Skip to main content

Itzulpen zalantzak (1)

Uztailean, mintegikide batek zenbait ideia ekarri zituen 2006-2007 mintegirako. Besteak beste, Itzulpen zalantzak izeneko dokumentu bat aurkeztu zuen (edo pasatu zidan, ez dakit seguru). Proba moduan, eta motorrak berotzen hasteko, puntu haietako batzuei pixka bat heltzea pentsatu dut. Idatzi zer edo zer, mesedez. Ea, bada...

ejercicio: “en los ejercicios 2003-2004”. Pentsatzen dut ‘ejercicio económico’ esan nahi duela; ‘curso académico’ (adiera zehatza) eta ‘curso político’ (erdi-metaforikoa, uste dut) esaten den bezala, ekonomian ‘ejercicio’ esaten zaio urte (natural) bakoitzari. Egia esan, ez dakit zer erabiltzen den hor barna. Bote lasterrean, ‘urtealdi’ datorkit burura.

fecha prevista: “fecha prevista de inicio de la actividad es en 2008-2009”. Ez dakit ‘es’ eta ‘en’ horiek hitzak diren (alegia, hori esaldi bat den) edo hizkuntzen laburdurak (??)… Buruz aurrera botako dut neure burua, urik baden seguru jakin gabe… Uste dut naturaltasunaren bidetik arriskatzea merezi duela: “jarduera hasteko data” edo, pixka bat behartuago agian, “jarduera hasteko(a) den data”. Beste esaldi batekin azaltzeko: “Está previsto que las obras comiencen en 2008” esateko, “Obrak 2008an dira hastekoak” aukeratuko nuke. Uste dut irakurtzen direla horrelakoak han-hemen.

en torno a: “incremento en torno al 12%”. Niri ez dit zalantza handirik sortzen, baina zer edo zer izango da arazo. Nire ustez, bete-betean dator egoki inguruko: “%12 inguruko hazkundea”.

baizik (eta): Honako esaldi zati hau ageri da zalantza moduan: “(…)diseinatzen, baizik eta araudian eta barruko bezeroek finkatutako jarraibideetan jasota daude(n)”. Nik dakidala, baizik eta horrek ez du inoiz -n menderagailua eskatzen aditzean.

kopuru: “Sinadura elektronikoaren ziurtagiria eskatu duten enpresa(en) kopurua”. Hitz elkarketa guztiz egoki da soil-soilik datorrenean (enpresa kopuru), baina bide hori agorra da ezkerreko osagaiak soka dakarrenean: hitz elkarketa urratu eta –en lotura erabili beharra dago: “Sinadura elektronikoaren ziurtagiria eskatu duten enpresen kopurua”. Ohar gaitezen, besteak beste, hitz elkarketa mantenduko bagenu “…eskatu duen enpresa kopurua” izango litzatekeela. Orain, askoren galdera: eta hori ez da egoki? Erantzuna: bai eta ez; gehiago ez. Modu tranpati samar batean azaltzeko: zeinek eskatu du zer edo zer, kopuruak ala enpresek? Bueno, igual ez da hain tranpatia ere…

on-line. Uste dut adjektibo/adberbio zalantza dagoela funtsean honen inguruan. Askotan modu eliptikoan azaltzen denez gaztelaniaz, ez dago jakiterik zer den, adjektibo edo adberbio. Nire ustez (eta nonbait esana dago, Itzulen edo), on-line ezin da euskaraz adjektiboa balitz bezala eman (*Informazio on-line egokia eskaintzen du). Izatekotan ere, adberbio moduan behar da erabili: Informazio egokia eskaintzen du(,) on-line. Baina, esplikatzen oso erraza ez den fenomeno baten bitartez, on-line hitz elkarketako lehen osagai balitz bezala ere erabiltzen dela uste dut: On-line informazio egokia eskaintzen du.

Zehazki, beheko taula hau jarri zuen Mikelek dokumentuan, eta nire ustez egoki dago euskarazkoaren izenburua (aditzik gabeko formulazioa, baina betiere on-line adberbio moduan sentituz); bigarren puntua, berriz… Lehen esan dudana: “on-line laguntza” hitz elkarketa balitz bezala ageri da. Nik zalantzak ditut. Nahi izanez gero, beste bidetik erraz konpontzen da: Zalantza informatikoak argitzeko laguntza, on-line.

Información on-line:
- Consulta del estado de tramitación de las devoluciones
Asistencia on-line para dudas informáticas

Zerga informazioa on-line:
- Itzulketen tramitazio egoerari buruzko kontsulta
- Zalantza informatikoak argitzeko on-line laguntza

Comments

Anonymous said…
Arraioa, arraro samar gelditu zaik "buruz aurrera botako dut neure burua" hori, ez? Nola esaten da, "buruz aurrera botako naiz"?

Patxi
Anonymous said…
Ez ote "buruz aurrera erori naiz"?

Popular posts from this blog

Itxiera-ordutegia

Irratian entzun dut gaur goizean iragarki bat, Herrizaingo Sailarena, (tabernen) "itxiera-ordutegiak" betetzearen aldekoa. Ez dakit burmuinaren txokoren batean "etxera-ordua" ez ote dugun ikusten... Bestela, nire uste oraingo honetan ere harro samarrean, "ixteko orduak" zaindu behar lirateke: ez "itxiera", eta ez "ordutegia". Zer diozue zuek? Patxi

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondoriorik izan ez duenez, iragarki honen bidez jakinarazten dira, 1992ko azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Lege ak, 59. artikuluko 5. zenbakian agintzen duenaren arabera. Interesatuek jakin dezaten ematen da horren berri eta interesatu horientzat banakako jakinarazpen balioa izan behar du». Atzoko BAO tik: «Zigortzeko espedienteari ebazpen proposamenaren jakinarazpena ehizari buruzko BI-60/2010. / Notificación de la propuesta de resolución del expediente sancionador de caza BI-60/2010». (Gero bada zehapen bat edo beste). 30/1992 Legearen euskal testua k zehapen, zehapen-prozedura eta halakoak darabiltza etengabe, eta uste dut zuzenbidearen arloan aipatu samarra dela zehapen/zigor bereizkuntza. Ez genuke hitz hori erabili behar testuetan?; ez zaigu sinesgarria iruditzen oraind...

Vengo en disponer

DECRETO FORAL 74/2007, de 24 de julio, por el que se dispone el cese en sus funciones del Director General de Deportes. Conforme a lo establecido por los artículos 31.4.d), 40.2.b) y 45 de la Norma Foral 6/2005, de 12 de julio, sobre Organización Institucional, Gobierno y Administración del Territorio Histórico de Gipuzkoa, a propuesta del Diputado Foral del Departamento de Deportes y Acción Exterior, previa deliberación del Consejo de Diputados en sesión de 24 de julio de 2007, Vengo en disponer el cese en sus funciones, del Director General de Deportes, D. Iñaki Ugarteburu Artamendi, agradeciéndole los servicios prestados. Donostia-San Sebastián, 24 de julio de 2007. EL DIPUTADO GENERAL, Markel Olano Arrese. Vengo en disponer y dispongo (y las comas, donde quiero las pongo). Y mal que os pese, donde debo decir destitución, digo cese. ¿Lenguaje llano? Me niego de plano. (Ante tanto disimulo , me parto el...). Patxi PD: Hurrengo erabakia honako hau da: "Vengo en nombrar Director G...