2007/10/24

Nora sartu, nor sartu?

Nahasi samarrik ibili gara «Ley 11/2007, de 22 de junio, de acceso electrónico de los ciudadanos a los servicios públicos» euskaraz emateko garaian. ItzuL zerrendan 2007ko urriaren 22an egin zuten galdera baten erantzun bila hasita ohartu naiz gure nahasmenaz. eLenan galdetuta, hiru modutan aurkitu dut emana:

Ley 11/2007, de 22 de junio, de acceso electrónico de los ciudadanos a los servicios públicos

(1) Herritarrak zerbitzu publikoetan elektronikoki sartzeari buruzko Legea
2007-10-17

(2) 2007ko ekainaren 22ko 22/2007 Legea, herritarrek zerbitzu publikoetan sartzeko bide elektronikoak erabiltzeari buruzkoa
2007-09-06 

(3) 2007ko ekainaren 22ko 11/2007 Legea, herritarrek zerbitzu publikoetara baliabide elektroniko bidez jotzeari buruzkoa
2007-09-06

Aurretik, legea onartu baino lehenagoko proiektua ere zenbait aldiz aipatua agertzen da, bi eratan:

Proyecto de Ley de Acceso Electrónico de los Ciudadanos a las Administraciones Públicas

(4) Lege Proiektua, Herri Administrazioetarako herritarren sarbide elektronikoari buruzkoa
2007-05-08

(5) Herri Administrazioetarako herritarren sarbide elektronikoaren Lege Proiektua
2007-05-08

(6) Lege Proiektua, Herri Administrazioetarako herritarren sarbide elektronikoari buruzkoa
2007-04-04

(7) Herri Administrazioetarako herritarren sarbide elektronikoaren Lege Proiektua
2007-04-04

Gainera, lege proiektuak aipamen laburtua ere izan zuen, antza, eta hor beste adiera bat eman genuen, bitan, akats tipografiko eta guzti (itzulpen memoriaren iruzurtxoen lekuko garbia):

Proyecto de Ley de Acceso Electrónico

(9) Sarbide Eletronikoaren Lege Proiektua
2007-05-08

(10) Sarbide Eletronikoaren Lege Proiektua
2007-04-04

Acceso electrónico...

Badirudi hor adostasun handi samarra daukagula, baita adjektibo erreferentziala erabiltzeko ere. Oro har, «acceso»-ren kasuan hiztegi gehienek (Zehazki, Euskalterm, Elhuyar, 3000) «sartu» edo «sarbide»-tik jotzen dute. Beraz... «sarbide elektroniko» ontzat jo genezakeela iruditzen zait.

Bildutako (1) itzulpenean (kronologiaren arabera, berriena da bera) «elektronikoki sartzea» ageri da, baina ez zait iruditzen horrek ezer konpontzen duenik. Esanahiaren aldetik, zalantzakoa da zer ote den «elektronikoki» inora sartzea. Ez dakit, «umilki», «ausarki» edo, muturreraino joanda, «tentelki» sartzea uler daiteke, baina «elektronikoki»?

...de los ciudadanos a los servicios públicos

Oraingoz badugu «sarbide elektronikoa». Erabaki beharko dugu nora(koa) den sarbide hori: «a los servicios públicos». Beraz, «zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa», edo, bestela, «herri zerbitzuetara sarbide elektronikoa».

Ez zait iruditzen (5) itzulpenean «servicios públicos» behar bezala jasotzen denik, «Herri Administrazioetarako [...] sarbide elektronikoa» esaten baitu. Ez da herri administrazioetara sartzea, baizik haien zerbitzuetara.

Alabaina, kontuan izan behar dugu koska bat gelditzen zaigula oraindik gainditzeko: «...de los ciudadanos...», alegia. Izan ere, orain arteko josi dugun «zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa» kolokan gelditzen da «herritarren» tartean ipini nonbait behar dugularik. Bi irtenbide ditugula bururatzen zait:

(12) «herritarren zerbitzu publikoetarako sarbide elektronikoa»
(13) «zerbitzu publikoetara herritarren sarbide elektronikoa»
(14) «zerbitzu publikoetarako herritarren sarbide elektronikoa»

Oroituko zaretenez, ItzuLeko eztabaidan Joxe Mari Berasategik (12) aukera aldeztu zuen, esanez hauxe:

 «Testuinguruak argi uzten du, nire ustez, ez dela [herritarren zerbitzu publikoetarako] [sarbide elektronikoa], [herritarren] [zerbitzu publikoetarako sarbide elektronikoa] baizik.»

Bestalde, (13) kasuan argudiatu liteke lotura bat eskas dela, «...publikoetara herritarren sarbide...» hori ez baita guztiz ziurra.

Alabaina, (14) aukerak badu [zerbitzu publikoetarako herritarren] [sarbide elektronikoa] ulertzeko arriskurik, (13) kasuaren antzera. Gauza harrigarria: lege proiektu izan zen garaian, (14) bidea hartu genuen, eredu horretara lerratzen baitira aho batez (4), (5), (6) eta (7).

«Noren norako sarbidea» ala «nor nora sartu»

Beharbada hortxe dago behaztopa harria: nominalizazio bat dago ezkutuan, «acceder –> acceso» ohiko ereduaren araberakoa, eta hor korapilatzen zaizkigu kontuak.

Beraz, «herritarren zerbitzu publikoetarako sarbidea» (noren norako sarbidea) ordez, «herritarrak zerbitzu publikoetara sartzea» (nor nora sartu) hartu behar genuke abiapuntutzat. Berriro ere, harriturik diot: proiektua lege izan zenez geroztik, «nor nora sartu» ereduaren arabera jokatu dugu, narras antzean bada ere; ikusi (1), (2) eta (3).

Horrela, nik gisa honetako izendapena proposatzen dut:

(15) 2007ko ekainaren 22ko 11/(20)07 Legea, herritarrak zerbitzu publikoetara bide elektronikoz sartzeari buruzkoa

Bide batez, esan dezadan (2) itzulpeneko ergatiboak, «herritarrek» alegia, betiko zalantzaren ispilu dela: «herritarrak sartu», baina «herritarrek erabili»; alegia, esaldi bakarrean subjektu bera aditz intrantsitibo eta trantsitibo banarentzat... Halaber, (3) itzulpenak ez dut uste behar bezala jasotzen duen «acceder» zentzua, «halakora jotzea» esanda.

Gotzon Egia

3 comments:

Gotzon said...

esan dezadan (2) itzulpeneko ergatiboak, «herritarrek» alegia, betiko zalantzaren ispilu dela

Ehemm... Horretaz ari, eta hortxe sartu behar hanka: «esan dezadan (2) itzulpeneko ergatiboa, «herritarrek» alegia, betiko zalantzaren ispilu dela», noski.

Anonymous said...

Lan ederra, Gotzon. Ez dut gaizki ikusten proposamena.

(15) 2007ko ekainaren 22ko 11/(20)07 Legea, herritarrak zerbitzu publikoetara bide elektronikoz sartzeari buruzkoa

Nolanahi ere, astunago gertatzeko arrisku eta guzti, eta artikuluaren erditsuan aipatutako "sartu, sarbide" adostasuna ere pittin bat auzitan jarriz, lizentzia hartzen dut 16. proposamen bat egiteko.

(16) 2007ko ekainaren 22ko 11/(20)07 Legea, herritarrek zerbitzu publikoetarako irispide elektronikoa izateari buruzkoa

Zergatik 'irispide'? Nire iritziz, hobeki hurbiltzen da "bi norabideko zerbitzuaren" ideiara. Beharbada oker nago.

Patxi

Anonymous said...

Ados, Gotzonen proposamenarekin. Zentzuzkoa eta argia da.

Dena den, nik ez nioke uko egingo kasu batzuetan gaztelaniazko "acceso" kontzeptua euskaraz 'eskuratu' edo 'hartu' aditzez emateari.

- "acceso a la información": informazioa eskuratu (lortu)

- "acceso a un servicio": zerbitzua hartu

Izan ere, nahiz eta Real Academia Españolaren hiztegian eta Maria Molinerrenean "acceso" hitzaren kontzeptu hori jaso ez, eguneroko kazetaritza eta administrazio hizkeretan erabili samarra da, gaztelaniaz nahiz euskaraz.

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondorior...