Skip to main content

"Cuando proceda" = "bidezko denean"?

Gai hau inoiz komentatua dugu, baina ez dakit behar bezala azaltzea lortu genuen. Gaur aurkitu dudan adibidearekin ikus dezakegula uste dut. Adibidea, hain zuzen ere, gaurko GAOkoa da, 320/2007 Foru Agindukoa.

Xedapenaren "Bigarren" atalan, esaten da RAI-RUG balorazio sistema erabiliko dela zerbitzu jakin batzuk eskatzen direnean (adinekoentzat). Gero, "Laugarren" atalaren bigarren puntuan, esaten du mendekotasun-egoeraz ematen den ebazpenean bi balorazio jasoko direla ("distinguirá" bitxi samar bat dago gaztelaniaz): BVD baremoaren araberakoa bat, eta, "cuando proceda", aipatutako RAI-RUG sistemaren araberako beste bat (euskaraz, "bidezko denean"). Oker ez banago, arauan objektiboki ezarria dago zer kasutan erabiliko den RAI-RUG sistema, eta, beraz, halakoetan agertuko da balorazio-ebazpenean, ez gainerakoetan. Hor "cuando proceda" esatean, "cuando corresponda" dio, nire ustez, eta euskaraz ez zait inondik ere "bidezko denean" ateratzen niri, baizik eta "hala dagokionean" edo "behar denean"/"behar den kasuan".

Automatismo okertzat daukat "cuando proceda" esapidea "bidezko denean" itzultzea. Nolanahi ere, ongi aztertu behar da zein den akatsaren sorburua (akatsik bada): gaztelaniazko esapidearen balio zehatza ez atzematea (edo beti balio bera ez izatea, hori ere gerta baitaiteke) edo euskarazkoa ulertzeko modu bat baino gehiago izatea.

OEHn, honela definitzen da bidezko: "Justo, legítimo, conforme a derecho; justo (referido a personas); conveniente, correcto".

Zehazki hiztegiak ez dakit asko laguntzen digun. Honela dio:

proceder
3
(ser adecuado) egoki izan: se les avisará cuando proceda, dagokionean abisatuko zaie.

Esaldian egindako aukera bat dator, neurri handi batean, nik esandakoarekin, baina bi gauza ez ditut oso-oso argi ikusten: lehena, "ser adecuado" definizioa; bigarrena, euskaraz "egoki izan" eta "dagokionean" gauza berbera ote diren.

Esan, mesedez, nola ikusten duzuen kontua. Nire ustez, nahiko garrantzitsua da, noiznahi agertzen baita fraseologia juridiko-administratiboan.

Patxi

Comments

Anonymous said…
Ea segidan datorrenak pixka bat laguntzen duen auzia argitzen.

Definizioari dagokionez, "Diccionario de términos jurídicos" liburuan (DTJ) honela dio:

- "procedente: Que es conforme a derecho, (...)."
- "proceder: 1. Ser lo apropiado o correcto según la ley o las exigencias judiciales. 2. Comenzar un procedimiento judicial. (...)."

Batetik, Patxik erabilitako adibidean, nire ustez, "cuando proceda" esapideak ez du balio terminologikorik eta zentzu arrunta du, alegia, "en su caso" esapidearen parekoa da; euskaraz: hala dagokionean, hala badagokio, behar denean, behar den kasuan...

Bestetik, interesgarria da aztertzea hizkera juridiko-administratiboan zer adierazi nahi den "proceder" aditza zentzu terminologikoan erabiltzen denean. Nire ustez, DTJn emandako definizioei erreparatu behar zaie. Hori horrela, euskaraz honela eman liteke:

- "procede imponer la sanción": zigorra jarriko zaio ("comenzar un procedimiento").
- "se procede a liquidar los intereses": interesak likidatuko dira ("comenzar un procedimiento").

Azkenik, halere, ez dut desegoki ikusten zenbait kasutan "procedente" adjektiboaren euskarazko ordaina "bidezkoa" izatea, DTJn eta OEHn emandako definizioei jarraituz:

- "si el despido es procedente": kaleratzea bidezkoa bada ("Ser lo apropiado o correcto según la ley" edo "justo, conforme a derecho").

Popular posts from this blog

Itxiera-ordutegia

Irratian entzun dut gaur goizean iragarki bat, Herrizaingo Sailarena, (tabernen) "itxiera-ordutegiak" betetzearen aldekoa. Ez dakit burmuinaren txokoren batean "etxera-ordua" ez ote dugun ikusten... Bestela, nire uste oraingo honetan ere harro samarrean, "ixteko orduak" zaindu behar lirateke: ez "itxiera", eta ez "ordutegia". Zer diozue zuek? Patxi

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondoriorik izan ez duenez, iragarki honen bidez jakinarazten dira, 1992ko azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Lege ak, 59. artikuluko 5. zenbakian agintzen duenaren arabera. Interesatuek jakin dezaten ematen da horren berri eta interesatu horientzat banakako jakinarazpen balioa izan behar du». Atzoko BAO tik: «Zigortzeko espedienteari ebazpen proposamenaren jakinarazpena ehizari buruzko BI-60/2010. / Notificación de la propuesta de resolución del expediente sancionador de caza BI-60/2010». (Gero bada zehapen bat edo beste). 30/1992 Legearen euskal testua k zehapen, zehapen-prozedura eta halakoak darabiltza etengabe, eta uste dut zuzenbidearen arloan aipatu samarra dela zehapen/zigor bereizkuntza. Ez genuke hitz hori erabili behar testuetan?; ez zaigu sinesgarria iruditzen oraind...

Mendetasuneko pertsonak

Testu hau Ezintasun mailak izenekoaren jarraipena da. Osteguneko saioan, ikusi genuen hitz zehatz bat behar dugula "dependencia" kontzeptua adierazteko ("Ley de dependencia" eta abar adierazi beharra dago: Itzul-en behin galdetu zen, eta inork erantzunik eman ez!). Ikusi genuen, orobat, hitz horrek ezintasun eta ez-gaitasun hitzez bestelakoa izan beharko duela. Aipatu genituen "laguntza beharra", "besteren beharra" eta abar, baina ordainik beteena mendekotasun dela atera genuen ondorio ( menpeko ere badago Hiztegi Batuan, eta mendeko -ren sinonimoa dela dio, baina eratorririk bat bera ere ez dute sartu, eta bai aldiz mendeko -renak, eta hortik ondoriozta daiteke erro hori hobesten dela). Horrekin batera, mendetasun ere badagoela ikusi genuen, esanahi berarekin. Hortik aurrera, beste bi kontu daude erabakitzeko: lehena, mende(ko)tasun sustantiboa hartu ondoren, zer adjektibo edo izenlagun hartu "persona dependiente" adierazteko; bigar...