Skip to main content

Posts

Showing posts from May, 2007

Gogoeta xumea itzulpen politikaz

Gogoeta interesgarria aurkitu dut Tiraka blogean, batzuetan itzulpenen inguruan egindako gehiegikeriei buruzkoa. Jaurlaritzako langile euskaldun batzuen weborria da Tiraka. Agian, gure artean ez da izaten tamaina horretako antzeko kasurik, baina bai gogora ekartzen dizkigu gure etxeko itzulpengintzan batzuetan gertatzen diren bitxikeriak: Herritarrak euskaraz aurkeztutako idazkiari gaztelaniaz erantzuten dion langile euskaldun (trebatu)aren testua euskaratzea. Kanpoan presaka euskaratutako testua zuzentzea edota txukuntzea. ... Artikuluaren iruzkinetako batean, gainera, zer pentsaturik ematen duten galderak egiten dira, adibidez, "Egin al du norbaitek benetan itzultzea merezi duten testuen zerrenda, garrantziaren hurrenkeran?" edo "Hausnartu eta aztertu al dira Administrazioan testuak euskaraz sortzeak duen garrantzia eta eragina?". Horra, bada, norberak edo taldean hausnartu eta erantzuteko galderak. Nago itzultzaileok eta itzultzaile laguntzaileok jabetu beharra ...

Beste zenbait argibide: ez

Ostiral baterako txorakeria. Iragarki ofizial bat, GAOkoa, kontratazio-lehiaketa baterako deialdia dakarrena. Badakizue: kontratuaren xedea, esleitzailea (sic), tramitazioa eta adjudikatzeko (sic) modua, bermeak eta gainerako atal guztiak. Bukaeran, hauxe: Otras informaciones: No. Beste zenbait argibide: Ez. Arraioa! Bada, horrela esanda, "beste zenbait...", nik zerbait aurkitzea espero nuen, baina zasta! Ezetz, ba! Hutsa ez da gramatikala. Koherentzia-arazoa da. Honela beharko luke, nire ustez: "Bestelako argibideak: Ez dago." Patxi

'On line', 'in vitro', 'inter vivos'

Behin gaitzetsi-edo egin nuen " on line laguntza" egitura, aposizio bitxia delakoan, eta nola edo hala "on line" edo "sarean" adizlagun moduan jokatu beharko litzatekeela esan nuen. Beste aukera bat, adjektibo moduan erabiltzea, bihurriagoa eta traketsa da oso: "laguntza on line -ak eskaintzen ditugu"? Baina konturatu naiz esapide gehiagorekin gertatzen dela aposizio modu hori; bereziki latinezko esapideekin: in vitro ernalketa inter vivos dohaintzak Patxi

Maiatzeko txostenari buruz

Laster jasoko duzue GIFAMI_07_MAIATZA dokumentua. Azken saiorako egindako oharren eta iruzkinen bilduma bat da (luzea atera da azkenerako). Txosten horri buruzko oharrak, osagarriak, zuzenketa-proposamenak edo nahi dena egiteko modurik errazena hemen erantzunak sartzea da. Ekin! Patxi

Puntoycoma, gaztelaniazko kontsultagunea

Europar Batzordeko gaztelaniaren itzulpen unitateen berripapera eta foroa da Puntoycoma . Urtean sei zenbaki inguru sareratzen dituzte. Berripaper honi alderdi interesgarriak ikusten dizkiot: Itzulpen arazo batzuei buruzko ikuspuntua kontsultatzea. Frantsesez edo atzerriko hizkuntza batzuetan (ingelesez, batez ere) eratutako terminoak nondik nora sortu diren ezagutzea. Beste itzultzaile talde batzuen kezken berri hartzea. Puntoycomak aurkibide analitikoa eskaintzen du, non aztertu eta proposatutako hainbat termino, esapide... ikus daitezkeen. Iruditzen zait praktikoa izan daitekeela guri dagozkigun hainbat zalantza argitzeko. --- Mikel

Hurrengo mintegi saioa

(Posta elektronikoz Gifamira bidalitako proba; barka ez bada behar bezain ongi ateratzen) Hurrengo mintegi saioa, dakizunez, Elhuyar Fundazioko Alfontso Mujika rekin egingo dugu. Gogoan izan behar duzue saioa ekainaren 14an egitekoa genuela, baina astebetez atzeratu behar izan dugu. Beraz, 2007ko ekainaren 21ean egingo dugu, Aldundiko sotoko aretoan. Alfontso Mujika prest azaldu da guk nahi genituzkeen gaiak, ahal duen neurrian, aztertzeko saioan. Horretarako, jakina, proposamenak edo eskaerak garaiz egin behar dizkiogu. Ongi iruditzen bazaizue, Gifamin bertan egin ditzakezue proposamenak, mezu honi erantzunez. Gotzon Egia

