Skip to main content

"En el plazo de cuanto antes"

Oso esaldi polita entzun nuen lehengo egunean umorezko telesail batean: izenburuko "en el plazo de cuanto antes" hori, alegia. Nekez aurki nezake etiketa-hitzak erabiltzeko joeraren agerpen —edo karikatura— hoberik. Uste dut adibide horrexekin azalduko dudala kontua hemendik aurrera: laster ez dugu "cuanto antes" modukorik esango, baizik eta "en el plazo de cuanto antes"... Nik bezalatsuko irudipenena izan ote du telesaileko gidoigileak ere, ala kasualitate hutsa izan ote da? Auskalo.

Ohar bat baneukan horri buruz aurtengo otsailean egina, eta hemen jarriko dut (pixka bat moldatuta, ilun zegoen eta). Eta esango dizuet, bide batez, etiketa esaten dudan tokian erabiltzeko hitz hoberik ez zaidala bururatzen, nahiz izango den, seguru. Hona oharra:
Aldia, data eta etiketak. “Abereek irten behar duten data baino 30 egun lehenagoko aldian gutxienez, ardien marranta-sukar edo mingain urdinaren kasu bat ere ez egotea”. Gaztelaniaz, “en los 30 días anteriores al traslado”. Bitxia gertatu zait euskaraz etiketa-hitza jartzeko ahalegin hori, gaztelaniak aski tipikoa duena (eta esaldi horretan, hain zuzen, gaztelaniaz ageri ez dena eta euskaraz bai!). Alegia, behin esango gaztelaniaz “en los 30 día anteriores a”, eta ez “en un plazo/periodo de 30 días anterior a”..., eta guk... aldi sartu! Zergatik esan behar dugu “30 egun lehenagoko aldian”, esan badaiteke “30 egun lehenago”?. Eta, horri kateaturik, “irten behar duten data baino...”, esan daitekeenean “irten baino...”. [2008ko otsaila]
Etiketa gisa erabilirik ikusten ditudan beste hitz batzuk dira régimen eta procedimiento, esate baterako. Eskertuko nizueke gehiagoren berri ematea.
  • Vivir en régimen de alquiler conlleva un 150% más de gastos que residir en vivienda propia...
  • 30.000 euros en régimen de ayudas para las explotaciones dedicadas a la cunicultura
  • Es su objeto la provisión por el procedimiento de concurso oposición libre de tres plazas de...
  • Bases para cubrir, por el procedimiento de concurso-oposición, promoción interna, tres plazas de administrativo...
Itzulpenari begira, nire iritzian, halako hitzak ez dira benetako terminotzat hartu behar (nahiz beste testuinguru batzuetan izan daitezkeen termino), eta, ondorioz, ez dago zertan euskarazko hitz batekin ordaindurik. Absurdua litzateke, esate baterako, "alokairu-araubidean bizi" edo "alokairu-erregimenean bizi" esatea "alokairuan bizi" esan beharrean. Era berean, "lehiaketa-oposizio bidez (lanpostuak bete)" esango nuke beti, eta ez "lehiaketa-oposizioko prozeduraren bidez" (horra hor beste -ko/-ren zalantza bat, guztiz... ustela?).

Pixka bat urrutiago joanik, mintegian behin aipatu genuen "por importe de" esapidea ere ez ote da sail horretan sartu beharrekoa, edo hurbilekoa? Ez ote da importe hori beste etiketa bat, besterik gabe?
  • La Conselleria de Educación ha convocado ayudas por importe de 250.000 euros dirigidas a las universidades públicas.
Garbi dago euskaraz "250.000 euroren laguntzak" esaten dugula hori, eta garbi dago, orobat, kale itsu batean sartzen garela zenbaitetan halakoak hitzez hitz itzuli nahian hasiz gero: "25.000 euroren zenbatekoko laguntzak" (!?), "25.000 euroren zenbatekoz" (???).

Zer deritzozue?

Comments

Popular posts from this blog

Itxiera-ordutegia

Irratian entzun dut gaur goizean iragarki bat, Herrizaingo Sailarena, (tabernen) "itxiera-ordutegiak" betetzearen aldekoa. Ez dakit burmuinaren txokoren batean "etxera-ordua" ez ote dugun ikusten... Bestela, nire uste oraingo honetan ere harro samarrean, "ixteko orduak" zaindu behar lirateke: ez "itxiera", eta ez "ordutegia". Zer diozue zuek? Patxi

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondoriorik izan ez duenez, iragarki honen bidez jakinarazten dira, 1992ko azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Lege ak, 59. artikuluko 5. zenbakian agintzen duenaren arabera. Interesatuek jakin dezaten ematen da horren berri eta interesatu horientzat banakako jakinarazpen balioa izan behar du». Atzoko BAO tik: «Zigortzeko espedienteari ebazpen proposamenaren jakinarazpena ehizari buruzko BI-60/2010. / Notificación de la propuesta de resolución del expediente sancionador de caza BI-60/2010». (Gero bada zehapen bat edo beste). 30/1992 Legearen euskal testua k zehapen, zehapen-prozedura eta halakoak darabiltza etengabe, eta uste dut zuzenbidearen arloan aipatu samarra dela zehapen/zigor bereizkuntza. Ez genuke hitz hori erabili behar testuetan?; ez zaigu sinesgarria iruditzen oraind...

Mendetasuneko pertsonak

Testu hau Ezintasun mailak izenekoaren jarraipena da. Osteguneko saioan, ikusi genuen hitz zehatz bat behar dugula "dependencia" kontzeptua adierazteko ("Ley de dependencia" eta abar adierazi beharra dago: Itzul-en behin galdetu zen, eta inork erantzunik eman ez!). Ikusi genuen, orobat, hitz horrek ezintasun eta ez-gaitasun hitzez bestelakoa izan beharko duela. Aipatu genituen "laguntza beharra", "besteren beharra" eta abar, baina ordainik beteena mendekotasun dela atera genuen ondorio ( menpeko ere badago Hiztegi Batuan, eta mendeko -ren sinonimoa dela dio, baina eratorririk bat bera ere ez dute sartu, eta bai aldiz mendeko -renak, eta hortik ondoriozta daiteke erro hori hobesten dela). Horrekin batera, mendetasun ere badagoela ikusi genuen, esanahi berarekin. Hortik aurrera, beste bi kontu daude erabakitzeko: lehena, mende(ko)tasun sustantiboa hartu ondoren, zer adjektibo edo izenlagun hartu "persona dependiente" adierazteko; bigar...