Skip to main content

Marrak joskeraren lagun: testu bat aztergai

Lurzoruaren Legearen euskal testuan, hainbat eta hainbat aldiz erabili dira marra luzeak, sintaxiaren lagungarri: 90 aldiz, gutxi gorabehera. Kopuru handia da oso, testu luzea izanik ere, eta aztertzea merezi duen puntua iruditu zaigu.

Ez dira marra tipikoak euskarazko testuan ageri direnak; ez dira, nolabait esateko, parentesien paretsukoak (ikus, nahi izanez gero, puntu horren gaineko dokumentazioa…). Euskaraz marrak erabili diren esaldietan, kasu bakar batean ere ez dago marrarik gaztelaniazko testuan, hainbat gutxiago parentesirik (legeetan, gaztelaniaz aurkitu ditudan marra-arte gehien-gehienak sarreran aurkitu ditut, zioen azalpenetan, baina artikuluetan agertutako kasuren bat ere badut jasoa). Joskeraren lagun sartu dira, beraz, euskarazko marra-arte horiek guztiak.

Aztertzekoa iruditzen zaigu, esan bezala, marren erabilera sintaktiko honek testu korapilotsuetan eman dezakeen jokoa. Baditu bere alde txar edo eztabaidagarriak, seguruenik, baina izan dezake alde onik ere.

Lurzoruaren Legeko marra-arte guztiak, testuko hurrenkeran, beste dokumentu batean bildurik daude. Hemen, sailkapen bat egiten ahalegindu naiz, adibideak multzokaturik. Asko sailkatu ditut (sail guztiak taxutzeko adina, ustez), baina bukaeran beste multzo bat utzi dut oraindik sailkatu gabe. Norbait animatzen bada…

Sail hauek atera zaizkit niri. Muga ez da oso zehatza batzuetan, eta findu daiteke sailkapena, baina hasteko balioko duelakoan nago:

1. “Hautakariz loturiko izen-multzo” bat biltzen duten marra-arteak: “hau nahiz bestea”, “izan hau edo izan bestea”...

(4.4) La satisfacción de derechos e intereses patrimoniales legítimos de cualesquiera sujetos, públicos o privados, debe producirse siempre en los términos de esta ley y de la ordenación urbanística, ...

4. Nornahik —dela pertsona publikoa, dela pribatua— izan ditzakeen ondare-interes eta ondare-eskubide bidezkoak gauzatuko badira, lege honetan eta hirigintzaren antolamenduan ezarritako moduan gauzatu beharko dira; ...

2. Lokailuz edo adberbioz laguntzen diren oharrak: batez ere, behintzat, barne, bereziki, hain zuzen...

150.c) Las cargas de urbanización, incluidos los gastos de gestión, serán satisfechas al agente urbanizador a cargo de los propietarios, y, a elección de estos últimos, bien en metálico bien mediante entrega de solares edificables, derechos de superficie o, en su caso, viviendas, locales o edificaciones, si se hubiera convenido la edificación, o mediante cualquier combinación de dichas alternativas de pago que se hubiera pactado.

c) Urbanizatze-kargak —kudeaketa-gastuak barne— jabeek ordainduko dizkiote eragile urbanizatzaileari, jabeek berek nahi duten eran: bai diruz, bai, eraikitzea hitzartu bada, orube eraikigarriak, lurrazal-eskubideak edo, bestela, etxebizitzak, lokalak zein eraikinak emanez, bai, hala hitzartu bada, ordainketa-modu horien nolanahiko konbinazioz.

3. Gaztelaniaz izen baten osagarri diren sintagma edo perpausak (partizipioz osaturikoak, adjektiboak, preposiziozkoak...) ordezten dituzten marra-arteak.

44.6 6. (...) La adjudicación se producirá en todo caso en exceso cuando se trate de mantener la situación del propietario de finca, parcela o solar en que existan construcciones compatibles con el planeamiento en ejecución.

Esleipena betiere goitik egingo da, baldin eta bere horretan mantendu nahi bada eraikuntzak —egikaritzen ari den plangintzarekin bateragarriak— dituen finka, partzela edo orubearen jabearen egoera.

4. Aurrekoen sailekoak, baina euskaraz marra artean perpaus beregaina osatzen dutenak (formaz, beraz, esaldi nagusi dira, aditz osoarekin eta menderagailurik gabe; mintegi-saioan Korok egindako oharra).

64.2.b) Resolver la adecuada integración de la nueva propuesta urbanística en la estructura de ordenación municipal definida por el correspondiente plan general.

b) Hirigintzako proposamen berriak ondo txertatu behar ditu udal-antolamenduaren egituran —dagokion plan orokorrean egongo da definiturik egitura hori—.


5. Gaztelaniazko erlatibo esplikatzaileen ordezkoak. Formaz, esaldi nagusi dira asko eta asko (aurreko saileko batzuk bezala).

195.1. (...) Estos proyectos se aprobarán por el ayuntamiento por el procedimiento que dispongan las ordenanzas municipales, que en los municipios alaveses incluirá el preceptivo informe de los concejos afectados, o bien se incluirán como anexos en el proyecto de edificación y se autorizarán mediante la correspondiente licencia.

(...) Udal-ordenantzetan ezarritako prozeduraren bitartez onartuko ditu udalak proiektu horiek —Arabako udalerrien kasuan, eragindako kontzejuen txostena ere jasoko da nahitaez—, edo, bestela, eraikuntza-proiektuaren eranskin gisa jasoko dira proiektuok, eta dagokion lizentziaren bitartez baimenduko dira.


6. Erlatibo zehaztaile diruditen batzuen ordainetan sartutakoak. Formaren aldetik, marra artekoa mendeko perpaus formakoa da batzuetan, eta perpaus nagusiaren formakoa bestetan).

147.4. El ayuntamiento, al aprobar el conjunto de las cuotas de urbanización, podrá acordar el aplazamiento del pago hasta la finalización de las obras de urbanización, atendiendo a las especiales circunstancias económicas del propietario solicitante que se establezcan reglamentariamente.

4. Udalak, urbanizatze-kuotak onartzerakoan, ordainketa urbanizatze-lanak amaitu arte atzeratzea erabaki ahal izango du, jabe eskatzaileak inguruabar ekonomiko bereziak dituela kontuan hartuta —erregelamenduz ezarriko dira inguruabarrok—.


Sailkapen osoa eskuratu nahi izanez gero, hartu eskuineko aldeko 'Agiriak' sailetik Marrak joskeraren lagun testua.

Patxi


Comments

Popular posts from this blog

Itxiera-ordutegia

Irratian entzun dut gaur goizean iragarki bat, Herrizaingo Sailarena, (tabernen) "itxiera-ordutegiak" betetzearen aldekoa. Ez dakit burmuinaren txokoren batean "etxera-ordua" ez ote dugun ikusten... Bestela, nire uste oraingo honetan ere harro samarrean, "ixteko orduak" zaindu behar lirateke: ez "itxiera", eta ez "ordutegia". Zer diozue zuek? Patxi

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondoriorik izan ez duenez, iragarki honen bidez jakinarazten dira, 1992ko azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Lege ak, 59. artikuluko 5. zenbakian agintzen duenaren arabera. Interesatuek jakin dezaten ematen da horren berri eta interesatu horientzat banakako jakinarazpen balioa izan behar du». Atzoko BAO tik: «Zigortzeko espedienteari ebazpen proposamenaren jakinarazpena ehizari buruzko BI-60/2010. / Notificación de la propuesta de resolución del expediente sancionador de caza BI-60/2010». (Gero bada zehapen bat edo beste). 30/1992 Legearen euskal testua k zehapen, zehapen-prozedura eta halakoak darabiltza etengabe, eta uste dut zuzenbidearen arloan aipatu samarra dela zehapen/zigor bereizkuntza. Ez genuke hitz hori erabili behar testuetan?; ez zaigu sinesgarria iruditzen oraind...

Mendetasuneko pertsonak

Testu hau Ezintasun mailak izenekoaren jarraipena da. Osteguneko saioan, ikusi genuen hitz zehatz bat behar dugula "dependencia" kontzeptua adierazteko ("Ley de dependencia" eta abar adierazi beharra dago: Itzul-en behin galdetu zen, eta inork erantzunik eman ez!). Ikusi genuen, orobat, hitz horrek ezintasun eta ez-gaitasun hitzez bestelakoa izan beharko duela. Aipatu genituen "laguntza beharra", "besteren beharra" eta abar, baina ordainik beteena mendekotasun dela atera genuen ondorio ( menpeko ere badago Hiztegi Batuan, eta mendeko -ren sinonimoa dela dio, baina eratorririk bat bera ere ez dute sartu, eta bai aldiz mendeko -renak, eta hortik ondoriozta daiteke erro hori hobesten dela). Horrekin batera, mendetasun ere badagoela ikusi genuen, esanahi berarekin. Hortik aurrera, beste bi kontu daude erabakitzeko: lehena, mende(ko)tasun sustantiboa hartu ondoren, zer adjektibo edo izenlagun hartu "persona dependiente" adierazteko; bigar...