2008/01/29

Gegiegi ez da ona

 
 
Osakidetzak alde egin du langileen lan baldintzak hobetzeko (Berria, 7. or.), baina azken gomendioa eman digu ospa egin aurretik, odol gehiago ez emateko, alegia, "Nazioarteak gomendatu baino odol gehiago ematen delako Euskal Herrian" (Berria, 2. or.).

2008/01/24

Batzar Nagusien glosarioa

Gipuzkoako Batzar Nagusiek beren termino glosarioa jasota daukate weborrian. Dirudienez, beren ohiko jardueran erabiltzen diren terminoak sartuta dauzkate: barne-eraentzako batzordeak, bilkura-aldia, boto haztatua...

Ziur asko, erreferentzia praktiko bat izango da Aldundian hizkuntz alorrean ari garenontzat (itzultzaileak, itzultzaile laguntzaileak, trebatzaileak).

2008/01/10

Últimas plazas

Lagun batek galdetu dit: nola esan euskaraz "últimas plazas" (ikastaro baterako izena emateko, adibidez), karteltxo batean jartzeko.

"Azken plazak" jarrita inor ez litzateke eskandalizatuko, nik uste ('plaza'ren adiera hori ere nahiko normal dabilela uste dut). "Azken tokiak" jarrita ere ulertuko genuke, nik uste. Baina gero ohartu naiz gaztelaniazko izen-sintagma (indeterminatu) hori, funtsean, esaldi bat dela, Juan Garziak bere saioan azaldu zigun bezala. Alegia, ez dela "Las últimas plazas", baizik honelatsuko esaldi bat:

a) Quedan (unas) pocas plazas
b) Quedan algunas plazas
c) Aún hay plazas
d) ...

Orduan, seguruenik merezi du bide hauetatik bilatzea mezu horren ordaina:

a) Plaza/toki batzuk gelditzen dira.
b) Plaza/toki gutxi gelditzen dira.
c) Plaza/toki batzuk badira (oraindik).
d) Hamar (edo x) toki badira oraindik.
e) Hamar (ikasle)rentzako tokia/aukera gelditzen da.
f) ...

Zer iruditzen zaizue? Interes handia dut puntu honetan zer iritzi duzuen eta zer formulazio aukeratuko zenuketen jakiteko. Mila esker.

Patxi

2008/01/08

Euskaltzaindiaren arauak

Euskaltzaindiak bere arau eta erabakiak libre eskuratzeko moduan jarri ditu: banaketa elektronikoa egingo du aurrerantzean (e-AEB sistema). Beraz, norberak eskatuz gero ordenagailuan jaso dezake arau eta erabaki berriak edo zaharren eguneratzea.

Arau-erabakiak ZIP artxibo batean jaitsi daitezke, eta ordenagailuan instalatu. Horretarako, ikus Euskaltzaindiak emandako argibideak.

Gainera, arau mailako erabakia onartzen denean, posta elektronikoz harpidedun guztiei horren berri emango dieteeta arau berria edota e-AEBren artxibo berria jaitsi ahal izango dituzte lotura batean sakatuta. Harpidedun egiteko bidea e-AEB zerbitzuan bertan ematen da (ikus argibideak).

Sistema berriari esker, arauak doan jaso eta ordenagailuko karpeta batean gorde ahal dira.

Umezurtz

Nicolas Sarkozy eta Carla Bruni abeslaria, haren seme Aurelien erdian dutela, asteburuan, Petran (Jordania) idatzi du Berriak. Norena da Aurelien?

2008/01/04

2008/01/03

Azalpen elebidun erreal/irrealak

Urte berri on denoi!

Ez dakit, ordu honetan, Errealak presidente berria duen edo ez (baiezkoan nago). Presidente-hautaketarako batzarrean egin duten eta nik irratiz entzun dudan azalpen elebidunean aurkitu dut mezutxo hau idazteko arrazoia.

Gaztelania eta euskara tartekatzen ari zen aurkezlea. Nik zatitxo bat entzun dut. Halako batean, orain jarriko dudan informazioa gaztelaniaz eman ondoren, euskaraz ekin dio:
Komunak eta taberna ere leku berdinetik irtenda daude. Taberna batzar /// osoan zehar irekita egongo da.
Letra lodiz dagoena dut aztergai, eta hiru zehar-marrek eten handi bat adierazten dute: esaldi hori halako eran esan du non baitzirudien "taberna-batzar" hitz elkartua zela eta gero eten handi bat zetorrela.

Ez naiz akats bat ez barkatzeko bezain petrala, eta isil-isilik nengoke horixe bakarrik sentitu banu arrotz. Baina ez: gaztelaniazko azalpena erabat erreal eta benetako sentitzen nuen bezala, euskarazkoa ez nuen natural sentitzen, eta puntu horretan bederen aski irreal gertatu zait. Neure artean pentsatu dut: "Ez dirudi hain zaila, bada, esaldi hori euskaldun batek egiazki komunikatzen denean esango lukeen bezalatsu esatea". Nire iritzian, honelatsu:
  • Taberna irekita egongo da batzar osoan (?).
  • Taberna irekita egongo da batzarrak irauten duen bitartean.
Zer diozue?

Oharrak: 1.- Dudarik gabe, "toki beretik irtenda" esango genuke, eta ez "toki berdinetik irtenda". 2.- Ez zait batere naturala gertatzen "batzar osoan (irekita egon)"; ez eta "batzar guztian" ere.

Urte berri on berriz ere.

Patxi

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondorior...