Skip to main content

Kopuru mugak eta tarteak

Joan den osteguneko saioan esan genituenekin, ondorio hauek atera ditut nik (behar diren zuzenketa guztiak egin):

1) Anbiguotasuna gertatzen da, zenbaitetan, kopuruen muga batzuk aipatzean. Halako kasuetan, badirudi nolabaiteko jakintza partekatu bati esker ulertzen ditugula gauzak alde batera edo bestera. Esate baterako, “mayores de 18 años” esatean ez dugu dudarik egiten hemezortzi urtekoak ere multzo horretan sarturik daudela. Aldiz, “0-3 años" etapan, hezkuntzan, ez dira sartzen hiru urte beteak dituztenak.

2) Anbiguotasuna gorabehera, itzulpenaz den bezanbatean, ez dugu uste itzultzaileari dagokionik halako gauzak esplizitatzea. Beraz, "18 urtetik gorakoak" (edo baliokideren bat) esango dugu aurreko puntuko lehen kasuan, eta bigarrenean ez zaigu bururatuko “0-2 urtekoak” itzultzea.

3) Formulazio guztiz esplizituak ere erabiltzen dira zenbaitetan (sena nahikoa ez delako halako kasuetan, edo gauza horiei buruzko jakintza hain finkatua ez dagoelako, edo... testugileak badaezpada gauzak guztiz zehaztuta uztea erabaki duelako). Esate baterako, “Tener reconocido un grado de minusvalía del 33% o superior" irakur dezakegu arau batean. Halakoetan, jakina, guztiz esplizituak izango gara itzultzeko orduan ere.

4) Hortik aurrera, estiloari buruzko oharren bat edo beste egin liteke. Esate baterako, “tener más de 23 años” itzuli bahar badugu, “23 urte baino gehiago izatea” aukera bezain natural edo naturalago (!!!) gertatzen zaigu, euskaraz, “23 urte edo gehiago izatea”.

5) Askotan muga zehatzak aipatzen dira, baina beste batzuetan ez dira nahitaez hitzez hitz hartu beharrik ere: “más de 1.000 personas” esaten denean, seguruenik inork ez dezake ziurtatu 998 baino gehiago direla... Halakoetan, gutxi gorabehera hitz egin dezakegu, eta, adibidez, “1.000 lagun inguru” esan.

6) Beste lantxo baterako utziko ditugu zenbait kontsiderazio gramatikal: “20 eta 30 bitarte” edo “20tik 30era bitarte”, “2 hilabete arteko epea” edo “2 hilabeterainoko epea” eta beste.

Patxi

Comments

Anonymous said…
Patxi, uste dut ondo jaso duzula mintegi saioan denon artean hitz egindakoa.

Popular posts from this blog

Itxiera-ordutegia

Irratian entzun dut gaur goizean iragarki bat, Herrizaingo Sailarena, (tabernen) "itxiera-ordutegiak" betetzearen aldekoa. Ez dakit burmuinaren txokoren batean "etxera-ordua" ez ote dugun ikusten... Bestela, nire uste oraingo honetan ere harro samarrean, "ixteko orduak" zaindu behar lirateke: ez "itxiera", eta ez "ordutegia". Zer diozue zuek? Patxi

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondoriorik izan ez duenez, iragarki honen bidez jakinarazten dira, 1992ko azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Lege ak, 59. artikuluko 5. zenbakian agintzen duenaren arabera. Interesatuek jakin dezaten ematen da horren berri eta interesatu horientzat banakako jakinarazpen balioa izan behar du». Atzoko BAO tik: «Zigortzeko espedienteari ebazpen proposamenaren jakinarazpena ehizari buruzko BI-60/2010. / Notificación de la propuesta de resolución del expediente sancionador de caza BI-60/2010». (Gero bada zehapen bat edo beste). 30/1992 Legearen euskal testua k zehapen, zehapen-prozedura eta halakoak darabiltza etengabe, eta uste dut zuzenbidearen arloan aipatu samarra dela zehapen/zigor bereizkuntza. Ez genuke hitz hori erabili behar testuetan?; ez zaigu sinesgarria iruditzen oraind...

Mendetasuneko pertsonak

Testu hau Ezintasun mailak izenekoaren jarraipena da. Osteguneko saioan, ikusi genuen hitz zehatz bat behar dugula "dependencia" kontzeptua adierazteko ("Ley de dependencia" eta abar adierazi beharra dago: Itzul-en behin galdetu zen, eta inork erantzunik eman ez!). Ikusi genuen, orobat, hitz horrek ezintasun eta ez-gaitasun hitzez bestelakoa izan beharko duela. Aipatu genituen "laguntza beharra", "besteren beharra" eta abar, baina ordainik beteena mendekotasun dela atera genuen ondorio ( menpeko ere badago Hiztegi Batuan, eta mendeko -ren sinonimoa dela dio, baina eratorririk bat bera ere ez dute sartu, eta bai aldiz mendeko -renak, eta hortik ondoriozta daiteke erro hori hobesten dela). Horrekin batera, mendetasun ere badagoela ikusi genuen, esanahi berarekin. Hortik aurrera, beste bi kontu daude erabakitzeko: lehena, mende(ko)tasun sustantiboa hartu ondoren, zer adjektibo edo izenlagun hartu "persona dependiente" adierazteko; bigar...