2008/05/13

Zertxobait alaitzen naiz zutaz oroitzean

Erroak sintaxian bide dituen eta puntuazioari eragiten dion kontu batekin intrigatuta ibilia naiz lehenago, eta aste honetan berriro piztu zait harra, ikastaro batean atera baitzait (aurreikusia izan gabe). Laguntza eskatu nahi dizuet, bai fenomenoa egoki deskribatzen dudan jakiteko, bai fenomenoaren atzean zehazki zer dagoen esplikatzen ahalegintzeko. Denborazko perpaus batzuekin (-t(z)ean, -enean) eta helburuzko batzuekin (-t(z)eko) gertatzen da, eta ez bi kasuetan berdin-berdin ere. Ea ongi azaltzen dudan.

(1) Zertxobait alaitzen naiz zutaz oroitzean.

Oharra: norbaitek esaten badu hor koma behar dela… alfer-alferrik ari naiz. Ez, ez dut uste inork esango duenik hor koma behar dela.

Jar ditzagun perpaus berak hurrenkera aldatuta.

(2) Zutaz oroitzean zertxobait alaitzen naiz.

Aurreko kasuan bezalatsu, ahobatekotasuna espero dut, baina bestelakoa. Espero dut denok esatea koma jar litekeela hor arazorik gabe, eta gehienetan jarri egingo genukeela.

Horra nire misterioa: denborazko perpaus batzuk badira perpaus nagusiaren aurretik doazenean komarekin mugatu litezkeenak, arazorik gabe, edo are koma eskatzen dutenak (mintzagai funtzioa egiten dute posizio horretan), eta perpaus nagusiaren atzetik jarrriz gero, aldiz, komarik gabe joan behar dutenak. Ikuspegi orokorretik aztertuta, azken kasu horiek dira bereziak, zeren eta, printzipioz, esaten baitugu koma jar daitekeela edo jartzen dela perpaus nagusiaren eta mendekoaren artean, mendekoa galdegai ez bada behintzat (eta, aipatzen ari naizen kasuan, ez da galdegai; honelako batean izango litzateke galdegai: “Zutaz oroitzean alaitzen naiz zertxobait”).

Beste adibide bat jarriko dut (aurreko hori Xalbadorren esaldi baten parte da, EGLUtik hartua, eta ondorengo hau oraintxe bertan nik asmatua).

(3) Ni Kolonbian nintzen iloba gazteena jaio zenean.

(4) Iloba gazteena jaio zenean, (ni) Kolonbian nintzen (ni).

Oraingo honetan jarri egin dut koma (jar daitekeela adierazteko, ez nahitaez jarri behar dela). Berriz ere, mendekoa atzetik jarriz gero (3), komarik gabe emango genuke esaldia.

Ez zait iruditzen luze-laburrak zerikusirik duenik. Proba dezadan luzeago batekin:

(5) Estualdi galanta pasatzen dut ustez garbi daukadan konturen bat azaltzen hasi eta jendeak ulertzen ez didanean.

(6) Ustez garbi daukadan konturen bat azaltzen hasi eta jendeak ulertzen ez didanean, estualdi galanta pasatzen dut.

Denborazkoak izan dira orain arteko hiru bikoteak. Sar nadin iragarritako beste perpaus-motarekin: helburuzkoak (-t(z)eko). Hemen pasatzen denak badu zerikusirik aurretik azaldutakoarekin, uste dut, baina ez da gauza berbera (konplexuagoa dela uste dut). Goizean Bilbon baino suerte handiagoa izaten ari naiz orain adibideekin, baliozkoak iruditzen baitzaizkit burura datozkidanak.

(7) Kirol asko egin behar da sasoian egoteko.

(8) Sasoian egoteko, kirol asko egin behar da.

Orain arte, dena berdin, ezta? Baina bada (7) esaldiaren oso antzekoa izanik ere berdina ez den beste bat, (7’) esango dioguna:

(7’) Kirol asko egin behar da, sasoian egoteko.

Bai, esaldi hori egokia da, koma behar du, eta ez da (7) adibideko esaldi berbera. Bigarren honetan, bigarren partea nolabait 'sasoian egoteko egin ere' da, eta esan liteke perpaus nagusitik libre dagoela (horregatik onartzen du eta behar du koma). Lehengo (7) adibidean, berriz, mendekoa guztiz lotua dago perpaus nagusiari, eta honela ulertzen da: ‘kirol asko egin behar du sasoian egon nahi duenak', 'sasoian egotekotan(,) kirol asko egin behar da). Berriz ere, (1-2), (3-4) eta (5-6) bikote denborazkoen kasuan bezala, atzetik jarri ordez aurretik mintzagai gisa jarrita libratzen da perpausa, koma onartzeraino eta are eskatzeraino (8).

Behin baino gehiagotan gertatu zait (7) edo (7’) bezalako adibide bat atera eta koma behar duen edo ez hitz egitean diferentzia hori ikusten zaila izatea (eta, ondorioz, argitasun handirik ez ateratzea komaren gorabeheran). Hor uste dut nahiko garbi dagoela. Ala?

“Nere sentimentua nahi det deklaratu; intrigatuta nago, hau ezin ukatu…”.

Azken oharra: helburuzko perpausen kasuan dagoen berezitasuna alde batera utziz gero (alegia, 7' esaldia ere posible izatea, zenbaitetan), esango nuke arrazoi sintaktiko bertsua dela atzetik doan menderatua perpaus nagusiarekin lotzen duena, koma galarazteraino, denborazko (1, 3, 5) eta helburuzko (7) batzuetan.

Patxi

2008/05/11

Aposizioez

Saio bat baino gehiagotan esan ditugu aposizioei buruzko gauzak, eta haietako bizpahiru behintzat batera biltzeko ahalegina egin nuen lehengo batean. Hemen jarriko dut emaitza, eta ea norbaiti osagarririk bururatzen zaion.

1. Aposizioa oso baliabide egokia da askotan, baina trabagarri gertatzen da beste zenbaitetan; kasurik nabarmenena, seguruenik, galdegaiari eransten zaionekoa da, galdegaiaren eta aditzaren arteko lotura estua nolabait eteten baitu:
Urangak, aurreko saioko bigarrenak, du aukera gehien.
Halakoetan, etena saihesteko modu bat baino gehiago izan daiteke: aposizioa aditzaren atzera pasatzea, menderatu gisa ematea…
Aukera gehien Urangak du, aurreko saioko bigarrenak.

Urangak du aukera gehien, aurreko saioan bigarren egin zuen eta.
2. Galdegairen aposizioa izan gabe ere, aditzera bitarteko bidea oztopatu egiten du zenbaitetan aposizioak. Honako honetan, adibidez, erlatibo baten barruan txertatuta zegoen, eta atera egin dugu handik, esaldia traba gutxiagorekin aurreratzen delakoan.

(...) y se imponía una sanción de multa por importe de 2.404,05 euros por haber cometido una infracción administrativa tipificada en el artículo 96.3 apartado a) de la Norma Foral 17/1994, de 25 de noviembre, de Carreteras y Caminos de Gipuzkoa.

Era berean, gainera, 2.404,05 euroko isuna jarri zitzaion 1994ko azaroaren 25eko 17/94 Foru Arauak, Gipuzkoako Errepide eta Bideenak, 96.3.a) artikuluan aurreikusitako arau hauste administratiboa egin zuelako.

Era berean, 2.404,05 euroko isuna jarri zitzaion, egindakoa arau-hauste administratibotzat jotzen duelako 1994ko azaroaren 25eko 17/94 Foru Arauak, Gipuzkoako Errepide eta Bideenak, 96.3.a) artikuluan.

3. Beste honetan, “-k ezarritakoaren arabera” dioen tokian tartekaturik dago aposizioa, eta, bi komarekin eten samarra datorrenez esaldia, ez da jarri berez “arabera”ren ondotik premia-premiazko dena.

La Ley 27/1983, de 25 de noviembre, del Parlamento Vasco, de relaciones entre las instituciones comunes de la Comunidad Autónoma y los órganos forales de los Territorios Históricos establece la competencia exclusiva de éstos en materia de demarcaciones municipales y supramunicipales, que no excedan de los términos del Territorio Histórico.

Eusko Legebiltzarraren azaroaren 25eko 27/1983 Legeak, Autonomi Elkarte Osorako Erakundeen eta Herrialde Historikoetako Foru Erakundeen arteko Harremanei buruzkoak, ezarritakoaren arabera herrialde historikoetako foru erakundeek eskumen osoa dute udalbarrutien eta udalez gaineko barrutien gaian, beren herrialde historikoa gainditzen ez duten bitartean.

Herrialde historikoetako foru erakundeek eskumen osoa dute udalbarrutien eta udalez gaineko barrutien gaian, beren herrialde historikoa gainditzen ez duten bitartean, Eusko Legebiltzarrak 1983ko azaroaren 25ean emandako Autonomi Elkarte Osorako Erakundeen eta Herrialde Historikoetako Foru Erakundeen arteko Harremanei buruzko 27/1983 Legearen arabera.

Herrialde historikoetako foru erakundeek eskumen osoa dute udalbarrutien eta udalez gaineko barrutien gaian, beren herrialde historikoa gainditzen ez duten bitartean, Eusko Legebiltzarraren azaroaren 25eko 27/1983 Legearen araberaAutonomi Elkarte Osorako Erakundeen eta Herrialde Historikoetako Foru Erakundeen arteko Harremanei buruzko legea—.

2008/05/07

Ortotipografiaz

Gogoeta interesgarria egin du Jose Martinez de Sousak Fundacion Español Urgente erakundearen Donde dice... aldizkari elektronikoan. Haren proposamen batzuk euskarara ekarri ditut.

Letra etzana

(1) Bereganatu gabeko atzerriko hitzak idaztean:

Foru Aldundiaren rating-ak, berez, erakundeak behar duen osasun finantzarioa islatzen du.

(2) Argitalpen edo webguneen atalen izenak idaztean:

Web orrian sartu behar duzu, eta Zergen webgunean sakatu eta Inprimakiak ikonoan klik egin…

(3) Testu batean hitz bat aztergai izan edo komentatzean:

Interneten 10.000 aldiz ageri da idazkari judizial, eta 400 bat aldiz epaitegiko idazkari.

(4) Hitz baten esanahia argitzeko hura idaztean:

Ondasun edo kapital batek epe jakin batean ematen duen mozkina esan nahi du errenta hitzak.

Puntuaren eta esaldia ixteko marken uztardura

Esaldi bat itxiera markez amaitzen denean (komatxoak, parentesiak edo kortxeteak), puntua horien barruan edo kanpoan joan daiteke.

(5) Komatxo arteko testua paragrafo hasieran edo puntuaren ondoren hasten bada, itxiera marken barruan kokatzen da puntua:

Gainera, hau ere dio:

“4. Diru laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa gertatuz gero, eta nolanahi ere, oinarri erregulatzaileetan baimendutako kasuez kanpo diru laguntza hauekin batera laguntzarik jasoz gero, diru laguntza emateari buruzko ebazpena aldatua izan daiteke.”

(6) Komatxo arteko testua bi puntuen, komaren edo eten puntuen ondoren (edo batere puntuazio markarik gabe) hasten bada, itxiera marken ondoren kokatzen da puntua:

Laguntzak eskatzen dituztenek hainbat baldintza bete behar dute, besteak beste: “gutxienez argitalpen kostuaren %35 lortzea publizitate gisa”.


Oin-oharren deiak

(7) Ohar deia (zenbaki txiki bat, normalean) puntuazio marketatik kanpo idatziko dira: :

diputatuaren foru agindu bidez;12

2008/05/06

"Recurso de súplica" eta "recurso de suplicación"

Banekien legean bi termino zirela "recurso de súplica" eta "recurso de suplicación", baina hala ere galdetu egin diet EHUko Zuzenbideko irakasleei, eta honela azaldu didate:
Bi errekurtso desberdin dira "recurso de súplica" eta "recurso de suplicación" (gure itzulpenean "erregu-errekurtsoa" eta "erregutze-errekurtsoa").
  • Erregu-errekurtsoa justizia-auzitegi nagusietako gizarte-arloko salaren aurrean jartzen da, berak (organo judizial berak) emandako probidentzia eta autoen kontra (Lan Arloko Prozeduraren Legea, 185. art.).
  • Erregutze-errekurtsoa ere justizia-auzitegi nagusietako gizarte-arloko salaren aurrean jartzen da, baina kasu honetan gizarte-arloko epaitegi baten (beheko organo judizialaren) ebazpenen kontra (Lan Arloko Prozeduraren Legea, 188. art.).
Jakina, esan dezakezue hizkuntzaren aldetik irtenbide kaskarra eman zaiola euskaraz (gaztelaniazkoaren paretsukoa, nik uste). Baina uste dut beharrezko dela jakitea bi errekurtso direla.

Patxi

Sakatu azeleragailua, eta jo ezkerreko lerrotik...

Euskaltzaindiak honako ohar hau atera du Plazaberri agerkari digitalean (46. zenbakia), 2008ko apirilaren 29an:

Hiztegi Batua. E letrako zenbait sarrerari buruzko oharrak eztabaidatzen eta erabakitzen dihardu Euskaltzaindiak eta apirilaren 25eko batzarrean erabaki ziren sarreren artean bada azpimarratzeko erabaki bat, errepideen seinalizazioan izan dezakeen eraginagatik:
  • "errei iz. 1 'gurdiaren gurpilek mendi-bideetan egiten dituzten ildoak'. 2 (Autobide eta errepideetakoak adierazteko) h. lerro: A8 autobidean hirugarren lerroa ireki dute".

    Beraz, aukera egin du Euskaltzaindiak erabiltzen diren forma bien artean, horietako bat hobetsiz euskara baturako. Hau da: Euskal Herriaren bi aldeetan, Iparraldean eta Hegoaldean, erabiltzen dena aukeratu du, hori baita batasuna egiteko bide egokia. Euskaltzaindiaren ustez, errei hitza anbiguoa gertatzen da, batetik. Bestetik, idazle batzuk aspaldixko hasi ziren egokiagoa eta anitzez ulergarriagoa den lerro hitza erabiltzen.
    Erabaki horren berri ematean, errepideen arlo horretan lerro erabiltzeko deia egin nahi die Euskaltzaindiak errei darabiltenei, eta lerro darabiltenei, berriz, hartan irautekoa, hala egiten jarraitzekoa.
Alegia, nagiren bat topatu du Euskaltzaindiak eskuineko erreitik mantso-mantso doana, sakatu du azeleragailua, ezkerreko lerroan jarri zaio parean, zabaldu du eskuineko leihatila, eta... "Hi, zer ari haiz oraindik 'errei' erabiltzen!". Diot nik.

Patxi

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondorior...