2007/11/21

OHIZ, azken proposamena

Jasotako iruzkinetan piztu diren auziak laburtzen eta, ahal dela, behin betiko proposamena egiten saiatuko naiz.

Hasi aurretik, Mielanjelek barkatuko dit bazter uzten badut bere «higible» menturazkoa, Iñakiri bezala, niri ere nekez gertatzen baitzait «ulerble». Nolanahi ere den, uste dut beste era bateko eztabaida sakonagora lerratzen den Mielanjelek piztu nahi lukeen su txingar hori.

Sigla

Errazenetik hasita, uste dut OHIZ sigla hobetsi behar genukeela. Mikelek emandako argudioen kontrara, uste dut zetaz amaitzen diren siglak erraz josten ahal direla deklinabide atzikiekin. Gainera, erdi txantxetan, erdi serio, Joan Marik aipatzen zuen nahasbidea ez zait arrisku handikoa iruditzen: lekutan dago Irundik Oiz mendia, Bizkaiko Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz udalerrian... Berehala erabakiko dugu zer dagoen, zehazki, siglaren atzean.

Higigarri/higikor/higigai

Iñakik eta bestek emandako arrazoiak askietsi behar genituzkeela iruditzen zait, «higigarri»-ren alde. Egia da Hiztegi Batuan ez agertzeak ez duela euskaraz zuzen eta zentzuz eratutako hitz bat (batik bat, eratorria) galarazten.

Beste kontu bat da, Mielanjelek ongi igarri zuen gisan, «higigai» ERE erabiltzekoa ez ote den; eta, Iñakik ederki zehaztu zionez, erabilgarri da, baina izenondo gisa: «ondare higigai», alegia baina, Iñakik zehaztu zionez, erabilgarri da «ondare»-rekin batera baldin bada: «ondareko higigaiak» eta abar.

Gipuzkoako/gipuzkoar

Zentroaren izen osoari dagokio kontu hau: «...de Gipuzkoa» dioen lekuan, zilegi ote dugu «Gipuzkoar...» ematea? Mielanjelek hala proposatu zuen.

Aitortuko dizuet neronek askotan tentazioa izaten dudala, bide horretan zertxobait abiatzeko, baina gehienetan, beti ez esatearren, atzera egiten dut: leku izenetatik eratorritako gentilizioak pertsonei edo, gehienera, bizidunei eta metafora antropomorfikoei aplikatzen zaiela iruditzen zait. Ereduzko prosa gaur-en begiratu azkar bat eginda, ondorio garbia atera daiteke. Niri «gipuzkoar ekonomia», «bizkaitar enpresak» edo «nafar basoak» oso gogor gertatzen zaizkit.

Azkena

Esandako guztiak kontuan izanik, iruditzen zait proposamena era honetan eman genezakeela:

Izendapen luzea

(1) Centro de Depósito y Conservación del Patrimonio Cultural Mueble de Gipuzkoa
(9) Gipuzkoako Kultura Ondare Higigaia Higigarria Gorde eta Artatzeko Zentroa

Izendapen laburra

(6) Centro de Patrimonio Mueble (de Gipuzkoa)
(10) (Gipuzkoako) Ondare Higigaien Higigarriaren Zentroa

Sigla

(8) OHIZ

1 comment:

Anonymous said...

"Higigai" erabiltzea dela-eta, uste dut gaizki-ulertu bat izan dela:

- erabilgarri dela nioenean ez nuen esaten ez izenondo gisa ez izen gisa erabiltzekotan

- alderantziz, ni pentsatzen ari nintzen izen gisa bakarrik erabiltzekotan, nire dudak ditudalako izenondo gisa erabil ote daitekeen (halaxe adierazi nion Gotzoni Mintegian mahai batetik bestera, baina uste dut alderantziz ulertu zidala, eta Xabier daukat horren lekuko)

- izan ere, Hiztegi Batuan ez dut kasu bat bera ere aurkitu "gai" atzizkidun hitz bat izenondo modura erabilita; aitzitik, beti izen gisa azaltzen dira "gai" atzizkidun hitzak

- beraz, Mielen "higigaiak" hartzekotan, nik, behintzat, berak proposatu bezala hartuko nuke, izen gisa, alegia, "Ondareko higigaiak" edo gehienez ere hitz elkarketa eginda "Ondare higigaiak", hau da, "Ondare-higigaiak" (kasu honetan, gainera, arriskutsua izan liteke marra ez erabiltzea, izenongo gisa erabilita dagoela uler litekeelako, eta erabilera hori, ustez, ez da zuzena)

- dena dela, bukatzeko, aurreko hori baino nahiago dut nik "Ondare higigarria": ez dut ikusten baztertzeko arrazoirik (nik eta Gotzonek esan bezala)

- are gutxiago proposamen berria bera bezain ona eta finkatua ez denean, eta, gainera, gaizki interpretatzeko bidea ematen duenean

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondorior...