Skip to main content

Azalpen elebidun erreal/irrealak

Urte berri on denoi!

Ez dakit, ordu honetan, Errealak presidente berria duen edo ez (baiezkoan nago). Presidente-hautaketarako batzarrean egin duten eta nik irratiz entzun dudan azalpen elebidunean aurkitu dut mezutxo hau idazteko arrazoia.

Gaztelania eta euskara tartekatzen ari zen aurkezlea. Nik zatitxo bat entzun dut. Halako batean, orain jarriko dudan informazioa gaztelaniaz eman ondoren, euskaraz ekin dio:
Komunak eta taberna ere leku berdinetik irtenda daude. Taberna batzar /// osoan zehar irekita egongo da.
Letra lodiz dagoena dut aztergai, eta hiru zehar-marrek eten handi bat adierazten dute: esaldi hori halako eran esan du non baitzirudien "taberna-batzar" hitz elkartua zela eta gero eten handi bat zetorrela.

Ez naiz akats bat ez barkatzeko bezain petrala, eta isil-isilik nengoke horixe bakarrik sentitu banu arrotz. Baina ez: gaztelaniazko azalpena erabat erreal eta benetako sentitzen nuen bezala, euskarazkoa ez nuen natural sentitzen, eta puntu horretan bederen aski irreal gertatu zait. Neure artean pentsatu dut: "Ez dirudi hain zaila, bada, esaldi hori euskaldun batek egiazki komunikatzen denean esango lukeen bezalatsu esatea". Nire iritzian, honelatsu:
  • Taberna irekita egongo da batzar osoan (?).
  • Taberna irekita egongo da batzarrak irauten duen bitartean.
Zer diozue?

Oharrak: 1.- Dudarik gabe, "toki beretik irtenda" esango genuke, eta ez "toki berdinetik irtenda". 2.- Ez zait batere naturala gertatzen "batzar osoan (irekita egon)"; ez eta "batzar guztian" ere.

Urte berri on berriz ere.

Patxi

Comments

Anonymous said…
Ados hire argudio eta proposamenarekin. Honela ere esan daiteke:

- Taberna irekita egongo da batzarraren denbora osoan

- Taberna irekita egongo da batzarra bukatu artean

Popular posts from this blog

Itxiera-ordutegia

Irratian entzun dut gaur goizean iragarki bat, Herrizaingo Sailarena, (tabernen) "itxiera-ordutegiak" betetzearen aldekoa. Ez dakit burmuinaren txokoren batean "etxera-ordua" ez ote dugun ikusten... Bestela, nire uste oraingo honetan ere harro samarrean, "ixteko orduak" zaindu behar lirateke: ez "itxiera", eta ez "ordutegia". Zer diozue zuek? Patxi

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondoriorik izan ez duenez, iragarki honen bidez jakinarazten dira, 1992ko azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Lege ak, 59. artikuluko 5. zenbakian agintzen duenaren arabera. Interesatuek jakin dezaten ematen da horren berri eta interesatu horientzat banakako jakinarazpen balioa izan behar du». Atzoko BAO tik: «Zigortzeko espedienteari ebazpen proposamenaren jakinarazpena ehizari buruzko BI-60/2010. / Notificación de la propuesta de resolución del expediente sancionador de caza BI-60/2010». (Gero bada zehapen bat edo beste). 30/1992 Legearen euskal testua k zehapen, zehapen-prozedura eta halakoak darabiltza etengabe, eta uste dut zuzenbidearen arloan aipatu samarra dela zehapen/zigor bereizkuntza. Ez genuke hitz hori erabili behar testuetan?; ez zaigu sinesgarria iruditzen oraind...

Mendetasuneko pertsonak

Testu hau Ezintasun mailak izenekoaren jarraipena da. Osteguneko saioan, ikusi genuen hitz zehatz bat behar dugula "dependencia" kontzeptua adierazteko ("Ley de dependencia" eta abar adierazi beharra dago: Itzul-en behin galdetu zen, eta inork erantzunik eman ez!). Ikusi genuen, orobat, hitz horrek ezintasun eta ez-gaitasun hitzez bestelakoa izan beharko duela. Aipatu genituen "laguntza beharra", "besteren beharra" eta abar, baina ordainik beteena mendekotasun dela atera genuen ondorio ( menpeko ere badago Hiztegi Batuan, eta mendeko -ren sinonimoa dela dio, baina eratorririk bat bera ere ez dute sartu, eta bai aldiz mendeko -renak, eta hortik ondoriozta daiteke erro hori hobesten dela). Horrekin batera, mendetasun ere badagoela ikusi genuen, esanahi berarekin. Hortik aurrera, beste bi kontu daude erabakitzeko: lehena, mende(ko)tasun sustantiboa hartu ondoren, zer adjektibo edo izenlagun hartu "persona dependiente" adierazteko; bigar...