2006/12/28

Itzultzaileontzako liburu gomendatua

Aurten gure elkartetik gomendatutako liburuen artean, bada bat itzulpengintzan aritzen garenoi bereziki gomendatua dena. Horra hor:

Xabier Olarra

Estilo ariketak (itzulpena) Raymond Quenau-ren Exercises in style (1949), Igela, 2006

Aurtengoan Xabier Olarrak itzulpen honegatik Euskadi Saria irabazi duo Literatura gehienetara itzulita dugun liburu dugu bera. Puntuazio eta estiloekin borrokan bazabiltza oso ondo etorriko zaizu. Qenauk 60 modu ezberdinetara esaldi bera idazteko gaitasuna zuen eta hori proposatzen da liburuan. Idazle handi honek 18 hizkuntza zekizkien.

---

Mikel

Liburu gomendatuak

Errenteriako gure kultur elkartean, Lau Haizetaran, ohikoa da aldian behin liburu gomendioa egitea bazkideei. Oraingoan otu zait zerrenda zabaltzea norbaiti ondo etorriko zaiola. Horra bada. liburu gomendatuen zerrenda:

Ana Urkiza

Zortzi unibertso zortzi idazle, Alberdania, 2006

Ana Urkiza emakumezko idazleen ikusezintasunaz mintzo zaigu liburu honetan. Zortzi emakume idazle elkarrizketatu ditu: Arantxa Urretabizkaia, Aurelia Arkotxa, Mariasun Landa, Laura Mintegi, Lourdes Oñederra, Itxaro Borda, Yolanda Arrieta eta Miren Agur Meabe. Euren lanaren balioa, ibilbide literarioak eta, batez ere, luma horien atzean dauden pertsonekin solasaldi ezin interesgarriagoak eskaini dizkigu Urkizak.

Joseba Gabilondo

Nazioaren hondarrak, EHU, 2006

Euskal literaturaren historia egitea ausartzen direnak gutxi dira, azkenekoa 2004ean Iñaki Aldekoak eskaini zigun. Gabilondo Estatu Batuetan irakasle diharduen euskalduna eta literatur aditua dugu. Artikulu bilduma dugu honakoa. XX mendeko literaturaren historizazio berria. Egileak 1898tik 1992ra arte alegoria nazionala idazten dela dio. 1992tik aurrera, berriz, literatura postnazionala.

Iban Zaldua

Etorkizuna, Alberdania, 2006

Liburu honek ere Euskadi saria irabazi du aurtengoan. Zaldua azken aldi honetan motzean dotore idazten ari zaigu. Etorkizunarekin modu minimalistan jolasten duo Ipuin borobilak, geroaz beteak eta inpaktatzeko edozein momentua aurkitzen dutenak. Puzzle gisa umorez eta narratiba bikainez, euskal literaturak duen ipuinlari onenetako honek, 15 ipuin ia politiko plazaratu dizkigu. Oparitzeko oso gomendagarria.

Arantxa Iturbe

Kontu-jaten, Alberdania, 2006

Arantxa Iturbe idazle eta kazetariak oraingoan testigantza liburua idatzi digu. 80 urteren bueltan dauden Tolosaldeko dozena emakumerekin txolarte atseginak pasatu eta argitara eman ditu. Emakume hauen bizipenak, eta bidenabar, garai bateko bizimodua gogoratzeko parada ezin hobea idazle tolosarrak mahai "gainean jarri diguna.

Andu Lertxundi

Ihes betea, Alberdania, 2006

Gerra aurreko Alemania nazian kokatu du bere azken nobela Lertxundik. Hamazazpi urteko mutila (Werner) da Ihes betea liburuko protagonista. Bere kide hitlerzaleekin era askotako indarkeriazko ekintzak burutuko ditu. Baina, senideek sekretu handi bat gordetzen diote: judua da.

Koldo Izagirre

Sua nahi mister Churchill?, Susa, 2006

Euskaraz gozatu eta Pasaia edota portu aldeko hizkuntzan sakondu nahi baduzu ez daukazu aitzakiarik, baina liburua hau hizkuntza ez ezik oroimena ere bada. Jon Kortazarren ustetan, Koldo Izagirre izan da, gerraren gaia, eta ez bakarrik hori, Sua nahi mister Churchill? ipuin liburu zoragarri bezain barrokoan, memoriaren gaia ekarri duena gurera, gerran desagertuen gorputzean berriro azaleratzen delarik.

Xabier Olaso

Pupuan trapua, Pamiela, 2004

Ttikientzako liburua zoragarria da berau. Irakurri egin behar zaie, izan ere, ttikienek oraindik ez baitakite irakurtzen. Poesia liburua da. Lehen partean Esna irauteko poemak aurkituko ditugu eta bigarrenean lotarako kontuak. Sonoritate izugarriaz idatziak daude eta ttikiak berehala hasten dira entzundakoan barrezka. "Ispiluarena":

- Ispilu handia hautsi zait

- Mila zatitan!

- Orain ditut mila ispilu zati txikitan...

Patxi Zubizarreta

Pantaleon badoa, Pamiela, 2006

Zubizarretak gaztetxoei Pantaleon elurrezko panpinaren istorio iradokitzailea idatzi die. Pantaleon hotzaz eta paisaia zuriaz erabat aspertuta klima beroen bila abiatuko da. Afrika aldera joango da eta han gertatutakoak kontatuko dizkigu.

Juan Krutz Igarabide

Jonas eta hozkailu beldurtia, Aizkorri, 2001

Beldurrak uxatzeko ipuina da honakoa "eta hau ere txikienentzat idatzia dugu. Jonas etxean bakarrik geratu da, ama salto batean dendara joan baitzaio eta dardar batean hasten da bakarrik dagoelako eta horretan dagoela hozkailua ere dardarka ari dela konturatzen da eta ezin du imajinatu zerk ikaratzen hainbeste hozkailua.

