Skip to main content

Zer dugun mendetasuneko pertsonaren kontra

Gaur goizean, gizon bat jarri da zutik, eta besoak astinduz zera esan du: mendetasuneko pertsona ez dugu onartuko, ezta?

Orduan hasi gara bueltaka haren inguruan geundenok eta, hizketa eta hizketa, zehaztu egin dugu zer dugun mendekotasuneko pertsonaren kontra.

Adibidetxo batekin azalduko dut nire iritzia eta kontrako batua, orain arteko emaitza 8 alde eta 2 kontra uzten duena:

Bizar luzea duen pertsona bizar luzeko pertsona da (baita bizar luzea ere, baina hemen ez zaigu sinekdokea inporta), baina bizarra duen pertsona ez da bizarreko pertsona (hitzeko pertsona salbuspena dela iruditzen zait, hizduna beharko luke), bizardun pertsona edo pertsona bizarduna baizik. Ildo horretan, mendetasun handia duen pertsona mendetasun handiko pertsona izango da, baina mendetasuna duen pertsona ez da mendetasuneko pertsona izango, baizik eta mendetasundun pertsona edo pertsona mendetasunduna.

Baina, merezi al du mendetasundun pertsona bezalakoetan sartzea, mendeko pertsona edukita?

Besoak astinduz hitz egin duen gizonak eta biok ez dugu uste. Izan ere, pertsona libreak ez dio bere buruari askatasundun pertsona esaten (askatasuneko pertsona ere ez, jakina).

Xabier

Comments

Anonymous said…
Kezka hori banuen, esan bezala, baina, hala eta guztiz ere, ez naiz hain ezkor.

Salbuespentzat jo duzu "hitzeko pertsona", eta, beharbada, salbuespen da. Ez diogu balio erabakigarririk emango; ez alde, ez kontra.

Gure kasuan, nik uste, lehenik epaitu behar den gauza zera da, ea "mendetasun" horrek ongi hartzen duen "mendetasunean" kasua; eta ni uste dut baietz, ongi hartzen duela. (Kontrakoa uste baduzue, mesedez, esan). Puntu horretan baiezkoan bagaude, hau da bigarrena: ea pasa gaitezkeen "-ean den X" horretatik "-eko X" esatera.

Har dezagun “itzaleko”, adibidez. Interneten ikusi dudanez (adibide bila joanda, buruak baino askoz gehiago ematen du), honelakoak aurki ditzakegu:

a) “itzaleko landare” modukoak. Itzalean egoten direnak, edo itzalean eduki beharrekoak.

b) “itzaleko langile”. Esango nuke ‘nabarmentzen ez dena, bere burua asko agertzen ez duena’ esan nahi duela. Ildo horretan koka dezakegu “Itzaleko heroiak omentzen dituen liburua”, adibidez.

c) “itzaleko legelari”, “itzaleko idazle”… Kasu polita! Begira pasarte honi: “Hitzaletik.
Hernanitik. Proiekturik berriena. 0. alea. Herritik abiatutako poesia. Herritarrek egina. Herrirako. Itzaleko egileak. Tiraderetatik ateratako testuak kaleratzeko ahalegina”. Esango nuke b) puntuko zentzu bera duela hor “itzaleko” horrek. Baina besterik ere izan dezake: ‘itzaldun’, ‘ospeko/ospetsu’, oso nabarmena dena “itzal handiko” esatean. Horixe gertatzen da “itzaleko legelari” kasuan ere; zehazkiago esanda, “aitortutako itzaleko legelari” ageri da, horrela itzuli baitute zenbait tokitan “juristas de reconocida competencia”. Bide batez, esango dizuet gure lege-itzulpen baterako “gaitasun-sonaren jabe diren legelariak” asmatu zigula Juan Garziak, nire ustez oso egoki.

Horiek horrela, ezinezko ikusten duzue “mendetasuneko pertsona” esatea mendetasunean denari? Aitortzen dut beharbada beste eskemara aldatzen garela ('-dun' esanahikora alegia) “mendetasun handiko” esatean. Baina konplexuak dira kontuok, eta, "mendetasunean da" esatea zilegi bada, zergatik ez esan, “mendetasun handia du” ez ezik, “mendetasun handian da” ere?

Eskerrik asko, ekarpenagatik, zuri eta besoak harrotuz mintzo den lagunari. Baina, aizue… itzaleko botoak balio al du? ;—)

Patxi
Anonymous said…
Barkatu, orain konturatu naiz kontrako bigarren botoa Eloik eman duela, eta ez itzalean dagoen inork...

Kontuak kontu, beste adibide bat aurkitu dut: "mendetasuna duten pertsonak" ageri da http://tinyurl.com/y3668g orrian.

Patxi
Anonymous said…
Kaixo Patxi:

Zuk esandako "mendetasunean dagoen pertsona" logikari erreparatu gabe nengoen ni.
Ados nago zurekin salto hori hain handia ez den horretan. Egia, horrek bide gramatikala ematen dio "mendetasuneko pertsona"ri, eta hori ez nuen nik aintzat hartu.

