2008/10/21

EIMAren ortotipografiaz

Nafarroako Gobernuko Aldizkari Ofizialeko itzultzaileen taldearen izenean idazten dizuet, zeuen iritzia bildu nahian geure lanean sortu zaizkigun zalantza batzuei buruz, guztiok Administrazioaren alor beretsuetan ari garela kontuan hartuz eta “batasun”era ahalik eta gehien hurbiltzeko asmoz. Zehazki, jarraian aipatzen dizkizuegun lau kasu hauetan zer iritzi duzuen edo praktikan nola jokatzen duzuen jakin nahi genuke:

1. Berriki argitaratu den Letra larriak erabiltzeko irizpideak lanean, besteak beste, hizpide dute kontseilariak/sailburuak izendatzeko modua. Honela diote lanaren egileek: Kulturako sailburua idaztea zuzena da (Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburua da), kultura-sailburua idaztea ere zuzena da (Miren Azkarate kultura-sailburuak adierazi du...). Ez da idazkera egokia, ordea *Kultura-sailburua forma, ezta *Kultura sailburua ere (ez baita aposizioa; alegia, ez da hau: Kultura izena duen sailburua).

Horri jarraikiz, gu behinik behin oker ari gara gure kontseilari batzuk aipatzen ditugunean: Hezkuntza kontseilaria, Osasun kontseilaria, Ekonomia eta Ogasun kontseilaria… (aipatutako irizpidea aplikatuz gero, Hezkuntzako kontseilaria, Osasuneko kontseilaria, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria… egin beharko genituzke).

Jakin nahi genuke zuek ere kontseilariak/sailburuak/diputatuak/aldunak… aipatzen dituzuenean, EIMAko adituekin bat zatozten eta, hala ez bada, hemendik aurrera haien iritzia kontuan hartzeko asmoa ote duzuen.

2. EIMAren lan horretan berean, zeharka esaten digute (hala ulertu dugu) zergen izenak ere letra xehez idatzi beharko genituzkeela, “Frantziako testu ofizialetan edo katalanezko testu ofizialetan” egiten den moduan (eta Espainian ez bezala).

Gu prest gaude oraingo geure praktika aldatu eta irizpide horri jarraitzeko, baina jakin nahi genuke zeuen erakundeetan nola egiten duzuen.

3. Beste alor batera pasatuta, lanpostuen zerrendetan (administraziokoetan zein kanpokoetan, hitzarmen kolektibo batzuetan, esate baterako), gaztelaniaz “mozo” izenekoa agertzen zaigu (“mozo”, “mozo especializado”, “mozo taller”, “mozo carga y descarga”…). Izen horren ordaina ematerakoan, “morroi” eta “mutil” hautatu ditugu gehienetan, baina ohartu gara ez direla sobera egokiak biak “gizonezkoei” besterik ez dagozkielako. Hori dela eta, beste baten bila gabiltza. Orain “sehi” erabiltzeko proposamena sartu da gure taldekideon eztabaida-plazan. Euskaltermeko fitxa batzuetan ageri da “sehi”, baina zuen iritzia jakin nahiko genuke, nahiz eta jakin arlo honetan bereziki zaila dela batasuna lortzea, administrazio bakoitzean lanpostuak modu arbitrario samarrean izendatzen direlako.

4. Eta bukatzeko, beste izen bat ordaina ematen zaila: “adjunto”. Gurean, lanpostuen zerrendako izen batzuetan eta bestelakoetan ageri zaigu: “médico adjunto”; “adjunto al presidente-coordinador del tribunal”; “director adjunto”; “adjunto al gerente”; “veterinario adjunto”… Euskaltermen begiratuz gero, honako aukera hauek aurkituko ditugu: alboko, ondoko, laguntzaile, adjuntu… Orain arte “alboko” izan da maizenik hautatu dugun ordaina, baina konbentzimendu handirik gabe. Zuenetan zer egiten duzue honelakoetan?

Azken oharra

Ez dakigu kontsultarako aukeratu dugun bide hau egokia iruditzen zaizuen, eta gerora ere erabiltzeko baliagarria. Zuek esan beharko. Egia da hiztegi guztiak hor ditugula (Orotarikoa, Elhuyar, 3000, Zehazki…), Euskalterm, Itzul eztabaidagunea… baita gutako bakoitzaren web orriak ere. Horiek denak begiratzen ditugu (Gipuzkoako web gunea gertatzen zaigu deserosoena bilaketak egiteko, ez baitakigu nola egin gaztelaniazko eta euskarazko testuak pantaila berean elkarren ondoan izateko), baina zenbaitetan hiztegien artean adostasunik ez, eta gure praktikan ere, itxuraz, koherentzia falta izaten denez (gutako bakoitzaren itzulpenak ikusita, itzulgai berari hainbat modutan emandako ordainak frankotan…), pentsatzen dugu hiztegiek eta Euskaltzaindiak (edo alderantziz) behin betiko erantzuna eman bitartean, geure behin-behineko erabakien berri elkarri honela ematea lagungarria izan daitekeela, kasuan kasuko ordaina hobeki asmatzeko, eta erabaki horrek aurrera egiteko berme sendoagoa izateko edo, besterik ez bada, erabiltzen dugun aldiro konbentzimendu handixeagoarekin aritzeko.