---
Mikel

2006/11/16

Zer dugun mendetasuneko pertsonaren kontra

Gaur goizean, gizon bat jarri da zutik, eta besoak astinduz zera esan du: mendetasuneko pertsona ez dugu onartuko, ezta?

Orduan hasi gara bueltaka haren inguruan geundenok eta, hizketa eta hizketa, zehaztu egin dugu zer dugun mendekotasuneko pertsonaren kontra.

Adibidetxo batekin azalduko dut nire iritzia eta kontrako batua, orain arteko emaitza 8 alde eta 2 kontra uzten duena:

Bizar luzea duen pertsona bizar luzeko pertsona da (baita bizar luzea ere, baina hemen ez zaigu sinekdokea inporta), baina bizarra duen pertsona ez da bizarreko pertsona (hitzeko pertsona salbuspena dela iruditzen zait, hizduna beharko luke), bizardun pertsona edo pertsona bizarduna baizik. Ildo horretan, mendetasun handia duen pertsona mendetasun handiko pertsona izango da, baina mendetasuna duen pertsona ez da mendetasuneko pertsona izango, baizik eta mendetasundun pertsona edo pertsona mendetasunduna.

Baina, merezi al du mendetasundun pertsona bezalakoetan sartzea, mendeko pertsona edukita?

Besoak astinduz hitz egin duen gizonak eta biok ez dugu uste. Izan ere, pertsona libreak ez dio bere buruari askatasundun pertsona esaten (askatasuneko pertsona ere ez, jakina).

Xabier

2006/11/14

Foru arauaren izenaz

Joan den ostegunean aztertzeko astirik izan ez genuenez, ea saio-arteko denboran zerbait egiten dugun. Foru arau baten izena da kontua, eta bi bertsio mahai gainean ( A eta B deitu diet, denboraren hurrenkeran).

??/2006 Norma Foral de convalidación del Decreto Foral-Norma de Urgencia Fiscal 2/2006, de 23 de mayo, por el que se adapta el Decreto Foral 102/1992, de 29 de diciembre, de adaptación de la Ley del Impuesto sobre el Valor Añadido, a las modificaciones introducidas en las Leyes 3/2006, 4/2006 y 6/2006 con relación al referido Impuesto

A. ??/2006 FORU ARAUA, maiatzaren 23ko ZERGA ALORREKO PRESAZKO 1/2006 FORU DEKRETU ARAUA, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Legea egokitzeari buruzko abenduaren 29ko 102/1992 Foru Dekretua 3/2006, 4/2006 eta 6/2006 Legeek zerga horretan sartutako aldaketetara moldatzekoa, balioztatzen duena.

B. ??/2006 Foru Araua, Zerga Alorreko Presazko 2/2006 Foru Dekretu Araua balioztatzen duena (2/2006 Foru Dekretu Araua, maiatzaren 23koa, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Legea egokitzen duen Foru Dekretua —102/1992 Foru Dekretua, abenduaren 29koa— 3/2006, 4/2006 eta 6/2006 Legeek zerga horretan sartutako aldaketetara moldatzekoa)

Uste dut interesgarria dela kontu honetaz hitz egitea. Beharbada, halakoetarako molde finkatu samarra izango da A, bere garaian eman zitzaion izena alegia, baina nik ez dakit seguru. Aukeran, aposizio hori astun gertatzen da:

X araua, Y, [Z moldatzekoa], balioztatzen duena

Y balioztatzen duena horren barruko aposizioak (Y horren azalpenak) korapilatu egiten du dena. Konponbide errazik ez dago, nik dakidala. Saia gintezke bi bidetatik: bat (B), Aitziberrek probatu duena; bestea (C), zein erabiltzea. Hemen jarriko dut C bertsio bat (beste gauza batzuk ere baditu hitz egitekoak: -ena aposizio bat, -en arabera aditzaren eskuinetik komarik gabe...).

??/2006 Norma Foral de convalidación del Decreto Foral-Norma de Urgencia Fiscal 2/2006, de 23 de mayo, por el que se adapta el Decreto Foral 102/1992, de 29 de diciembre, de adaptación de la Ley del Impuesto sobre el Valor Añadido, a las modificaciones introducidas en las Leyes 3/2006, 4/2006 y 6/2006 con relación al referido Impuesto

C. ??/2006 FORU ARAUA, zein(ar)en bitartez balioztatzen baita maiatzaren 23ko ZERGA ALORREKO PRESAZKO 1/2006 FORU DEKRETU ARAUA, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Legea egokitzeari buruzko abenduaren 29ko 102/1992 Foru Dekretua moldatzen duena 3/2006, 4/2006 eta 6/2006 Legeek zerga horretan sartutako aldaketen arabera.

B bertsioan, nabaria da elementuak mailakatzeko ahalegina; horretarako, parentesiak eta marrak erabili dira. Nik dakidala, administrazioko idazlariek ez dute batere gustuko baliabide horietara jotzea, baina jendeak esan beza.

Gogoratuko duzue 2005eko azaroan gai honekin zerikusia duten pasarte batzuk aztertu genituela. Hiru testuetatik lehena hartu eta bigarren bertsio bat egin genuen zein erabiliz eta beste aldaketa batzuk sartuz. Probatzeagatik egin genuen hori, gehienbat; lehenbiziko bertsioa ere nahiko egoki gelditzen da kasu honetan, esaldiak banatuta, horretarako aukera ematen duenez.

RESUELVE

Desestimar el Recurso de Alzada interpuesto por AAAAAA BBBBBBB, S.A., confirmando la Resolución del Director General de Gestión y Planificación 1.158-C/2005, de fecha 10 de mayo de 2005, por la que se requería la realización de obras de desvío y recogida de aguas de su parcela, así como limpiar los caños y reponer la rejilla en la carretera GI-3071, p.k. 1,900, en Altzo, y se imponía una sanción de multa por importe de 2.404,05 euros por haber cometido una infracción administrativa tipificada en el artículo 96.3 apartado a) de la Norma Foral 17/1994, de 25 de noviembre, de Carreteras y Caminos de Gipuzkoa.

