Skip to main content

Zenbateko eta zenbat

Euskaraz, zenbat hitza erabiltzen da neurriak-eta galdetzeko; baita zenbat–(e)ko atzizkia erantsita sortutako zenbateko izenlaguna ere. Lehenengoaren erabilera, oinarrizko zenbat soilarena, tradizio handikoa dugu; baina, gaur egungo testuak ikusita, ematen du zenbateko besterik ez dugula aukeran, hartaraino ari baita baztertzen zenbat erroari soilari dagokion moldea.

  • Zenbat da karratu horren azalera, alde bakoitzak bi metro baditu?
  • Egizu kontu 5 m luze eta 26 cm zabal dela.
  • Zenbateko azalera du karratu horrek, alde bakoitza 2 m-koa badu?
  • Beraz, eman dezagun 5 m-ko luzera eta 26 cm-ko zabalera duela.
  • Zazpi kilometroko aldapa latz hura oinez igo behar.
  • Hamar kilometroko bide berri bat egiten ari gara.
  • Zer alde atera dio bigarrenari? Bi minutu eta hiru segundoren aldea, zazpi tantoren aldea, lau traineruren aldea, kana erdiko enbor baten aldea... [zenbaten aldea]
  • Zenbat da aurrekontua? Aurrekontua 1.000 € da/dira. Mila euroren aurrekontua.

Azken adibideko molde horren ordez (zer aurrekontu), zenbateko ere erabiltzen da sarri. Onargarria da, aldeak alde; baina zenbateko izenlaguna den kasuan. Bestela, zenbat erabiltzea da egokiena. Beraz, hobe da azken adibide horretako moldea erabiltzea (“Zenbat da aurrekontua? Aurrekontua 1.000 euro dira”) eta ez “Zenbatekoa da aurrekontua? Aurrekontua 1.000 eurokoa da”.

Egoki da ikasmaterialetan molde biak erabiltzea; izan ere, biak beharrezkoak baitira (eta hainbat aldiz ezinbestekoak) neurketak zehazteko eta bereizteko. Jokaera horri esker saihets daiteke, esate baterako, zenbateko formaren gehiegizko erabilera, sarritan nahasketa eta okerra eragiten duena:

  • Ekarri 3 euroko kafea! [kiloa hiru euroan saltzen dutena, bakoitza]
  • Ekarri 6 euroren kafea! [kiloa hiru euroan saltzen badute, bi kilo kafe, guztira]

Auzi hau hobeto aztertu beharra dago eta dagozkion mugak eta ondorioak erabaki. Bitartean, hona hemen Orotariko Euskal Hiztegiko corpusetik hartutako zenbait adibide, –(e)ko atzizkirik gabeko erabilerarenak:

  • 380 metro luze zan eta 290 metro zabal (Anabitarte)
  • amabi-amalauna metro luze (Erkiaga)
  • ogei bat metro luze / bazan hamasei metro luze (Munita)
  • Zenbat legua bide egin biar dozak? (Otxolua)
  • 24 ordutan 20 legua bide egin (Orixe)
  • bost legua bide baizik etzegoan (Lardizabal)
  • zortzi legua bide dagoelarik batetik bestera (Iztueta)
  • hamar sosen zorra pagatzen duenak (Barbier)
  • Zenbaten zorra dukezu? (Hiribarren)

Hor dugu, besteak beste, “txakur-txiki baten karameluak” dioen kantu zaharra ere. Hortaz, gure egunerokoan, adibidez, “30 euroren gasolina edo ezantza” eskatzea da egokiena.

(Ortotipografia, EIMAren estilo-liburua, 43.-44. orrialdeak)

Comments

Anonymous said…
Aspalditik neukan txatal hori bereizita, jendearen eskura jartzeko asmoz (mintegian atera da kontua, behin edo bestetan).

Ikusten duzuenez, "aurrekontua zenbat da" (ahal denean) hobesteko irizpidea ematen da hor. Nik, berriz, beste hitz baten inguruko iruzkina egiteko baliatu nahi dut aukera (hau ere esan nuen behin mintegian, baina gehixeago azaldu nahi dut). Diodan hitz hori epe da, hain zuzen ere. Eta 118/2007 dekretuko bi adibide hartuko ditut.

27. artikulua. 1. (...) eskaerak aurkezteko hiru hilabeteko epea izango da, kontratua amaitzen den egunetik hasita.

Ongi. Baina honela ere bai: "eskaerak aurkezteko epea hiru hilabete izango da/dira, kontratua amaitzen den egunetik hasita".

Joskera hori, gainera, abantailatsua da, dudarik gabe, beste ingurumari batzuetan. Artikulu berean, 4. puntuan, honela dio:

(...) diru-laguntzaren eskaera hiru hilabeteko epean aurkeztuko da, amaitzen den datatik zenbatzen hasita.

Ohartzen bagara, "hasita" hori ez da ongi ezkontzen "aurkeztuko da" perpausarekin, epe hitzari dagokio eta. Begiratu ongi. (Beste huts txiki bat ere bada, "zer amaitu" ez baita esaten: esan dezagun "x amaitu"). Ikus, orain, beste joskera, batere aitzakiarik gabea:

(...) diru-laguntzaren eskaera aurkezteko epea hiru hilabete izango da/dira, x amaitzen den datatik zenbatzen hasita.

Popular posts from this blog

Itxiera-ordutegia

Irratian entzun dut gaur goizean iragarki bat, Herrizaingo Sailarena, (tabernen) "itxiera-ordutegiak" betetzearen aldekoa. Ez dakit burmuinaren txokoren batean "etxera-ordua" ez ote dugun ikusten... Bestela, nire uste oraingo honetan ere harro samarrean, "ixteko orduak" zaindu behar lirateke: ez "itxiera", eta ez "ordutegia". Zer diozue zuek? Patxi

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondoriorik izan ez duenez, iragarki honen bidez jakinarazten dira, 1992ko azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Lege ak, 59. artikuluko 5. zenbakian agintzen duenaren arabera. Interesatuek jakin dezaten ematen da horren berri eta interesatu horientzat banakako jakinarazpen balioa izan behar du». Atzoko BAO tik: «Zigortzeko espedienteari ebazpen proposamenaren jakinarazpena ehizari buruzko BI-60/2010. / Notificación de la propuesta de resolución del expediente sancionador de caza BI-60/2010». (Gero bada zehapen bat edo beste). 30/1992 Legearen euskal testua k zehapen, zehapen-prozedura eta halakoak darabiltza etengabe, eta uste dut zuzenbidearen arloan aipatu samarra dela zehapen/zigor bereizkuntza. Ez genuke hitz hori erabili behar testuetan?; ez zaigu sinesgarria iruditzen oraind...

Mendetasuneko pertsonak

Testu hau Ezintasun mailak izenekoaren jarraipena da. Osteguneko saioan, ikusi genuen hitz zehatz bat behar dugula "dependencia" kontzeptua adierazteko ("Ley de dependencia" eta abar adierazi beharra dago: Itzul-en behin galdetu zen, eta inork erantzunik eman ez!). Ikusi genuen, orobat, hitz horrek ezintasun eta ez-gaitasun hitzez bestelakoa izan beharko duela. Aipatu genituen "laguntza beharra", "besteren beharra" eta abar, baina ordainik beteena mendekotasun dela atera genuen ondorio ( menpeko ere badago Hiztegi Batuan, eta mendeko -ren sinonimoa dela dio, baina eratorririk bat bera ere ez dute sartu, eta bai aldiz mendeko -renak, eta hortik ondoriozta daiteke erro hori hobesten dela). Horrekin batera, mendetasun ere badagoela ikusi genuen, esanahi berarekin. Hortik aurrera, beste bi kontu daude erabakitzeko: lehena, mende(ko)tasun sustantiboa hartu ondoren, zer adjektibo edo izenlagun hartu "persona dependiente" adierazteko; bigar...