2009/12/28

Zehazki hiztegia sarean

Duela aste gutxi, on line kontsultatzeko moduan jarri dute Ibon Sarasolaren Zehazki hiztegia. Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Institutua erakundearen ekimena izan da.

Erraz erabiltzekoa da sareko hiztegia: nahikoa da laukiaren barruan gaztelaniazko hitzaren hasiera edo hitz osoa idaztea.

2009/12/16

Genitibologia

Artikulu benetan argigarria idatzi du Iñigo Roquek bere Idazkolako takatekoak blogean, izenburu irrigarri horrekin.

-ren / -ko betiereko koska horretan estropezu gehiegi ez egiteko lagungarria izan daiteke, ikuspegiz eta irtenbidez.

Artikulua irakurri nahi duenak:
Genitibologia



PD: Zoritxarrez, 2009ko abenduaren 15ean argitaratutako ohar batean, egileak dio bloga elikatzen jarraitzerik ez duela: «Aldi batez, behintzat isilik egongo gara». Ez bedi luzerako izan!

2009/11/20

Tailerreko eskuliburu teknikoa

Lehengo batean Erabili.com webgunean eman zuten makina-erremintaren arloko agiri baliagarri baten berri: Tailerreko eskuliburu teknikoa. Kontsultako material interesgarria izan daiteke itzulpen lanerako, makina erremintaren munduko hiztegia eta magnitude matematiko eta fisikoak euskaraz eskaintzen baititu.

Magnitude horiek euskaraz nola eman, web gune hauetan ere aurki daiteke:

2009/11/09

Eskailera-maila atzendua: puntu eta koma

EHUko hizkuntza-zuzentzaile Iñigo Roquek artikulu labur bezain argigarria argitaratu du Administrazio euskaraz aldizkarian. Gutxitan irakurtzen ahal ditugu euskarazko puntuazioaren gaineko iritzi ongi sustraituak; hau benetan irakurgai gomendagarria iruditu zait.

(PDF dokumentua, 11-12 orrialdeetan)


2009/11/05

Historias de trujimanes

Artikulu ederra argitaratu du Salamancako Unibertsitateko irakasle Jesus Baigorrik, Europako erakundeetako espainierazko itzultzaileen Puntoycoma buletinaren 114. zenbakian.

Itzulpengintzaren ikuspegi historikoa nabarmentzen du Baigorrik, gaztelania dotore eta zehatz batez, esaldi luze baina ongi tolestuetan, eta historiaren aitzakiatan, itzulpengintzari buruzko hausnarketa ezin sakonagoak aletzen ditu.

Tartean, pasadizo polit bat azaltzen du: Antonio Herranz, gerra garaian Santurtzitik Sobiet Batasunera ihes joandako umea, 1962an Kubako misilen krisi larri hartan interprete lanak egiten ibilitakoa.

Aldizkaria paperean argitaratzen dute lehenik, eta handik pixka batera ipintzen dute sarean; gaur-gaurkoz, ez dago, beraz, Baigorriren artikulua Puntoycoma buletinaren webgunean.

Irakurtzeko aukeraz goza dezazuen,
Gipuzkoaeuskara.net webgunean ipini dut:
Historias de trujimanes

2009/11/02

«Gaztelania xede» mintegia antolatu dute EIZIEk eta IZOk

Gaztelaniara itzultzean eta interpretatzean sortzen diren arazoak lantzeko saioak, Gasteizen, azaroaren 27an eta 28an (ostiral arratsaldea eta larunbat goiza).

Irakasleak: Jaione Arregi, Ana Morales eta Idoia Santamaria. Informazio gehiago: http://www.eizie.org/News/1257164177

Antolatzaileak: EIZIE eta IZO.

2009/09/17

Plazos anuales sucesivos

Testu batean por plazos anuales sucesivos agertu zait, hitzarmen baten inguruko itzulgai batean. Alegia, esan nahi da, alde batetik, hitzarmena luzatzekotan urtebeterako edo urtebeteko epe baterako luzatuko dela (ez sei hilabeterako edo hiru urterako), eta, bestetik, hitzarmena luzatzekoa den tarte hori segidako urteetan errepikatu daitekeela.

Euskarazko ordaina begiratzean, urtez urteko epe jarraituetan aurkitu dut Elena datu basean. Baina, ez dut argi ikusten ordain horrek benetan jasotzen duenik gaztelaniaz adierazten dena. Nire ustez, euskaraz ematean, epea urte(bete)koa izan daiteke, baina ez, ordea, urtez urtekoa. Egokiagoa iruditzen zait urtebeteko epe jarraituetan luzatu. Beste bide bat hau izan daiteke urtez urte segidan (edo jarraian) luzatu.

Pentsatzen dut horrelako formulak tarteka agertuko direla Diputazioko testuetan. Norbaitek beste bide bat ikusten al du?

2009/08/13

Itzulpengintza, irakurgai

Uda partea nork bere burua janzteko (edota eranzteko) aukera egokia izaten da, eta itzulpenaren inguruan ere bai.

Noizean behin hainbat itzulpen aldizkaritan begiratzen dut, irakurtzea merezi duen zerbait aurkitu dezakedalakoan. Euskaraz, gaztelaniaz edo katalanez argitaratzen dira. Seguru aski, horietako batean baino gehiagotan jakingarriren bat aurkituko duzue:
Aldizkariok aldian behin eguneratzen direnez, gomendagarria da noizean behin aldizkari elektroniko horietan sartzea, artikulu berriak kontsultatze aldera.

2009/08/05

Zuzentze lanerako materialak

Zuzentze lanerako hainbat material aurkitu dut sarean, zehazki Unibertsitatea.net web gunean. Ez dut uste saio bilduma hori mintegikoen eskuetatik pasatu denik; badaezpada, horren berri ematen dut hemen.

Udako Euskal Unibertsitatean 2008an eskainitako 8 saioen ponentziak dira, besteak beste, gure mintegiko agertokira etorritako aritu/adituek eskainiak: Alfontso Mujika eta Iñigo Roke (Patxi Petrirenarena aipatu arren, ez dago jasota).

Agirian, langai hauek jasota daude: zuzenketa lana, zuzenketarako informatika tresnak, marratxoaren erabilera, estilistika, sinboloen erabilera, puntuazioa, eta letra larri eta xeheak. Bereziki, puntuazioa nahiz sinboloen idazkera eta joskera iruditu zaizkit interesgarri.

Material interesgarria da, lasai irakurtzekoa, trinko samarra baita. Bestela, noizbehinkako kontsultagaia ere izan daiteke.

2009/07/17

Liburutegi Juridiko Elebiduna

Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak euskarazko material juridikoak eskura jarriak ditu Interneten: Liburutegi Juridiko Elebiduna.

Bertan irakur eta eskura daitezke zuzenbideko hainbat hiztegi eta lege testu. Bai hiztegiak eta bai testuak hainbat alorretan sailkatuta daude: zuzenbide zibila, zigor zuzenbidea... Aipatu zuzenbide baliabideetako batzuk PDF formatuan bistaratu daitezke; beste batzuk, aldiz, on line. Zuzenbide alorreko itzulpengintzarako tresna interesgarria da.

IVAPen Legeria Euskaraz web gunearen antzeko informazioa aurkitu daiteke Liburutegi Juridiko Elebidunean. Dena den, iruditzen zait IVAPen orria pixka bat osatuagoa dela; hori bai, Deustuko Unibertsitateak hiztegiak ere eskaintzen ditu, besteak ez bezala.

2009/05/26

Testu antolatzaileen inguruan

Interneten zerbait bilatzen ari nintzela, testu antolatzaileei buruzko aipamen labur interes bat aurkitu nuen Martinezena blogean. Dirudienez, Jaurlaritzako langile baten bloga da eta, besteak beste, administrazio hizkerari eta itzulpengintzari buruz idazten du noizean behin.

Bi artikulutan Pello Esnalek testu antolatzaileei buruz idatzitakoa komentatzen du, eta haren proposamen batzuk laburbiltzen ditu, betiere testuak ulerterrazago bihurtze aldera:
Interesgarri iruditzen zaizkit antolatzaileak erabiltzeko (Esnalen) proposamenak (atzerakarga arintzea, testua hobetu antolatu, pausak egin...). Proposamen praktikoak dira, eta mintegian inoiz aipatu ditugu (eta seguru nago askotan erabiltzen ditugula, nahiz eta horretaz ez jabetu).

Begiratua ematea merezi du.

2009/05/22

Berdinetsi

Hauxe izan da nire gaurko aurkikuntza: berdinetsi. Adibidez:

  • Ostalaritzako establezimenduen eta horiekin berdinetsitakoen araudia.
  • Taldeko enpresen beste korritu eta sarrera berdinetsi batzuk (Otros intereses e ingresos asimilados de empresas del grupo).
Patxi

Gipuzkoako ingurumenaren ataria

Atari berria da, uste dut, eta ederra. Gipuzkoako ingurumenaren ataria. Gauzatxoren bat ikusi dut komentatzeko (ebaluaketa --> ebaluazio), eta besteren bat ere komentatu beharra dugula gogorarazi dit (konpost, kopostaje/konpostatze, konpostatu, konpostgile/konpostatzaile...).

2009/05/18

Trenaren hiztegia

Lehengoan bitxikeria hau aurkitu nuen Interneten bilatzen ari nintzela: Diccionario Poliglota del Tren (DPT).

Trenaren munduko 10.000 termino jasota daude, eta baliagarria izan daiteke inoiz gai horri lotutako itzulpena egin behar izanez gero.

Guztira sei hizkuntzatara (alemana, katalana, euskara, frantsesa, galegoa eta ingelesa) emanda daude gaztelaniazko sarrerak.

2009/05/14

Hitzokei

Twitter izeneko mikroblogen bitartez, hiztegi ero bat ari dira egiten, Hitzokei hitzen ahoskera edo aldakuntza txikien bitartez adiera guztiz xelebreak lortzeko.

Hona hemen ale batzuk:

Aberria: A berr ia noizpait lortzen dugun.

Apezpikua: "Maisu, begira, zuk madarikatutako pikondoa dena ihartu da". Pikondoa ihartua:fedea eta otoitza (Mt 21,20-22)

Arremana: gizonen arteko afera

Arroz: atzerritar edo ezezagun txinatarra.

Atxiki: a

Azkurea: Kfaea gxoatzeko goialrakada abt aski zian hoi da

Bagina: emakume izan nahi duten transexualen elkartea

Belarri: B

Benur: melat binug, asnut eta tokixoa, errotamar inrepioan uragi eralibia.

Birzikleta: txirringa ekologikoa.

Buzkantza: odolkia egiteko prozesuaren akabantza.

Earra: Ea herriko mutil edo neska katxarroa.

Eleiza: Hitzen, ideien ehizara doan arlo zinegetikoa.

Elementu: Ipar Euskal Herriko parlamentu hasiberria.

Eragozpena: eragozten zaituztenean sentitzen duzun atsekabea.

Estekatu: Euskañolez, katu hau.

Estraperloa: Tamaina handiko perlen merkatu beltza.

Estultizia: Iñuxenteen estarriko arasoa.

Etorki izuna: 1. jatorri faltsua (hots, etorkizuna). 2. sasi-ondorengoa, leinuaren geroaren hondatzailea.

Eztia: Oso emeki eta gozo-gozo gauzen egoera ukatzen duena.

Gaizto: asmo txarreko laban arriskutsua.

Gerrikoa: Garzonek ogaindik itxi ez duen tabegna.

Hasteburu: astearen hasiera.

Herdoia: Oxidoaren neurri justua

Heroi: Horeka galduta grabitateak herakartzen duena.

(H)itzartu: ordu jakin batean esnatzea norbaitekin akordatu.

Hitztorio: Jean Baptiste Elizanbururen "Piarres Adame" liburuko kontakizunetako bakoitza.

Hoztopatu: tenperatura baxuarekin enkontru egin.

Igela: irabazi gutxi eta lan asko duen enpresa

Izugarri: Hitanotik zukara pasatzeko modukoa.

Komunikazioa: toilet grafitti

Labana: Kubako hiriburuan egindako aiztoa

Lohiola: putetxea.

Madarikatu: udare formako felido espeziea.

Ostu: bururastu, irudistu.

Potxi: Friki bat lehendakari, Anparo, potxi, Amarrosa porrua erre al dun, ta fruta bota?

Zailkatu: hurrenkera jakin batean ipini nahi ez duten elementuak nekez ordenatu.

Gotzon

2009/05/13

Azken hamabost urte honetan

Zenbaitetan, berez pluralezkoak diren esapide batzuk singularreko forman erabiltzen ditugu euskaraz. Egungo Euskararen Hiztegian kontsulta eginda, honelako batzuk ateratzen dira (hamabost sarrera idatzita, besteak beste):

azken hamabost urte honetan

azken hamabost egunean

hamabost egunean (egunetik) behin

hamabost egunetik behera

hamabost urtean

hamabost urtera;

urte askoan...

Elena-n saiatu naiz horrelakoak aurkitzen, baina ez dut lortu. Esango nuke adibide hau bezalakoetan singularreko formak erabiltzean hiztunak ulertzen duela urte horiek guztiek unitate bakarra osatzen dutela.


Dena den, singularreko forma zuzena egokia izateak ez du esan nahi pluralekoa zuzena ez denik, alegia azken hamabost urte hauetan ere zilegi da (normalean pluralezko forma erabiltzen dugu gure itzulpenetan). Seguru nago adibide gehiago aurkituko dituzuela...

2009/05/06

Estimado(a) contribuyente?

Ez nago oso pozik Ogasunak idatzi digun gutun batekin (itzultzaileok, lasai, errurik ez duzue horretan). Iruditu zait gutunean ez nautela ni hartzen subjektutzat, aurrezki-kutxak baizik. Gaztelaniazko testua bakarrik erabiliko dut, propio, eta moldaketa bat proposatuko, zer esan nahi dudan ikusteko.

Estimado contribuyente:

De cara a la campaña de renta correspondiente al ejercicio 2008 el Departamento de Hacienda y Finanzas quiere potenciar la modalidad de presentación de declaraciones por internet realizada por las entidades financieras. Estas vienen presentando declaraciones telemáticas de renta de los contribuyentes guipuzcoanos desde el año 1997. Lo que se pretende para esta campaña es que la entidad financiera pueda, con la autorización del contribuyente y desde nuestra web, acceder a sus datos fiscales y presentar su declaración.

Estimado contribuyente:

De cara a la campaña de renta correspondiente al ejercicio 2008, el Departamento de Hacienda y Finanzas quiere potenciar la modalidad de presentación de declaraciones por internet realizada mediante las entidades financieras. Estas vienen presentando declaraciones telemáticas de renta de los contribuyentes guipuzcoanos desde el año 1997. Lo que pretendemos para esta campaña es que usted autorice a su entidad financiera para que acceda a sus datos fiscales, desde nuestra web, y presente su declaración.

Patxi

2009/04/25

EGLU sarean

Ez dakit inon esan duen hau Euskaltzaindiak ofizialki, baina sarean jarrita dauzka EGLU gramatikaren liburuki guztiak eta Euskal gramatika laburra, PDF formatuan.

