2006/09/28

Memoria justifikatiboa

Oroituko zarete, segur aski, nire fijazio faboritoetako bat dela hau... Gaur, Itzulen, ikusi dut Lurzoruaren Legean "memoria justifikatiboa" erabili dutela, adibidez:

Memoria justificativa de cumplimiento del informe preliminar de impacto ambiental.
(a) Ingurumen-kalteari buruzko aurretiazko txostena betetzearen memoria justifikatiboa

Nire ustez, dudarik gabe,

(b) Ingurumen-kalteari buruzko aurre-txostena egin izana justifikatzen duen memoria

edo, besterik gabe,

(c) Ingurumen-kalteari buruzko aurre-txostena egin izanaren memoria

Hori buruen nerabilela, honako hau agertu zait lege batean: "sentencias declaratorias de la inconstitucionalidad de leyes". Hori a) ereduaren arabera itzultzen badugu:

legeen konstituziokontrakotasunaren epai deklaratiboak

Baina badakigu, jakin, horiek

legeen konstituziokontrakotasuna deklaratzen duten epaiak
legeak konstituziokontrako deklaratzen dituzten epaiak

direla. Ala ez?

Patxi Porreta

2006/09/19

Itzulpen zalantzak (2)

Oraingo honetan erantzun gutxi dakart, baina behintzat aztergaia zein den ikusiko dugu.


kopuruz. “Los créditos del Presupuesto de la Diputación Foral cuyo destino es la financiación del Organismo Autónomo Foral, se librarán en firme por la cuantía que se estime necesaria para hacer frente a los pagos a realizar.”
“Foru organismo autonomoa finantzatzeko erabiliko diren Foru Aldundiaren Aurrekontuko kredituak, berriz, ordainketei erantzuteko beharrezko jotzen den kopuruz ordainduko dira.”

Testuinguru zabalxeagoa behar genuke. Ez dut uste egoki denik "beharrezko jotzen den kopuruz", baina aurkitu ditut banaka batzuk Googlen; haietako, bat, itxuraz, hemen planteatzen den esaldiaren kidekoa, seguruenik zaharragoa.

1/1994 FORUA ARAUA, martxoaren 2koa, Gipuzkoako herrialde historikoaren 1994rako aurrekontua onartzeari buruzkoa. (...) 27.2.- Foru Organismo Autonomo Administratiboak finantzatzeko erabiliko diren Foru Aldundiaren Aurrrekontuko kredituak, arauz emango dira egin beharreko ordainketei erantzuteko beharrezko jotzen den kopuruz.

AGINDUA, 1992ko ekainaren 16koa, Merkataritza Kontsumo eta Turismo Sailburuarena, Turismoko kanpamenduetan diruezarketak egiteko dirulaguntzen erregimenari buruzkoa. (...) egon dauden plazen %20a baino gutxiagokoa ez den kopuruz gehitzea plazen kopurua

GAO, 2006-05-03 (Donostiako Udala). Onartu den kopuruz emango da dirulaguntza, eta erakunde titular eskatzaileari ordainduko zaio.

e-empresa. “apoyo e-empresa”, “e-Enpresari laguntzea”. Nik, dudarik gabe (?!), gaztelaniazkoa bezain anbiguo utziko nuke: “e-enpresa laguntza”.

letra xehea ala larria. “FORU AGINDUA, Aitorpen-likidazio batzuk bide telematikoz aurkezteko prozedurari buruzko otsailaren 25eko 165/2004 Foru Agindua aldatzen duena”. Gutxienez kuriosoa da lehenbiziko hitza bakarrik jartzea larriz, ezta? Garai bateko irizpide-txosten hura begiratu beharko dugu; nik behintzat ez dut gogoan.

letra xehea ala larria. a) “martxoaren 8ko 2/2005 Zergen Foru Arau Orokorra” b) “martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua, Zergen Foru Arau Orokorra” c) “Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorra” d) “martxoaren 8ko Zergen Foru Arau Orokorra, martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua”.

tandem elkarteak.
1. “los datos se mostrarán cliente/proveedor a cliente/proveedor”;

“datuak honela bistaratuko dira: bezeroa/hornitzailea - bezeroa/hornitzailea”.
2. “lo facturado con el cliente/proveedor”; bezero edo hornitzailearekin fakturatutakoa.
3. “la opción Clientes/Proveedores”; “Bezeroak/Hornitzaileak aukera”.
4. “Declaración-documento de pago”; “aitorpena-[ordainketa agiria]”
5. “Sakatu Euroa/Pezeta”.
6. “Aitaren/amaren ardura” (=aita edo amaren ardura?).
7. “Gasolinak-Olio arinak.

2006/09/18

Oin-oharren numerazioa

Askotan, bi zutabeko testuetan lan egin ohi dugu itzultzaileok. Eta testu elebidun horiek bereziak izaten dira, formari eta edukiaren antolaketari dagokienez. Hori dela eta, zalantza sortu zait bi zutabeko testu elebidunetako oin-oharren numerazioaren inguruan. Nire ustez, bi aukera dago kasu horretan oinoharrak zenbatzean:

A) Zutabe bakoitzean 1etik zenbatzen hasi (numerazio autonomoa). Adibidez:


Helburuak


Objetivos

Partaideei1 ematea egoera jakinak identifikatzeko ezagutza nahikoak, zeharkako zergak2 nahiz ondare eskualdaketak kudeatze aldera.


Dotar a las personas participantes1 de conocimientos suficientes para identificar situaciones concretas, con efectos tanto en la gestión de los impuestos indirectos2 como en las transmisiones patrimoniales.




(1) Kudeaketa zerbitzuetakoak, bakarrik.

(2) Gehietan BEZaz arituko dira.


(1) Sólo las de los servicios de gestión.

(2) Principalmente el IVA.


B) Edo elkarren segidan zenbatu, euskarazko testuaren zutabean hasi eta eta gaztelaniazkoaren zutabean jarraituta (betiere orri berean dagoen testuaz ari naiz hemen). Adibidez:


Helburuak

Objetivos

Partaideei1 ematea egoera jakinak identifikatzeko ezagutza nahikoak, zeharkako zergak2 nahiz ondare eskualdaketak kudeatze aldera.

Dotar a las personas participantes3 de conocimientos suficientes para identificar situaciones concretas, con efectos tanto en la gestión de los impuestos indirectos4 como en las transmisiones patrimoniales.




(1) Kudeaketa zerbitzuetakoak, bakarrik.

(2) Gehietan BEZaz arituko dira.


(3) Sólo las de los servicios de gestión.

(4) Principalmente el IVA.


Bi irtenbideetatik, zein hautatuko zenukete bi zutabeko testu elebidun batean erabiltzeko? Adostuta al duzue irizpideren bat? Araurik ba al dago?

---

Mikel

2006/09/14

Itzulpen zalantzak (1)

Uztailean, mintegikide batek zenbait ideia ekarri zituen 2006-2007 mintegirako. Besteak beste, Itzulpen zalantzak izeneko dokumentu bat aurkeztu zuen (edo pasatu zidan, ez dakit seguru). Proba moduan, eta motorrak berotzen hasteko, puntu haietako batzuei pixka bat heltzea pentsatu dut. Idatzi zer edo zer, mesedez. Ea, bada...

ejercicio: “en los ejercicios 2003-2004”. Pentsatzen dut ‘ejercicio económico’ esan nahi duela; ‘curso académico’ (adiera zehatza) eta ‘curso político’ (erdi-metaforikoa, uste dut) esaten den bezala, ekonomian ‘ejercicio’ esaten zaio urte (natural) bakoitzari. Egia esan, ez dakit zer erabiltzen den hor barna. Bote lasterrean, ‘urtealdi’ datorkit burura.

fecha prevista: “fecha prevista de inicio de la actividad es en 2008-2009”. Ez dakit ‘es’ eta ‘en’ horiek hitzak diren (alegia, hori esaldi bat den) edo hizkuntzen laburdurak (??)… Buruz aurrera botako dut neure burua, urik baden seguru jakin gabe… Uste dut naturaltasunaren bidetik arriskatzea merezi duela: “jarduera hasteko data” edo, pixka bat behartuago agian, “jarduera hasteko(a) den data”. Beste esaldi batekin azaltzeko: “Está previsto que las obras comiencen en 2008” esateko, “Obrak 2008an dira hastekoak” aukeratuko nuke. Uste dut irakurtzen direla horrelakoak han-hemen.

en torno a: “incremento en torno al 12%”. Niri ez dit zalantza handirik sortzen, baina zer edo zer izango da arazo. Nire ustez, bete-betean dator egoki inguruko: “%12 inguruko hazkundea”.

baizik (eta): Honako esaldi zati hau ageri da zalantza moduan: “(…)diseinatzen, baizik eta araudian eta barruko bezeroek finkatutako jarraibideetan jasota daude(n)”. Nik dakidala, baizik eta horrek ez du inoiz -n menderagailua eskatzen aditzean.

kopuru: “Sinadura elektronikoaren ziurtagiria eskatu duten enpresa(en) kopurua”. Hitz elkarketa guztiz egoki da soil-soilik datorrenean (enpresa kopuru), baina bide hori agorra da ezkerreko osagaiak soka dakarrenean: hitz elkarketa urratu eta –en lotura erabili beharra dago: “Sinadura elektronikoaren ziurtagiria eskatu duten enpresen kopurua”. Ohar gaitezen, besteak beste, hitz elkarketa mantenduko bagenu “…eskatu duen enpresa kopurua” izango litzatekeela. Orain, askoren galdera: eta hori ez da egoki? Erantzuna: bai eta ez; gehiago ez. Modu tranpati samar batean azaltzeko: zeinek eskatu du zer edo zer, kopuruak ala enpresek? Bueno, igual ez da hain tranpatia ere…

on-line. Uste dut adjektibo/adberbio zalantza dagoela funtsean honen inguruan. Askotan modu eliptikoan azaltzen denez gaztelaniaz, ez dago jakiterik zer den, adjektibo edo adberbio. Nire ustez (eta nonbait esana dago, Itzulen edo), on-line ezin da euskaraz adjektiboa balitz bezala eman (*Informazio on-line egokia eskaintzen du). Izatekotan ere, adberbio moduan behar da erabili: Informazio egokia eskaintzen du(,) on-line. Baina, esplikatzen oso erraza ez den fenomeno baten bitartez, on-line hitz elkarketako lehen osagai balitz bezala ere erabiltzen dela uste dut: On-line informazio egokia eskaintzen du.

Zehazki, beheko taula hau jarri zuen Mikelek dokumentuan, eta nire ustez egoki dago euskarazkoaren izenburua (aditzik gabeko formulazioa, baina betiere on-line adberbio moduan sentituz); bigarren puntua, berriz… Lehen esan dudana: “on-line laguntza” hitz elkarketa balitz bezala ageri da. Nik zalantzak ditut. Nahi izanez gero, beste bidetik erraz konpontzen da: Zalantza informatikoak argitzeko laguntza, on-line.

Información on-line:
- Consulta del estado de tramitación de las devoluciones
Asistencia on-line para dudas informáticas

Zerga informazioa on-line:
- Itzulketen tramitazio egoerari buruzko kontsulta
- Zalantza informatikoak argitzeko on-line laguntza

2006/09/05

Euskalterm datu basea handitu dute

Itzultzaileon hiztegi baliabideak hazten doaz. Gaur erabili.com webgunean irakur daitekeenez, bost hiztegi sartu dira UZEI zentroaren datu base terminologikoan (Euskalterm):
  • Automobilen mantentze-hiztegia.
  • Burdindegiko hiztegia.
  • Norberaren Irudia, Ile-apaindegiak eta Estetika hiztegia.
  • Arropa-denden hiztegia.
  • Oinetakoen hiztegia.
Artikulua irakurtzeko, sakatu hemen.

---
Mikel

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondorior...