli pasahitzak eskatuta). "Creación de entradas" atalean, sakatu behar da testua idazteko laukiaren gaineko irudiaren ikonoan, eta irudiaren URL helbidea idatzi edo norberaren ordenagailuko irudi baten artxiboa hautatu behar da. Ezaugarri batzuk definitu behar dira menu leihoan (irudiaren posizioa...).

Mota desberdineko irudiak sar daitezke: jpg, gif, bmp eta png irudiak, gehienez 8 Mb-koak. Beraz, argazkiak, ikurrak, logoak... txertatu daitezke.

2007/10/12

Koloretan idatziko bagenu...

Testugintzan, diseinuaren zerbitzura jartzen da batzuetan kolorea, baina oraingoz behintzat ez sintaxiaren eta estiloaren zerbitzura. Beraz, esan daiteke zuri-beltzean idazten dugula, eta ez koloretan.

Pena da, alde batetik, koloretan ezin idatzi izatea. Har dezagun esaldi hau:

Aipatutako xedapen gehigarriak aplikatzeko behar ziren arauak emateko eskuduntza ematen zion Gobernu Zentralari, sei hilabeteko epean, indarrean sartu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Ezin ulertuzkoa da. Beharbada, laguntzatxoren bat eman genezake koloretan idatziz gero...

Aipatutako xedapen gehigarriak aplikatzeko behar ziren arauak emateko eskuduntza ematen zion Gobernu Zentralari, sei hilabeteko epean, indarrean sartu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Hala ere, nahiko lan. Garbi samar dago beste baliabide batzuekin beharko dugula testu hori egokitu: sintaxia, sintagma-mugak, hitz-hurrenkera...

Aipatutako xedapen gehigarrian, [xxx] aplikatzeko behar ziren arauak emateko eskuduntza eman zitzaion Gobernu Zentralari, eta sei hilabeteko epea zuen Gobernuak horretarako, [yyy] indarrean sartu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.


Aipatutako xedapen gehigarriak eskuduntza eman zion Gobernu Zentralari [xxx] aplikatzeko behar ziren arauak eman zitzan sei hilabeteko epean, [yyy] indarrean sartu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Tankera horretako egokitzapenen beharrean dago paragrafo hori (hobeak ere izan daitezke), koloretan idazten ez dugun bitartean.

Iturria: 172/2007 Dekretua.

La citada disposición adicional facultaba al Gobierno central para que, en el plazo de los seis meses posteriores a su entrada en vigor, dictara las normas necesarias para su aplicación. (Gaztelaniazko testua)

Patxi

2007/10/08

Zeraren zer zeratzailea?

Ala "Zera zeratzeko zer"? Hitz-jokoan katramilatu bazarete, lasai. Besterik gabe, adibide berri batez hornitu nahi dut nire matraka faboritoa. Gehienok aspertu arte entzuna didazue kontua; beharbada Miren eta Aitziber egongo dira entzun gabe.

Hauxe da azken adibidea:
laguntzaren organo kudeatzailea ('órgano gestor de la ayuda')
Iturria: 118/2007 DEKRETUA, uztailaren 17koa, lana eta familia bateragarri egiteko neurriak arautzen dituena.

Nire uste ez oso apalean, "laguntza kudeatzeko organoa" esan beharra dago, nahitaez. Beste adibide bat ere badut inoiz kontatu gabea: Koroaren printze oinordekoa ('príncipe heredero de la Corona'; arazoa bera da, baina aitortu beharra daukat horretan irtenbidea ez dela hain garbia).

Gainerako gehientsuena, ustez, esana daukat hemen.

Minturte berri on! (Zaharrak berri, berriak berriago). Ostegun arte (prestaketan dihardugu; esan ote dezakegu horrela, aditz-forma hori galarazteko beldurrik gabe?).

Patxi

2007/10/04

Gerundioa eta 'El País'

Gerundioaren inguruko albistea eta horren gaineko txantxak (ikus ITZUL) alde batera utzita, gauzatxo bat komentatu nahi dut El País-eko albiste horren titulu-azpitituluez:

Brasilia prohibe los gerundios

El gobernador dicta un decreto por el que se impide el uso de la forma verbal “como disculpa para la falta de eficiencia” en toda la Administración regional de la capital


Akats ez beharbada oso nabaria baina bai garbia dago, kohesioaren aldetik, azpitituluan. Lehenbiziko irakurraldian, bene-benetan, delako aditz-forma hori ondoren komatxo artean datorrena zela pentsatu nuen, eta ez nuen ulertzen. Bigarrenean, konturatu nintzen "de tal forma verbal" esan nahi zuela. Pentsatu euskaraz, adibidez; "aditz-forma horren" behar du, eta ez "aditz-formaren".

Bueno, "agur, que es gerundio"...

Uste dut gutxitan egin dudala barre xelebrekeria hori kontatu zidatenean bezala (benetakoa da, dirudienez!). Euskaraz hitz solteren bat baino ez zekien norbaitek (beharbada agur bakarrik), itxuraz "marchando, que es gerundio" izaki gogoan, eta halaxe bota omen zuen nonbaitetik alde egitean. "Agur, que es gerundio!"...

Atzo pena hartu nuen ez nintzelako oroitu ITZULen kontatzeko.

Ostegunean saioa dugu, gogoratu (hilaren 11). Ari gara prestalanetan.

Patxi

2007/10/02

Hizkuntza zaintzearen garrantzia

Merezi du irakurtzea lehengoan Henrike Knörrek El Pais egunkarian idatzitako artikulua. Knörr kexu da ETB barruan hizkuntzen zaintzari, batez ere euskararenari, ematen ez zaion arretaz. Egia esan, zer pentsaturik ematen du artikuluak.
 
Lasaia hartzen dut bulegoko armairuan (eta nabigatzaileko barran) hiztegi, gramatika, entzikopedia eta kontsultako gainerako liburuak ikusten ditudanean.
 
Artikulua irakurtzeko, sakatu hemen: http://doiop.com/las-lenguas-y-ETB
 
---
Mikel

2007/09/26

Harremanagatik / harremanarengatik

Nola idatzi behar da testu formal batean: harremanagatik ala harremanarengatik? Arauak esaten al du osorik idatzi behar dela deklinabide atzizkia?

Badakit ahozko mailan edo testu informaletan ez dagoela arazorik, baina testu administratibo formal batean...
---
Mikel

2007/09/25

Itzulpengintza literarioaz

Irakurria izango duzue Sustatun, baina ezin diot eutsi hemen jartzeko tentazioari: Iban Zalduaren artikulua. (Ebatsia ebatzi balu, nolanahi ere, hobeto).

Sistema horrek ba ote luke bererik administrazioko itzulpenei aplikatuta? Gure kasuan, jakina, gaztelaniatik euskarara, gero euskaratik gaztelaniara, emaitza berriz euskarara, eta horrela...

Patxi

2007/09/20

Google: bilaketa elebiduna

Itzulpen lanean Internetera laguntza bila joaten garenean, "termino bilatzaileak" erabili ohi ditugu: Google, Itzul

Google oso bilatzaile erabilia da. Erraza eta azkarra. Edozein hitz edo hitz-kate sartuta horren testuingurua ematen digu, alegia hitz hori hartzen duten formatu desberdineko dokumentuak (.doc, .pdf, .html, .ppt…).

Lehengoan froga bat egin nuen Google gaztelania-euskara “hiztegi elebidun” moduan ere erabiltzeko. Bi termino sartu nituen bilaketa leihoan, gaztelaniazkoa eta euskarazkoa. Orduan, batez ere testuinguru elebidunak eman zizkidan (web orri elebidunak), eta han arakatu eta ordainak begiratu nituen.

Adibidea

Xedapen honen izendapena euskaraz bilatu nahi dut: "Real Decreto 429/1993, de 26 de marzo, por el que se aprueba el Reglamento de los Procedimientos de las Administraciones Públicas en materia de responsabilidad patrimonial". Horretarako, hau jarrito dut Googleren bilaketa leihoan (gaztelaniazko izendapenaren zati esanguratsua + euskarazko hurbileko ordaina): real decreto 429/1993 +errege dekretu.

Hainbat emaitza eskainiko ditu, eta testuinguru elebiduna dutenetan begiratuko dut; askotan EAEko herri administrazioetako dokumentuak izaten dira.

Gaztelaniazko termino, izendapen edo esaldiren ordainak testuinguru elebidun batean bilatzeko praktiko samar iruditu zitzaidan bilatzeko sistema hau. Jakina, euskara-gaztelania bilaketak ere egin daitezke. Egin ezazue froga.

---
Mikel Azkarate

2007/08/21

Berriako albiste nagusia gaur

«Arabako erakundeak arduratsuak izan behar dugu, adostasun bila jarduteko»

Horra gaurko Berrian lehen albistea zein izan den. Hemen eztabaidak izan dira ”erakundeak” hori ongi edo gaizki dagoen. Gehientsuek gaizki dagoela diogu, baina baten batek zalantzak ditu.

Xabier

 

2007/08/01

Zenbateko eta zenbat

Euskaraz, zenbat hitza erabiltzen da neurriak-eta galdetzeko; baita zenbat–(e)ko atzizkia erantsita sortutako zenbateko izenlaguna ere. Lehenengoaren erabilera, oinarrizko zenbat soilarena, tradizio handikoa dugu; baina, gaur egungo testuak ikusita, ematen du zenbateko besterik ez dugula aukeran, hartaraino ari baita baztertzen zenbat erroari soilari dagokion moldea.

  • Zenbat da karratu horren azalera, alde bakoitzak bi metro baditu?
  • Egizu kontu 5 m luze eta 26 cm zabal dela.
  • Zenbateko azalera du karratu horrek, alde bakoitza 2 m-koa badu?
  • Beraz, eman dezagun 5 m-ko luzera eta 26 cm-ko zabalera duela.
  • Zazpi kilometroko aldapa latz hura oinez igo behar.
  • Hamar kilometroko bide berri bat egiten ari gara.
  • Zer alde atera dio bigarrenari? Bi minutu eta hiru segundoren aldea, zazpi tantoren aldea, lau traineruren aldea, kana erdiko enbor baten aldea... [zenbaten aldea]
  • Zenbat da aurrekontua? Aurrekontua 1.000 € da/dira. Mila euroren aurrekontua.

Azken adibideko molde horren ordez (zer aurrekontu), zenbateko ere erabiltzen da sarri. Onargarria da, aldeak alde; baina zenbateko izenlaguna den kasuan. Bestela, zenbat erabiltzea da egokiena. Beraz, hobe da azken adibide horretako moldea erabiltzea (“Zenbat da aurrekontua? Aurrekontua 1.000 euro dira”) eta ez “Zenbatekoa da aurrekontua? Aurrekontua 1.000 eurokoa da”.

Egoki da ikasmaterialetan molde biak erabiltzea; izan ere, biak beharrezkoak baitira (eta hainbat aldiz ezinbestekoak) neurketak zehazteko eta bereizteko. Jokaera horri esker saihets daiteke, esate baterako, zenbateko formaren gehiegizko erabilera, sarritan nahasketa eta okerra eragiten duena:

  • Ekarri 3 euroko kafea! [kiloa hiru euroan saltzen dutena, bakoitza]
  • Ekarri 6 euroren kafea! [kiloa hiru euroan saltzen badute, bi kilo kafe, guztira]

Auzi hau hobeto aztertu beharra dago eta dagozkion mugak eta ondorioak erabaki. Bitartean, hona hemen Orotariko Euskal Hiztegiko corpusetik hartutako zenbait adibide, –(e)ko atzizkirik gabeko erabilerarenak:

  • 380 metro luze zan eta 290 metro zabal (Anabitarte)
  • amabi-amalauna metro luze (Erkiaga)
  • ogei bat metro luze / bazan hamasei metro luze (Munita)
  • Zenbat legua bide egin biar dozak? (Otxolua)
  • 24 ordutan 20 legua bide egin (Orixe)
  • bost legua bide baizik etzegoan (Lardizabal)
  • zortzi legua bide dagoelarik batetik bestera (Iztueta)
  • hamar sosen zorra pagatzen duenak (Barbier)
  • Zenbaten zorra dukezu? (Hiribarren)

Hor dugu, besteak beste, “txakur-txiki baten karameluak” dioen kantu zaharra ere. Hortaz, gure egunerokoan, adibidez, “30 euroren gasolina edo ezantza” eskatzea da egokiena.

(Ortotipografia, EIMAren estilo-liburua, 43.-44. orrialdeak)

2007/07/27

Referencias (y menciones)

Ea zerbait ganorazkoagoa egiten dudan gaur... Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariari egingo diot tira, gaur argitaratu baita 118/2007 DEKRETUA, uztailaren 17koa, lana eta familia bateragarri egiteko neurriak arautzen dituena. Gai interesgarria, ezta?

Irakurtzen hasi, eta referencia hitzaren erabilera jakin batekin egin dut topo. Berehala, Zuzenbideko Euskararen Mintegian guk itzulitako pasarte bat etorri zait gogora. Hartan mención ageri da, baina ikusi nahi dudanerako gauza bera direla uste dut, ñabardurak ñabardura.

Si la sentencia de suplicación reconociera el derecho a percibir pensiones y subsidios se harán los ingresos o aportarán las certificaciones que para recurrir en suplicación exige el artículo 192 de esta Ley, en el modo que en él se establece, debiendo entenderse hechas a la Sala de lo Social del Tribunal Superior de Justicia las menciones que al Juzgado se contienen en dicho precepto.