Egia esan zalantzak eragiten dizkit "ospeko" horrek, "ospea duena" baita, eta egina baitu bide hori, ospea duenetik ospean dagoenera, eta hortik ospekora (ez, ordea, "itzaleko"k, itzalean dagoena baita, eta ez itzala duena: itzaleko idazlea negroa izango da, ez itzala/fama duena, ez?).
Zureak irakurri eta gero, ni ere ez naiz atzo bezain ezkorra, baina ez dut nire botua aldatuko (oraingoz, baina martxa honetan...), iruditzen baitzait "mendeko pertsona"k bide zuzenagoa duela "mendean dagoen pertsona"tik, "mendetasuneko pertsonak" egiten duena baino, eta "mendeko"k duen ikutu negatiboa duela "mendetasunean dagoena"k ere.

Eskerrik asko zure erantzun interesgarri bezain argigarriarengatik.

Xabier
Anonymous said…
Oso ona da "itzaleko idazle" hori. Ni ere bat nator zurekin: Atxaga, adibidez, idazle itzaltsua dela esango nuke, eta ez itzaleko idazlea. Itzaletik itzalean atera zena, berriz, itzaltsua eta neurri batean itzalekoa, ez?

Bestea ere oso ona: "aitortutako itzaleko jurista" irakurrita, zenbatek ulertuko lukete hor esan nahi dena?

Gure hariari dagokionez, pozten naiz batzuei behintzat ez zaizuelako deseroso gertatzen "mendeko pertsona". Niri oraindik deseroso gertatzen zait, nahiz eta eragozpenak ikusi esku artean darabilgun beste aukerari ere.

Hiztegi Batuan -tasun atzizkia duten hitz guztiak bildu ditut (700 eta gehiago). Badira benetan kuriosoak: baliotasun, behartasun, benetasun...

Norbaitek zerrenda nahi badu, esan.
Anonymous said…
Gaurko Berrian:

http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=harian&data=2006-11-22&orria=017&kont=005


- «Menpeko diren pertsonen tratamendua lehen aldiz sartu da, eta garrantzitsua izango da gerora begira»

- Hain zuzen ere, menpeko pertsonek elbarriek dituzten kenkari berdinak eskuratzeko aukera izango dute herrialde horretan.
Anonymous said…
Kaixo Patxi:

-tasun atzizkia duten hitzen zerrenda hori hartuko nizuke nik. Izan ere, oraintxe "Obligatoriedad" soila daukat ordenadorean. Tradose-ek "derrigortasuna" ematen dit, baina hiztegi batuak ez du ontzat ematen.

Xabier

Popular posts from this blog

Itxiera-ordutegia

Irratian entzun dut gaur goizean iragarki bat, Herrizaingo Sailarena, (tabernen) "itxiera-ordutegiak" betetzearen aldekoa. Ez dakit burmuinaren txokoren batean "etxera-ordua" ez ote dugun ikusten... Bestela, nire uste oraingo honetan ere harro samarrean, "ixteko orduak" zaindu behar lirateke: ez "itxiera", eta ez "ordutegia". Zer diozue zuek? Patxi

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondoriorik izan ez duenez, iragarki honen bidez jakinarazten dira, 1992ko azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Lege ak, 59. artikuluko 5. zenbakian agintzen duenaren arabera. Interesatuek jakin dezaten ematen da horren berri eta interesatu horientzat banakako jakinarazpen balioa izan behar du». Atzoko BAO tik: «Zigortzeko espedienteari ebazpen proposamenaren jakinarazpena ehizari buruzko BI-60/2010. / Notificación de la propuesta de resolución del expediente sancionador de caza BI-60/2010». (Gero bada zehapen bat edo beste). 30/1992 Legearen euskal testua k zehapen, zehapen-prozedura eta halakoak darabiltza etengabe, eta uste dut zuzenbidearen arloan aipatu samarra dela zehapen/zigor bereizkuntza. Ez genuke hitz hori erabili behar testuetan?; ez zaigu sinesgarria iruditzen oraind...

Mendetasuneko pertsonak

Testu hau Ezintasun mailak izenekoaren jarraipena da. Osteguneko saioan, ikusi genuen hitz zehatz bat behar dugula "dependencia" kontzeptua adierazteko ("Ley de dependencia" eta abar adierazi beharra dago: Itzul-en behin galdetu zen, eta inork erantzunik eman ez!). Ikusi genuen, orobat, hitz horrek ezintasun eta ez-gaitasun hitzez bestelakoa izan beharko duela. Aipatu genituen "laguntza beharra", "besteren beharra" eta abar, baina ordainik beteena mendekotasun dela atera genuen ondorio ( menpeko ere badago Hiztegi Batuan, eta mendeko -ren sinonimoa dela dio, baina eratorririk bat bera ere ez dute sartu, eta bai aldiz mendeko -renak, eta hortik ondoriozta daiteke erro hori hobesten dela). Horrekin batera, mendetasun ere badagoela ikusi genuen, esanahi berarekin. Hortik aurrera, beste bi kontu daude erabakitzeko: lehena, mende(ko)tasun sustantiboa hartu ondoren, zer adjektibo edo izenlagun hartu "persona dependiente" adierazteko; bigar...