2008/09/22

-(e)tik gora; –(e)tik behera

Azken egunetan buruan bueltak ematen ari naiz euskaraz nola adierazi gaztelaniazko kopuru-mugak: a partir de, más de, no superior a... (euskarazko ordainen sailkapen txiki bat prestatzen ari naiz aurrerago proposatzeko). Eta, lehenik eta behin, zalantza etorri zait "-(e)tik gora" eta "-(e)tik behera" esapideak zehazki nola ulertu:

[a] “36 m3-tik gora, 0’60 €/m3” (Elena-n aurkitua)
Esango nuke aipatu kopurua sartuta dagoela, alegia (hilean-edo) 36 m3 ur edo gehiago kontsumituz gero kuota 0,60 €/m3 izango dela.

[b] “UHT esneetan, laktulosa mailak 600 mg/l-tik behera egon behar du” (Elebila-n aurkitua)

Bigarren kasuan, ordea, zalantza handiagoa dut. Halere, esango nuke 600 mg/l-ko maila eta txikiagoa onargarria dela. Baina, ez naiz ausartzen hori ziurtatzera.


Norbaitek besterik ulertzen al du edo ziur ikusten du esanahi zehatza?

2008/09/17

Horri gehitu egin behar zaio

"Gaixotasunen aldetik, egoera larria da. Horri gehitu egin behar zaio garraiobideen egoera txarra". Esaldiak asmatzen ari naiz oraintxe, baina duela bost minutu entzun dut irratian horrelako lotura bat.

Nire iritzian, kalko nabarmena eta oso desegokia. Hor ditugu euskaraz, funtzio horretarako, "gainera", "horretaz gainera" eta beste, guztiz neutroak diren batzuk aipatzeagatik, edo "hori aski ez dela", enfatikoagoa den beste bat aipatzeagatik.

"A esto hay que añadir que..." esan ohi dute gaztelaniaz. Uste dut garbi dagoela hori ez dela lokailu edo testu-antolatzaile bat (conectores, etc.), baizik eta egitura fraseologiko bat, erabileremu batzuetan sarri erabiltzen dena (ez naiz ausartzen esatera kazetaritzan bakarrik erabiltzen denik) eta normal samar gertatzen dena. Hori euskaraz kalkatzea, ordea, desegokitzat daukat, eta alfer-alferrekotzat, gainera. Ez ahal da zabalduko.

Gehitu behar bazaio, gehitu bekio, eta ki(t)o!

Patxi

2008/09/10

Hieroglifikoa ote?

Adiskide baten lagun okzitaniar bat arbasoen bila ari omen da Ipar Euskal Herrian. Bilaketa horretan, ate gaineko irudi hau duen etxearekin egin du topo:

Bertan jartzen duena ulertu nahiko luke adiskideak. Bere lagunak “Jesus eta Maria” ikusi du. Nire adiskideak, horiez gain, hauek ere ikusten ditu (zatiketa egiten den lekuaren arabera): JESUSEI / AMA / PIARRES / LARRDIRELA / LAUDATU / ECUINARACD.

Norbaitek laguntzerik bai?

2008/09/09

Itzultzaileen gida

Uda honetan (ekainean) sarean jarri dute Europar Batzordeko espainieraren itzultzaileentzako barne gida.

Gidaren helburua da Europar Batzordeko espainieraren itzultzaileei lan tresna bat eskaintzea eta hizkuntza arauen erabilera koordinatzea. Bi atal ditu gidak:
Administrazioan hizkuntzarekin lan egiten dugunontzat ere baliagarria izan daiteke, hizkera administratiboaren ingurukoez ari den neurrian.

Bestetik, nire iritziz, guretzat interesgarria izango litzateke eguneroko lanerako gida bat izatea, konbentzioak (GFAren organigrama, bestelako izendegiak, ortotipografia, letra larri eta xeheak, zuzenbide arauen izendapena…) eta itzulpen zalantzak (mintegian nahiz blogean aztertuak) jasoko lituzkeena.

Berez, mintegiko pasilloetan noizean behin elkarri aipatu diogu zer garrantzitsu den mintegian erabakitakoa biltzen joatea; sikiera, zalantza beraren inguruan etengabe galdetzen ez ibiltzeko.

Hainbesterainoko gastuak

Esaldi dudako bat ikusi dut gaur GAOn bi aldiz, eta iruzkin txiki bat egingo dut, badaezpada. (GAO, 2008-09-09, Ingurumen Zuzendaritza Nagusia: "Elgoibar-Maltzaga bizikletari eta oinezkoentzako bide zatia egiteko (...) obrak" kontratatzeko deialdia, eta "GI-2637 errepidean, Zeraingo elkargunetik Segurako Kortaberria Auzoko sarrera arte, bizikleta eta oinezkoentzat bide zatia egiteko proiektuko obrak kontratatzeko deialdia").
11. Iragarkien gastuak: Esleipen hartzailearen kontura izango dira 150,00 eurorainoko gastuak.

11. Gastos de anuncios: A cargo del adjudicatario del contrato, hasta un máximo de 150,00 euros.
Nik, euskarazkoarekin, ulertzen dut neurri horretaraino izango direla gastuak esleipen hartzailearen kontura (eta hortik gorakoak?). Gaztelaniazoarekin, berriz, ulertzen dut ezin gastatuko dela iragarkietan 150 euro baino gehiago (eta dena esleipen hartzaileak ordainduko duela beti, hori bai). Gauzak horrela badira, idazkera hau proposatuko nuke euskarazko testurako.
11. Iragarkien gastuak: Esleipen hartzailearen kontura izango dira; gehienez ere, 150,00 euro.
Patxi

2008/09/05

Kontakizunaren logika

Artikulu polita argitaratu du EiTBko zuzentzaile Asier Larrinagak Erabili.com webgunean, «Kontakizunaren logika» izenburuaz.

Laburra da, baina iruditzen zait esaldiak ongi tolesteko aztarna politak ematen dituela.
--  Gotzon Egia  

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondorior...