2008/11/25

Alarguna izatekotan...

Interneten zerbaiten bila nenbilela, esaldi hau aurkitu dut gaur arratsaldean, erakunde baten inprimaki itxuraz guztiz ofizial batean:
Alarguna izatekotan, argi adierazi alarguntza urtea.

Ni oso oker ez banago, "alarguna izatekotan" esanda ezin da inoiz adierazi "alarguna izanez gero" (pertsonalizatu gabeko forma erabilita) edo "alarguna bazara" (kasu honetan dagokiola dirudien forma pertsonalizatua erabilita). Ez da berria gorabehera hau, baina oraindik ere nahasteak gertatzen direla dirudi.

Ez zait bururatzen, konparatze aldera, esaldi-hasiera horren jarraipen zentzuzkorik. Hurbil samarrekoa izan liteke honako hau:
Gazterik alargun gelditzekotan, nahiago dut ez ezkondu.

Agiri horretan duguna, berriz, honelatsu adieraziko nuke nik:
Alarguna bazara, adierazi zer urtetan gelditu zinen alargun.

Patxi

2008/11/13

BEZ(a) dela eta

Hona zer dioen Berriaren estilo-liburuak (57. or.). Azalpen laburra da, eta, gainera, horren argitan jakin dezakegu zer proposatzen duten aurrerago dakarten sigla-zerrendako adibide batzuen kasurako (horietako batzuk hizpide izan ditugu gaur mintegian). Besterik da horrekin guztiarekin ados gauden edo ez.

Sigla eta akronimo batzuk izen berezien ordezkoak izan ohi dira, eta haiek bezala deklinatzen dira.
UPNk atzo aurkeztu zuen lege zuzenketa.
NBEren erabakiak ika-mika piztu du.
Beste batzuk izen arrunten ordezkoak dira, eta haiek bezala deklinatzen dira; beraz, artikulua hartzen dute.
GKEak laguntzeko prest daude.
Sekulakoa da BEZari loturiko iruzurra.
Horraino azalpena. Sigla-zerrendara joanez gero (187.-195. orriak), behean jarri ditudanak ditugu, gutxien-gutxienez, azalpena letra xehez dutenak eta, beraz, "izen arrunten ordezko" jo beharko genituzkeenak. Zerrendan ez da deklinabideari buruzko daturik ematen, baina horiek Berriakoentzat GKE eta BEZ bezala deklinatzekoak direla atera dezakegu ondorio. Zalantza pittin bat gelditzen da -a amaierakoen kasuan (pentsatzekoa da, nolanahi ere, “NA aurkeztu” idaztea dela proposamena, eta ez “NAa aurkeztu”).

ABLE Aldi baterako laneko enpresa (*ETT)
AHT Abiadura handiko trena
BEZ Balio erantsiaren gaineko zerga
BTS Goi teknikarien agiria (Frantziako hezkuntza)
DNA Azido desoxirribonukleikoa
DVD Disko aldagarri digitala. Sigla erabili.
ETE Enpresa txiki eta ertaina (*PYME)
GIS Informazio geografikorako sistema
GPS Kokatze sistema orokorra
JEZ Jarduera ekonomikoen gaineko zerga
KPI Kontsumo prezioen indizea
LTD Lurreko telebista digitala
NA Nortasun agiria (*NAN)
NPG Barne produktu gordina
NPGb Barne produktu garbia
PC Ordenagailu pertsonala
PVC Polibinil kloruroa
RNA Azido erribonukleikoa
SA Sozietate anonimoa
SMS Telefonoko mezu laburrak
TIPP Petrolio produktuen gaineko zerga, Frantziakoa

ItzuL zerrendan, kontu hau ibilia da behin baino gehiagotan.
Patxi

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondorior...