Skip to main content

Sartu da gaur arraina portuan

Mikelek prestatutako sistema bat probatzeko (laster jakingo duzue horren berri), testutxo bat egin behar dut. Atzoko saioaren bukaeran aipatutako gai batekin du zerikusia: aditza, galdegai denean, esaldi-hasieran jar daiteke, eta hala jarri behar da zenbaitetan.

Esan genuen bi modutan izan daitekeela aditza galdegai. Horren arabera, egin eramango du ondoan, edo ez.

a) Aditz hori beste aditz batzuekiko oposizioan ulertu behar da batzuetan; halakoetan eramaten du ondoan egin.

Asmatu egin du istorio hori. (= ‘asmatu’ egin du; ez du inon irakurri, ez dio inork kontatu…).

Lokartu egin naiz; horregatik nator berandu. (= 'lokartu' egin naiz; ez dut beste eragozpenik izan garaiz etortzeko.

b) Beste batzuetan, berriz, aditzaren baiezkotasuna da galdegai (oposizioa, izatekotan ere, ezezkotasunarekin du kasu horietan, eta ez beste ezein aditzekin).

Sartu da gaur arraina portuan. (= 'gaur bai; gaur, sartu da')

Ulertu dut esan didazuna.

Egin ezazue proba bigarren kasu honetan egin jartzen, eta ikusiko duzue desegoki gelditzen dela.

Patxi

Comments

Popular posts from this blog

Itxiera-ordutegia

Irratian entzun dut gaur goizean iragarki bat, Herrizaingo Sailarena, (tabernen) "itxiera-ordutegiak" betetzearen aldekoa. Ez dakit burmuinaren txokoren batean "etxera-ordua" ez ote dugun ikusten... Bestela, nire uste oraingo honetan ere harro samarrean, "ixteko orduak" zaindu behar lirateke: ez "itxiera", eta ez "ordutegia". Zer diozue zuek? Patxi

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondoriorik izan ez duenez, iragarki honen bidez jakinarazten dira, 1992ko azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Lege ak, 59. artikuluko 5. zenbakian agintzen duenaren arabera. Interesatuek jakin dezaten ematen da horren berri eta interesatu horientzat banakako jakinarazpen balioa izan behar du». Atzoko BAO tik: «Zigortzeko espedienteari ebazpen proposamenaren jakinarazpena ehizari buruzko BI-60/2010. / Notificación de la propuesta de resolución del expediente sancionador de caza BI-60/2010». (Gero bada zehapen bat edo beste). 30/1992 Legearen euskal testua k zehapen, zehapen-prozedura eta halakoak darabiltza etengabe, eta uste dut zuzenbidearen arloan aipatu samarra dela zehapen/zigor bereizkuntza. Ez genuke hitz hori erabili behar testuetan?; ez zaigu sinesgarria iruditzen oraind...

Mendetasuneko pertsonak

Testu hau Ezintasun mailak izenekoaren jarraipena da. Osteguneko saioan, ikusi genuen hitz zehatz bat behar dugula "dependencia" kontzeptua adierazteko ("Ley de dependencia" eta abar adierazi beharra dago: Itzul-en behin galdetu zen, eta inork erantzunik eman ez!). Ikusi genuen, orobat, hitz horrek ezintasun eta ez-gaitasun hitzez bestelakoa izan beharko duela. Aipatu genituen "laguntza beharra", "besteren beharra" eta abar, baina ordainik beteena mendekotasun dela atera genuen ondorio ( menpeko ere badago Hiztegi Batuan, eta mendeko -ren sinonimoa dela dio, baina eratorririk bat bera ere ez dute sartu, eta bai aldiz mendeko -renak, eta hortik ondoriozta daiteke erro hori hobesten dela). Horrekin batera, mendetasun ere badagoela ikusi genuen, esanahi berarekin. Hortik aurrera, beste bi kontu daude erabakitzeko: lehena, mende(ko)tasun sustantiboa hartu ondoren, zer adjektibo edo izenlagun hartu "persona dependiente" adierazteko; bigar...