Skip to main content

Euskara maila neurtzeko test bat

Azterketen egokitasunaz ari garela (azterketa-garaia izaki!), beste proba bat egiteko aukera sortu zait: euskara maila neurtzeko test bat egiteko gonbita iritsi zait lantokira, eta ezagunen artean zabaltzeko eskaera ere bai. Hona hemen jaso dudan mezua (azpimarrak nireak dira). Bukaeran dago testa egiteko helbidea. Nik egin dut, eta 57 erantzun omen ditut ongi 60tik.

Lagun agurgarria:

Gure doktore-tesien zereginen artean, lehendabizi, euskara maila neurtzen duten galdera (item) sorta bat administratzea dugu, ahalik eta heterogeneoena den 3000 pertsona baino gehiagoz osatuta dagoen lagina bat hartuz, ondoren, emaitzetan oinarrituz zenbait analisi estatistiko gauzatu ahal izateko.

Xehetasunetan interesik baduzu, zalantzarik ez izan eta eska iezaguzu informazio hori javilo@si.ehu.es helbide elektronikoan. Euskararik ez dakiten eta maila baxua zein altua duten pertsonak behar ditugunez, zuregana jo dugu laginaren partaide izan zaitezen. Mezu honen amaieran dagoen web helbidera konektatu eta bertan dagoen 60 galderez osatutako testa betetzea da eskatzen dizugun gauza bakarra. Froga pilotuak egin dituztenek ordu erdia baino gutxiago behar izan dute; halere, 50 minutu izango dituzu froga amaitzeko.

Aurkezpen orrialdean identifikazio-kodea eskatuko dizugu. Bertan zure posta elektronikoaren helbidea (e-posta) edo telefono zenbakia ipini behar duzu, aurrerago zurekin harremanetan jar gaitezen. Xehetasun honek garrantzi handia du, testa seriotasunez eta etenaldirik gabe bete duzula jakin behar baitugu, froga onesteko; edo alderantziz, galderen erantzunak zoriz edo arretarik gabe eman badituzu ontzat ez hartzeko.

Azkenik, mezu honi hedapen zabalena eman diezaiozun eskatu nahi dizugu (euskara maila neurtzen duen testa egitea gusta dakiekeen ikasle, lagun, senide edota ezagunei luzatuz). Zure laguntza aldez aurretik eskertzen dizugu. Ondo izan!

Javier López-Cuadrado eta Rosa Arruabarrena
-------------------------------------------
Hipermedia eta Multimedian Ikerkuntza Taldea
Lengoaia eta Sistema Informatikoak Saila
Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV-EHU)

Testa dagoen web helbidea hauxe da:
http://ji.ehu.es/javilo/

Comments

Anonymous said…
Ohartuko zineten testaren emaitzak aski balio hutsala duela guretzat(egileekiko errespetu guztiarekin esanda). Horregatik jarri dut nirea, baina, batere azalpenik eman ez dudanez, edozer gauza pentsa zezakeen norbaitek. Patxi.

Popular posts from this blog

Itxiera-ordutegia

Irratian entzun dut gaur goizean iragarki bat, Herrizaingo Sailarena, (tabernen) "itxiera-ordutegiak" betetzearen aldekoa. Ez dakit burmuinaren txokoren batean "etxera-ordua" ez ote dugun ikusten... Bestela, nire uste oraingo honetan ere harro samarrean, "ixteko orduak" zaindu behar lirateke: ez "itxiera", eta ez "ordutegia". Zer diozue zuek? Patxi

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondoriorik izan ez duenez, iragarki honen bidez jakinarazten dira, 1992ko azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Lege ak, 59. artikuluko 5. zenbakian agintzen duenaren arabera. Interesatuek jakin dezaten ematen da horren berri eta interesatu horientzat banakako jakinarazpen balioa izan behar du». Atzoko BAO tik: «Zigortzeko espedienteari ebazpen proposamenaren jakinarazpena ehizari buruzko BI-60/2010. / Notificación de la propuesta de resolución del expediente sancionador de caza BI-60/2010». (Gero bada zehapen bat edo beste). 30/1992 Legearen euskal testua k zehapen, zehapen-prozedura eta halakoak darabiltza etengabe, eta uste dut zuzenbidearen arloan aipatu samarra dela zehapen/zigor bereizkuntza. Ez genuke hitz hori erabili behar testuetan?; ez zaigu sinesgarria iruditzen oraind...

Mendetasuneko pertsonak

Testu hau Ezintasun mailak izenekoaren jarraipena da. Osteguneko saioan, ikusi genuen hitz zehatz bat behar dugula "dependencia" kontzeptua adierazteko ("Ley de dependencia" eta abar adierazi beharra dago: Itzul-en behin galdetu zen, eta inork erantzunik eman ez!). Ikusi genuen, orobat, hitz horrek ezintasun eta ez-gaitasun hitzez bestelakoa izan beharko duela. Aipatu genituen "laguntza beharra", "besteren beharra" eta abar, baina ordainik beteena mendekotasun dela atera genuen ondorio ( menpeko ere badago Hiztegi Batuan, eta mendeko -ren sinonimoa dela dio, baina eratorririk bat bera ere ez dute sartu, eta bai aldiz mendeko -renak, eta hortik ondoriozta daiteke erro hori hobesten dela). Horrekin batera, mendetasun ere badagoela ikusi genuen, esanahi berarekin. Hortik aurrera, beste bi kontu daude erabakitzeko: lehena, mende(ko)tasun sustantiboa hartu ondoren, zer adjektibo edo izenlagun hartu "persona dependiente" adierazteko; bigar...