Web-orriaren goiko aldean ageri diren ataletatik, Iker-/Jagon-Tegiak izenekoa da lan hauetara iristeko bidea. Hurrengo pausoan Iker-Tegia aukeratu, eta hurrengoan Gramatika.

Bide beretik irits daiteke Iker bildumako liburuetan eta Euskera aldizkarian bilaketan egitera. Lehengo egunean, adibidez, Iker bildumako bilatokian "Goenaga" egile-izena sartuta laster iritsi ginen nahi genuen artikulura ("Subjunktiboaz eta aginteraz zenbait ohar: -en eta -ela atzizkien erabilera", Patxi Goenaga, Iker 10, 1997).

Arazo bat dago (edo dut nik, ez dakit): Mozillarekin ezin ditut ireki etxean EGLUak, eta Explorerrekin ere ez. Baina gaur arratsaldean beste leku batean arazorik gabe ireki ditut Explorerrekin, eta bilaketak ederki egin ere bai.

Patxi

2009/04/18

Delito ecológico

Egun batzuk pasa ditugu Salamancako lurretan, Frantziako Mendietan, Mogarrazeko herrian. Isiltasun lasaigarria, ikuspegia galtzerainoko harizti ikaragarriak, jende xalo eta jatorra.


Argazkian ageri den oharra ikusi nuen, udaletxearen iragarki leihoan. Gaztelera zolia egiten dute bertatiarrek, barruti publikoetan galdua eta ahaztua den gaztelera sendo bezain esanguratsuan. Ohargileak argi zuen «extraviar» eta «perder» izan daitezkeela zertxobait desberdin, batez ere aiztoa begien bistatik ezkutatua zuenarentzat.


Itzulpen ariketa ederra iruditzen zait: nola emango genuke, zehazki, esaldi hori euskaraz?


Herri txikia da Mogarraz, 300 biztanle doi-doi. Lau emakume (!) Mogarrazeko Udalaren buru. Webgune ederra, benetan, halako herri txiki batentzat; eta bando bat, hona aldatu nahi dudana:

Bando municipal: Delito ecológico

Ayuntamiento de Mogarraz


Vecinos: la Villa de Mogarraz ha sido siempre ejemplo de convivencia cortés en un ambiente limpio. Pero una de las mayores preocupaciones que atosigan a esta alcaldía es la de la falta de educación cívica de unos pocos vecinos, pues hay algunos que no tienen conciencia clara de que convivir significa tener respeto a nuestra Villa y a quienes vivimos en ella.

Os recuerdo la obligación que tienen los propietarios de fincas urbanas de mantener limpia la calle a lo largo de su fachada, y también os recuerdo que esa limpieza vale también para las cunetas y caminos de nuestro término. Este Ayuntamiento ha sido amonestado por la suciedad dejada por algún vecino sin escrúpulos, que se dedica a tirar restos de obra y plásticos en las cunetas, lo que recuerdo que es un delito ecológico que se castiga severamente.

En la carretera, al lado del Almacén de Ferretería, existen contenedores de reciclaje de cartón, vidrio y plástico, y también existen en la parada del autobús y en Las Canales. Esto sirve de recordatorio para esas personas incívicas, que aún no se han enterado que vivimos en un espacio natural protegido y del que vivimos, de una manera u otra, la mayoría de los vecinos de Mogarraz.

Recuerdo, además, que a pesar de que en Mogarraz existen 40 papeleras, hay más residuos fuera que dentro de ellas.

Como Alcaldesa, acudo a los vecinos de la Villa pidiéndoles ayuda, tanto para que cumplan lo que la buena crianza y la educación cívica requieren como para que inciten a que lo hagan quienes no cumplan como deben. Todos debemos contribuir en nuestro cotidiano vivir para que Mogarraz sea, además de un pueblo limpio y tranquilo, modelo de educación cívica y de protección de la Naturaleza.

La Alcaldesa agradece la buena voluntad y la ayuda de todos.


En Mogarraz, a 20 de febrero de 2009

Concha Hernández Vicente

Perpaus ongi tolestuak, estilo argi eta zehatza, esamolde dotore eta mamitsuak, hitz egokiak. Iruditzen zait adibide ederra dela, ez dezagun sinetsi eskuartean izan ohi ditugun itzulgaien gaztelera ergel, narras, handiuste, bihotzik gabeko hori denik eredu bakarra. Ez da bakarra, hain gutxi izan daiteke inorentzat eredu.


Esan nahi dut: ez dira bakarrik dotore «una preocupación que atosiga», «educación cívica», «buena crianza», edo «cotidiano vivir». Azal dotore horren barruan, mami sendo bat dago: erlatibozko guztiak dira egiazkoak, gerundio bakarra («acudir a los vecinos pidiéndoles ayuda») benetakoa da, komak ongi kokatuta daude…


Gaztelera guztiz minoritario horretan aurkitu behar genuke argi apur bat, hizkuntzak behar duen senaz eta ikuspegiaz.


Gotzon


2009/03/12

Biharamuna

Ez naiz bestondo, bixamon edo ajeaz ari. Biharamun arruntaz ari naiz, aspaldi bainuen gogoa. Asko poztu nau, eta susmo sendo samar bat egiaztatu dit, gaur Zehazki hiztegian ikusi dudan honek:
(día) día siguiente. el día siguiente al que visitó a su amigo, adiskideari bisita egin eta biharamunean
Erreparatu pixka bat adibideari. Gero, bilatu Interneten "egunaren biharamunean". Zortzi mila inguru ageri dira Googlen; haietako asko, era honetakoak:
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean jartzen da indarrean.
Beti egin zaizkit halakoak senaren kontrako. Ez naiz hasiko debekatu behar ditugula esaten, ez. Baina lasaitu ederra hartu dut Zehazkikoarekin.

Patxi

2009/03/10

Itzultzaile baten blog eder bat

Adiskide batek bidali dit Iñigo Roqueren blogaren helbidea:
www.blogak.com/notebook

«Testugintza, estilistika, literatura... izpitan» izendatzen du goiburuan. Zorrotz hartzen ditu gaiak, begirada sakona du.

Bide batez, EIZIEren webgunean etxe duen 2tzuL blogean ekarpen guztiz gomendagarria egin berri du Iñigo Roquek: Aditz laguntzailearen elipsia eta subjektuaren komunztadura. Irakurri beharrekoa.

2009/03/05

Ogasun hiztegia

Ogasun arloko terminoen hiztegia banatuko zaie Ogasuneko langileei, departamentuko hizkuntza ofizialen erabilera planaren barruan. Horrelako hitz bilduma bat aspaldi ari ziren eskatzen ogasun alorreko profesionalak (jendaurreko langileak, teknikariak, web gunea elikatzen dutenak...) eta gizarte eta ekonomia alorreko hainbat eragile (Kutxako zerbitzuren bat, euskara elkarteak [errenta kanpaina]...).

Termino zerrenda hau 1.000 hitzetik gorakoa da, eta Ogasuneko itzultzaileok azken urtetan departamentuaren testuetatik egindako termino hustuketa bat da batik bat; hainbat termino aztertu eta teknikariekin kontrastatu dira. Zentzu horretan, ez da zerrenda arauemailea, baina terminoei pisua ematen die Ogasun eta Finantza Departamentuaren usadioan jasota egoteak (komunikazioak, likidazioak, txostenak, bestelako testuak, inprimakiak, web gunea...).

Aldundiko itzultzaileon jardueraren emaitza (hitz zerrendak, adibidez) gainerako langileekin eta trebatzaileekin partekatzeko gonbitea ere bada hiztegi hau.

Lau arlotan sailkatu ditugu terminoak, departamentuko banaketa funtzionala kontuan hartuta:
  • Administrazioa eta ogasun orokorra
  • zergen kudeaketa
  • ikuskaritza, zergabilketa, erakundeekiko konpromisoak eta zerga zuzenbidearen arloa
  • Aurrekontu eta Finantza Zuzendaritza Nagusia
Gainera, departamentuko hiru zuzendaritzetako hainbat langileren iritzia eta ekarpena jaso dugu zerrenda osatzean.

Aurrerantzean, bada, Aldundian ogasun alorreko hiztegia normalizatzeko tresna bat da termino zerrenda hau, denboraren poderioz elikatzen eta hobetzen joango dena.
---
Ogasun eta Finantza Departamentuko itzultzaileak
Juan Mari Becerra eta Mikel Azkarate

2009/02/19

Hedapena eta elisioa

Sarritan ibili izaten gara trabatuta informatika aplikazioak edo webguneen edukiak itzultzerakoan, gazteleraz edo ingelesez emandako terminoak eta siglak euskaraz txukun eta, batez ere, ulergarri emateko.

Artikulu guztiz jakingarria irakurri dut Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak argitaratzen duen Tradumàtica aldizkari elektronikoaren 6. alean: «Análisis terminológico de sitios web localizados del inglés al español: uso de técnicas de amplificación y elisión», María Isabel Diéguez Morales Txileko Unibertsitate Katolikoko irakasleak.

Hedapen bidez (One of our core values is always maintaining a client focus -> Uno de nuestros valores medulares es nuestro enfoque permanente para con el servicio que prestamos) nahiz elisioz (there is no up-front capital expenditure -> no hay inversión inicial) Txileko webgune ingelesetik gaztelerara lokalizatutako askoren adibide ederrak ematen ditu.

Iruditzen zait badugula hor zer ikasia.

Gotzon

2009/02/18

Organigrama

Otsaileko mintegi-saioan, konturatu ginen izendegiko irizpide orokorrez hitz egitea komeni dela, eta dokumentu bat prestatzeko asmoa daukagu Mikelek eta biok.

Gure izendegia aztertzen ari garen aldi berean, beste batzuk ere begiratzen ari gara. Horretarako bide ona eskaintzen du Euskaltermek, administrazio nagusien izendegiak sartuta baitaude han: Eusko Jaurlaritza, aldundiak, hiriburuetako udalak... Bilaketa bat egin dut, esaterako, atal, unitate, zuzendaritza eta sailburuordetza hitzekin, eta datu guztiak prozesatzen ari naiz.

Aurrerapen gisa, ideia orokor bat, GFAko datuetan oinarritua:

  1. Ahal delarik, elkarketa egiten da (bi osagai): Kirol Zerbitzua
  2. Berrelkarketaren bat bada (hiru osagai, erlazio-atzizkirik gabe): Osasun Laguntza Zerbitzua
  3. Hiru osagaikoetan, nolahai ere, erlazio-atzizkietara jotzen da ia beti bi osagaitik gorako izenetan.
  4. Erlazio-atzizki moduan, berez-berez bezala, -ko erabiltzen da. Horretan zerikusia du, besteak beste, garai batean egindako hobespen batek. Oraingo ikuspegitik begiratuta (urteotan zenbait lan interesgarriren berri izan baitugu), kasu batzuetan beste zerbait egokiago datorrelako susmoa dugu.
  5. Badira -en erlazio-atzizkiarekin osatuak ere, aski egoki gelditzen direnak. Zenbait hitzek joera berezia dute horretarako: atal hitzak, esate baterako, batez ere izen konkretuak eransten zaizkionean (Baliabide Teknikoen Atal), eta ez dut uste oso aparte dabilenik zerbitzu ere. Ematen du gehiagotan ere litekeela -en atzizkia erabiltzera.
  6. Inoiz, -rako ere erabili da, eta ez dirudi efektu txarrik egiten duenik inoiz; bakarren bat ordezkatzekotan, aditzarekin eta -tzeko loturarekin ordezkatzekoa izango litzateke, ez -ko soilarekin.
  7. Joskera-arazo residualen bat badagoela uste dut: -EN A-B modukoren bat, non -EN B ulertzen den, berez -EN A delarik. Adibide batekin azaltzeko: Lurzoruaren Kudeaketa Zerbitzua berez honela hartzen da: Lurzoruaren [Kudeaketa Zerbitzua], baina [Lurzoruaren Kudeaketa] Zerbitzua esan nahi du, eta horretarako hobeto datorrela dirudi [Lurzoruaren Kudeaketa]rako Zerbitzua edo [Lurzorua Kudeatze]ko Zerbitzua (taketik gabe, noski...).
Ez dezala inork pentsatu, hala ere, aparteko arazorik dagoenik GFAn. Euskaltermeko datuekin, ikusten da sekulako anabasa dagoela bazterretan. Pentsatzen ari naiz 2tzul blogerako osatzea lana.

Patxi

2009/01/28

22-21eko emaitzaz

Aurkitu dut, aurkitu dudanez, aurreko batean aipatu nuen joera (berri?) baten adibide paradigmatikoa (ikus "etiketa-hitzez" zer diodan En el plazo de cuanto antes testuan).

Nola esaten dute euskaldunek (beti, beti, beti!) zenbat irabazi duen Titinek, edo Aimar Olaizolak, edo Irujok? "Hogeita bi eta hogeita bat".

Nola estaen dute euskal kazetariek (asko, asko, askotan) gauza bera? "Hogeita bi eta hogeita bateko emaitzaz".

Horra hor etiketa-hitza: emaitza. Beste askotan eta askotan epe, prozedura eta abar diren bezala.

Patxi

2009/01/21

Itzultzailearen eguneroko jarduna

Interpretariaren eskuliburua argitara eman dute berriki Juanjo Pagola itzultzaile-interpretariak eta Joseba Urkia interpretariak. Biak IVAPeko Itzulpen Zerbitzu Ofizialeko langileak dira.

Lehengoan izan nuen liburuaren erreferentzia, baina (oraindik) ez dut liburua irakurri. Halere, erreferentzia irakurrita, liburu interesgarri iruditu zait, haien esperientzia gure eguneroko lanmoduarekin lotuta baitago: itzulpengitza bera; itzulpengintzaren inguruko gorabeherak; administrazioa eta euskara...

Tiraka Jaurlaritzako langile euskaltzaleen blogetik hartu dut Interpretearen eskuliburuari buruzko informazioa.

2009/01/15

Kontabilitate Plan Orokorra

2008ko urrian argitara eman dute, euskaraz, Kontabilitate Plan Orokorra Euskal Herriko Unibertsitateak eta Ekonomisten Euskal Elkargoak.

Jakinekoa da enpresa, ekonomia eta ogasun alorreko profesional euskaldunak -eta itzultzaileok- horrelako dokumentu baten zain zeudela, 2007ko azaroan argitaratu baitzen estatuan Kontabilitate Plan Orokorra. Gainera, premiazkoa zen euskarazko testu bateratua egotea.

Nonbait, Ekonomisten Euskal Elkargoan itzuli dute EHUko hainbat irakasleren laguntzaz eta, Patxiri entzunda, Elhuyarren aholkularitzaz.

Liburua gainetik begiratuta, iruditu zait horko terminologia neurri handi batean bat datorrela Foru Aldundian orain arte alor horretan erabili dugunarekin. Horrek esan nahi du nonbait bide onean genbiltzala kontabilitateko hitzak erabiltzeko ahaleginean.

Aldi berean, gaztelaniazko bertsioa ere eman dute argitara aipatu bi erakundeek.

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondorior...