Skip to main content

Itzulpen automatikoa zertan den

Itzultzaileok lanean (itzultzen) jarraituko dugu (oraingoz). Ondorio hori atera daiteke Langilearen Egunean, joan den maiatzaren 1ean, Jakes Goikoetxeak Berrian argitara eman zuen artikulua irakurrita: "Itzulpenerako laguntzailea helburu".

Izan ere, Euskal Herrian itzulpen automatikoari buruzko ikerketa zertan den aztertu zuen artikuluan, hain zuzen Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza euskarazko itzultzaile automatiko bat sortzeko bultzatzen ari den ikerketa. Bost enpresatara jo omen du Jaurlaritzak: Eleka, Emergia tech, InterLan System, Automatic Trans eta Translendium (azken biak katalanak).

Artikuluan itzulpen automatikorako osagai desberdinak aztertzen dira: testuen corpusak, itzulpenen kudeatzaileak, sistema estatistikoa, itzulpen memoriak... Bai eta enpresa bakoitzaren ikerketa zertan den ere.

Sailburuordetzak dioenez, bi urtean gaztelania-euskara eta euskara-gaztelania itzultzaileak egin daitezke. Enpresa batzuen ustez, ordea, emaitza berezko itzultzaile automatikoa baino areago itzulpenaren ideia orokor bat egingo duen laguntzailea izango da.

Hori horrela, gauzak dauden bezala, itzulpen automatikoari hartzen diot gaur egun itzulpen memoria batek (Tradosek, adibidez) egiten duen analisiaren antza edota aldez aurreko itzulpenarena.

Gure lanari dagokionez, behintzat, itzultzaileok lanean (itzultzen) jarraituko dugu geroan ere. Beste gauza bat izango da testu erraz eta estandar samar baten gutxi gorabeherako itzulpena lortzea.

Artikulua ikusteko, sakatu hemen: "Itzulpenerako laguntzailea helburu".

---
Mikel

Comments

Popular posts from this blog

Itxiera-ordutegia

Irratian entzun dut gaur goizean iragarki bat, Herrizaingo Sailarena, (tabernen) "itxiera-ordutegiak" betetzearen aldekoa. Ez dakit burmuinaren txokoren batean "etxera-ordua" ez ote dugun ikusten... Bestela, nire uste oraingo honetan ere harro samarrean, "ixteko orduak" zaindu behar lirateke: ez "itxiera", eta ez "ordutegia". Zer diozue zuek? Patxi

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondoriorik izan ez duenez, iragarki honen bidez jakinarazten dira, 1992ko azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Lege ak, 59. artikuluko 5. zenbakian agintzen duenaren arabera. Interesatuek jakin dezaten ematen da horren berri eta interesatu horientzat banakako jakinarazpen balioa izan behar du». Atzoko BAO tik: «Zigortzeko espedienteari ebazpen proposamenaren jakinarazpena ehizari buruzko BI-60/2010. / Notificación de la propuesta de resolución del expediente sancionador de caza BI-60/2010». (Gero bada zehapen bat edo beste). 30/1992 Legearen euskal testua k zehapen, zehapen-prozedura eta halakoak darabiltza etengabe, eta uste dut zuzenbidearen arloan aipatu samarra dela zehapen/zigor bereizkuntza. Ez genuke hitz hori erabili behar testuetan?; ez zaigu sinesgarria iruditzen oraind...

Altzari higigarriak

Askok jakingo duzuenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak zentro berri bat zabalduko du laster Irunen, URI izeneko lantegia izandako eraikinean. Zentro horretan kultura ondareko elementuak gorde eta zainduko dituzte: batez ere, indusketa arkeologikoetatik bildutako tresnak, Aldundiaren jabetzakoak diren arte lanak, eta gisakoak. Gazteleraz, zentroaren izen osoa hauxe izango da: (1) Centro de Depósito y Conservación del Patrimonio Cultural Mueble de Gipuzkoa Euskarazko izena emateko eskatu digutelarik, lehen-lehenik esan diegu burutik kentzeko «Gizartekintza - Departamento de Servicios Sociales» gisako ereduak. Guk izen orekatu bat proposatuko dugu, euskaraz oso, gazteleraz oso, hizkuntza bakoitzean era burujabean erabiltzeko modukoa. Esan diegu, baita ere, gaztelerazko izen luuuuze hori ondo egon daitekeela xedapenetan eta dokumentu guztiz ofizialetan erabiltzeko, baina hobe dutela horrekin batera erabilerarako izendapen laburrago bat eratzea, adibidez: (2) Centro de Patrimonio Mueble...