Skip to main content

Koloretan idatziko bagenu...

Testugintzan, diseinuaren zerbitzura jartzen da batzuetan kolorea, baina oraingoz behintzat ez sintaxiaren eta estiloaren zerbitzura. Beraz, esan daiteke zuri-beltzean idazten dugula, eta ez koloretan.

Pena da, alde batetik, koloretan ezin idatzi izatea. Har dezagun esaldi hau:

Aipatutako xedapen gehigarriak aplikatzeko behar ziren arauak emateko eskuduntza ematen zion Gobernu Zentralari, sei hilabeteko epean, indarrean sartu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Ezin ulertuzkoa da. Beharbada, laguntzatxoren bat eman genezake koloretan idatziz gero...

Aipatutako xedapen gehigarriak aplikatzeko behar ziren arauak emateko eskuduntza ematen zion Gobernu Zentralari, sei hilabeteko epean, indarrean sartu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Hala ere, nahiko lan. Garbi samar dago beste baliabide batzuekin beharko dugula testu hori egokitu: sintaxia, sintagma-mugak, hitz-hurrenkera...

Aipatutako xedapen gehigarrian, [xxx] aplikatzeko behar ziren arauak emateko eskuduntza eman zitzaion Gobernu Zentralari, eta sei hilabeteko epea zuen Gobernuak horretarako, [yyy] indarrean sartu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.


Aipatutako xedapen gehigarriak eskuduntza eman zion Gobernu Zentralari [xxx] aplikatzeko behar ziren arauak eman zitzan sei hilabeteko epean, [yyy] indarrean sartu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Tankera horretako egokitzapenen beharrean dago paragrafo hori (hobeak ere izan daitezke), koloretan idazten ez dugun bitartean.

Iturria: 172/2007 Dekretua.

La citada disposición adicional facultaba al Gobierno central para que, en el plazo de los seis meses posteriores a su entrada en vigor, dictara las normas necesarias para su aplicación. (Gaztelaniazko testua)

Patxi

Comments

Anonymous said…
[yyy] aldagaia ere sartu beharko dela uste dut, eta txertatu dut. (Astelehena).

Bueno, uste dut [xxx] eta [yyy] erreferentzia bera direla, baina nolanahi ere hutsune hori bete beharra dagoela bi kasuetan. Testua ez dut ukitu (bestelako zuzenketatxoren batzuk egin bai). (Asteartea).

Popular posts from this blog

Itxiera-ordutegia

Irratian entzun dut gaur goizean iragarki bat, Herrizaingo Sailarena, (tabernen) "itxiera-ordutegiak" betetzearen aldekoa. Ez dakit burmuinaren txokoren batean "etxera-ordua" ez ote dugun ikusten... Bestela, nire uste oraingo honetan ere harro samarrean, "ixteko orduak" zaindu behar lirateke: ez "itxiera", eta ez "ordutegia". Zer diozue zuek? Patxi

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondoriorik izan ez duenez, iragarki honen bidez jakinarazten dira, 1992ko azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Lege ak, 59. artikuluko 5. zenbakian agintzen duenaren arabera. Interesatuek jakin dezaten ematen da horren berri eta interesatu horientzat banakako jakinarazpen balioa izan behar du». Atzoko BAO tik: «Zigortzeko espedienteari ebazpen proposamenaren jakinarazpena ehizari buruzko BI-60/2010. / Notificación de la propuesta de resolución del expediente sancionador de caza BI-60/2010». (Gero bada zehapen bat edo beste). 30/1992 Legearen euskal testua k zehapen, zehapen-prozedura eta halakoak darabiltza etengabe, eta uste dut zuzenbidearen arloan aipatu samarra dela zehapen/zigor bereizkuntza. Ez genuke hitz hori erabili behar testuetan?; ez zaigu sinesgarria iruditzen oraind...

Mendetasuneko pertsonak

Testu hau Ezintasun mailak izenekoaren jarraipena da. Osteguneko saioan, ikusi genuen hitz zehatz bat behar dugula "dependencia" kontzeptua adierazteko ("Ley de dependencia" eta abar adierazi beharra dago: Itzul-en behin galdetu zen, eta inork erantzunik eman ez!). Ikusi genuen, orobat, hitz horrek ezintasun eta ez-gaitasun hitzez bestelakoa izan beharko duela. Aipatu genituen "laguntza beharra", "besteren beharra" eta abar, baina ordainik beteena mendekotasun dela atera genuen ondorio ( menpeko ere badago Hiztegi Batuan, eta mendeko -ren sinonimoa dela dio, baina eratorririk bat bera ere ez dute sartu, eta bai aldiz mendeko -renak, eta hortik ondoriozta daiteke erro hori hobesten dela). Horrekin batera, mendetasun ere badagoela ikusi genuen, esanahi berarekin. Hortik aurrera, beste bi kontu daude erabakitzeko: lehena, mende(ko)tasun sustantiboa hartu ondoren, zer adjektibo edo izenlagun hartu "persona dependiente" adierazteko; bigar...