EBATZI DU

Ezestea Aaaaaa Bbbbbb SA enpresak jarritako errekurtsoa eta berrestea Kudeaketa eta Plangintzako zuzendari nagusiak 2005eko maiatzaren 10en emandako 1.158/2005 Ebazpena. Ebazpen hartan interesatuari eskatu zitzaion Altzon, GI-3071 errepideko 1,900 k.p.an, bere lurzatiko ura bildu eta bideratzeko, errepidera iritsi ez zedin, eta aldi berean, kainuak garbitu eta saretxoa ostera jartzeko. Era berean, gainera, 2.404,05 euroko isuna jarri zitzaion 1994ko azaroaren 25eko 17/94 Foru Arauak, Gipuzkoako Errepide eta Bideenak, 96.3.a) artikuluan aurreikusitako arau hauste administratiboa egin zuelako.

Ezestea Aaaaaa Bbbbbb SA enpresak jarritako errekurtsoa eta, beraz, berrestea haren xede den Kudeaketa eta Plangintzako zuzendari nagusiak 2005eko maiatzaren 10en emandako 1.158/2005 Ebazpena, zeinaren bidez interesatuari, alde batetik, eskatu zitzaion bere lurzatiko ura bildu eta bideratzeko Altzon, GI-3071 errepideko 1,900 k.p.an, errepidera iritsi ez zedin, bai eta kainuak garbitu eta saretxoa ostera jartzeko ere, eta, bestetik, 2.404,05 euroko isuna jarri zitzaion, egindakoa arau hauste administratibotzat jotzen duelako 1994ko azaroaren 25eko 17/94 Foru Arauak, Gipuzkoako Errepide eta Bideenak, 96.3.a) artikuluan.

Dekretuaren kasuan, nik neuk ez nuke aukerarik baztertuko, printzipioz. Uste dut gai honi zuku pixka bat atera behar diogula, eta bloga bera aski bide egokia dela horretarako. Amua botata dago, eta ura pixka bat uhertzen hasi naiz ni, ea aingirak mugitzen diren…

Patxi

2006/11/13

Mendetasuneko pertsona

 
    Lehenik eta behin, eskerrak eman behar dizkiogu Patxiri hartu duen lanarengatik. Benetan estimatzen diogu ahalegina.
 
    Harira etorriz, badirudi tunelaren amaieran argia egiten hasia dela. "Mendetasun" terminoa proposatzen du Patxik, eta ez "Menpekotasun/Mendekotasun" edo "menpeko/mendeko pertsona". Gainera, interneten hainbat adibide aurkitu dituela dio, egokiak, nire ustez, lehen begiratuan. 
 
    Buelta gehiagorik eman gabe, eta kontrako iritzirik ez badago, horixe hartuko dugu bai gure oraingo testurako eta bai hemendik aurrerakoetarako. Hori bai, irizpideak bateratze aldera, komeniko litzateke beste departamentuetako testuetan ere, ahal dela, berdin jokatzea.
 
    Berriz ere, mila esker Patxi.


     Juan Mari

"Mendetasuneko pertsona": adibideak

Mendetasunetamendetasuneko pertsonaaurkitu ditut testu batzuetan Interneten. Besteak beste, erakunde arteko lankidetza hitzarmen baten testuan.

1. Lankidetza-Hitzarmena, Eusko Jaurlaritzaren, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta Euskal Udalen Elkartea-EUDELen artekoa, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan atentzio soziosanitarioa garatzeko. (Bizkaiko Batzar Nagusien aldizkari ofíciala, 2002.eko urriak 10. Dokumentu osoa: http://www.jjggbizkaia.net/Boletin/B/9/06/Bix82a.pdf).

Tercera.- Estrategias. .

Para la consecución de estos objetivos las partes promoverán las siguientes estrategias:

• Creación de una estructura organizativa que sirva de encuentro entre las instituciones competentes.

• Mejora del conocimiento, cuantitativo y cualitativo, de las necesidades de los diferentes colectivos en situación o riesgo de desprotección, estableciendo unos procedimientos de valoración de la dependencia y un sistema fiable de información aplicables en toda la Comunidad Autónoma y sirvan de base para una planificación y una gestión de la atención sociosanitaria homogénea y coherente en los tres Territorios.

• Planificación y desarrollo de los recursos alternativos a la institucionalización diversificando los recursos para adaptarlos a las necesidades individuales de las personas dependientes.

• Redimensionamiento y adecuación de los centros asistenciales actuales a los nuevos modelos de intervención así como su crecimiento acorde con las necesidades reales de los diferentes colectivos.

• Desarrollo de los servicios de apoyo a los cuidadores tanto de carácter formal como informal.

• Potenciación de los servicios de reinserción social y laboral como forma de normalización de la vida de las personas dependientes.

Hirugarrena.- Estrategiak.

Helburu horiek lortzeko, alderdiek promobituko dituzten estrategiak hauexek dira:

• Instituzio konpetenteak biltzeko balio izango duen egitura eratzaile bat sortzea.

• Arrisku-egoerako edo babesik gabeko kolektibo ezberdinen beharrizanak zenbat eta zeintzuk diren hobeto ezagutzea, mendetasuna baloratzeko prozedurak eta Erkidego osoan aplikagarri izango den informazio-sistema fidagarria ezarriz; izan ere, prozedura eta informaziosistema horiek oinarri izango dira hiru Lurraldeetan atentzio soziosanitarioaren planifikazioa eta kudeaketa homogeneoa eta koherentea egiteko.

• Instituzioetatik kanpo aukerako baliabideak planifikatzea eta garatzea; baliabideak bereiztuta, mendetasuneko pertsona bakoitzaren beharrizanetara egokitu ahal izango dira.

• Gaur eguneko asistentzia-zentroen dimentsioa berriz neurtzea, eta zentrook interbentzio-eredu berrietara egokitzea. Bestalde, zentroen haziera kolektibo ezberdinek benetan dituzten beharrizanen araberakoa izan dadila zainduko da.

• Izaera formaleko zein informaleko zaintzaileen laguntzazerbitzuak garatzea.

• Gizartean eta lanean berrinsertatzeko zerbitzuak indartzea, mendetasuneko pertsonen bizimodua normalizatzeko helburuaz.

2. “Mendetasuneko eta mendetasun handiko pertsonakagertzen da hemen ere: http://www.arrasate-mondragon.org/Udala/Aurrekontua2003/Iturbide.doc

Patxi

2006/11/11

Mendetasuneko pertsonak

Testu hau Ezintasun mailak izenekoaren jarraipena da. Osteguneko saioan, ikusi genuen hitz zehatz bat behar dugula "dependencia" kontzeptua adierazteko ("Ley de dependencia" eta abar adierazi beharra dago: Itzul-en behin galdetu zen, eta inork erantzunik eman ez!). Ikusi genuen, orobat, hitz horrek ezintasun eta ez-gaitasun hitzez bestelakoa izan beharko duela. Aipatu genituen "laguntza beharra", "besteren beharra" eta abar, baina ordainik beteena mendekotasun dela atera genuen ondorio (menpeko ere badago Hiztegi Batuan, eta mendeko-ren sinonimoa dela dio, baina eratorririk bat bera ere ez dute sartu, eta bai aldiz mendeko-renak, eta hortik ondoriozta daiteke erro hori hobesten dela). Horrekin batera, mendetasun ere badagoela ikusi genuen, esanahi berarekin.

Hortik aurrera, beste bi kontu daude erabakitzeko: lehena, mende(ko)tasun sustantiboa hartu ondoren, zer adjektibo edo izenlagun hartu "persona dependiente" adierazteko; bigarrena, graduazioa nola adierazi.

Lehenbiziko kontuari dagokiola, "mendeko pertsona" beste irtenbide askorik ez genuen ikusi, nahiz ez inoren gustuko izan (ezin saihestuzkoa baita hori irakurri edo entzutean 'norbaitek mendean daukana' dela pentsatzea).

Graduazioarena, berriz, erraz samar erabaki genuen: "txikia", "ertaina" eta "handia". Ez diogu horrekin parez pare jarraitzen gaztelaniari ("moderada" / "severa" / "grande"), baina egoki deritzogu horrela jokatzeari, arrazoi bat baino gehiagorengatik: mailak erlatiboak dira beti, hiru mailako eskalak ez ezik laukoak eta bostekoak ere izaten dira, eskalaren arabera gradu ezberdina adieraz dezake hitz berak, ez da begi-bistakoa "grande" larriagoa dela "severo" baino...).

Azken ordukoa: Zer iruditzen zaizue, "mendeko pertsona" horrek sortzen digun deserosotasuna saihestearren, Hiztegi Batuko mendetasun hartzea (nahi duenak mendekotasun ere erabiliko du), hortik "mendetasuneko pertsona" ('mendetasunean den pertsona') sortzea, eta (hauetan ez dirudi arazorik dagoenik) "mendetasun txikiko pertsona", "mendetasun ertaineko pertsona" eta "mendetasun handiko pertsona" esatea? Eman iritzia, edo, nahi baduzue, esan BAI edo EZ, bozketa bat izango balitz bezala. Seguruenik Mikelek eta Juan Marik eskertu egingo digute.

Patxi

2006/11/07

Pertsonen ezintasun mailak

Foru arau proiektu bat euskaratzen ari naizen honetan, pertsona ezinduen mailaketa aipatzen da: "dependencia moderada", "dependencia severa" eta "gran dependencia". Gizarte zerbitzuen gaietan aritu zaretenok, nola eman dituzue termino horiek euskaraz? Erantzuna azkar badator, hobe (barkatu arinkeria). Eskerrik asko.
 
---
Mikel  

2006/10/20

Foru-arauen izenak

Foru-arau honek izen luze eta aldrebesa dauka gaztelaniaz, eta nik hemen jarri dudan moduan itzuliko nuke. Agian Aldundian irizpideak ezarriak dituzue arauen izenak itzultzeko, behar bada irizpide horiek urratzen ditu itzulpen honek, ez dakit. Esango ahal didazue…

  • ??/2006 Norma Foral de convalidación del Decreto Foral-Norma de Urgencia Fiscal 2/2006, de 23 de mayo, por el que se adapta el Decreto Foral 102/1992, de 29 de diciembre, de adaptación de la Ley del Impuesto sobre el Valor Añadido, a las modificaciones introducidas en las Leyes 3/2006, 4/2006 y 6/2006 con relación al referido Impuesto.
  • ??/2006 Foru Araua, Zerga Alorreko Presazko 2/2006 Foru Dekretu Araua balioztatzen duena (2/2006 Foru Dekretu Araua, maiatzaren 23koa, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Legea egokitzen duen Foru Dekretua —102/1992 Foru Dekretua, abenduaren 29koa— 3/2006, 4/2006 eta 6/2006 Legeek zerga horretan sartutako aldaketetara moldatzekoa)

Aitziber (Batzar Nagusietatik)

2006/10/09

Taulak ere editatu daitezke blogean

Lehengoan Korok galdetu zidan taulak editatu ote daitezkeen blogean. Erantzuna: baietz. Eta oso modu errazean, gainera. Hona urratsok:

  1. Taula Word-en sortu.
  2. Taula hautatu, kopiatu eta Outllok-en itsatsi.
  3. Blogera bidali mezua, taula eta guzti.
Hona froga bat:
 

XEDATU DUT

DISPONGO

Lehena.- Ukatzea foru agindu honen azalpen zatian aipatutako zerga zorraren ordainketa geroratzeko eskaera, ukatze datan ordaindu gabe dauden kopuruei dagokienez:

Primero.- Denegar la solicitud de aplazamiento de pago de la deuda tributaria a la que se hace referencia en la parte expositiva de la presente Orden Foral, por los importes pendientes de pago a la fecha de la denegación:


---
Mikel

2006/10/06

Kirol proben izenak

Gaur erabili.com webgunean, kirol proben izenei buruzko artikulua idatzi du Asier Larrinagak. Arlo horretan aritzen zaretenontzat eta besteontzat interesgarria delakoan nago.

Artikulua irakurtzeko, sakatu hemen.

---
Mikel

Mezua bidaltzea nahikoa da

Atzoko mintegi saioan esan bezala, posta elektronikoko mezua helbide honetara bidaltzea nahikoa da blogean artikulua agertzeko: gifami.idatzi@blogger.com. Gogoratu:

  • "Gaia" edo "Asunto" atalean idatzitakoa izango da blogeko artikuluaren izenburua.
  • Komeni da mezuaren amaieran sinatzea.

Erraza baino errazagoa da, ezta? Nahi adina frogak egin ditzakezue, lasai asko (momentuan ezabatuko ditugu). Animatu, beraz, zuen zalantzak, informazioak eta ekarpenak egitera.

---

Mikel

2006/10/05

Lurzoruaren legean, 'urbanizatu'

Konstituzio-jurisprudentziarekin bat etorrita, lege honen testuak, hirigintza-eredu eramangarriak eratu nahian, erabat berreskuratu du sailkatzeko kategoria bat, alegia, lurzoru urbanizaezina; izan ere, urbanizazio-garapena, maiz, ez zaio inola ere egokitzen hirigintza-antolamenduan zehaztutako hirigintza-ereduari. Doktrina horrek berak aitortzen du autonomia-erkidegoak erabateko eskumena duela urbanizagarri modura sailkatutako lurzoruaren hirigintza-antolamenduan agertzen diren aurreikuspenak nola eta zein baldintzatan garatuko diren erabakitzeko orduan, eta, ildo berari jarraituta, arautu behar da ea plangintza-sektoreetan azaldutako lurzoru urbanizagarria zein den; lurzoru urbanizagarria izango, izan ere, aurretiaz mugatuta eta zehaztuta dagoena eta urbanizatzeko jarduketa-programan ezarritakoak jasotzen dituena da.


2/2006 LEGEA, ekainaren 30ekoa, lurzoruari eta hirigintzari buruzkoa.
EHAA, 2006ko uztailaren 20a

Bide ahaltsuak?

Red de alta capacidad nola esan daiteke euskaraz?

2006/09/28

Memoria justifikatiboa

Oroituko zarete, segur aski, nire fijazio faboritoetako bat dela hau... Gaur, Itzulen, ikusi dut Lurzoruaren Legean "memoria justifikatiboa" erabili dutela, adibidez:

Memoria justificativa de cumplimiento del informe preliminar de impacto ambiental.
(a) Ingurumen-kalteari buruzko aurretiazko txostena betetzearen memoria justifikatiboa

Nire ustez, dudarik gabe,

(b) Ingurumen-kalteari buruzko aurre-txostena egin izana justifikatzen duen memoria

edo, besterik gabe,

(c) Ingurumen-kalteari buruzko aurre-txostena egin izanaren memoria

Hori buruen nerabilela, honako hau agertu zait lege batean: "sentencias declaratorias de la inconstitucionalidad de leyes". Hori a) ereduaren arabera itzultzen badugu:

legeen konstituziokontrakotasunaren epai deklaratiboak

Baina badakigu, jakin, horiek

legeen konstituziokontrakotasuna deklaratzen duten epaiak
legeak konstituziokontrako deklaratzen dituzten epaiak

direla. Ala ez?

Patxi Porreta

2006/09/19

Itzulpen zalantzak (2)

Oraingo honetan erantzun gutxi dakart, baina behintzat aztergaia zein den ikusiko dugu.


kopuruz. “Los créditos del Presupuesto de la Diputación Foral cuyo destino es la financiación del Organismo Autónomo Foral, se librarán en firme por la cuantía que se estime necesaria para hacer frente a los pagos a realizar.”
“Foru organismo autonomoa finantzatzeko erabiliko diren Foru Aldundiaren Aurrekontuko kredituak, berriz, ordainketei erantzuteko beharrezko jotzen den kopuruz ordainduko dira.”

Testuinguru zabalxeagoa behar genuke. Ez dut uste egoki denik "beharrezko jotzen den kopuruz", baina aurkitu ditut banaka batzuk Googlen; haietako, bat, itxuraz, hemen planteatzen den esaldiaren kidekoa, seguruenik zaharragoa.

1/1994 FORUA ARAUA, martxoaren 2koa, Gipuzkoako herrialde historikoaren 1994rako aurrekontua onartzeari buruzkoa. (...) 27.2.- Foru Organismo Autonomo Administratiboak finantzatzeko erabiliko diren Foru Aldundiaren Aurrrekontuko kredituak, arauz emango dira egin beharreko ordainketei erantzuteko beharrezko jotzen den kopuruz.

AGINDUA, 1992ko ekainaren 16koa, Merkataritza Kontsumo eta Turismo Sailburuarena, Turismoko kanpamenduetan diruezarketak egiteko dirulaguntzen erregimenari buruzkoa. (...) egon dauden plazen %20a baino gutxiagokoa ez den kopuruz gehitzea plazen kopurua

GAO, 2006-05-03 (Donostiako Udala). Onartu den kopuruz emango da dirulaguntza, eta erakunde titular eskatzaileari ordainduko zaio.

e-empresa. “apoyo e-empresa”, “e-Enpresari laguntzea”. Nik, dudarik gabe (?!), gaztelaniazkoa bezain anbiguo utziko nuke: “e-enpresa laguntza”.

letra xehea ala larria. “FORU AGINDUA, Aitorpen-likidazio batzuk bide telematikoz aurkezteko prozedurari buruzko otsailaren 25eko 165/2004 Foru Agindua aldatzen duena”. Gutxienez kuriosoa da lehenbiziko hitza bakarrik jartzea larriz, ezta? Garai bateko irizpide-txosten hura begiratu beharko dugu; nik behintzat ez dut gogoan.

letra xehea ala larria. a) “martxoaren 8ko 2/2005 Zergen Foru Arau Orokorra” b) “martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua, Zergen Foru Arau Orokorra” c) “Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorra” d) “martxoaren 8ko Zergen Foru Arau Orokorra, martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua”.

tandem elkarteak.
1. “los datos se mostrarán cliente/proveedor a cliente/proveedor”;

“datuak honela bistaratuko dira: bezeroa/hornitzailea - bezeroa/hornitzailea”.
2. “lo facturado con el cliente/proveedor”; bezero edo hornitzailearekin fakturatutakoa.
3. “la opción Clientes/Proveedores”; “Bezeroak/Hornitzaileak aukera”.
4. “Declaración-documento de pago”; “aitorpena-[ordainketa agiria]”
5. “Sakatu Euroa/Pezeta”.
6. “Aitaren/amaren ardura” (=aita edo amaren ardura?).
7. “Gasolinak-Olio arinak.

2006/09/18

Oin-oharren numerazioa

Askotan, bi zutabeko testuetan lan egin ohi dugu itzultzaileok. Eta testu elebidun horiek bereziak izaten dira, formari eta edukiaren antolaketari dagokienez. Hori dela eta, zalantza sortu zait bi zutabeko testu elebidunetako oin-oharren numerazioaren inguruan. Nire ustez, bi aukera dago kasu horretan oinoharrak zenbatzean:

A) Zutabe bakoitzean 1etik zenbatzen hasi (numerazio autonomoa). Adibidez:


Helburuak


Objetivos

Partaideei1 ematea egoera jakinak identifikatzeko ezagutza nahikoak, zeharkako zergak2 nahiz ondare eskualdaketak kudeatze aldera.


Dotar a las personas participantes1 de conocimientos suficientes para identificar situaciones concretas, con efectos tanto en la gestión de los impuestos indirectos2 como en las transmisiones patrimoniales.




(1) Kudeaketa zerbitzuetakoak, bakarrik.

(2) Gehietan BEZaz arituko dira.


(1) Sólo las de los servicios de gestión.

(2) Principalmente el IVA.


B) Edo elkarren segidan zenbatu, euskarazko testuaren zutabean hasi eta eta gaztelaniazkoaren zutabean jarraituta (betiere orri berean dagoen testuaz ari naiz hemen). Adibidez:


Helburuak

Objetivos

Partaideei1 ematea egoera jakinak identifikatzeko ezagutza nahikoak, zeharkako zergak2 nahiz ondare eskualdaketak kudeatze aldera.

Dotar a las personas participantes3 de conocimientos suficientes para identificar situaciones concretas, con efectos tanto en la gestión de los impuestos indirectos4 como en las transmisiones patrimoniales.




(1) Kudeaketa zerbitzuetakoak, bakarrik.

(2) Gehietan BEZaz arituko dira.


(3) Sólo las de los servicios de gestión.

(4) Principalmente el IVA.


Bi irtenbideetatik, zein hautatuko zenukete bi zutabeko testu elebidun batean erabiltzeko? Adostuta al duzue irizpideren bat? Araurik ba al dago?

---

Mikel

2006/09/14

Itzulpen zalantzak (1)

Uztailean, mintegikide batek zenbait ideia ekarri zituen 2006-2007 mintegirako. Besteak beste, Itzulpen zalantzak izeneko dokumentu bat aurkeztu zuen (edo pasatu zidan, ez dakit seguru). Proba moduan, eta motorrak berotzen hasteko, puntu haietako batzuei pixka bat heltzea pentsatu dut. Idatzi zer edo zer, mesedez. Ea, bada...

ejercicio: “en los ejercicios 2003-2004”. Pentsatzen dut ‘ejercicio económico’ esan nahi duela; ‘curso académico’ (adiera zehatza) eta ‘curso político’ (erdi-metaforikoa, uste dut) esaten den bezala, ekonomian ‘ejercicio’ esaten zaio urte (natural) bakoitzari. Egia esan, ez dakit zer erabiltzen den hor barna. Bote lasterrean, ‘urtealdi’ datorkit burura.

fecha prevista: “fecha prevista de inicio de la actividad es en 2008-2009”. Ez dakit ‘es’ eta ‘en’ horiek hitzak diren (alegia, hori esaldi bat den) edo hizkuntzen laburdurak (??)… Buruz aurrera botako dut neure burua, urik baden seguru jakin gabe… Uste dut naturaltasunaren bidetik arriskatzea merezi duela: “jarduera hasteko data” edo, pixka bat behartuago agian, “jarduera hasteko(a) den data”. Beste esaldi batekin azaltzeko: “Está previsto que las obras comiencen en 2008” esateko, “Obrak 2008an dira hastekoak” aukeratuko nuke. Uste dut irakurtzen direla horrelakoak han-hemen.

en torno a: “incremento en torno al 12%”. Niri ez dit zalantza handirik sortzen, baina zer edo zer izango da arazo. Nire ustez, bete-betean dator egoki inguruko: “%12 inguruko hazkundea”.

baizik (eta): Honako esaldi zati hau ageri da zalantza moduan: “(…)diseinatzen, baizik eta araudian eta barruko bezeroek finkatutako jarraibideetan jasota daude(n)”. Nik dakidala, baizik eta horrek ez du inoiz -n menderagailua eskatzen aditzean.

