Skip to main content

Posts

"En el plazo de cuanto antes"

Oso esaldi polita entzun nuen lehengo egunean umorezko telesail batean: izenburuko "en el plazo de cuanto antes" hori, alegia. Nekez aurki nezake etiketa-hitzak erabiltzeko joeraren agerpen —edo karikatura— hoberik. Uste dut adibide horrexekin azalduko dudala kontua hemendik aurrera: laster ez dugu "cuanto antes" modukorik esango, baizik eta "en el plazo de cuanto antes"... Nik bezalatsuko irudipenena izan ote du telesaileko gidoigileak ere, ala kasualitate hutsa izan ote da? Auskalo. Ohar bat baneukan horri buruz aurtengo otsailean egina, eta hemen jarriko dut (pixka bat moldatuta, ilun zegoen eta). Eta esango dizuet, bide batez, etiketa esaten dudan tokian erabiltzeko hitz hoberik ez zaidala bururatzen, nahiz izango den, seguru. Hona oharra: Aldia, data eta etiketak . “Abereek irten behar duten data baino 30 egun lehenagoko aldian gutxienez, ardien marranta-sukar edo mingain urdinaren kasu bat ere ez egotea”. Gaztelaniaz, “en los 30 días anteriores al...

Data nola adierazi

Joan den mintegian, Fernando Reyk, pantailan Euskaltzaindiaren 37. araua zuela, ”2008ko maiatzak 20” bezalakoak aposizioan jarri daitezkeela azaldu zuen. Hona araua: Data adierazteko orduan, hortaz, forma hauek erabil bitez: Durango(n), 1995eko martxoaren 7a(n) , aukeran utziz inesiboaren marka. 1995/03/07; 1995-03-27; 1995/III/07; 1995-III-27; 1993-11-23ko bilera agiriak dioenez... Urtarrilak 20 bezalakoak ere erabil daitezke, baina aposizioan: gaur, urtarrilak 20 bezalakoetan Hori Euskaltzaindiak arau guztiekin egin ohi duen laburpena da. Hala ere, ez naiz ni ondorio honetara iristen: Urtarrilak 20 bezalakoak ere erabil daitezke, baina aposizioan BAKARRIK: gaur, urtarrilak 20 bezalakoetan. Nire ustez, forma hori, aposizioan ez ezik, ontzat eman behar da data hutsa adierazteko, GAOn agertzen den bezala, edo gutun batean, amaieran jartzen den bezala: Andere hori: ………………………. ……………………….. Adeitasunez, ……………………… Donostia, 2008ko maiatzak 10. Izan ere, Euskaltzaindiaren arauak dio forma ...

'Lexikoa atzo eta gaur' (LAG) tresna jarri du EHUk

Euskal Herriko Unibertsitate ko Euskara Institutua k aplikazio berri bat jarri du sarean, LAG ( Lexikoa atzo eta gaur ), Ereduzko prosa gaur corpuseko hitz-zerrenda baliatuta. Dagoeneko oso ezaguna dugu gehientsuenok Ereduzko prosa gaur edo EPG, baina ez hainbeste, seguruenik, horren inguruan eskaintzen ari diren beste zerbitzu batzuk. Duela hilabete batzuk, Egungo euskararen hiztegia aplikazioa jarri zuten (ez dago osorik; oraingoz, F, G eta H letrak). Zerrendaturik ageri dira, hor, EPG korpuseko hitzak, ondoan jartzen duela Hiztegi Batuan sartua dagoen edo ez hitz bakoitza, eta adibide guztiak ikus daitezke. Orain, LAG aplikazioarekin, tradizioarekin alderatuta hitz jakin bat goraka ala beheraka doan adierazten da zenbaki bitartez. Jarraibide zehatzak, hemen .

Alarguna izatekotan...

