Skip to main content

Esaldiak eta uhinak

Irene Arraratsen Esate baterako blogean, Johannes Leizarragak iruzkin bat utzi du, pasarte bateko esaldien antolamenduari buruz. Zehazki, esaldi guztiak modu honetan ordenatu ditu: mintzagaia, aditza eta iruzkineko gainerako elementuak gero (galdegai izan daitekeena eta gainerakoak). Iruzkin horren haritik sortu da nire hau, Piarres Lafitteren testu bat oinarri harturik.

Beraz, erdaraz Nive eta eskuaraz Errobia erraiten diogun ur-handia, zaharrek deitzen zuten «itsasoa». Uste dut Milafrangan ere izen hori emaiten ziotela. Aise asma ditake zergatik. Zeren-eta itsasoa marearekin ibaiari goiti herriraino igaiten baitzen. Ur-hegitar gehienak arraintzatik bizi ziren, itsas-arraina esku-menerat heldu zitzaiotenaz geroz. (Piarres Lafitte: Murtuts eta bertze, 1945)

http://klasikoak.armiarma.com/idazlanak/L/LafitteMurtuts.htm

Zenbaitek, euskal joskeraren ‘birkonkista’ moduko batean, aurreko pasarte horretan ageri den Zaharrek deitzen zuten itsasoa perpausaren eredura ekarri nahi gaituzte, euskara komunikatiboaren izenean. Galdegaiaren kontuak oro honelatsu kitatzen dituzte halakoek: "Ez da egia euskaraz galdegaia aditzaren aurretik ematen dela; esaldi horretan, adibidez, garbi dago
itsasoa dela galdegaia, izatekotan, eta aditzaren eskuinean eman zuen idazleak, ezkerrean erraz eman zezakeelarik".

Idazle horrek berak, ordea, ez zuen ordenamendu bera erabili paragrafo bereko beste esaldi batzuetan. Honako hauetan, esate baterako (a aukerak dira aztergai dugun testukoak; ondoan eman ditut beste ordenamendu posible batzuk):

1.a) Zeren-eta itsasoa [marearekin] [ibaiari goiti] [herriraino] igaiten baitzen.
1.b) Zeren-eta itsasoa igaiten baitzen [herriraino] [marearekin], [ibaiari goiti].
1.c) Zeren-eta itsasoa [herriraino] igaiten baitzen [marearekin], [ibaiari goiti].


2.a) Ur-hegitar gehienak arraintzatik bizi ziren.
2.b) Ur-hegitar gehienak bizi ziren arraintzatik.

Euskara komunikatiboaren izenean aditza beti aurrean eman behar dela dioskutenek, nire ustez, horrelako esaldiei ere erreparatu behar liekete. Okerrago ulertzen ote dira? Ezezkoan nago. Eta, batez ere, idazleak malgu egin duena zurruntzearen alde ez nago. Egia da garai batean zurrunkerian erori ginela, muturreraino eramanik aditza beti bukaeran behar omen zelako irizpidea. Orain ez gaitezen beste muturreko zurrunkerian erori.

Bide batez esateko, aukera egin behar denean Gehienak arrantzatik bizi ziren —edo Zaharrek itsasoa deitzen zuten— eredua seguruago gertatzen zait niri Zaharrek deitzen zuten itsasoa
eredua baino. Izan ere, bigarren horrekin zalantza sortzen zait maiz, zer ulertu behar dudan. Ez dut esan nahi, horrekin, ordenamendu hori inoiz baliatu behar ez dugunik.

Oharrak:

1.- Testu horretan bertan ageri den "Uste dut..." perpausaren tankerakoetan aditza aurretik ematearekin den-denok gaude ados. Alegia, -ela osagarria eramaten duten predikatuekin: esan, adierazi, uste izan, iruditu, jakina izan, garbi egon...

2.- Iruzkin honek baino aise gehiago balio du, jakina, Piarres Lafitteren testuak. Goza ezazue horrekin, eta gehiago ere irakurri, armiarma.com guneak eskaintzen digun aukera bikainari esker.

3.- Ezin diot tentazioari eutsi. Ongi aztertzeko esaldia da “Zeren eta itsasoa marearekin…” hori. Aditza lehenbailehen ematea aldarrikatzen dugu denok gaur egun, giltzarri garrantzitsua baita aditza, eta hala errazago ulertzen baitira esaldiak eta testuak. Seguruenik, esaldi hori honela egingo zukeen gutako edozeinek: “Zeren eta itsasoa herriraino igaiten baitzen marearekin, ibaiari goiti”. Aski esaldi normala dela uste dut. Galdegai-posizioa ederki betetzen du “herriraino” horrek, aditza laster dator, eta haren atzetik beste bi osagarri txiki, komaz banaturik. Baina irakurri berriro Piarres Lafittek idatzi bezala: “Zeren eta itsasoa marearekin ibaiari goiti herriraino igaiten baitzen”. Neurri batean harritu egiten gaitu aditza bukaeran emate horrek, baina esaldi hori, egiazki, uhin goxo bat bezala doa pentsamendurako ere, logika eta semantika lagun:

itsasoa: mintzagaia
marearekin: mintzagaia zehaztu egiten du (egoera)
ibaiari goiti: iruzkina hasten da, adberbio batekin: aditza, agertu gabe ere, esana dago ia!
herriraino: beste adberbio batek iruzkina ia osaturik uzten du
igaiten zen: joe… bagenekien horrela amaituko zela bertsoa! Bertsolariarekin batera kantatu dugu!

Aditza arrasto garrantzitsua dugu, baina beste arrasto asko ere badaude. Eta, jakina, esaldi bakoitza ez da bere bakarrean hartu behar: aurrekoaren segida da, eta ondokoaren atariko. Informazioaren haria, jarioa, uhina, eten gaiztorik gabe aurrera eramatea, horixe da testu bat egitea. Zenbaitek erraz egiten dute, harrigarriro; horretan saiatu behar besteok ere.

Comments

Popular posts from this blog

Itxiera-ordutegia

Irratian entzun dut gaur goizean iragarki bat, Herrizaingo Sailarena, (tabernen) "itxiera-ordutegiak" betetzearen aldekoa. Ez dakit burmuinaren txokoren batean "etxera-ordua" ez ote dugun ikusten... Bestela, nire uste oraingo honetan ere harro samarrean, "ixteko orduak" zaindu behar lirateke: ez "itxiera", eta ez "ordutegia". Zer diozue zuek? Patxi

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondoriorik izan ez duenez, iragarki honen bidez jakinarazten dira, 1992ko azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Lege ak, 59. artikuluko 5. zenbakian agintzen duenaren arabera. Interesatuek jakin dezaten ematen da horren berri eta interesatu horientzat banakako jakinarazpen balioa izan behar du». Atzoko BAO tik: «Zigortzeko espedienteari ebazpen proposamenaren jakinarazpena ehizari buruzko BI-60/2010. / Notificación de la propuesta de resolución del expediente sancionador de caza BI-60/2010». (Gero bada zehapen bat edo beste). 30/1992 Legearen euskal testua k zehapen, zehapen-prozedura eta halakoak darabiltza etengabe, eta uste dut zuzenbidearen arloan aipatu samarra dela zehapen/zigor bereizkuntza. Ez genuke hitz hori erabili behar testuetan?; ez zaigu sinesgarria iruditzen oraind...

Mendetasuneko pertsonak

Testu hau Ezintasun mailak izenekoaren jarraipena da. Osteguneko saioan, ikusi genuen hitz zehatz bat behar dugula "dependencia" kontzeptua adierazteko ("Ley de dependencia" eta abar adierazi beharra dago: Itzul-en behin galdetu zen, eta inork erantzunik eman ez!). Ikusi genuen, orobat, hitz horrek ezintasun eta ez-gaitasun hitzez bestelakoa izan beharko duela. Aipatu genituen "laguntza beharra", "besteren beharra" eta abar, baina ordainik beteena mendekotasun dela atera genuen ondorio ( menpeko ere badago Hiztegi Batuan, eta mendeko -ren sinonimoa dela dio, baina eratorririk bat bera ere ez dute sartu, eta bai aldiz mendeko -renak, eta hortik ondoriozta daiteke erro hori hobesten dela). Horrekin batera, mendetasun ere badagoela ikusi genuen, esanahi berarekin. Hortik aurrera, beste bi kontu daude erabakitzeko: lehena, mende(ko)tasun sustantiboa hartu ondoren, zer adjektibo edo izenlagun hartu "persona dependiente" adierazteko; bigar...