Errenteriako gure kultur elkartean, Lau Haizetaran, ohikoa da aldian behin liburu gomendioa egitea bazkideei. Oraingoan otu zait zerrenda zabaltzea norbaiti ondo etorriko zaiola. Horra bada. liburu gomendatuen zerrenda:
Ana Urkiza
Zortzi unibertso zortzi idazle, Alberdania, 2006
Ana Urkiza emakumezko idazleen ikusezintasunaz mintzo zaigu liburu honetan. Zortzi emakume idazle elkarrizketatu ditu: Arantxa Urretabizkaia, Aurelia Arkotxa, Mariasun Landa, Laura Mintegi, Lourdes Oñederra, Itxaro Borda, Yolanda Arrieta eta Miren Agur Meabe. Euren lanaren balioa, ibilbide literarioak eta, batez ere, luma horien atzean dauden pertsonekin solasaldi ezin interesgarriagoak eskaini dizkigu Urkizak.
Joseba Gabilondo
Nazioaren hondarrak, EHU, 2006
Euskal literaturaren historia egitea ausartzen direnak gutxi dira, azkenekoa 2004ean Iñaki Aldekoak eskaini zigun. Gabilondo Estatu Batuetan irakasle diharduen euskalduna eta literatur aditua dugu. Artikulu bilduma dugu honakoa. XX mendeko literaturaren historizazio berria. Egileak 1898tik 1992ra arte alegoria nazionala idazten dela dio. 1992tik aurrera, berriz, literatura postnazionala.
Iban Zaldua
Etorkizuna, Alberdania, 2006
Liburu honek ere Euskadi saria irabazi du aurtengoan. Zaldua azken aldi honetan motzean dotore idazten ari zaigu. Etorkizunarekin modu minimalistan jolasten duo Ipuin borobilak, geroaz beteak eta inpaktatzeko edozein momentua aurkitzen dutenak. Puzzle gisa umorez eta narratiba bikainez, euskal literaturak duen ipuinlari onenetako honek, 15 ipuin ia politiko plazaratu dizkigu. Oparitzeko oso gomendagarria.
Arantxa Iturbe
Kontu-jaten, Alberdania, 2006
Arantxa Iturbe idazle eta kazetariak oraingoan testigantza liburua idatzi digu. 80 urteren bueltan dauden Tolosaldeko dozena emakumerekin txolarte atseginak pasatu eta argitara eman ditu. Emakume hauen bizipenak, eta bidenabar, garai bateko bizimodua gogoratzeko parada ezin hobea idazle tolosarrak mahai "gainean jarri diguna.
Andu Lertxundi
Ihes betea, Alberdania, 2006
Gerra aurreko Alemania nazian kokatu du bere azken nobela Lertxundik. Hamazazpi urteko mutila (Werner) da Ihes betea liburuko protagonista. Bere kide hitlerzaleekin era askotako indarkeriazko ekintzak burutuko ditu. Baina, senideek sekretu handi bat gordetzen diote: judua da.
Koldo Izagirre
Sua nahi mister Churchill?, Susa, 2006
Euskaraz gozatu eta Pasaia edota portu aldeko hizkuntzan sakondu nahi baduzu ez daukazu aitzakiarik, baina liburua hau hizkuntza ez ezik oroimena ere bada. Jon Kortazarren ustetan, Koldo Izagirre izan da, gerraren gaia, eta ez bakarrik hori, Sua nahi mister Churchill? ipuin liburu zoragarri bezain barrokoan, memoriaren gaia ekarri duena gurera, gerran desagertuen gorputzean berriro azaleratzen delarik.
Xabier Olaso
Pupuan trapua, Pamiela, 2004
Ttikientzako liburua zoragarria da berau. Irakurri egin behar zaie, izan ere, ttikienek oraindik ez baitakite irakurtzen. Poesia liburua da. Lehen partean Esna irauteko poemak aurkituko ditugu eta bigarrenean lotarako kontuak. Sonoritate izugarriaz idatziak daude eta ttikiak berehala hasten dira entzundakoan barrezka. "Ispiluarena":
- Ispilu handia hautsi zait
- Mila zatitan!
- Orain ditut mila ispilu zati txikitan...
Patxi Zubizarreta
Pantaleon badoa, Pamiela, 2006
Zubizarretak gaztetxoei Pantaleon elurrezko panpinaren istorio iradokitzailea idatzi die. Pantaleon hotzaz eta paisaia zuriaz erabat aspertuta klima beroen bila abiatuko da. Afrika aldera joango da eta han gertatutakoak kontatuko dizkigu.
Juan Krutz Igarabide
Jonas eta hozkailu beldurtia, Aizkorri, 2001
Beldurrak uxatzeko ipuina da honakoa "eta hau ere txikienentzat idatzia dugu. Jonas etxean bakarrik geratu da, ama salto batean dendara joan baitzaio eta dardar batean hasten da bakarrik dagoelako eta horretan dagoela hozkailua ere dardarka ari dela konturatzen da eta ezin du imajinatu zerk ikaratzen hainbeste hozkailua.
---
Mikel