Gure aldetik, behinik behin, prest gaituzue aldian-aldian hartzen ditugun erabaki horiek zuekin partekatzeko. Inoiz halakorik nahi izanez gero, lasai jo dezakezue gurera eta gustu handiz eginen dizuegu kasu.

Hartu agur bero bat Iruñetik.

Xabier Olarra, Mikel Taberna

6 comments:

Anonymous said...

Azaroaren 13an dugu saioa; Fernando ia-ia harrapatu dugu, baina egun horretan ezin du, eta abendukoan beharko du.

Anonymous said...

1. LETRA LARRIAK. Oker ez banago, aspaldi bide horri heldu genion, nolabait EIMAren ildotik. Izan ere, guk hauxe onartu genuen: Kultura Departamentua, baina Kulturako diputatua.

2. ZERGA IZENAK. Ogasunean orain arte letra larriz idatzi ditugu zergen izenak.

Egia esateko, lehendik froga egina dut letra xehez idazteko, eta iruditzen zait txukun geratzen dela.

Dena den, letra larri eta xeheen kontu horren harira, uste dut zergen izendapenak ez ezik, beste elementu batzuk ere (ustez arruntak diren izenak) izan behar ditugula aztergai: kontzeptu jakin batzuk (barne produktu gordina...), Aldundiko proiektuen izenak... Irizpidea finkatzekotan, ahalik eta orokorrena izatea komenigarri ikusten dut.

3. "ADJUNTO". Batetik, Elenan begiratuta, "-aren ondokoa" eta "-aren albokoa" agertzen dira euskal ordain gisa. Agian, bat aukeratu beharko litzateke, baina ez zait iruditzen kontu hori guretzat arazo denik.

Bestetik, norbaitengan zalantza sor daiteke "director adjunto" eta "adjunto al director" gauza bera ote diren. Nire ustez, ez: lehenak zuzendari maila du eta bigarrenak, ordea, ez.

4. AZKEN OHARRA. Nafarrek aipatutako elkarlana interesgarri ez ezik, beharrezko ere ikusten dut. Beste gauza bat da nola gauzatu (kontsulta puntualak, txosten trukaketa, blog partekatua, aldizkako topaketa [hi, Patxi, inoiz denok egun pasa egin dezakegu Sunbillan!] [lasai, broma da]...). Terminologiari dagokionez, alorrez alorreko kolaborazio puntualak egon daitezke (gizarte zerbitzuak, ogasuna...).

Pentsatzen dut aipatu puntuak eta horien ingurukoak aztergai izan ditzakegula datorren mintegi(et)an.

Anonymous said...

Sunbilla ez da erdibidetik oso aparte izango, baina, bateko Endarlatsako obra, besteko Belaten tunelen barruan ere euria izan ohi dela ;-) ... ez dakit oso erosoa den. Beste bidetik, nik oso gustuko izaten dut Gorritin gelditzea, Pagozelain. (Ez legoke gaizki, e!).

Gaiari gehiago lotuz, maiuskulen kontuan beharrezko ikusten dut Mikelek aipatzen dituen gisako kontzeptuak biltzea. Niri, esate baterako, "lanbide arteko gutxieneko soldata" eta "kontsumo prezioen indizea" etortzen zaizkit gogora. Horiek, nire ustez, zerga-izenak bezain 'txikizkako' dira, edo haiek bezain 'handizkako'.

Patxi

Anonymous said...

Mikelek esandakoak ia erabat biltzen du azaroaren 13ko mintegi saioan esandakoa. Gauza berri bakarra laugarren puntuan atera genuen: EHUn 'irakasle atxiki' darabilte, eta egoki iritzi genion. Beraz:

1. LETRA LARRIAK. Aspaldixkotik bide horretatik gabiltza, nolabait EIMAren ildotik (baina geure erabakiz, neurri handi batean): "Kultura Departamentua", baina "Kulturako diputatua", "Kiroletako diputatua".

2. ZERGA IZENAK.
a) Ogasunean orain arte letra larriz idatzi ditugu zergen izenak. Egia esateko, lehendik froga egina dugu letra xehez idazteko, eta iruditzen zaigu txukun geratzen dela.

b) Dena den, letra larri eta xeheen kontu horren harira, uste dut zergen izendapenak ez ezik, beste elementu batzuk ere (ustez arruntak diren izenak) izan behar ditugula aztergai: kontzeptu jakin batzuk (barne produktu gordina...), Aldundiko proiektuen izenak... Izen-zerrenda bat egin beharra ikusten dugu.

c) Minuskulen irizpide horri heltzekotan, komeni da beste batzuekin ados jartzea.

3. Ez dugu iritzi garbirik "sehi" horren inguruan. Aldundiko lanpostuetan, "menpeko" batzuk daude: "biltegiko menpeko" eta halakoak.

4. Esan bezala, "irakasle atxiki" erabioltzen dute EHUn, eta egoki deritzogu. Horren haritik, "zuzendari atxiki" esan daiteke, eta... Googlen hori bilatzeko esanez gero... NAOko bi adibide agertzen dira (eta horiek bakarrik...).

Anonymous said...

Is this a premium wp theme?
You nicely summed up the issue. I would add that this doesn’t exactly concenplate often. xD Anyway, good post…

Anonymous said...

top [url=http://www.c-online-casino.co.uk/]casino bonus[/url] brake the latest [url=http://www.casinolasvegass.com/]online casino[/url] autonomous no consign bonus at the foremost [url=http://www.baywatchcasino.com/]online casinos
[/url].

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondorior...