Ez dakit, ordu honetan, Errealak presidente berria duen edo ez (baiezkoan nago). Presidente-hautaketarako batzarrean egin duten eta nik irratiz entzun dudan azalpen elebidunean aurkitu dut mezutxo hau idazteko arrazoia.
Gaztelania eta euskara tartekatzen ari zen aurkezlea. Nik zatitxo bat entzun dut. Halako batean, orain jarriko dudan informazioa gaztelaniaz eman ondoren, euskaraz ekin dio:
Komunak eta taberna ere leku berdinetik irtenda daude. Taberna batzar /// osoan zehar irekita egongo da.Letra lodiz dagoena dut aztergai, eta hiru zehar-marrek eten handi bat adierazten dute: esaldi hori halako eran esan du non baitzirudien "taberna-batzar" hitz elkartua zela eta gero eten handi bat zetorrela.
Ez naiz akats bat ez barkatzeko bezain petrala, eta isil-isilik nengoke horixe bakarrik sentitu banu arrotz. Baina ez: gaztelaniazko azalpena erabat erreal eta benetako sentitzen nuen bezala, euskarazkoa ez nuen natural sentitzen, eta puntu horretan bederen aski irreal gertatu zait. Neure artean pentsatu dut: "Ez dirudi hain zaila, bada, esaldi hori euskaldun batek egiazki komunikatzen denean esango lukeen bezalatsu esatea". Nire iritzian, honelatsu:
Zer diozue?
- Taberna irekita egongo da batzar osoan (?).
- Taberna irekita egongo da batzarrak irauten duen bitartean.
Oharrak: 1.- Dudarik gabe, "toki beretik irtenda" esango genuke, eta ez "toki berdinetik irtenda". 2.- Ez zait batere naturala gertatzen "batzar osoan (irekita egon)"; ez eta "batzar guztian" ere.
Urte berri on berriz ere.
Patxi
1 comment:
Ados hire argudio eta proposamenarekin. Honela ere esan daiteke:
- Taberna irekita egongo da batzarraren denbora osoan
- Taberna irekita egongo da batzarra bukatu artean
Post a Comment