Skip to main content

Gipuzkoa

Bozketa 5-3 doa ("Gipuzkoa osoa" garaile, beraz), baina denok dugu arrazoi, itxuraz. Kontu honen gaineko argi bila, armiarma.com guneko Klasikoak sailean "Gipuzkoa" bilatu eta banan-bana irakurri nituen adibide guztiak, ea zenbat "Gipuzkoa oso" eta zenbat "Gipuzkoa guzti" ageri den. Hori egitean, beste zenbait gauza ikusteko ere aukera izan dut. Hona, bada, zer adibide aurkitu ditudan:

GUZTIA
  • Bere jaio-tokian ibai au dan baino ugariagorik, ez det uste arkituko dala Gipuzkoa guztian.
  • (…) eta Gipuzkoa guztia arkitzen zala prest Beraren Majestadea serbitzatzeko, azkeneko odol malkoa ixurteraño.
Juan Ignazio Iztueta: Gipuzkoako probintziaren kondaira

  • Era berean Gipuzkoa guziari egin diozu, bidez, atsegingarrizko ontarte txit onesbedagarri bat, birjaiotu dituzulako, baserrietako zoko illunetara igesi joanik, azkenengo asnasetan arkitzen ziraden zure sorterriko dantza oniritzi pozkarriak, eta anziña anziñako soñu gogoangarri gozoak.
  • (…) baña etzitzaien agertu kontrariorik, Españia guziko gaitasun edo abilidaderik aundienen gordelekua erri aurrenengo ura izan arren.
  • Fernandoren eranzuera: Ezin gentzake bada, beste gauzarik egin, nik gogoan neukana, zuk dezu itzegin: Utzi bear ditugu, biak berdin berdin; Gipuzkoa guziak ar dezan atsegin.
Juan Ignazio Iztueta: Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira

  • Gipuzkoa guztiko diruakgatik enitzake Oñatiraño jetxiko.
  • Gaur Gipuzkoa guztia ementxen da, batari ta besteari ongietorria ematen nabil, eztet zurekin egoteko asti andirik izango, ta entzun zadazu piskatxo batean.
Txomin Agirre: Garoa

  • Gipuzkoa guzian eta Naparroan ere berdin jokatu dute.
  • Gipuzkoa guzia besoak zabalik zuen zai dago.
Txomin Arruti "Mendi-Lauta": Loretxo

OSOA

  • Beragaitik nai izan det, bada, gertaera au ezarri zearo ta zabalki, jakin dezan mundu osoak, Gipuzkoan badirala basoak, iñon ere bezin gozoak.
Juan Ignazio Iztueta: Gipuzkoako probintziaren kondaira

  • Jaunak: Biarko eguna, egun gogoangarria izan diteke bai Tolosa eta bai Gipuzkoa osoarentzat ere.
Antonio Maria Labaien: Domenjon de Andia

  • Izarraitz eta Urraki mendiak estaltzen duten lurralde pitiña izan ezik, begien aurrean degu Gipuzkoa osoa lilluragarri.
  • Baña, nolatan asmatu dezu nungoak geran? - Bai al-da, noski, Gipuzkoa osoan nik ezagutuko ez nukeanik iñor? Nere begininiai noizpait azaldu zaiena, etzaie egundo itzaliko.
Tomas Agirre "Barrensoro": Uztaro


Gainerakoan, Juan Ignazio Iztuetak etengabe darabil "Gipuzkoako mugape guztian" Gipuzkoako probintziaren kondaira liburuan (1847).

Adibide hauen bila nenbilen bitartean, atsegin hartu dut Iztuetaren prosa mamitsuarekin. Ez alferrik Inazio Mujika Iraolak Ez direlako aketsak liburua argitaratu zuen, duela dozena urte inguru, Klasikoak Alberdanian sailean.

Comments

Popular posts from this blog

Itxiera-ordutegia

Irratian entzun dut gaur goizean iragarki bat, Herrizaingo Sailarena, (tabernen) "itxiera-ordutegiak" betetzearen aldekoa. Ez dakit burmuinaren txokoren batean "etxera-ordua" ez ote dugun ikusten... Bestela, nire uste oraingo honetan ere harro samarrean, "ixteko orduak" zaindu behar lirateke: ez "itxiera", eta ez "ordutegia". Zer diozue zuek? Patxi

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondoriorik izan ez duenez, iragarki honen bidez jakinarazten dira, 1992ko azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Lege ak, 59. artikuluko 5. zenbakian agintzen duenaren arabera. Interesatuek jakin dezaten ematen da horren berri eta interesatu horientzat banakako jakinarazpen balioa izan behar du». Atzoko BAO tik: «Zigortzeko espedienteari ebazpen proposamenaren jakinarazpena ehizari buruzko BI-60/2010. / Notificación de la propuesta de resolución del expediente sancionador de caza BI-60/2010». (Gero bada zehapen bat edo beste). 30/1992 Legearen euskal testua k zehapen, zehapen-prozedura eta halakoak darabiltza etengabe, eta uste dut zuzenbidearen arloan aipatu samarra dela zehapen/zigor bereizkuntza. Ez genuke hitz hori erabili behar testuetan?; ez zaigu sinesgarria iruditzen oraind...

Mendetasuneko pertsonak

Testu hau Ezintasun mailak izenekoaren jarraipena da. Osteguneko saioan, ikusi genuen hitz zehatz bat behar dugula "dependencia" kontzeptua adierazteko ("Ley de dependencia" eta abar adierazi beharra dago: Itzul-en behin galdetu zen, eta inork erantzunik eman ez!). Ikusi genuen, orobat, hitz horrek ezintasun eta ez-gaitasun hitzez bestelakoa izan beharko duela. Aipatu genituen "laguntza beharra", "besteren beharra" eta abar, baina ordainik beteena mendekotasun dela atera genuen ondorio ( menpeko ere badago Hiztegi Batuan, eta mendeko -ren sinonimoa dela dio, baina eratorririk bat bera ere ez dute sartu, eta bai aldiz mendeko -renak, eta hortik ondoriozta daiteke erro hori hobesten dela). Horrekin batera, mendetasun ere badagoela ikusi genuen, esanahi berarekin. Hortik aurrera, beste bi kontu daude erabakitzeko: lehena, mende(ko)tasun sustantiboa hartu ondoren, zer adjektibo edo izenlagun hartu "persona dependiente" adierazteko; bigar...