kopuru: “Sinadura elektronikoaren ziurtagiria eskatu duten enpresa(en) kopurua”. Hitz elkarketa guztiz egoki da soil-soilik datorrenean (enpresa kopuru), baina bide hori agorra da ezkerreko osagaiak soka dakarrenean: hitz elkarketa urratu eta –en lotura erabili beharra dago: “Sinadura elektronikoaren ziurtagiria eskatu duten enpresen kopurua”. Ohar gaitezen, besteak beste, hitz elkarketa mantenduko bagenu “…eskatu duen enpresa kopurua” izango litzatekeela. Orain, askoren galdera: eta hori ez da egoki? Erantzuna: bai eta ez; gehiago ez. Modu tranpati samar batean azaltzeko: zeinek eskatu du zer edo zer, kopuruak ala enpresek? Bueno, igual ez da hain tranpatia ere…

on-line. Uste dut adjektibo/adberbio zalantza dagoela funtsean honen inguruan. Askotan modu eliptikoan azaltzen denez gaztelaniaz, ez dago jakiterik zer den, adjektibo edo adberbio. Nire ustez (eta nonbait esana dago, Itzulen edo), on-line ezin da euskaraz adjektiboa balitz bezala eman (*Informazio on-line egokia eskaintzen du). Izatekotan ere, adberbio moduan behar da erabili: Informazio egokia eskaintzen du(,) on-line. Baina, esplikatzen oso erraza ez den fenomeno baten bitartez, on-line hitz elkarketako lehen osagai balitz bezala ere erabiltzen dela uste dut: On-line informazio egokia eskaintzen du.

Zehazki, beheko taula hau jarri zuen Mikelek dokumentuan, eta nire ustez egoki dago euskarazkoaren izenburua (aditzik gabeko formulazioa, baina betiere on-line adberbio moduan sentituz); bigarren puntua, berriz… Lehen esan dudana: “on-line laguntza” hitz elkarketa balitz bezala ageri da. Nik zalantzak ditut. Nahi izanez gero, beste bidetik erraz konpontzen da: Zalantza informatikoak argitzeko laguntza, on-line.

Información on-line:
- Consulta del estado de tramitación de las devoluciones
Asistencia on-line para dudas informáticas

Zerga informazioa on-line:
- Itzulketen tramitazio egoerari buruzko kontsulta
- Zalantza informatikoak argitzeko on-line laguntza

2006/09/05

Euskalterm datu basea handitu dute

Itzultzaileon hiztegi baliabideak hazten doaz. Gaur erabili.com webgunean irakur daitekeenez, bost hiztegi sartu dira UZEI zentroaren datu base terminologikoan (Euskalterm):
  • Automobilen mantentze-hiztegia.
  • Burdindegiko hiztegia.
  • Norberaren Irudia, Ile-apaindegiak eta Estetika hiztegia.
  • Arropa-denden hiztegia.
  • Oinetakoen hiztegia.
Artikulua irakurtzeko, sakatu hemen.

---
Mikel

2006/08/29

Informatika glosarioak

Udako oporraldia bukatuta, nagikeria gainetik kendu eta blogean idaztera animatu naiz. Ea bada.

Kontua da Ogasuneko lankide batzuk hasita daudela euskaraz lanean, Windows eta Office-ren azken bertsioak erabilita. Euskarazko bertsioan ari direla aprobetxatuz, euskara-gaztelania terminoen glosarioa prestatu dute, departamentuaren hizkuntz erabilera planean sartuta dauden lankideentzako laguntza gisa:
Bada, bestetik, Interneteko terminoen glosario bat (eu), Microsof-ek egin duena:
Bata nahiz bestea erabilgarriak dira itzulpen lanerako edota euskaraz lanean ari den inguruko lankideentzat. On egin.

---
Mikel

2006/07/17

Nola egin iruzkina artikulu bati

Gifamin beste baten artikulu bati iruzkina egitea erraza da. Honela egin behar duzue:
  1. Sakatu IRUZKIN hitza, artikuluaren behealdean.
  2. Idatzi zuen iruzkina, zabalduta dagoen laukiaren barruan.
  3. Hautatu Otros identitatea eta behean, NOMBRE dioen tokian, zuen izena jarri (Patxi, Mikel...). Ez idatzi ezer Su página web delakoan.
  4. Sakatu Vista previa, idatzitakoa nola agertuko den ikusteko (zuzenketaren bat egiteko aukera izango duzue).
  5. Sakatu Publicar su comentario.

Idatzi blogean, e-mezuak bidalita

Gifami blogean artikulua idatzi nahi baduzu, oso bide erraza duzu: posta mezua bidaltzea. Honela egin behar duzue:

  1. Mezua helbide honetara zuzendu: gifami.idatzi@blogger.com
  2. Asunto izeneko laukian, sortu nahi duzuen artikuluaren izenburua idatzi.
  3. Idatzi artikulua.

Kontuan hartzekoak

Mezua idazten duzuenean, puntu hauek kontuan hartzea garrantzitsua da:

  • Web orrien loturak eta posta helbideak. Artikulua postaz bidaltzeak badu beste abantaila bat: blogean lotura eginda gelditzen dira mezuan idatzitako Internet helbideak eta posta helbideak. Ez da zertan etiketa edo kode berezirik idatzi.
  • Letra lodi, etzan eta azpimarratua. Outlook-en idatzitako letra lodiak, etzanak eta azpimarratuak errespetatzen dira blogean.
  • Sinadura. Gure gomendioa da bukaeran norberaren izena jartzea.
  • Blogaren posta helbidea gordetzea. Artikuluen bidalketa errazte aldera, komeni da Outlook-en helbide libretan gordetzea.

Amaitzeko, artikuluak idazteko ohitura hartze aldera, gomendatzen dizuegu frogak egitea, artikuluen zirriborroak bidalita. Ez izan kuidadorik: froga gisa bidalitako mezu guztiak ezabatzen joango dira berehala. Animo, bada.

Gifami blogaren aukerak

Gifami blogean, itxura desberdineko artikuluak idatz ditzakezue. Adibidez:

  • Informazio hutsa. Kontakizun objektibo bat, besterik gabe. Jakin duzuen albiste bat.
  • Erreferentziak. Beste nonbait irakurri duzuenaren erreferentzia eginez. Kasu honetan, ez kopiatu beste medio bateko testua zure artikuluan. Ahal dela, idatz ezazue artikulu orijinalaren Interneteko lotura, eta hari buruz komentatu behar duzuena komentatu.
  • Iritzia. Zeun hausnarketa pertsonalak, kritikak, Gifamiren irakurleoi zuzendutako galderak.
  • Iragarpenak. Topaketa, bilera, deialdi eta abarren berri eman nahi baduzue (adibidez: hizkuntz hobekuntzako tailerra), oharra argitaratu dezakezue hemen.
  • Iruzkinak. Artikuluei erantzuna eman edo iruzkina egiteko aukera dago. Informazio osagarria baduzue, iritzi pertsonalen bat, zuzendu beharreko zerbait dagoela uste baduzue...
Aurrerantzean, oso erraza izango da Gifami blogean artikulua idaztea. Horrela, ohiko modua (izena eta pasahitza idatzita blogean sartzea) erabili nahi ez duenak beste edizio modu erosoago bat izango du aukeran. Artikuluen edizio sistema erraztu dugu, mintegiko kideok bloga lan tresna arrunt gisa erabil dezagun bileren arteko denboran.

Gifami tresna erraza da, eta gure arteko informazio edo komunikaziorako eraginkorra. Eta hileroko mintegiaren osagarri egokia izan daiteke.

2006/07/14

Sartu da gaur arraina portuan

Mikelek prestatutako sistema bat probatzeko (laster jakingo duzue horren berri), testutxo bat egin behar dut. Atzoko saioaren bukaeran aipatutako gai batekin du zerikusia: aditza, galdegai denean, esaldi-hasieran jar daiteke, eta hala jarri behar da zenbaitetan.

Esan genuen bi modutan izan daitekeela aditza galdegai. Horren arabera, egin eramango du ondoan, edo ez.

a) Aditz hori beste aditz batzuekiko oposizioan ulertu behar da batzuetan; halakoetan eramaten du ondoan egin.

Asmatu egin du istorio hori. (= ‘asmatu’ egin du; ez du inon irakurri, ez dio inork kontatu…).

Lokartu egin naiz; horregatik nator berandu. (= 'lokartu' egin naiz; ez dut beste eragozpenik izan garaiz etortzeko.

b) Beste batzuetan, berriz, aditzaren baiezkotasuna da galdegai (oposizioa, izatekotan ere, ezezkotasunarekin du kasu horietan, eta ez beste ezein aditzekin).

Sartu da gaur arraina portuan. (= 'gaur bai; gaur, sartu da')

Ulertu dut esan didazuna.

Egin ezazue proba bigarren kasu honetan egin jartzen, eta ikusiko duzue desegoki gelditzen dela.

Patxi

2006/07/04

Hizkera ez-sexista eta itzulpena

Denok dakigunez, Foru Aldundia generoen arteko berdintasun politika sartzen ari da eguneroko jardunean. Besteak beste, horrek hizkera ez-sexistaren erabileran du eragina eta, bide batez, itzulpen jardunean.

Joan den otsail-martxoetan, Zergabilketa Erregelamendua euskarara itzultzen aritu ginen Ogasunean, eta jatorrizko testuan zuzenean aplikatu zituzten hizkera ez-sexistaren irizpideak.

Horretarako, departamentuko Araugintzako teknikariek terminoen korrespondentzia taula eman ziguten: aurreko hizkerako terminoa --> hizkera ez-sexistako terminoa. Oro har, genero ikuspuntutik ez-markatua den gaztelaniazko terminoari ez dagokio euskaraz termino desberdin bat, normalean (ez beti) euskaraz ez-markatua delako. Korrespodentzia taulan ikus daiteke hori, eta adibide batez azal daiteke:

  • [es] el beneficiario - [eu] onuradun

  • [es] la persona beneficiaria - [eu] onuradun


  • Dena den, hizkera ez-sexista orokortzeko bidea luzea izango da. Itzultzaileok batez ere euskara-gaztelania itzulpenetan aplikatu beharko dugu hizkera ez-sexistaren irizpidea. Euskaraz, aldiz, batzuetan bakarrik erabili beharko dugu: alkate jauna/alkate andrea tankerako kasuetan.

    ---
    Oharra: inork ba al daki Aldundiak ote daukan artxiboak transferitzeko zerbitzurik (FTP protokoloa)? Horrela, Aldundiaren baliabideak erabil ditzakegu laneko artxiboetarako loturak egiteko, kanpoko artxibo gordailuetara jo gabe.

    2006/04/27

    Bihar goiz arte?

    Gertatu eta sentitu bezala azalduko dizuet: orain dela bost minutu, "utzizazu hor bihar goizarte" esan diot semeari, eta gaur goizeko gaia etorri zait berehala burura. Zuek zer sentitzen duzue hori esatean?

    a) Bihar goiz arte.
    b) Bihar goiza arte.
    c) Bihar goizera arte.

    Nik, benetan... b).

    2006/04/06

    Bigarrenez, Lerinen

    Gaurko Berriaren azalean (2006-04-06), adibide polit bat daukagu koma 'ospetsu' baten erakusgarri. Gogoan izango duzue "1965ean jaio zen Bilbon" erako esaldiez Juan Garziak esandakoa (koma behar duela, alegia, bestela beste urteren batean beste nonbait jaio ote zen pentsa dezakegulako), eta azalpen horri ematen zaion erantzun tipikoa ere bai ("behin bakarrik jaiotzen gara, ordea, eta ez dago gaizki ulertzerik!".

    Bada, gaurko Berriako izenburuak argi asko uzten du, nik uste, koma horren premia, eta bizkor ibili da kazetaria (edo zuzentzailea). Hauxe da izenburua:

    Euskalteleko Samuel Sanchezek bigarrenez irabazi du, Lerinen.

    Komarik gabe idatziko zukeen hainbatek, ezta? Baina Lerinen lehenbizikoz irabazi du Sanchezek (ailegatu ere lehenbizikoz ailegatu baita Euskal Herriko Itzulia Lerinera), eta guztiz pertinentea eta beharrezkoa da koma hori.

    Zehapenak eta zigorrak

    Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondorior...