Skip to main content

Antzaldatu eta transfiguratu

Balbula blogeko artikulu bati erantzunez idatzi dut hau, eta hemen ere jartzea pentsatu dut.

Bada, nire ustez, deus txarrik ez du Euskaltzaindiak hiztegi hori egiteak eta lehenbailehen amaitzeak; aitzitik, dena du on eta mesede.

'Antzaldatu' dakarrela hiztegi horrek, eta ez 'transfiguratu'? Bikain. 'Transfiguratu' nahi duela erabili Bernardo Atxaga idazle eta euskaltzainak? Bikain. Gauza bat bertzearen aitzi doa? Ez. 'Antzaldatu' erabili dutela Biblian? Doktoreak eta erretoreak ditu elizak; berek jakinen dute zergatik nahiago duten hitz hori.

Beharbada, nik neuk ere nahiago dut 'antzaldatu', baina horrek ez dio axola. Nik nahi eta behar dudana, premia gorriko dudana, hauxe da: Hiztegi Batuak jaso dezala, orain eta hemen, 'antzaldatu', denok jakin dezagun hitz hori euskarazko hitza dela, hitz ederra gainera -nire uste apalean-, eta euskarazko testugilerik bikainenetako batzuek erabili dutela aspaldi eta erabiltzen dutela oraindik ere. Eta behar dudana da gure ume eta gazteek ikas dezatela hitz hori, eta horren haritik, jakin dezatela, adibidez, sugeak “larrualdatu” edo “larruberritu” egiten direla.

Hori da Euskaltzaindiaren egitekoa, besteak beste: gure hiztegi-ondarea jasotzea eta normalizatzea. Idazleek bestelako eginkizun eta jardunbide bat dute. Irakasle edo gisakook, berriz, batenak eta besteenak geureganatu eta transmititzeko ahalegina egin behar dugu.

Amaitzeko, desio bat: ez ahal dio Bernardo Atxaga euskaltzainak aginduko Bernardo Atxaga idazleari zer eta nola idatzi behar duen.

Patxi Petrirena

Comments

Gotzon said…
Balbula bloga? Patxi, baduzu egonarria eta eramana, aski eta sobra, halako foroetan jarduteko.

Gainerakoan, hizkiz hizki izenpetuko nituzke Hiztegi Batuari buruzkoak, baita BA idazleari buruzkoak ere.
Anonymous said…
Noizbehinka halako inkurtsio txiki batzuk egiten ditut, bai... Eta "egonarria", zeinen hitz polita; aita pontekoari ikasi nion, duela hogeita hamar urte baino gehiago (bai eta batzuk "hanka-pilotan" aritzen direla ere).

Popular posts from this blog

Itxiera-ordutegia

Irratian entzun dut gaur goizean iragarki bat, Herrizaingo Sailarena, (tabernen) "itxiera-ordutegiak" betetzearen aldekoa. Ez dakit burmuinaren txokoren batean "etxera-ordua" ez ote dugun ikusten... Bestela, nire uste oraingo honetan ere harro samarrean, "ixteko orduak" zaindu behar lirateke: ez "itxiera", eta ez "ordutegia". Zer diozue zuek? Patxi

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondoriorik izan ez duenez, iragarki honen bidez jakinarazten dira, 1992ko azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Lege ak, 59. artikuluko 5. zenbakian agintzen duenaren arabera. Interesatuek jakin dezaten ematen da horren berri eta interesatu horientzat banakako jakinarazpen balioa izan behar du». Atzoko BAO tik: «Zigortzeko espedienteari ebazpen proposamenaren jakinarazpena ehizari buruzko BI-60/2010. / Notificación de la propuesta de resolución del expediente sancionador de caza BI-60/2010». (Gero bada zehapen bat edo beste). 30/1992 Legearen euskal testua k zehapen, zehapen-prozedura eta halakoak darabiltza etengabe, eta uste dut zuzenbidearen arloan aipatu samarra dela zehapen/zigor bereizkuntza. Ez genuke hitz hori erabili behar testuetan?; ez zaigu sinesgarria iruditzen oraind...

Mendetasuneko pertsonak

Testu hau Ezintasun mailak izenekoaren jarraipena da. Osteguneko saioan, ikusi genuen hitz zehatz bat behar dugula "dependencia" kontzeptua adierazteko ("Ley de dependencia" eta abar adierazi beharra dago: Itzul-en behin galdetu zen, eta inork erantzunik eman ez!). Ikusi genuen, orobat, hitz horrek ezintasun eta ez-gaitasun hitzez bestelakoa izan beharko duela. Aipatu genituen "laguntza beharra", "besteren beharra" eta abar, baina ordainik beteena mendekotasun dela atera genuen ondorio ( menpeko ere badago Hiztegi Batuan, eta mendeko -ren sinonimoa dela dio, baina eratorririk bat bera ere ez dute sartu, eta bai aldiz mendeko -renak, eta hortik ondoriozta daiteke erro hori hobesten dela). Horrekin batera, mendetasun ere badagoela ikusi genuen, esanahi berarekin. Hortik aurrera, beste bi kontu daude erabakitzeko: lehena, mende(ko)tasun sustantiboa hartu ondoren, zer adjektibo edo izenlagun hartu "persona dependiente" adierazteko; bigar...