Interneten zerbaiten bila nenbilela, esaldi hau aurkitu dut gaur arratsaldean, erakunde baten inprimaki itxuraz guztiz ofizial batean: Alarguna izatekotan, argi adierazi alarguntza urtea. Ni oso oker ez banago, "alarguna izatekotan" esanda ezin da inoiz adierazi "alarguna izanez gero" (pertsonalizatu gabeko forma erabilita) edo "alarguna bazara" (kasu honetan dagokiola dirudien forma pertsonalizatua erabilita). Ez da berria gorabehera hau, baina oraindik ere nahasteak gertatzen direla dirudi. Ez zait bururatzen, konparatze aldera, esaldi-hasiera horren jarraipen zentzuzkorik. Hurbil samarrekoa izan liteke honako hau: Gazterik alargun gelditzekotan, nahiago dut ez ezkondu. Agiri horretan duguna, berriz, honelatsu adieraziko nuke nik: Alarguna bazara, adierazi zer urtetan gelditu zinen alargun. Patxi

BEZ(a) dela eta

Hona zer dioen Berria ren estilo-liburuak (57. or.). Azalpen laburra da, eta, gainera, horren argitan jakin dezakegu zer proposatzen duten aurrerago dakarten sigla-zerrendako adibide batzuen kasurako (horietako batzuk hizpide izan ditugu gaur mintegian). Besterik da horrekin guztiarekin ados gauden edo ez. Sigla eta akronimo batzuk izen berezien ordezkoak izan ohi dira, eta haiek bezala deklinatzen dira. UPNk atzo aurkeztu zuen lege zuzenketa. NBEren erabakiak ika-mika piztu du. Beste batzuk izen arrunten ordezkoak dira, eta haiek bezala deklinatzen dira; beraz, artikulua hartzen dute. GKEak laguntzeko prest daude. Sekulakoa da BEZari loturiko iruzurra. Horraino azalpena. Sigla-zerrendara joanez gero (187.-195. orriak), behean jarri ditudanak ditugu, gutxien-gutxienez, azalpena letra xehez dutenak eta, beraz, "izen arrunten ordezko" jo beharko genituzkeenak. Zerrendan ez da deklinabideari buruzko daturik ematen, baina horiek Berria koentzat GKE eta BEZ...

EIMAren ortotipografiaz

Nafarroako Gobernuko Aldizkari Ofizialeko itzultzaileen taldearen izenean idazten dizuet, zeuen iritzia bildu nahian geure lanean sortu zaizkigun zalantza batzuei buruz, guztiok Administrazioaren alor beretsuetan ari garela kontuan hartuz eta “batasun”era ahalik eta gehien hurbiltzeko asmoz. Zehazki, jarraian aipatzen dizkizuegun lau kasu hauetan zer iritzi duzuen edo praktikan nola jokatzen duzuen jakin nahi genuke: 1. Berriki argitaratu den Letra larriak erabiltzeko irizpideak lanean, besteak beste, hizpide dute kontseilariak/sailburuak izendatzeko modua. Honela diote lanaren egileek: Kulturako sailburua idaztea zuzena da (Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburua da), kultura-sailburua idaztea ere zuzena da (Miren Azkarate kultura-sailburuak adierazi du...). Ez da idazkera egokia , ordea *Kultura-sailburua forma, ezta *Kultura sailburua ere (ez baita aposizioa; alegia, ez da hau: Kultura izena duen sailburua). Horri jarraikiz, gu behinik behin oker ari gara gure ...

Publizitate leloa dela eta

Iñakik botatakoen artean, bi proposamen hautatu ditut. Bietan aldaketatxo bat egin dut: lehendabizikoan, irudimena galdegai bihurtu dut (beharrezko iruditu zait, gaztelaniazko leloaren zentzua ikusita) eta puxtarri hitza aukeratu dut (gehiago gustatu zait); bigarrenean, aldiz, lehen esaldia toki batetik eta bigarrena beste batetik hartu dut. 1) Irudimenarekin bakarrik egin dezakezu mundu bat puxtarri batetik Ez utzi inoiz jolasteari 2) Zeuk bakarrik egiten duzu mundu bat jolas bakoitzetik Ez utzi inoiz irudimena erabiltzeari