Skip to main content

Zeraren zer zeratzailea?

Ala "Zera zeratzeko zer"? Hitz-jokoan katramilatu bazarete, lasai. Besterik gabe, adibide berri batez hornitu nahi dut nire matraka faboritoa. Gehienok aspertu arte entzuna didazue kontua; beharbada Miren eta Aitziber egongo dira entzun gabe.

Hauxe da azken adibidea:
laguntzaren organo kudeatzailea ('órgano gestor de la ayuda')
Iturria: 118/2007 DEKRETUA, uztailaren 17koa, lana eta familia bateragarri egiteko neurriak arautzen dituena.

Nire uste ez oso apalean, "laguntza kudeatzeko organoa" esan beharra dago, nahitaez. Beste adibide bat ere badut inoiz kontatu gabea: Koroaren printze oinordekoa ('príncipe heredero de la Corona'; arazoa bera da, baina aitortu beharra daukat horretan irtenbidea ez dela hain garbia).

Gainerako gehientsuena, ustez, esana daukat hemen.

Minturte berri on! (Zaharrak berri, berriak berriago). Ostegun arte (prestaketan dihardugu; esan ote dezakegu horrela, aditz-forma hori galarazteko beldurrik gabe?).

Patxi

Comments

Anonymous said…
Oso gustura entzuten ditugu guk zure esanak, lehendik entzunak izan zein ez. Izan ere, zenbait kontu, zuk dakarzuna esaterako, tarteka gure buruei gogoraraztea eta (berr)ikusaraztea komeni da.
Gainera, bihar ezingo gara mintegi-saiora joan, lanaz gain bi batzorde ditugulako. Pena...

Popular posts from this blog

Itxiera-ordutegia

Irratian entzun dut gaur goizean iragarki bat, Herrizaingo Sailarena, (tabernen) "itxiera-ordutegiak" betetzearen aldekoa. Ez dakit burmuinaren txokoren batean "etxera-ordua" ez ote dugun ikusten... Bestela, nire uste oraingo honetan ere harro samarrean, "ixteko orduak" zaindu behar lirateke: ez "itxiera", eta ez "ordutegia". Zer diozue zuek? Patxi

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondoriorik izan ez duenez, iragarki honen bidez jakinarazten dira, 1992ko azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Lege ak, 59. artikuluko 5. zenbakian agintzen duenaren arabera. Interesatuek jakin dezaten ematen da horren berri eta interesatu horientzat banakako jakinarazpen balioa izan behar du». Atzoko BAO tik: «Zigortzeko espedienteari ebazpen proposamenaren jakinarazpena ehizari buruzko BI-60/2010. / Notificación de la propuesta de resolución del expediente sancionador de caza BI-60/2010». (Gero bada zehapen bat edo beste). 30/1992 Legearen euskal testua k zehapen, zehapen-prozedura eta halakoak darabiltza etengabe, eta uste dut zuzenbidearen arloan aipatu samarra dela zehapen/zigor bereizkuntza. Ez genuke hitz hori erabili behar testuetan?; ez zaigu sinesgarria iruditzen oraind...

Altzari higigarriak

Askok jakingo duzuenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak zentro berri bat zabalduko du laster Irunen, URI izeneko lantegia izandako eraikinean. Zentro horretan kultura ondareko elementuak gorde eta zainduko dituzte: batez ere, indusketa arkeologikoetatik bildutako tresnak, Aldundiaren jabetzakoak diren arte lanak, eta gisakoak. Gazteleraz, zentroaren izen osoa hauxe izango da: (1) Centro de Depósito y Conservación del Patrimonio Cultural Mueble de Gipuzkoa Euskarazko izena emateko eskatu digutelarik, lehen-lehenik esan diegu burutik kentzeko «Gizartekintza - Departamento de Servicios Sociales» gisako ereduak. Guk izen orekatu bat proposatuko dugu, euskaraz oso, gazteleraz oso, hizkuntza bakoitzean era burujabean erabiltzeko modukoa. Esan diegu, baita ere, gaztelerazko izen luuuuze hori ondo egon daitekeela xedapenetan eta dokumentu guztiz ofizialetan erabiltzeko, baina hobe dutela horrekin batera erabilerarako izendapen laburrago bat eratzea, adibidez: (2) Centro de Patrimonio Mueble...