Skip to main content

Judizio edo epaiketa

Gehienok dakizuen bezala, GAOn argitaratzeko, epaitegitik datozenak itzultzen hasi gara. Itzuli ditugunetan, judizio jarri dugu “juicio” agertu zaigun bakoitzean, eta “epaiketa” baztertu egin dugu. Izan ere, iturri nagusi dugun justizia.net-en, “judizio” erabiltzen dute ia salbuespenik gabe. Jakin badakit Patxi zuzenbide kontuetatik ez dabilela urruti, eta Aitziberrek ere eskarmentu handia duela epaitegian (esan nahi baita, bertako itzulpenetan). Zuei bereziki galdetu nahi dizuet ea zergatik ez den “epaiketa” erabiltzen justizia.net-en, izanik hitz erabat normalizatua gizartean, eta ea zer iruditzen zaizuen hemendik aurrera GAOn “epaiketa” erabiltzea, izanik hitz erabat normalizatua gizartean.

Xabier

Comments

Gotzon said…
Epaiketak bere alde du, nire irudiz, aditz jokoa ere baduela: epaitu. Aldiz, judizioak zer egin dezake? Judiziatu?
Anonymous said…
Barkatu berandutza. Ez da interes falta izan... Negoziatzen ari nintzen Justiziakoekin... Broma da, noski.

Nik bizpahiru urteotan ikasi-edo dudana esango dizuet gai horri buruz, labur. Antton Elosegi irakasleari erakutsi diot testutxoa, eta aitortu dit zalantzak dituela 'epaiketa' hautatzean eta zabaltzean (hori baitabil zabalenik) hartutako bidearekin.

Hona nirea:

'Epaiketa' erabili da EHUko zuzenbideko euskara-mintegiaren itzulpenetan (abenduan argitaratuko dira lege batzuk). Hala ere, behin edo bestetan ageri da 'judizio', elkarketa batzuetan: "judizio-aurreko arazo", "judizioz kanpoko ez dakit zer". Kontraesan bat izan liteke; izan ere, Euskaltermen dagoeneko ageri da fitxaren batean "epaiketa aurreko arazo" eta "epaitu aurreko arazo" (“cuestión prejudicial").

Nik dakidanagatik, hiru hitz hauek loturik daude:

1. auzi. Oso zabala da: gaia izan liteke, baina prozesua ere bai.

2. prozesu. Auzi batek epaia eman bitarte egiten duen bidea.

3. epaiketa. Batzuetan 'prozesua' adierazten du, eta bestetan 'epaiketa-ekitaldia'.

Horiek horrela, 'judizio' erabiltzea izan liteke anbiguotasuna hausteko bide bat (??, 'judizio' = 'prozesu' eta 'epaiketa' = 'epaiketa-ekitaldi' ??), baina ez da hala praktikan (Justizia.net-en ageri den praktikan). Izan ere, 'judizio' eta 'judizio-ekitaldi' ageri dira.

Horrez gain, sintaxi-arazoren batzuk ere ageri dira praktika horretan. Adibidez, honelakoak irakur daitezke:

"adiskidetze-ekitaldian eta judiziokoan"

Argiago litzateke:

- "adiskidetze-ekitaldian eta judizio/epaiketa-ekitaldian"

- "adiskidetze- eta judizio/epaiketa-ekitaldietan"
Anonymous said…
Mila esker bioi.

Popular posts from this blog

Itxiera-ordutegia

Irratian entzun dut gaur goizean iragarki bat, Herrizaingo Sailarena, (tabernen) "itxiera-ordutegiak" betetzearen aldekoa. Ez dakit burmuinaren txokoren batean "etxera-ordua" ez ote dugun ikusten... Bestela, nire uste oraingo honetan ere harro samarrean, "ixteko orduak" zaindu behar lirateke: ez "itxiera", eta ez "ordutegia". Zer diozue zuek? Patxi

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondoriorik izan ez duenez, iragarki honen bidez jakinarazten dira, 1992ko azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Lege ak, 59. artikuluko 5. zenbakian agintzen duenaren arabera. Interesatuek jakin dezaten ematen da horren berri eta interesatu horientzat banakako jakinarazpen balioa izan behar du». Atzoko BAO tik: «Zigortzeko espedienteari ebazpen proposamenaren jakinarazpena ehizari buruzko BI-60/2010. / Notificación de la propuesta de resolución del expediente sancionador de caza BI-60/2010». (Gero bada zehapen bat edo beste). 30/1992 Legearen euskal testua k zehapen, zehapen-prozedura eta halakoak darabiltza etengabe, eta uste dut zuzenbidearen arloan aipatu samarra dela zehapen/zigor bereizkuntza. Ez genuke hitz hori erabili behar testuetan?; ez zaigu sinesgarria iruditzen oraind...

Mendetasuneko pertsonak

Testu hau Ezintasun mailak izenekoaren jarraipena da. Osteguneko saioan, ikusi genuen hitz zehatz bat behar dugula "dependencia" kontzeptua adierazteko ("Ley de dependencia" eta abar adierazi beharra dago: Itzul-en behin galdetu zen, eta inork erantzunik eman ez!). Ikusi genuen, orobat, hitz horrek ezintasun eta ez-gaitasun hitzez bestelakoa izan beharko duela. Aipatu genituen "laguntza beharra", "besteren beharra" eta abar, baina ordainik beteena mendekotasun dela atera genuen ondorio ( menpeko ere badago Hiztegi Batuan, eta mendeko -ren sinonimoa dela dio, baina eratorririk bat bera ere ez dute sartu, eta bai aldiz mendeko -renak, eta hortik ondoriozta daiteke erro hori hobesten dela). Horrekin batera, mendetasun ere badagoela ikusi genuen, esanahi berarekin. Hortik aurrera, beste bi kontu daude erabakitzeko: lehena, mende(ko)tasun sustantiboa hartu ondoren, zer adjektibo edo izenlagun hartu "persona dependiente" adierazteko; bigar...