Skip to main content

Zertxobait alaitzen naiz zutaz oroitzean

Erroak sintaxian bide dituen eta puntuazioari eragiten dion kontu batekin intrigatuta ibilia naiz lehenago, eta aste honetan berriro piztu zait harra, ikastaro batean atera baitzait (aurreikusia izan gabe). Laguntza eskatu nahi dizuet, bai fenomenoa egoki deskribatzen dudan jakiteko, bai fenomenoaren atzean zehazki zer dagoen esplikatzen ahalegintzeko. Denborazko perpaus batzuekin (-t(z)ean, -enean) eta helburuzko batzuekin (-t(z)eko) gertatzen da, eta ez bi kasuetan berdin-berdin ere. Ea ongi azaltzen dudan.

(1) Zertxobait alaitzen naiz zutaz oroitzean.

Oharra: norbaitek esaten badu hor koma behar dela… alfer-alferrik ari naiz. Ez, ez dut uste inork esango duenik hor koma behar dela.

Jar ditzagun perpaus berak hurrenkera aldatuta.

(2) Zutaz oroitzean zertxobait alaitzen naiz.

Aurreko kasuan bezalatsu, ahobatekotasuna espero dut, baina bestelakoa. Espero dut denok esatea koma jar litekeela hor arazorik gabe, eta gehienetan jarri egingo genukeela.

Horra nire misterioa: denborazko perpaus batzuk badira perpaus nagusiaren aurretik doazenean komarekin mugatu litezkeenak, arazorik gabe, edo are koma eskatzen dutenak (mintzagai funtzioa egiten dute posizio horretan), eta perpaus nagusiaren atzetik jarrriz gero, aldiz, komarik gabe joan behar dutenak. Ikuspegi orokorretik aztertuta, azken kasu horiek dira bereziak, zeren eta, printzipioz, esaten baitugu koma jar daitekeela edo jartzen dela perpaus nagusiaren eta mendekoaren artean, mendekoa galdegai ez bada behintzat (eta, aipatzen ari naizen kasuan, ez da galdegai; honelako batean izango litzateke galdegai: “Zutaz oroitzean alaitzen naiz zertxobait”).

Beste adibide bat jarriko dut (aurreko hori Xalbadorren esaldi baten parte da, EGLUtik hartua, eta ondorengo hau oraintxe bertan nik asmatua).

(3) Ni Kolonbian nintzen iloba gazteena jaio zenean.

(4) Iloba gazteena jaio zenean, (ni) Kolonbian nintzen (ni).

Oraingo honetan jarri egin dut koma (jar daitekeela adierazteko, ez nahitaez jarri behar dela). Berriz ere, mendekoa atzetik jarriz gero (3), komarik gabe emango genuke esaldia.

Ez zait iruditzen luze-laburrak zerikusirik duenik. Proba dezadan luzeago batekin:

(5) Estualdi galanta pasatzen dut ustez garbi daukadan konturen bat azaltzen hasi eta jendeak ulertzen ez didanean.

(6) Ustez garbi daukadan konturen bat azaltzen hasi eta jendeak ulertzen ez didanean, estualdi galanta pasatzen dut.

Denborazkoak izan dira orain arteko hiru bikoteak. Sar nadin iragarritako beste perpaus-motarekin: helburuzkoak (-t(z)eko). Hemen pasatzen denak badu zerikusirik aurretik azaldutakoarekin, uste dut, baina ez da gauza berbera (konplexuagoa dela uste dut). Goizean Bilbon baino suerte handiagoa izaten ari naiz orain adibideekin, baliozkoak iruditzen baitzaizkit burura datozkidanak.

(7) Kirol asko egin behar da sasoian egoteko.

(8) Sasoian egoteko, kirol asko egin behar da.

Orain arte, dena berdin, ezta? Baina bada (7) esaldiaren oso antzekoa izanik ere berdina ez den beste bat, (7’) esango dioguna:

(7’) Kirol asko egin behar da, sasoian egoteko.

Bai, esaldi hori egokia da, koma behar du, eta ez da (7) adibideko esaldi berbera. Bigarren honetan, bigarren partea nolabait 'sasoian egoteko egin ere' da, eta esan liteke perpaus nagusitik libre dagoela (horregatik onartzen du eta behar du koma). Lehengo (7) adibidean, berriz, mendekoa guztiz lotua dago perpaus nagusiari, eta honela ulertzen da: ‘kirol asko egin behar du sasoian egon nahi duenak', 'sasoian egotekotan(,) kirol asko egin behar da). Berriz ere, (1-2), (3-4) eta (5-6) bikote denborazkoen kasuan bezala, atzetik jarri ordez aurretik mintzagai gisa jarrita libratzen da perpausa, koma onartzeraino eta are eskatzeraino (8).

Behin baino gehiagotan gertatu zait (7) edo (7’) bezalako adibide bat atera eta koma behar duen edo ez hitz egitean diferentzia hori ikusten zaila izatea (eta, ondorioz, argitasun handirik ez ateratzea komaren gorabeheran). Hor uste dut nahiko garbi dagoela. Ala?

“Nere sentimentua nahi det deklaratu; intrigatuta nago, hau ezin ukatu…”.

Azken oharra: helburuzko perpausen kasuan dagoen berezitasuna alde batera utziz gero (alegia, 7' esaldia ere posible izatea, zenbaitetan), esango nuke arrazoi sintaktiko bertsua dela atzetik doan menderatua perpaus nagusiarekin lotzen duena, koma galarazteraino, denborazko (1, 3, 5) eta helburuzko (7) batzuetan.

Patxi

Comments

Anonymous said…
Patxi, biziki eskertzen dizut idatzi hori.

Maiz ibiltzen nintzen komarekin istilutan denborazko perpausa agertzen zaidanean. Istilu hori bera izaten nuen, alegia, aurretik doanean, bai; atzetik doanean, zergatik ez?

Nik honela azaldu nion neure buruari:

Adibidea: Iloba gazteena jaio zenean, Kolonbian nintzen.

Esaldi honetan bi elementu daude:

1-. Iloba gaztea jaio zenean (pausa)

2-. Kolonbian nintzen.

Eta bi modu idazteko:

1-. Iloba gaztea jaio zenean (pausa) Kolonbian nintzen.

2-. Kolonbian nintzen iloba gaztea jaio zenean (pausa).

Jakina, lehendabizikoan, pausa koma da; bigarrenean, berriz, puntuak egiten duenez lan hori, ezin jarriko dugu koma.


Xabier

Popular posts from this blog

Itxiera-ordutegia

Irratian entzun dut gaur goizean iragarki bat, Herrizaingo Sailarena, (tabernen) "itxiera-ordutegiak" betetzearen aldekoa. Ez dakit burmuinaren txokoren batean "etxera-ordua" ez ote dugun ikusten... Bestela, nire uste oraingo honetan ere harro samarrean, "ixteko orduak" zaindu behar lirateke: ez "itxiera", eta ez "ordutegia". Zer diozue zuek? Patxi

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondoriorik izan ez duenez, iragarki honen bidez jakinarazten dira, 1992ko azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Lege ak, 59. artikuluko 5. zenbakian agintzen duenaren arabera. Interesatuek jakin dezaten ematen da horren berri eta interesatu horientzat banakako jakinarazpen balioa izan behar du». Atzoko BAO tik: «Zigortzeko espedienteari ebazpen proposamenaren jakinarazpena ehizari buruzko BI-60/2010. / Notificación de la propuesta de resolución del expediente sancionador de caza BI-60/2010». (Gero bada zehapen bat edo beste). 30/1992 Legearen euskal testua k zehapen, zehapen-prozedura eta halakoak darabiltza etengabe, eta uste dut zuzenbidearen arloan aipatu samarra dela zehapen/zigor bereizkuntza. Ez genuke hitz hori erabili behar testuetan?; ez zaigu sinesgarria iruditzen oraind...

Mendetasuneko pertsonak

Testu hau Ezintasun mailak izenekoaren jarraipena da. Osteguneko saioan, ikusi genuen hitz zehatz bat behar dugula "dependencia" kontzeptua adierazteko ("Ley de dependencia" eta abar adierazi beharra dago: Itzul-en behin galdetu zen, eta inork erantzunik eman ez!). Ikusi genuen, orobat, hitz horrek ezintasun eta ez-gaitasun hitzez bestelakoa izan beharko duela. Aipatu genituen "laguntza beharra", "besteren beharra" eta abar, baina ordainik beteena mendekotasun dela atera genuen ondorio ( menpeko ere badago Hiztegi Batuan, eta mendeko -ren sinonimoa dela dio, baina eratorririk bat bera ere ez dute sartu, eta bai aldiz mendeko -renak, eta hortik ondoriozta daiteke erro hori hobesten dela). Horrekin batera, mendetasun ere badagoela ikusi genuen, esanahi berarekin. Hortik aurrera, beste bi kontu daude erabakitzeko: lehena, mende(ko)tasun sustantiboa hartu ondoren, zer adjektibo edo izenlagun hartu "persona dependiente" adierazteko; bigar...