Skip to main content

Organigrama

Otsaileko mintegi-saioan, konturatu ginen izendegiko irizpide orokorrez hitz egitea komeni dela, eta dokumentu bat prestatzeko asmoa daukagu Mikelek eta biok.

Gure izendegia aztertzen ari garen aldi berean, beste batzuk ere begiratzen ari gara. Horretarako bide ona eskaintzen du Euskaltermek, administrazio nagusien izendegiak sartuta baitaude han: Eusko Jaurlaritza, aldundiak, hiriburuetako udalak... Bilaketa bat egin dut, esaterako, atal, unitate, zuzendaritza eta sailburuordetza hitzekin, eta datu guztiak prozesatzen ari naiz.

Aurrerapen gisa, ideia orokor bat, GFAko datuetan oinarritua:

  1. Ahal delarik, elkarketa egiten da (bi osagai): Kirol Zerbitzua
  2. Berrelkarketaren bat bada (hiru osagai, erlazio-atzizkirik gabe): Osasun Laguntza Zerbitzua
  3. Hiru osagaikoetan, nolahai ere, erlazio-atzizkietara jotzen da ia beti bi osagaitik gorako izenetan.
  4. Erlazio-atzizki moduan, berez-berez bezala, -ko erabiltzen da. Horretan zerikusia du, besteak beste, garai batean egindako hobespen batek. Oraingo ikuspegitik begiratuta (urteotan zenbait lan interesgarriren berri izan baitugu), kasu batzuetan beste zerbait egokiago datorrelako susmoa dugu.
  5. Badira -en erlazio-atzizkiarekin osatuak ere, aski egoki gelditzen direnak. Zenbait hitzek joera berezia dute horretarako: atal hitzak, esate baterako, batez ere izen konkretuak eransten zaizkionean (Baliabide Teknikoen Atal), eta ez dut uste oso aparte dabilenik zerbitzu ere. Ematen du gehiagotan ere litekeela -en atzizkia erabiltzera.
  6. Inoiz, -rako ere erabili da, eta ez dirudi efektu txarrik egiten duenik inoiz; bakarren bat ordezkatzekotan, aditzarekin eta -tzeko loturarekin ordezkatzekoa izango litzateke, ez -ko soilarekin.
  7. Joskera-arazo residualen bat badagoela uste dut: -EN A-B modukoren bat, non -EN B ulertzen den, berez -EN A delarik. Adibide batekin azaltzeko: Lurzoruaren Kudeaketa Zerbitzua berez honela hartzen da: Lurzoruaren [Kudeaketa Zerbitzua], baina [Lurzoruaren Kudeaketa] Zerbitzua esan nahi du, eta horretarako hobeto datorrela dirudi [Lurzoruaren Kudeaketa]rako Zerbitzua edo [Lurzorua Kudeatze]ko Zerbitzua (taketik gabe, noski...).
Ez dezala inork pentsatu, hala ere, aparteko arazorik dagoenik GFAn. Euskaltermeko datuekin, ikusten da sekulako anabasa dagoela bazterretan. Pentsatzen ari naiz 2tzul blogerako osatzea lana.

Patxi

Comments

Popular posts from this blog

Itxiera-ordutegia

Irratian entzun dut gaur goizean iragarki bat, Herrizaingo Sailarena, (tabernen) "itxiera-ordutegiak" betetzearen aldekoa. Ez dakit burmuinaren txokoren batean "etxera-ordua" ez ote dugun ikusten... Bestela, nire uste oraingo honetan ere harro samarrean, "ixteko orduak" zaindu behar lirateke: ez "itxiera", eta ez "ordutegia". Zer diozue zuek? Patxi

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondoriorik izan ez duenez, iragarki honen bidez jakinarazten dira, 1992ko azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Lege ak, 59. artikuluko 5. zenbakian agintzen duenaren arabera. Interesatuek jakin dezaten ematen da horren berri eta interesatu horientzat banakako jakinarazpen balioa izan behar du». Atzoko BAO tik: «Zigortzeko espedienteari ebazpen proposamenaren jakinarazpena ehizari buruzko BI-60/2010. / Notificación de la propuesta de resolución del expediente sancionador de caza BI-60/2010». (Gero bada zehapen bat edo beste). 30/1992 Legearen euskal testua k zehapen, zehapen-prozedura eta halakoak darabiltza etengabe, eta uste dut zuzenbidearen arloan aipatu samarra dela zehapen/zigor bereizkuntza. Ez genuke hitz hori erabili behar testuetan?; ez zaigu sinesgarria iruditzen oraind...

Mendetasuneko pertsonak

Testu hau Ezintasun mailak izenekoaren jarraipena da. Osteguneko saioan, ikusi genuen hitz zehatz bat behar dugula "dependencia" kontzeptua adierazteko ("Ley de dependencia" eta abar adierazi beharra dago: Itzul-en behin galdetu zen, eta inork erantzunik eman ez!). Ikusi genuen, orobat, hitz horrek ezintasun eta ez-gaitasun hitzez bestelakoa izan beharko duela. Aipatu genituen "laguntza beharra", "besteren beharra" eta abar, baina ordainik beteena mendekotasun dela atera genuen ondorio ( menpeko ere badago Hiztegi Batuan, eta mendeko -ren sinonimoa dela dio, baina eratorririk bat bera ere ez dute sartu, eta bai aldiz mendeko -renak, eta hortik ondoriozta daiteke erro hori hobesten dela). Horrekin batera, mendetasun ere badagoela ikusi genuen, esanahi berarekin. Hortik aurrera, beste bi kontu daude erabakitzeko: lehena, mende(ko)tasun sustantiboa hartu ondoren, zer adjektibo edo izenlagun hartu "persona dependiente" adierazteko; bigar...