2008/04/22

Erakuslea eta letra larriak

Aztergaia:

Horregatik guztiarengatik, ulertzen dugu ez dela Kirol Zuzendaritzaren funtzioa dopinaren inguruan Gipuzkoako Federazioak erabakitzen duenaren legezkotasuna aztertzea, hori beste erakunde batzuen eskumena baita. Hala ere, federazio horrek eskatzen digun iritzia emate aldera, Kirol Zuzendaritzak uste du, esandakoa eta eskura dagoen informazioa oinarri hartuta, eta kontrakorik frogatzen ez den bitartean, Federazioaren jardunbidea zuzena eta zuzenbidez egokia izan dela prozesu honetan.
Gazteleraz, Kirol Zuzendaritza jartzen duen bakoitzean, ESTA DIRECCIÓN DE DEPORTES jartzen du; guk erakuslea kendu egiten dugu, jarriz gero letra xehez idaztera behartzen baitugu geure burua, eta nahiago dugu “kirol zuzendaritza honek” baino, letra larriz idatzi “Kirol Zuzendaritzak”. Gainera, galdetu dugu inoiz ea erakusle hori beharrezkoa den, eta esan digute ezetz. Baina, egia al da hori?

Lehenengo esaldia:
Horregatik guztiarengatik, ulertzen dugu ez dela Kirol Zuzendaritzaren funtzioa dopinaren inguruan Gipuzkoako Federazioak erabakitzen duenaren legezkotasuna aztertzea, hori beste erakunde batzuen eskumena baita.
Egia, ez dirudi “honek” horren beharrik dugunik.

Bigarren esaldia:

Hala ere, federazio horrek eskatzen digun iritzia emate aldera, Kirol Zuzendaritzak uste du, esandakoa eta eskura dagoen informazioa oinarri hartuta, eta kontrakorik frogatzen ez den bitartean, Federazioaren jardunbidea zuzena eta zuzenbidez egokia izan dela prozesu honetan.
Beharbada, egia da “honek” hori ez dela beharrezkoa eta apaintzeko besterik ez duela balio, baina esango nuke ez garela berehala konturatzen “gu” eta “Kirol Zuzendaritza” bera direnik; ala bai?

Inkestatxoa. Aukeratu bat:

a) Kirol Zuzendaritzak
b) kirol zuzendaritza honek
c) Kirol Zuzendaritza honek

Xabier

4 comments:

Anonymous said...

Horrelako kasuetan, erakuslea ez erabiltzearen aldekoa naiz [a) erantzuna].

Kasu honetan, uste dut testuinguruak (dokumentuaren sinadura, izaera...) laguntzen duela "gu" eta "Kirol Zuzendaritza" lotzen.

Beste irtenbide bat: uste dugu.

Anonymous said...

Ni ere funtsean bat nator erakuslerik ez erabiltzearekin... baina ez nuke arau ezin urratuzkotzat joko, inondik ere.

Gaztelaniaz egiten dutena, izen berezi klase batekin, gramatikala da (abusatzea txarra izan daiteke estiloaren aldetik, beharbada). Gauza bera, ordea, ez zait gramatikala iruditzen beste izen klase batekin, eta fenomenoa aintzat hartzekoa delakoan nago. Adibideak ez ditut gaztelaniazkoak jarriko, baizik eta euskarazkoak, nire ustez gauza bera gertatzen baita. Alegia, esaten ari naiz nire iritziz zilegi dela izen berezi batzuekin erakuslea erabiltzea (euskaraz ere bai), eta beste izen klase batekin ez.

Ez luzatzeko, adibideak bakarrik jarriko ditut.

- Azken egunotako gertaerak direla eta, Berria honek irakurleei jakinarazi nahi die... OKERRA

- Azken egunotako gertaerak direla eta, Berriak irakurleei jakinarazi nahi die... ZUZENA

- Azken egunotako gertaerak direla eta, egunkari honek irakurleei jakinarazi nahi die... ZUZENA

- Eskaera horri erantzunez, Kirol Zuzendaritza honek erabaki du... ZUZENA

(Esan beharko dut, beraz, nik neuk ez dudala ikusten erakuslea jarriz gero izen berezia txikiz idatzi behar denik).

Anonymous said...

RAEren 'Gramatica Descriptiva de la Lengua Española' lan mardulak kapitulu oso bat eskaintzen die izen bereziei, eta, besteak beste, artikuluarekin edo erakusleekin agertzen ndiren hainbat kasu deskribatzen ditu, baina, tamalez, ez dut aurkitu guru axola digun kasuaren aipamenik.

Aipa ditzadan, gutxienik, bestelako adibide batzuk.

a) Allí preguntas por un (tal) Jose Luis; este Jose Luis es el encargado del centro...

b) Ese Eugenio de quien tanto hablan...

Garbi dago, edozein moduz, "Esta Dirección de Deportes" eta halakoak barra-barra erabiltzen direla. Eta euskaraz ere gertatzen delakoan eta gertaera normala delakoan nago.

Zehazki nola deskribatu behar den gertaera, hori ez dakit. Ausartuko naiz esatera ez dela izen bereziekin bakarrik gertatzen; izen arrunt erreferentzia-bakarrekin ere gerta daiteke.

Adibidez, Juan Jose Ibarretxek esaten badu bihar "Lehendakari honek eutsi egingo dio emandako hitzari", zer adierazi nahi izango du?

a) "(diren edo izan diren) lehendakari guztietatik, batek behintzat eutsiko dio hitzari; hain zuzen ere, orain mintzo zaizuen honek, nik alegia".

b) "Nik, lehendakari naizen honek, eutsi egingo diot emandako hitzari".

(Adibidea egokia bada, behintzat, denok b) aukeratuko dugu).

Era berean, "Kirol Zuzendaritza honek uste du..." esatean, ez gara esaten ari "diren kirol zuzendaritza guztietatik, honek..." (eta, beraz, ez dagu 'zuhurtziaz' minuskulaz idatzi beharrik: orduan bai ematen duela hori nahi dugula aditzera eman, 'zein kirol zuzendaritzak' alegia); esaten ari garena beste hau da: "gu garen edo guk osatzen dugun organo honek, Kirol Zuzendaritzak alegia, uste du...", edo, beste aldera harturik, "Kirol Zuzendaritzak, hots, gu garen edo guk osatzen dugun organo honek, uste du...".

Bai, ala ez?

Anonymous said...

Nire "ofentsiba" bukatzeko...

a) Pentsatzen dut hainbatetan sortuko zaizuela "esta Diputación Foral" itzuli beharra ere, eta arazo bera izango duzuela erakuslearekin. Atzokoari jarraikiz, uste dut erakuslea jarriz gero (jarriz gero) "Foru Aldundi honek" idaztea hobe dela minuskulaz idaztea baino, zeren eta minuskulaz idatziz gero gehiago lerratzen dugu irakurlea sintagmaren adierarik arruntenera: "foru aldundi honek (Gipuzkoakoak alegia, ez Bizkaikoak edo Arabakoak)".

b) Ez da batere arrotza, administrazioko testuetan, "alkate honek" ere. Hor, maiuskula edo minuskula jartzeko erabakian, beste kontu bat sartzen da tartean (denok dakiguna eta orain aztertuko ez duguna). Kasu honetan, ordea, gehiago erreparatu nahi diot beste gauza bati: komunztadurari. Izan ere, honelakoak ikusi ditut Interneten, eta ez behin edo bitan bakarrik:

ESKORIATZAKO UDALA
Iragarkia

2007ko maiatzaren 23an Gipuzkoako ALDIZKARI OFIZIALEAN eman zen argitara Udaltzain lanpostua betetzeko deialdia.

Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, 5. eta 6. oinarrietan xedatutakoaren arabera, Alkate honek, dituen eskumenak erabiliz,

ERABAKI DUT

(GAO, 2007-10-25)

Nik esan behar banu, komunztadura okerra da hori: "alkate naizen honek (...) zera erabaki dut" izango litzateke, bai, baina "alkate honek (...) erabaki du" behar du.

Ala ez?

(Kontra egiten ez badidazue, badakizue, arrazoi dudala pentsatuko dut...).

Koro: irakurri dut idazkariarena, eta arrazoizkoa iruditzen zait diozuna.

Patxi

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondorior...