Iñakik botatakoen artean, bi proposamen hautatu ditut. Bietan aldaketatxo bat egin dut: lehendabizikoan, irudimena galdegai bihurtu dut (beharrezko iruditu zait, gaztelaniazko leloaren zentzua ikusita) eta puxtarri hitza aukeratu dut (gehiago gustatu zait); bigarrenean, aldiz, lehen esaldia toki batetik eta bigarrena beste batetik hartu dut.
1) Irudimenarekin bakarrik egin dezakezu mundu bat puxtarri batetik
Ez utzi inoiz jolasteari
2) Zeuk bakarrik egiten duzu mundu bat jolas bakoitzetik
Ez utzi inoiz irudimena erabiltzeari
Comments
Eta kanika jarriko bagenu Hiztegi Batuko h. horrek zer esan nahi duen jakingo ez bagenu bezala, hola, tonto-tonto?
(a) Irudimenarekin bakarrik mundu bat egin dezakezu kanika batetik.
(b) Zeuk bakarrik asmatzen duzu mundu bat jolas bakoitzean.
Gogora ditzadan gaztelaniazkoak:
a) "Sólo la imaginación convierte una canica en un mundo."
b) "Sólo tú haces de cada juego un mundo"
Ildo berari jarraitzen badiote bi esaldiek, eta gaztelania horretaz fidatu behar badugu, nire ustez Iñakiren (b) esaldian dago fokua ongi aukeratua, eta (a) aukeran, berriz, honelako zerbait esan beharko genuke (uste dut Mikelek egin duela hori): “Irudimenarekin bakarrik egin dezakezu mundu bat kanika batetik”.
Baina niri errezelo pittin bat sortzen didate esaldiek. Enfasia gune horretara bideratuta (eta, berriz diot, gaztelaniazko esaldiez fidatuz gero hala ulertu beharko genituzke), iruditzen zait ez dela oso logikoa b) mezua.
Enfasiaren gunea aldatuta, berriz, irudika liteke honelako mezu pare bat: a) “Irudimen hutsez, mundu bat egin dezakezu kanika batetik". b) “Zeuk bakarrik, mundu bat egiten duzu jolas bakoitzetik”. Aitortzen dut berriz ere oso erdipurdikoa iruditzen zaidala b) mezua, baina a) berri horrek izan lezake zentzua, ez? Hain zuzen ere, Iñakik hortik jo du bere aukera guztietan, koma gorabehera.
Ez dakit ezertan lagundu dudan.
Iñaki