Ogi arraila

Jakin orduko jakinaraztera noa: ogi arraila . Ba al zenekiten, etxekoandre-etxekogizonok? Aitortu behar dizuet azken aldiz denda txiki batera hori erostera joan nintzenean "ogi rallatua" eskatu nuela, "ogi birrindua" artifizial samarra iruditu zaidalako beti, baina hurrengorako badakit: ogi arraila . Hiztegi Batuan: arrail 2 izond.: ogi arraila. Ba al dakite Eroskikoek eta? Patxi

Itzulpen automatikoa zertan den

Itzultzaileok lanean (itzultzen) jarraituko dugu (oraingoz). Ondorio hori atera daiteke Langilearen Egunean, joan den maiatzaren 1ean, Jakes Goikoetxeak Berrian argitara eman zuen artikulua irakurrita: "Itzulpenerako laguntzailea helburu". Izan ere, Euskal Herrian itzulpen automatikoari buruzko ikerketa zertan den aztertu zuen artikuluan, hain zuzen Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza euskarazko itzultzaile automatiko bat sortzeko bultzatzen ari den ikerketa. Bost enpresatara jo omen du Jaurlaritzak: Eleka, Emergia tech, InterLan System, Automatic Trans eta Translendium (azken biak katalanak). Artikuluan itzulpen automatikorako osagai desberdinak aztertzen dira: testuen corpusak, itzulpenen kudeatzaileak, sistema estatistikoa, itzulpen memoriak... Bai eta enpresa bakoitzaren ikerketa zertan den ere. Sailburuordetzak dioenez, bi urtean gaztelania-euskara eta euskara-gaztelania itzultzaileak egin daitezke. Enpresa batzuen ustez, ordea, emaitza berezko itz...

Mezuak bidaltzeko helbidea aldatu da

Lehengoan, Aitziberrek arazoa izan zuen blog honetara mezua bidaltzean. Kontua da Gifami blogean aldaketa batzuk egin zirela eta mezuak erraz bidaltzeko helbidea ere aldatu zela. Sistemak berak egin zuen aldaketa, inork helbide jakin bat jartzeko agindu gabe. Beraz, aurrerantzean mezuak erraz bidaltzekotan, hona egin behar duzue: sagardegi(puntu)idatzi(a bildua)blogger.com

"Cuando proceda" eta "en su caso": Patxiri erantzun nahian hasi, eta…

(Oharra: testuak luzea dirudien arren, gehiena adibideak dira, eta letra beltzean dagoena baino ez da nire idazlana.)    Batzar Nagusietako Barne Araudia itzuli genuen iaz (ehun artikulutik gorako testu mardula), eta "cuando proceda" bitan agertzen da. Guk " dagokionean " itzuli genuen batean:   La Presidencia, por razones de urgencia y ordenación del trabajo de la Cámara, podrá determinar a los efectos oportunos y sin perjuicio de su debida constancia ulterior en el boletín cuando proceda , que los documentos pertinentes sean objeto de reproducción por medios mecánicos y de reparto a las y los junteros miembros del órgano que haya de debatirlos. Lehendakariak, presagatik eta Ganberaren lana antolatzeagatik, agindu dezake agirien kopiak bitarteko mekanikoen bidez egiteko, eta banatzeko eztabaidatuko dituen organoko batzarkideei. Nolanahi ere, dagokionean , Aldizkarian argitaratu beharko dira.   Eta " behar denean " bestean:   Los ...

Memoria ona baina...

Gipuzkoako herri handi bat. Bi iragarki ofizial, egun berean, bi lanpostu motatarako deialdiak egiteko. Iragarki bien hasieran, akats berberak. Toki Gobernu Batzarrak, 2007ko apirilaren 20an egindako saioan, besteak beste, honako akordio hau hartu zuen: 1. Deia egitea Udaltzaingoko bost agente plaza oposizio irekia bidez jabegoan betetzeko, Udal honetako funtzionarioen langile-plantilan hutsik daudenak. 2. Aipatu deialdia arautuko dituen oinarriak onestea, erabaki honi batzen zaizkionak. Bi nabarmen aipatzeagatik, xehetasunetan sartu gabe. Memoria ona, baina zuzentzea ahaztu. Patxi