Testu hau
Ezintasun mailak izenekoaren jarraipena da. Osteguneko saioan, ikusi genuen hitz zehatz bat behar dugula "dependencia" kontzeptua adierazteko ("Ley de dependencia" eta abar adierazi beharra dago: Itzul-en behin galdetu zen, eta inork erantzunik eman ez!). Ikusi genuen, orobat, hitz horrek
ezintasun eta
ez-gaitasun hitzez bestelakoa izan beharko duela. Aipatu genituen "laguntza beharra", "besteren beharra" eta abar, baina ordainik beteena
mendekotasun dela atera genuen ondorio (
menpeko ere badago Hiztegi Batuan, eta
mendeko-ren sinonimoa dela dio, baina eratorririk bat bera ere ez dute sartu, eta bai aldiz
mendeko-renak, eta hortik ondoriozta daiteke erro hori hobesten dela). Horrekin batera,
mendetasun ere badagoela ikusi genuen, esanahi berarekin.
Hortik aurrera, beste bi kontu daude erabakitzeko: lehena,
mende(ko)tasun sustantiboa hartu ondoren, zer adjektibo edo izenlagun hartu "persona dependiente" adierazteko; bigarrena, graduazioa nola adierazi.
Lehenbiziko kontuari dagokiola, "mendeko pertsona" beste irtenbide askorik ez genuen ikusi, nahiz ez inoren gustuko izan (ezin saihestuzkoa baita hori irakurri edo entzutean 'norbaitek mendean daukana' dela pentsatzea).
Graduazioarena, berriz, erraz samar erabaki genuen: "txikia", "ertaina" eta "handia". Ez diogu horrekin parez pare jarraitzen gaztelaniari ("moderada" / "severa" / "grande"), baina egoki deritzogu horrela jokatzeari, arrazoi bat baino gehiagorengatik: mailak erlatiboak dira beti, hiru mailako eskalak ez ezik laukoak eta bostekoak ere izaten dira, eskalaren arabera gradu ezberdina adieraz dezake hitz berak, ez da begi-bistakoa "grande" larriagoa dela "severo" baino...).
Azken ordukoa: Zer iruditzen zaizue, "mendeko pertsona" horrek sortzen digun deserosotasuna saihestearren, Hiztegi Batuko
mendetasun hartzea (nahi duenak
mendekotasun ere erabiliko du), hortik "mendetasuneko pertsona" ('mendetasunean den pertsona') sortzea, eta (hauetan ez dirudi arazorik dagoenik) "mendetasun txikiko pertsona", "mendetasun ertaineko pertsona" eta "mendetasun handiko pertsona" esatea? Eman iritzia, edo, nahi baduzue, esan BAI edo EZ, bozketa bat izango balitz bezala. Seguruenik Mikelek eta Juan Marik eskertu egingo digute.
Patxi