Pentsioak eta sorospenak jasotzeko eskubidea aitortzen badu erregutze-errekurtsoak, errekurtso hori jartzeko lege honen 192. artikuluan eskatzen diren diru-sarrerak egin edo ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, han ezarritako moduan, epaitegi dioen tokian justizia-auzitegi nagusiko gizarte-arloko sala dioela harturik.

Gaurko dekretuko pasartea, berriz, honako hau da:

2. artikulua.– II. eta V. kapituluetan bilduta dauden erreferentzien esanahia.

1.– Amari edo aitari -naturala edo adopziokoa- buruzko erreferentziek tutoretzapearen edo familia-harrera iraunkorrean edo adoptatu aurrekoaren arabera adingabeen zaintza esleituta daukatenak ere bilduko dituzte.

2.– Seme-alabei buruzko erreferentziak naturaz, edo adopzioz seme-alabak direnei ere, betiere adingabeak, eginikotzat hartuko dira, baita tutoretzapekoak edo familia harrerakoak (iraunkorra edo adopzio aurrekoa) direnei eginikotzat ere.

3. artikulua.– V. kapituluan bilduta dauden erreferentzien esanahia.

1.– Familia-unitateari buruzko erreferentziak, bestalde, onuradunak, horren ezkontideak -tartean banantzerik edo dibortziorik izan ez bada- edo onuradunarekin izatezko bikotekide gisa bizi ohi denak -betiere behar bezala egiaztatzen bada- eta seme-alabek -baldin eta onuradunak haien gaineko zaintza eta babespea baditu eta bizileku berean bizi badira- osatzen duten familia-unitateari eginikotzat hartuko dira.

2.– Aitari edo amari buruzko erreferentziak honako hauei eginikotzat hartuko dira:

– Semearen edo alabaren zaintza eta babespea duenari.

– Aurrekoarekin bizi denari, ezkontidea zein izatezko bikotekidea izan.

– Familia-harreraren edo tutoretzaren kasuetan, adingabearen zaintza dutenei, eta, hala badagokio, haien ezkontide edo izatezko bikotekideei.

Artículo 2.– Significado de las referencias contenidas los Capítulos II y IV.

1.– Las referencias relativas al padre o a la madre, tanto por naturaleza como por adopción, comprenderán, también, a las personas que tengan atribuida la guarda de personas menores de edad en virtud de tutela o acogimiento familiar permanente o preadoptivo.

2.– Las referencias relativas a hijo o hija se entenderán hechas a las personas que lo sean por naturaleza o por adopción pero siempre menores de edad, y comprenderán, también, a las sometidas a tutela o a acogimiento familiar permanente o preadoptivo.

Artículo 3.– Significado de las referencias contenidas en el Capítulo V.

1.– Las referencias relativas a la unidad familiar se entienden realizadas a la compuesta por la persona beneficiaria, su cónyuge, si no media separación o divorcio, o la persona con quien conviva como pareja de hecho de forma habitual, siempre que quede debidamente acreditado, así como los hijos y las hijas sobre los que tengan atribuida la guarda y custodia y convivan en el mismo domicilio.

2.– Las referencias relativas al padre o a la madre se entienden realizadas a:

– A quien ostente la guarda y custodia del hijo o de la hija.

– A la persona que convive con el anterior, sea como cónyuge o como pareja de hecho.

– En el supuesto de acogimiento familiar o tutela, a las personas que ostenten la guarda del menor y, en su caso, a sus cónyuges o a sus parejas de hecho.

Kasu guztietan erreferentzia ordaina eman da, eta horren bi ondorio behintzat aztertzekoak iruditzen zaizkit: esapidearen naturaltasuna, batetik, eta sintaxia, bestetik. Goian aipaturiko pasartearen ildotik (baina ez hitz berberekin), beste aukera bat probatzera ausartu naiz. Euskarazko bi testuak jarriko ditut orain elkarren ondoan:

2. artikulua.– II. eta V. kapituluetan bilduta dauden erreferentzien esanahia.

1.– Amari edo aitari -naturala edo adopziokoa- buruzko erreferentziek tutoretzapearen edo familia-harrera iraunkorrean edo adoptatu aurrekoaren arabera adingabeen zaintza esleituta daukatenak ere bilduko dituzte.

2.– Seme-alabei buruzko erreferentziak naturaz, edo adopzioz seme-alabak direnei ere, betiere adingabeak, eginikotzat hartuko dira, baita tutoretzapekoak edo familia harrerakoak (iraunkorra edo adopzio aurrekoa) direnei eginikotzat ere.

3. artikulua.– V. kapituluan bilduta dauden erreferentzien esanahia.

1.– Familia-unitateari buruzko erreferentziak, bestalde, onuradunak, horren ezkontideak -tartean banantzerik edo dibortziorik izan ez bada- edo onuradunarekin izatezko bikotekide gisa bizi ohi denak -betiere behar bezala egiaztatzen bada- eta seme-alabek -baldin eta onuradunak haien gaineko zaintza eta babespea baditu eta bizileku berean bizi badira- osatzen duten familia-unitateari eginikotzat hartuko dira.

2.– Aitari edo amari buruzko erreferentziak honako hauei eginikotzat hartuko dira:

– Semearen edo alabaren zaintza eta babespea duenari.

– Aurrekoarekin bizi denari, ezkontidea zein izatezko bikotekidea izan.

– Familia-harreraren edo tutoretzaren kasuetan, adingabearen zaintza dutenei, eta, hala badagokio, haien ezkontide edo izatezko bikotekideei.

2. artikulua.– II. eta V. kapituluetako hitz batzuen adiera.

1.– Ama edo aita —naturala edo adopziozkoa— esaten denean, aintzat hartzen dira tutoretzapearen edo familia-harrera iraunkorrean edo adoptatu aurrekoan adingabeen zaintza esleitua dutenak ere.

2.– Seme edo alaba esatean, aintzat hartzen dira naturalak nahiz adopziozkoak, betiere adingabeak badira, eta orobat tutoretzapekoak eta familia harrerakoak (harrera iraunkorra nahiz adopzio aurrekoa).


3. artikulua.–
V. kapituluko hitz batzuen adiera.


1.– Familia-unitate esaten denean, hauek osaturiko unitatea hartzen da aintzat: onuraduna, haren ezkontidea —banantzerik edo dibortziorik izan ez bada— edo harekin izatezko bikotekide gisa bizi (ohi??) dena —behar bezala egiaztatzen bada— eta seme-alabak —onuradunak haien gaineko zaintza eta babespea baditu eta bizileku berean bizi badira—.

2.– Aita edo ama esaten denean, hauek hartzen dira aintzat:

– Semearen edo alabaren zaintza eta babespea duena.

– Aurrekoarekin bizi dena, ezkontidea zein izatezko bikotekidea izan.

– Familia-harrera edo tutoretza kasuetan, adingabearen zaintza duten pertsonak, eta, izanez gero, haien ezkontidea edo izatezko bikotekidea.



Ez dakit zenbateraino agertuko zaizkizuen horrelakoak, baina puntu honek hizpidea eman dezakeela iruditzen zait. Bestalde, ez ahaztu hor ageri den "en su caso" klixeari erreparatzea (horrek ere bi itzulpen ditu).

Uda ON.

Patxi

2007/07/25

Vengo en disponer

DECRETO FORAL 74/2007, de 24 de julio, por el que se dispone el cese en sus funciones del Director General de Deportes.
Conforme a lo establecido por los artículos 31.4.d), 40.2.b) y 45 de la Norma Foral 6/2005, de 12 de julio, sobre Organización Institucional, Gobierno y Administración del Territorio Histórico de Gipuzkoa, a propuesta del Diputado Foral del Departamento de Deportes y Acción Exterior, previa deliberación del Consejo de Diputados en sesión de 24 de julio de 2007,
Vengo en disponer el cese en sus funciones, del Director General de Deportes, D. Iñaki Ugarteburu Artamendi, agradeciéndole los servicios prestados.
Donostia-San Sebastián, 24 de julio de 2007.
EL DIPUTADO GENERAL,
Markel Olano Arrese.


Vengo en disponer y dispongo (y las comas, donde quiero las pongo).
Y mal que os pese, donde debo decir destitución, digo cese.
¿Lenguaje llano? Me niego de plano.

(Ante tanto disimulo, me parto el...).

Patxi

PD: Hurrengo erabakia honako hau da: "Vengo en nombrar Director General de Deportes a D. Iñaki Ugarteburu Artamendi". Hots, kargutik kendutakoa bera izendatzen da berriz kargu bererako. Katxondeoa da, ala hutsegitea? Gaurko GAOn datozen gainerako erabaki-bikoteetan ez dut halakorik ikusi.

Alde batera uzten ditut euskarazko testuari dagozkionak, erabat baldintzaturik gelditzen baitira gaztelaniazko zentzugabekeriarekin. Besteak beste, "vengo en nombrar" arkaismoaren iruntzia ez da "vengo en destituir" (edo, tematzen badira, 'cesar'), baizik eta "vengo en disponer el ...".

2007/07/16

El español jurídico

Joan den asteko mintegian, Patxi Petrirenak gaztelaniazko hizkera juridikoari buruzko bi liburu aipatu zituen. Horietako bat El español jurídico zen, Enrique Alcaraz eta Brian Hughes-ek idatzia. Hor doakizue liburuaren edukien laburpena, norbaitek erosi nahi badu aurretik idazlana nondik nora doan jakin dezan.
Patxi, galdera bat sortu zait liburua dela-eta: noizko balizko Euskara juridikoa? Hi geratu hintzen aipatu bi liburuen bibliografiak ematekotan...

---
Mikel Azkarate

Eskuordetzaz

Ekainaren bukaeran eskuordetza terminoari buruzko puntua jarri zuen Patxi de Vicentek Itzul zerrendako artikulu batean (ez zuen erantzunik izan, ordea). Gifamira ekarri dut, gure literatura juridiko-administratiboan maiz agertzeagatik interesgarria delakoan.

Hori dela eta, Errotaburuko plazan euskaraz hiruzpalau ordain bilatu diogu gaztelaniazko "delegar" terminoari, Aldundian osatutako corpusetik aterata:

(a) A-k B eskuordetu du zerbaitetarako
(b) A-k B-ri zerbait eman dio eskuordetzan
(c) A-k B-ri zerbaiten eskuordea eman dio
(d) A-k B-ri (-ren gain utzi) eman dio zerbait egiteko eskumena

Nire ustez, denak zuzenak eta egokiak dira, eta "delegar" terminoa euskaratzeko baliabide multzoa aberasten dute. Nago oraindik badirela ordain gehiago... Norbaitek jarriko al du orain puntua?

---
Mikel Azkarate

2007/06/26

Todos los días 10 de cada mes

Gaztelaniara itzultzean, data adieraztea bihurria izaten da behin baino gehiagotan. Gogoan izan: "en el día de la fecha", "a fecha de hoy" eta tankerakoak. Oraingoan beste honekin egin dut topo: "todos los días 10 de cada mes". Herritar baten zorra ordaintzeko epeaz (egunaz) ari da testua.

Niri hau bururatu zait: "hil guztien 10ean ordaindu". Izan ere, euskarazko ohiko dataren bideari jarraitu diot analogia erabilita:

2007ko ekainaren 10ean --> hilaren 10ean --> hil guztien 10ean

Badago, agian, beste irtenbide bat: "hilero 10ean ordaintzea". Eta beste hau zalantzazkoa zait: "hilaren 10 guztietan" (erreferentzia galtzen dela dirudi).

Eta zuek, nola bideratuko zenukete "todos los días 10 de cada mes" esapidea?

---
Mikel Azkarate

2007/06/18

Gehienez ere hainbeste

Gaurko GAOn, herri batean errotuluak euskaraz (edo euskaraz ere) jartzeagatik diru-laguntza jasotzeko oinarrien berri ematean:

2.2. Zenbatekoa:

a) Irudi korporatiboa euskaraz bakarrik doanean, kostuaren %80 izango da dirulagun­tza, eta gehienez ere 120 €-ko dirulagun­tza izango du.

b) Irudi korporatiboa euskaraz eta gaztelaniaz doanean, dirulagun­tza izango da kostuaren %40, eta gehienez ere 60 €-ko dirulagun­tza izango du.

— Web guneen kasuetan:

a) Web orria euskaraz bakarrik eginez gero, kostuaren %50 izango da dirulagun­tza, eta gehienez ere 450 €-ko dirulagun­tza izango du.

Pozik nengoelarik "kostuaren %80 izango da dirulaguntza" irakurtzeagatik, atsekabez hartu dut bigarren partea: testu hori apailatu duenak uste ote du desegokia dela "gehienez ere 120 € izango da dirulaguntza" esatea? Bestela, ez da ulertzen hitz hori errepikatzea eta sintaxi hori erabiltzea. Nire iritzian, hauxe da formulaziorik egokiena, batere galdu gabe zehaztasunean eta argitasunean:

"Irudi korporatiboa euskaraz bakarrik doanean, kostuaren %80 izango da dirulagun­tza, eta gehienez ere 120 €".

Esaldi horrek arazoren bat baldin badu, konponbidea ez da goikoa.

Patxi Xirika

2007/06/12

S.o.z.i.e.t.a.t.e. a.n.o.n.i.m.o.a

Behin baino gehiagotan bueltaka ibili gara mintegian sozietate anonimoaren laburtzapenaren inguruan: SA edo S.A. Gutxienez mintegikide batzuontzat, ez zegoen argi laburdura ala sigla ote zen. Lehendabiziko kasuan, "sozietate anonimo" esan eta puntua idatzi beharko litzateke. Bigarren kasuan, ordea, "ese a" esan eta punturik gabe idatziko genuke. Azkenean, ustez, siglaren aldeko apustua egin genuen mintegian (oker banago zuzendu).

Aitzitik, lehengoan irakurri nuen gaztelaniaz "S.A." sigla ez baizik laburdura zela Manual de Español Urgente webgunean, zehazki kontsulten atalean. Kontsiderazio hori dela eta, laburduraren azpian dauden hitzak bere horretan esan behar dira ("sociedad anónima") eta ez, ordea, "ese a". Idaztean, "S.A." erabili behar da, hortaz.

Gauzak horrela, euskarazko laburtzapenaren kasuan, agian merezi du mintegian berriro aztertzea. Horrela eginez gero, erabaki beharko genuke sigla izaerari eusten diogun ala laburduratzat hartzen dugun.

Irizpidea, besteak beste, beste sozietate mota batzuetarako ere baliagarria da.

---
Mikel Azkarate

2007/06/05

Ekainaren 21eko saioa: Alfontso Mujika

Gipuzkoako Foru Aldundiko itzulpen mintegia
2007ko ekainaren 21ean, 10:00-13:00
Aldundiko sotoko aretoan
Hizlari gonbidatua: Alfontso Mujika (Elhuyar Fundazioa)


Joan den maiatzaren 16an ipini nuen mezuaren segidan, eta gure artean izan ditugun elkarrizketen ondorioz, gai hauek izango ditugu aztergai Alfontso Mujikarekin ekainaren 21eko saioan:
Atarikoa
1. Ingurumen hiztegia: aurkezpena eta ezaugarriak.

Gai orokorrak

2. Marratxoaren erabilera hitz elkartuetan.
3. Adjektibo erreferentzialak: administrazio(-)erabilerak, erabilera administratiboak.

Gai zehatzak

4. Txartel jendea: billete único, tarjeta de billete único, cnceladora...
5. Sustainable, durable, sostenible, iraunkor: Elhuyarren jokabidea gaur egun.
Gai guztietan, Elhuyarren erabileraren edota ikuspegiaren berri eskatu diogu Alfontsori, informazio emate hutsa alegia.

Laugarren gaia («Txartel jendea»), aldiz, zertxobait dokumentatu dugu, Gipuzkoako garraioetan ezartzen hasia den txartel bakarraren inguruko terminoetan ditugun zalantzak haren laguntzaz argitu nahirik. Dokumentua Alfontsori eta Patxi Petrirenari bidalia diegu, baita mintegikide guztiei ere.

--  Gotzon Egia  

Gaur DVn

No deja de sorprender que nadie haya reparado, (me refiero al proceso que va desde que el especialista elige el texto, pasa por los asesores lingüísticos que deberán dar su aprobación, etc., hasta que lo colocan en el lugar dispuesto), nadie haya reparado, repito, ni denunciado, el letrero que muestra hasta dónde puede llegar la ignorancia en materia lingüística. Ignoro si existen otros. El que yo veo cada vez que tomo la autopista A-8, a la entrada del estacionamiento que ha habilitado nuestra Diputación Foral para quienes optan por compartir vehículo, dice así: «Partekatzeko aparkalekua-Parking de Compartición» ¿Ahí lo tienen! ¿Toda una exhibición del conocimiento de la lengua! Ya estamos acostumbrados a traducciones al euskera dignas de la estulticia lingüística que nos invade, que podremos achacar a que muchas palabras que no existen en nuestra lengua hay que inventarlas: «Terminal de Aduana-Aduanako Terminala», es un ejemplo que me viene a la memoria, o, aquel maravilloso «Cambio de sentido-Sentzu aldaketa», rótulo que le hace a uno sentir el temor de enloquecer al traspasarlo. Lo que esto sugiere, es que prima en estas actuaciones, la búsqueda de la perfección en el euskera, (muestra de ello, los ejemplos citados) y, sin embargo, no se consulta el Diccionario de la Lengua de la R.A.E., en el que no figura parking, ni -por supuesto- «compartición».

Juan Larrañaga, Azkoitia (El Diario Vasco, 2007-06-05, gutunak).

2007/06/01

Por un importe

Askotan agertzen zaigun erdarazko esapidea edo klitxea da. Arrunta da, beraz, literatura administratiboan. Batzuetan, halere, ez da erraza hainbat testuingurutan euskaraz ematen.

Askotan, gaztelaniazko egitura [aditza + osagarri zuzena + “por un importe”] da: “tramitar | una ayuda | por un importe de x euros”. Euskarazko ordaina ematean, aldiz, “zenbat” eta “zenbateko” galdekariak egon ohi dira atzean: zenbat edo [zenbateko + izena] + aditza

(1.a) Tramitar una ayuda por un importe de x euros

(1.b) x euroko laguntza tramitatu (zenbateko)

(2.a) Se autoriza un gasto por un importe de x euros

(2.b) x euroko gastua baimentzen da (zenbateko)

(3.a) Hacienda ha efectuado devoluciones por un importe de x euros

(3.b) Ogasunak x euro itzuli ditu (zenbat)

(4.a) Euskaltel ampliará su capital por un importe de x euros

(4.b) Euskaltelek x euro gehituko du kapitala (zenbat)

(5.a) Conceder ayudas para alimentación infantil (por un importe de x euros)

(5.b) Haurrak elikatzeko laguntzak ematea (x euro) [Ø]

(6.a) El ICO financiará a empresas (zeharkako osagarria) por un importe de x euros

(6.b) ICOk x euro finantzatuko die hainbat enpresari (zenbat)

Nire ustez, batzuetan zerak despistatzen du: gaztelaniaz aditzarekin batera preposizio sintagma egoteak (“por”) eta, gainera, “por el importe” nolabaiteko klitxea izateak. Hori dela eta, hitzez hitz itzultzea ez da txukun gelditzen. Horregatik, euskaratzean esaldia bestela eraikitzea lagungarria da, euskararako itzulpenetan askotan gertatzen den bezala.

Zer deritzozue? Zer irtenbide aurkitu ohi diozue esapide horri?


---
Mikel Azkarate

2007/05/24

Gogoeta xumea itzulpen politikaz

Gogoeta interesgarria aurkitu dut Tiraka blogean, batzuetan itzulpenen inguruan egindako gehiegikeriei buruzkoa. Jaurlaritzako langile euskaldun batzuen weborria da Tiraka.

Agian, gure artean ez da izaten tamaina horretako antzeko kasurik, baina bai gogora ekartzen dizkigu gure etxeko itzulpengintzan batzuetan gertatzen diren bitxikeriak:
  • Herritarrak euskaraz aurkeztutako idazkiari gaztelaniaz erantzuten dion langile euskaldun (trebatu)aren testua euskaratzea.
  • Kanpoan presaka euskaratutako testua zuzentzea edota txukuntzea.
  • ...
Artikuluaren iruzkinetako batean, gainera, zer pentsaturik ematen duten galderak egiten dira, adibidez, "Egin al du norbaitek benetan itzultzea merezi duten testuen zerrenda, garrantziaren hurrenkeran?" edo "Hausnartu eta aztertu al dira Administrazioan testuak euskaraz sortzeak duen garrantzia eta eragina?". Horra, bada, norberak edo taldean hausnartu eta erantzuteko galderak.

Nago itzultzaileok eta itzultzaile laguntzaileok jabetu beharra dugula hizkuntz politikan dugun eginkizunaz. Foru Aldundiko departamentuetako euskara planen berri ba al dugu? Ezagutzen al ditugu haietan jasotako itzulpengintzaren irizpideak? Kate horretan non gaude ba al dakigu?

Hona aipatu artikulua: Itzulpenen gehiegikeria.

---
Mikel

2007/05/18

Beste zenbait argibide: ez

Ostiral baterako txorakeria. Iragarki ofizial bat, GAOkoa, kontratazio-lehiaketa baterako deialdia dakarrena. Badakizue: kontratuaren xedea, esleitzailea (sic), tramitazioa eta adjudikatzeko (sic) modua, bermeak eta gainerako atal guztiak. Bukaeran, hauxe:

Otras informaciones:
No.

Beste zenbait argibide:
Ez.


Arraioa! Bada, horrela esanda, "beste zenbait...", nik zerbait aurkitzea espero nuen, baina zasta! Ezetz, ba!

Hutsa ez da gramatikala. Koherentzia-arazoa da. Honela beharko luke, nire ustez: "Bestelako argibideak: Ez dago."

Patxi

'On line', 'in vitro', 'inter vivos'

Behin gaitzetsi-edo egin nuen "on line laguntza" egitura, aposizio bitxia delakoan, eta nola edo hala "on line" edo "sarean" adizlagun moduan jokatu beharko litzatekeela esan nuen. Beste aukera bat, adjektibo moduan erabiltzea, bihurriagoa eta traketsa da oso: "laguntza on line-ak eskaintzen ditugu"?

Baina konturatu naiz esapide gehiagorekin gertatzen dela aposizio modu hori; bereziki latinezko esapideekin:

  • in vitro ernalketa
  • inter vivos dohaintzak

Patxi

Maiatzeko txostenari buruz

Laster jasoko duzue GIFAMI_07_MAIATZA dokumentua. Azken saiorako egindako oharren eta iruzkinen bilduma bat da (luzea atera da azkenerako). Txosten horri buruzko oharrak, osagarriak, zuzenketa-proposamenak edo nahi dena egiteko modurik errazena hemen erantzunak sartzea da. Ekin!

Patxi

2007/05/16

Puntoycoma, gaztelaniazko kontsultagunea

Europar Batzordeko gaztelaniaren itzulpen unitateen berripapera eta foroa da Puntoycoma. Urtean sei zenbaki inguru sareratzen dituzte.

Berripaper honi alderdi interesgarriak ikusten dizkiot:
  • Itzulpen arazo batzuei buruzko ikuspuntua kontsultatzea.
  • Frantsesez edo atzerriko hizkuntza batzuetan (ingelesez, batez ere) eratutako terminoak nondik nora sortu diren ezagutzea.
  • Beste itzultzaile talde batzuen kezken berri hartzea.
Puntoycomak aurkibide analitikoa eskaintzen du, non aztertu eta proposatutako hainbat termino, esapide... ikus daitezkeen. Iruditzen zait praktikoa izan daitekeela guri dagozkigun hainbat zalantza argitzeko.

---
Mikel

Hurrengo mintegi saioa

(Posta elektronikoz Gifamira bidalitako proba; barka ez bada behar bezain ongi ateratzen)

Hurrengo mintegi saioa, dakizunez, Elhuyar Fundazioko Alfontso Mujikarekin egingo dugu. Gogoan izan behar duzue saioa ekainaren 14an egitekoa genuela, baina astebetez atzeratu behar izan dugu. Beraz, 2007ko ekainaren 21ean egingo dugu, Aldundiko sotoko aretoan.

Alfontso Mujika prest azaldu da guk nahi genituzkeen gaiak, ahal duen neurrian, aztertzeko saioan. Horretarako, jakina, proposamenak edo eskaerak garaiz egin behar dizkiogu.

Ongi iruditzen bazaizue, Gifamin bertan egin ditzakezue proposamenak, mezu honi erantzunez.

Gotzon Egia


2007/05/09

Ogi arraila

Jakin orduko jakinaraztera noa: ogi arraila. Ba al zenekiten, etxekoandre-etxekogizonok? Aitortu behar dizuet azken aldiz denda txiki batera hori erostera joan nintzenean "ogi rallatua" eskatu nuela, "ogi birrindua" artifizial samarra iruditu zaidalako beti, baina hurrengorako badakit: ogi arraila.

Hiztegi Batuan:
  • arrail 2 izond.: ogi arraila.
Ba al dakite Eroskikoek eta?

Patxi

2007/05/07

Itzulpen automatikoa zertan den

Itzultzaileok lanean (itzultzen) jarraituko dugu (oraingoz). Ondorio hori atera daiteke Langilearen Egunean, joan den maiatzaren 1ean, Jakes Goikoetxeak Berrian argitara eman zuen artikulua irakurrita: "Itzulpenerako laguntzailea helburu".

Izan ere, Euskal Herrian itzulpen automatikoari buruzko ikerketa zertan den aztertu zuen artikuluan, hain zuzen Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza euskarazko itzultzaile automatiko bat sortzeko bultzatzen ari den ikerketa. Bost enpresatara jo omen du Jaurlaritzak: Eleka, Emergia tech, InterLan System, Automatic Trans eta Translendium (azken biak katalanak).

Artikuluan itzulpen automatikorako osagai desberdinak aztertzen dira: testuen corpusak, itzulpenen kudeatzaileak, sistema estatistikoa, itzulpen memoriak... Bai eta enpresa bakoitzaren ikerketa zertan den ere.

Sailburuordetzak dioenez, bi urtean gaztelania-euskara eta euskara-gaztelania itzultzaileak egin daitezke. Enpresa batzuen ustez, ordea, emaitza berezko itzultzaile automatikoa baino areago itzulpenaren ideia orokor bat egingo duen laguntzailea izango da.

Hori horrela, gauzak dauden bezala, itzulpen automatikoari hartzen diot gaur egun itzulpen memoria batek (Tradosek, adibidez) egiten duen analisiaren antza edota aldez aurreko itzulpenarena.

Gure lanari dagokionez, behintzat, itzultzaileok lanean (itzultzen) jarraituko dugu geroan ere. Beste gauza bat izango da testu erraz eta estandar samar baten gutxi gorabeherako itzulpena lortzea.

Artikulua ikusteko, sakatu hemen: "Itzulpenerako laguntzailea helburu".

---
Mikel

Mezuak bidaltzeko helbidea aldatu da

Lehengoan, Aitziberrek arazoa izan zuen blog honetara mezua bidaltzean. Kontua da Gifami blogean aldaketa batzuk egin zirela eta mezuak erraz bidaltzeko helbidea ere aldatu zela. Sistemak berak egin zuen aldaketa, inork helbide jakin bat jartzeko agindu gabe.

Beraz, aurrerantzean mezuak erraz bidaltzekotan, hona egin behar duzue: sagardegi(puntu)idatzi(a bildua)blogger.com

2007/05/04

"Cuando proceda" eta "en su caso": Patxiri erantzun nahian hasi, eta…

(Oharra: testuak luzea dirudien arren, gehiena adibideak dira, eta letra beltzean dagoena baino ez da nire idazlana.) 

 

Batzar Nagusietako Barne Araudia itzuli genuen iaz (ehun artikulutik gorako testu mardula), eta "cuando proceda" bitan agertzen da. Guk "dagokionean" itzuli genuen batean:

 

La Presidencia, por razones de urgencia y ordenación del trabajo de la Cámara, podrá determinar a los efectos oportunos y sin perjuicio de su debida constancia ulterior en el boletín cuando proceda, que los documentos pertinentes sean objeto de reproducción por medios mecánicos y de reparto a las y los junteros miembros del órgano que haya de debatirlos.

Lehendakariak, presagatik eta Ganberaren lana antolatzeagatik, agindu dezake agirien kopiak bitarteko mekanikoen bidez egiteko, eta banatzeko eztabaidatuko dituen organoko batzarkideei. Nolanahi ere, dagokionean, Aldizkarian argitaratu beharko dira.

 

Eta "behar denean" bestean:

 

Los proyectos de norma foral remitidos por la Diputación Foral irán acompañados de una exposición de motivos en la que se indicarán, sucintamente, aquellos que hubieran dado origen a su elaboración y la finalidad perseguida. Cuando proceda, figurarán como anexos la relación de disposiciones derogadas o modificadas.

Foru Aldundiak bidalitako foru‑arauen proiektuek zioen adierazpena izan beharko dute. Bertan, proiektua egiteko zioak agertu behar dira, labur, bai eta helburua ere. Behar denean, indargabetutako edo aldatutako xedapenen zerrenda agertuko da eranskin gisa.

 

Dena den, jabetu gara Araudian "en su caso" erruz darabiltela (28 aldiz). Ikusi dugu "cuando proceda"ren oso antzekoa dela, eta askotan esanahi bera duela ("cuando corresponda" edo "si corresponde", edo "si se estima conveniente"). 28 kasuak aztertu ditugu, eta hona hemen emaitza.

 

28tik 13 alditan ez dugu ezer jarri euskaraz "en su caso"ren ordainetan. Adibide batzuk:

 

Concluido, en su caso, el informe de la ponencia comenzará el debate en comisión, 

Talde txostengileak txostena egindakoan, batzordeko eztabaida hasiko da.

        

La persona miembro de la Diputación Foral a quien se dirija la pregunta podrá comparecer acompañado en su caso de altos cargos de su departamento, a iniciativa propia o por así requerirlo el preguntante.

Galdera Foru Aldundiko nori zuzendu, kide hori departamentuko beste goi kargu batzuekin etor daiteke, nahi duelako edo horrela eskatu diolako galderaren egileak.

 

El plazo para la presentación de enmiendas concluirá seis horas antes de la celebración de la sesión plenaria o, en su caso, de la comisión correspondiente.

Zuzenketak aurkezteko epea Osoko Bilkura edo batzordea hasi baino sei ordu lehenago amaituko da.

 

La Mesa se reunirá con carácter inmediato, de modo que se garantice en todo caso el plazo de interposición, para calificar y admitir a trámite, en su caso, los escritos de los grupos junteros.

Mahaia berehala bilduko da, idatziak aurkezteko epea beteko dela bermatzeko moduan, batzarkide taldeen idatziak kalifikatu eta izapidetzeko onartzeko.

 

Las Juntas Generales aceptarán las comunicaciones de las personas físicas tanto en euskera como en castellano, así como las realizadas, en su caso, en alguna otra lengua oficial del territorio del comunicante.

Pertsona fisikoek euskaraz zein gaztelaniaz egindako komunikazioak onartuko dituzte Batzar Nagusiek, bai eta pertsona horien lurraldean ofiziala den beste hizkuntza batean egindakoak ere.

 

La Comisión de Investigación podrá, por conducto de la Presidencia de la Cámara, solicitar la comparecencia de cualquier persona, que podrá venir acompañada, en su caso, de una persona letrada o asesora.

Ikerketa‑batzordeak, Ganberako lehendakariaren bidez, edozeinen agerraldia eska dezake. Pertsona hori abokatuarekin edo aholkulariarekin etor daiteke.

 

El informe final de la Comisión de Investigación se remitirá a la Mesa de las Juntas Generales para su inclusión en el orden del día del primer Pleno que se celebre, para su debate y, en su caso, aprobación.

Ikerketa‑batzordearen azken txostena Batzar Nagusietako Mahaiari bidaliko diote hurrengo Osoko Bilkurako gai-zerrendan sar dezan, eztabaidatua eta onartua izateko.

 

Hurrengo bi adibideetan are nabarmenagoa da alferrik-edo dagoela "en su caso" jarraian "cuando" dioelako:

 

No obstante, se procederá, en su caso, a una nueva elección de las personas miembros de la Mesa cuando las sentencias recaídas en los recursos contenciosos electorales supusieran cambio en la titularidad de más del diez por ciento de los escaños y así fuera solicitado por un grupo juntero.

Dena den, Mahaiko kideak berriro aukeratu beharko dira hauteskunde‑auzietako helegiteetan eman dituzten epaien ondorioz aulkien ehuneko hamar baino gehiago aldatu behar direnean eta, gainera, batzarkide talde batek hala eskatzen duenean.

 

Los grupos junteros deberán presentar sus escritos dentro de los diez días siguientes a la publicación de la iniciativa en el boletín oficial del Parlamento Vasco o, en su caso, a la recepción de la comunicación en las Juntas Generales cuando se utilice el procedimiento de comunicación a los miembros del Parlamento Vasco.

Hamar egun naturalen barruan aurkeztu behar dituzte idatziak batzarkide taldeek, ekimena Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik, edo, Eusko Legebiltzarreko kideei jakinarazteko prozedura erabili denean, Batzar Nagusiek jakinarazpena jaso dutenetik

 

5 aldiz "hala dagokionean" eman dugu ordaintzat:

 

Los empates que pudieran producirse se resolverán a favor de la persona propuesta por el grupo más numeroso o, en su caso, por el de la fuerza política que haya obtenido más votos en las elecciones a Juntas Generales.

Berdinketak egonez gero, kopuruz handiena den taldeak proposatutako hautagaiak irabaziko du, edo, hala dagokionean, Batzar Nagusietarako hauteskundeetan boto gehien lortu dituen indar politikoak proposatutakoak.

 

La Mesa de acuerdo con la Junta de Portavoces o, en su caso, la Comisión Permanente a propuesta de dos grupos junteros o la quinta parte de las y los miembros de las Juntas Generales podrá acordar el desistimiento,

Atzera egitea bi batzarkide taldek edo Batzar Nagusietako kideen bostenak proposatu behar du, eta Mahaiak erabaki, Bozeramaileen Batzordearekin ados jarrita, edo, hala dagokionean, Batzorde Iraunkorrak.

 

Debatirá y, en su caso, aprobará el proyecto de presupuesto de las Juntas Generales para cada ejercicio,

Ekitaldi bakoitzerako Batzar Nagusien aurrekontu‑proiektua eztabaidatu eta onartuko du, hala dagokionean.

 

En los períodos entre sesiones, convocar, en su caso, al Pleno o a cualquiera de las comisiones, por acuerdo de la mayoría absoluta.

Bi bilkura‑aldien bitartean, gehiengo osoak erabaki duelako, deialdiak egitea Osoko Bilkuretarako edo, hala dagokionean, edozein batzorderen bilkuretarako.

 

Kasu batean "dagokionean" jarri dugu:

 

En el caso de que el objeto del recurso fuera una norma foral o disposición con fuerza de norma foral dictada por el Territorio Histórico, el acuerdo de personarse en el procedimiento y formular las alegaciones oportunas, así como la designación, en su caso, de la representación letrada, será adoptada por la Mesa de las Juntas Generales, de acuerdo con la Junta de Portavoces o, en su caso, por la Comisión Permanente.

Helegitearen objektua Lurralde Historikoak emandako foru‑arau bat edo foru‑arauaren indarra duen xedapen bat denean, Batzar Nagusietako Mahaiak erabakiko du, Bozeramaileen Batzordearekin ados jarrita, edo, dagokionean, Batzorde Iraunkorrak, prozeduran pertsonatzea eta alegazioak aurkeztea eta, beharrezkoa bada, abokatua izendatzea.

 

Eta beste batean "hala badagokio":

 

El expediente se iniciará en la Comisión de Incompatibilidades, quien elevará, en su caso, la propuesta de sanción a la Mesa de las Juntas Generales para su definitiva imposición.

Bateraezintasunen Batzordeak hasiko du espedientea, eta, hala badagokio, Batzar Nagusietako Mahaiari proposatuko dio zigorra, behin betiko ezar dezan.

 

2 aldiz baldintzazko esaldi bat txertatu dugu euskaraz, gaztelaniazko testuan ez egon arren, "en su caso" emateko (gaztelaniazko esanahia interpretatuz, noski):

 

Terminada la deliberación, la Presidencia someterá a votación la devolución o no del proyecto a la Diputación Foral o, en su caso, la adopción del texto alternativo.

Eztabaida bukatuta, Batzar Nagusietako lehendakariak bozketan jarriko du proiektua Foru Aldundiari atzera itzultzea edo ez, edo, ordezko testua aurkeztu badute, onartzea edo ez.

 

Concluido el plazo de presentación de enmiendas y, en su caso, el debate de totalidad,

Zuzenketak aurkezteko epea bukatu denean, eta osoko zuzenketen eztabaida bukatu denean —eztabaida egin bada—,

 

Kasu batean "beharrezkoa bada" jarri dugu, eta beste batean "behar izanez gero"  (gaztelaniazko esanahia interpretatuz, berriz ere):

 

En el caso de que el objeto del recurso fuera una norma foral o disposición con fuerza de norma foral dictada por el Territorio Histórico, el acuerdo de personarse en el procedimiento y formular las alegaciones oportunas, así como la designación, en su caso, de la representación letrada, será adoptada por la Mesa de las Juntas Generales, de acuerdo con la Junta de Portavoces o, en su caso, por la Comisión Permanente.

Helegitearen objektua Lurralde Historikoak emandako foru‑arau bat edo foru‑arauaren indarra duen xedapen bat denean, Batzar Nagusietako Mahaiak erabakiko du, Bozeramaileen Batzordearekin ados jarrita, edo, dagokionean, Batzorde Iraunkorrak, prozeduran pertsonatzea eta alegazioak aurkeztea eta, beharrezkoa bada, abokatua izendatzea.

 

Una ponencia de la Comisión de Reglamento, Instituciones y Gobierno elevará a ésta un informe anual sobre la aplicación del presente Reglamento proponiendo, en su caso, las modificaciones que estimasen necesarias.

Araudirako, Erakundeetarako eta Gobernurako Batzordeko talde txostengile batek txostena aurkeztuko dio Batzorde horri, urtero, Araudi honen aplikazioari buruz, eta, behar izanez gero, beharrezko aldaketak proposatuko dizkio.

 

Kasu batean "nahi badu" erabili dugu (gaztelaniazko esanahia interpretatuz, noski), eta beste batean ahalerarekin antzerako irtenbidea bilatu dugu:

 

Este informe final se presentará ante la comisión de la que emana la ponencia, que lo debatirá y, en su caso, aprobará.

Talde txostengilea zer batzordetan sortu den, batzorde horretan aurkeztuko da amaierako txostena. Batzordeak eztabaidatuko du, eta, nahi badu, onartu egingo du.

 

A la oradora u orador que hubiere sido llamado al orden por la Presidencia tres veces en una misma sesión, advertido la segunda vez de las consecuencias de una tercera llamada, le será retirada, en su caso, la palabra,

Batzarkide edo hizlari bati bilkura berean lehendakariak hiru aldiz eskatu badio portaera aldatzeko, hitza ken diezaioke; horretarako, bigarren aldian ondorioez ohartazi behar dio.

 

Kasu batean "kasu bakoitzean" jarri genuen ordaintzat:

 

Por cualquier otro procedimiento que, en su caso, estime oportuno la Presidencia, de acuerdo con la Mesa.

Mahaiaren iritzia entzun ondoren, lehendakariak kasu bakoitzean egoki irizten dion beste eraren bati jarraitzea.

 

Aitziber Eizagirre

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondorior...