Skip to main content

S.o.z.i.e.t.a.t.e. a.n.o.n.i.m.o.a

Behin baino gehiagotan bueltaka ibili gara mintegian sozietate anonimoaren laburtzapenaren inguruan: SA edo S.A. Gutxienez mintegikide batzuontzat, ez zegoen argi laburdura ala sigla ote zen. Lehendabiziko kasuan, "sozietate anonimo" esan eta puntua idatzi beharko litzateke. Bigarren kasuan, ordea, "ese a" esan eta punturik gabe idatziko genuke. Azkenean, ustez, siglaren aldeko apustua egin genuen mintegian (oker banago zuzendu).

Aitzitik, lehengoan irakurri nuen gaztelaniaz "S.A." sigla ez baizik laburdura zela Manual de Español Urgente webgunean, zehazki kontsulten atalean. Kontsiderazio hori dela eta, laburduraren azpian dauden hitzak bere horretan esan behar dira ("sociedad anónima") eta ez, ordea, "ese a". Idaztean, "S.A." erabili behar da, hortaz.

Gauzak horrela, euskarazko laburtzapenaren kasuan, agian merezi du mintegian berriro aztertzea. Horrela eginez gero, erabaki beharko genuke sigla izaerari eusten diogun ala laburduratzat hartzen dugun.

Irizpidea, besteak beste, beste sozietate mota batzuetarako ere baliagarria da.

---
Mikel Azkarate

Comments

Gotzon said…
Ikusi dut Fundeuk laburtzapentzat jotzen dituela, baina ni ez nago oso seguru.

Uste dut arazoak badituela beste koska batzuk, kontuan hartu beharrekoak:

- Enpresa izen askok SA hori jasotzen du amaieran, emaitza osoa sigla izan gabe nahitaez. Adibide modroa dago: Aparcaguisa, Asisa, Metrovacesa...

- Beste askotan, enpresaren izena sigla da, eta SA du amaieran, adibidez: Rumasa, TISA eta beste hamaika.

- Enpesaren izenaren atzetik S.C.A. ikusita, inork irakurriko al luke behar bezala? Nori otuko zaio sociedad comanditaria por acciones izan daitekeela?

- Laburtzapenen erabidea oso librea da, egia da hori, baina badira halako jarraibide orokor batzuk, besteak beste, laburtzapenak nahiago izaten du silabaren erdian eta kontsonantean moztea (art., etab.). Normalagoa litzateke, horretaz, Soc. Anón. edo gisako zerbait.

Labur esanda, iruditzen zait enpresa motaren izendapen laburtu hori siglaren antza handiagoa du, laburtzapenaren baino.

Gotzon

Popular posts from this blog

Itxiera-ordutegia

Irratian entzun dut gaur goizean iragarki bat, Herrizaingo Sailarena, (tabernen) "itxiera-ordutegiak" betetzearen aldekoa. Ez dakit burmuinaren txokoren batean "etxera-ordua" ez ote dugun ikusten... Bestela, nire uste oraingo honetan ere harro samarrean, "ixteko orduak" zaindu behar lirateke: ez "itxiera", eta ez "ordutegia". Zer diozue zuek? Patxi

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondoriorik izan ez duenez, iragarki honen bidez jakinarazten dira, 1992ko azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Lege ak, 59. artikuluko 5. zenbakian agintzen duenaren arabera. Interesatuek jakin dezaten ematen da horren berri eta interesatu horientzat banakako jakinarazpen balioa izan behar du». Atzoko BAO tik: «Zigortzeko espedienteari ebazpen proposamenaren jakinarazpena ehizari buruzko BI-60/2010. / Notificación de la propuesta de resolución del expediente sancionador de caza BI-60/2010». (Gero bada zehapen bat edo beste). 30/1992 Legearen euskal testua k zehapen, zehapen-prozedura eta halakoak darabiltza etengabe, eta uste dut zuzenbidearen arloan aipatu samarra dela zehapen/zigor bereizkuntza. Ez genuke hitz hori erabili behar testuetan?; ez zaigu sinesgarria iruditzen oraind...

Mendetasuneko pertsonak

Testu hau Ezintasun mailak izenekoaren jarraipena da. Osteguneko saioan, ikusi genuen hitz zehatz bat behar dugula "dependencia" kontzeptua adierazteko ("Ley de dependencia" eta abar adierazi beharra dago: Itzul-en behin galdetu zen, eta inork erantzunik eman ez!). Ikusi genuen, orobat, hitz horrek ezintasun eta ez-gaitasun hitzez bestelakoa izan beharko duela. Aipatu genituen "laguntza beharra", "besteren beharra" eta abar, baina ordainik beteena mendekotasun dela atera genuen ondorio ( menpeko ere badago Hiztegi Batuan, eta mendeko -ren sinonimoa dela dio, baina eratorririk bat bera ere ez dute sartu, eta bai aldiz mendeko -renak, eta hortik ondoriozta daiteke erro hori hobesten dela). Horrekin batera, mendetasun ere badagoela ikusi genuen, esanahi berarekin. Hortik aurrera, beste bi kontu daude erabakitzeko: lehena, mende(ko)tasun sustantiboa hartu ondoren, zer adjektibo edo izenlagun hartu "persona dependiente" adierazteko; bigar...