Skip to main content

Posts

Showing posts from April, 2008

Erakuslea eta letra larriak

Aztergaia: Horregatik guztiarengatik, ulertzen dugu ez dela Kirol Zuzendaritzaren funtzioa dopinaren inguruan Gipuzkoako Federazioak erabakitzen duenaren legezkotasuna aztertzea, hori beste erakunde batzuen eskumena baita. Hala ere, federazio horrek eskatzen digun iritzia emate aldera, Kirol Zuzendaritzak uste du, esandakoa eta eskura dagoen informazioa oinarri hartuta, eta kontrakorik frogatzen ez den bitartean, Federazioaren jardunbidea zuzena eta zuzenbidez egokia izan dela prozesu honetan. Gazteleraz, Kirol Zuzendaritza jartzen duen bakoitzean, ESTA DIRECCIÓN DE DEPORTES jartzen du; guk erakuslea kendu egiten dugu, jarriz gero letra xehez idaztera behartzen baitugu geure burua, eta nahiago dugu “kirol zuzendaritza honek” baino, letra larriz idatzi “Kirol Zuzendaritzak”. Gainera, galdetu dugu inoiz ea erakusle hori beharrezkoa den, eta esan digute ezetz. Baina, egia al da hori? Lehenengo esaldia: Horregatik guztiarengatik, ulertzen dugu ez dela Kirol Zuzenda...

"Epaitegiko idazkari", "idazkari judizial"

Informazio pixka bat gehiago bildu dut, eta ea denon artean osatzen eta erabakiren bat hartzen dugun. Badakit/badakizue nire ikuspegia ez dela batere inpartziala, eta ulertuko duzuelakoan nago. Idatzi erantzunak. Inkesta jarriko dut eskuineko aldean (jendeak gutxi gorabehera zer iritzi duen jakiteko), eta nik ez dut botorik emango oraingo honetan. Interneten 10.000 aldiz ageri da idazkari judizial , eta 400 bat aldiz epaitegiko idazkari . Adibide horietako asko aldizkari ofizialetakoak dira, eta beste asko prentsakoak. Esate baterako: Seiak eta hamar aldera hogeita hamar bat ertzain eta idazkari judiziala sartu dira Belartzako eraikinera, eta lehendabizi kazetari guztiei ateratzeko agindu… Joan den asteartean EAEko lehendakari Kepa Bereziartua Audientzia Nazionalean zela bertan agertu zen Auzitegi Goreneko idazkari judiziala eta… Egia da idazkari judizial aurki daitekeen iturri gehienetan ageri dela epaitegiko idazkari ere. Bizpahiru aldiz ikusten da epaitegi(-)idazkari . Ereduzko ...

Kontabilitate Plan Orokorra

2007an onartutako Kontabilitate Plan Orokor berria euskaratzen ari dira bi itzultzaile talde: bata, EHUn (Agustin Erkizia irakaslea tartean dagoela) eta bestea, UZEIn. Elkarrekin harremanetan daude itzultzaile taldeak. Jakin dugunez, hainbat eragozpenekin egin dute topo; adibidez: bi taldeen testuen arteko aldeak, gaztelaniazko bertsioak erreferentzia gisa ingelesezko testua erabili izana (nazioarteko kontabilitate arauak)... Itzulpen lanean kontabilitate arloa lantzen dutenentzat izan daiteke interesgarria berria, alegia ogasundarrontzat ez ezik, idazkaritza teknikoen itzulgaiekin aritzen zaretenontzat eta batzar nagusitarrontzat ere. Itzultzaile taldeen asmoa omen da aurten Durangon gida liburu moduko argitalpena azokaratzea.

Itzultzaileak eta trebakuntza

Gogoeta eragin asmoz idatzi du artikulua Edorta Españak Administrazioa euskaraz aldizkariaren azken zenbakian (59). Itzultzaileak hartu ditu hizpide IVAPekoak. Proposamen ausart(egi)a egiten du: itzultzaileak trebatzaile bihurtzea. Agerian jartzen du, besteak beste, askotan itzultzaileen eskutik osatu dela euskal herri administrazioetan diskurtso administratiboa (itzulpen bidez sortu dira euskarazko testu gehienak). Proposamenak proposamen, beharrezkoa da itzultzaileok gure lanean pilatutako jakintza beste langile batzuekin partekatzea. Berez, itzulpen lana bera eta alorrez alorreko terminologiaren osaketa, adibidez, gure lana konpartitzeko ohiko moduak ditugu. Horrekin batera, pentsa daiteke urte hauetan sortzen joan garen diskurtso administratiboa langileei ezagutarazteko aukera sortu daitekeela inoiz (ikastaro labur bat, adibidez). Horrelako esperientzia egina du, beste maila batean, Ogasun Departamentuko hainbat teknikarik, gai jakin baten azalpena prestatu eta lankideei emand...

Gipuzkoa

Bozketa 5-3 doa ("Gipuzkoa osoa" garaile, beraz), baina denok dugu arrazoi, itxuraz. Kontu honen gaineko argi bila, armiarma.com guneko Klasikoak sailean "Gipuzkoa" bilatu eta banan-bana irakurri nituen adibide guztiak, ea zenbat "Gipuzkoa oso" eta zenbat "Gipuzkoa guzti" ageri den. Hori egitean, beste zenbait gauza ikusteko ere aukera izan dut. Hona, bada, zer adibide aurkitu ditudan: GUZTIA Bere jaio-tokian ibai au dan baino ugariagorik, ez det uste arkituko dala Gipuzkoa guztian. (…) eta Gipuzkoa guztia arkitzen zala prest Beraren Majestadea serbitzatzeko, azkeneko odol malkoa ixurteraño. Juan Ignazio Iztueta: Gipuzkoako probintziaren kondaira Era berean Gipuzkoa guziari egin diozu, bidez, atsegingarrizko ontarte txit onesbedagarri bat, birjaiotu dituzulako, baserrietako zoko illunetara igesi joanik, azkenengo asnasetan arkitzen ziraden zure sorterriko dantza oniritzi pozkarriak, eta anziña anziñako soñu gogoangarri gozoak. (…) baña e...

Gure blogosfera aldatzen hasiak gara

Itzulpengintza mintegiko blogaren inguruan (bloga, artikulugile taldea...) hainbat aldaketa egiten hasiak gara. Uste dugu merezi duela bloga , beste baliabide batzuekin batera, mintegiko kideon ohiko lan tresna bihurtzea. Asmo horretan, bada, hasiak gara: itxura argia eta nabigazio erraza ematen artikulugile kopurua gehitzen artikuluak atalka antolatzen mintegikideon partaidetza sustatzen Aldaketak aste gutxitan gauzatu nahi ditugu. Horregatik, eta frogako ingurune bat ez dugunez, itxura eta antolaera frogak pantailan ikusiko dituzue. Barkatu enbarazua. Bestetik, denon ekarpenak ongietorriak dira. Badakizue...

Gipuzkoa osoa / Gipuzkoa guztia

Nola esaten da? Nola da egokienik? Bietara ondo? Nola esango zenukete? Adibide pare bat: 1. a) Gipuzkoa osoa ezagutzen du. b) Gipuzkoa guztia ezagutzen du. 2. a) Gipuzkoa osoan eskaintzen ditu zerbitzuak. b) Gipuzkoa guztian eskaintzen ditu zerbitzuak.