Skip to main content

Hirueledun, hirueletasun?

Aurreko testuaren komentario gisa Josebak idatzitako honi ere testu nagusi bat dagokiola uste dut, eta hemen jarriko dut. Horren ondotik, nik esan dezakedana.

Joseba

Sarasolak eleanitz kritikatu zuen, anitz ez zela adjektiboa argituz. Guri balio izan zigun, besteak beste, mintegia egiten dugun gelari areto balioaniztuna deitzeko. Baina, harira etorriz, "ele..." kontu horretan ondo daude:

elebakar (Hiztegi Batua)
elebidun (Hiztegi Batua)

elebitasun (Hiztegi Batua)

Baina, hortik aurrera? Elhuyar hiztegian eta EUSKALTERMen hirueledun agertzen da. EUSKALTERMen laueledun ere bai. Beraz, ondo al leudeke hirueletasun eta laueletasun ere?Horiei muzin egin eta "hiru hizkuntzakoa", "lau hizkuntzakoa" eta honelakoei heltzea hobea al da? Aseguratuko al gintuzke horrek?

Patxi

Hiztegi Batura iritsi ez bada ere, hirueledun ez da batere harrigarri euskarazko testuetan. Hona hemen adibide sorta bat (posizioaren zalantza eta guzti: argitalpen hirueledun / hirueledun argitalpen). Aipamen berezia merezi du, nik uste, azken adibideak, objektu aski esanguratsu bat izendatzen duelako (Larramendiren hiztegi hirueledun famatua) eta erabiltzailea dena delako.

  • "Omaĝe al Aldecoa" (Aldekoa omenduz) liburuaren hirueledun argitarapena, esperantoz, euskaraz eta gazteleraz, gazteiztar idazlearen bi kontaketa dauzkalarik.
  • 50. zenbakitik aurrera (1995), argitaraldi hirueledun honek bereganatu du euskarazko argitaraldia: // A partir del número 50 (1995) la edición en euskera es absorbida por la edición trilingüe de: (Joana Albret bibliotekonomia mintegia).
  • Biarnesak ere ohar berezi bat merezi du. Izan ere, Eskiulako inguruetan euskaldun zaharrenak hirueledun izan ohi dira: zuberera, frantsesa eta biarnesa menperatzen dituzte. Biarnesen artean ez zen horrela: ez dute sekula euskara mintzatu.
  • Liburu hirueledun hau interesgarri. izango zaio, bai iturrietara jo nahi duen biblistari (grekozko testu kritikoaz gain, ...) (Euskararen berripapera).
  • Ikus bukaerako eranskinean Larramendiren 1745.eko Hiztegi hirueledunaren hitzaurretik hautatu den 2. pasartea. (Xabier Kintana, Lexiko zientifikoaren arazoa euskara idatziaren historian zehar, http://tinyurl.com/7bog8, 9. oin-oharra).
Aldiz, hirueletasun hitza ez dut uste iritsi denik, maiztasun aldetik batez ere, hirueledun hitzaren mailara. Hau da, teorian elebitasun bezain ona (edo hura bezain txarra) bada ere, ez dut uste gatzatu denik. Are gutxiago laueletasun.

Zer egin behar ote dugu, ordea, euskal hezkuntzan giltzarri bihurtzen bada kontzeptu hori (hiru hizkuntzatan trebatzea), esate baterako? Nola izendatu? Ia seguru nago orduan hirueletasun hitzak ere egingo lukeela bide, ez baitzaio alternatiba errazik ikusten (trilinguismoa?).

Bestalde, duda sortzen zait niri hiru hizkuntzako eta hiru hizkuntzatako formen artean: uste dut hiru hizkuntzako ikasleak esan beharko litzatekeela ('hiru hizkuntza dituzten ikasleak') baina hiru hizkuntzatako irakaskuntza, esate baterako ('hiru hizkuntzatan ematen den irakaskuntza').

Besterik ez zait bururatzen esateko.

Comments

Popular posts from this blog

Itxiera-ordutegia

Irratian entzun dut gaur goizean iragarki bat, Herrizaingo Sailarena, (tabernen) "itxiera-ordutegiak" betetzearen aldekoa. Ez dakit burmuinaren txokoren batean "etxera-ordua" ez ote dugun ikusten... Bestela, nire uste oraingo honetan ere harro samarrean, "ixteko orduak" zaindu behar lirateke: ez "itxiera", eta ez "ordutegia". Zer diozue zuek? Patxi

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondoriorik izan ez duenez, iragarki honen bidez jakinarazten dira, 1992ko azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Lege ak, 59. artikuluko 5. zenbakian agintzen duenaren arabera. Interesatuek jakin dezaten ematen da horren berri eta interesatu horientzat banakako jakinarazpen balioa izan behar du». Atzoko BAO tik: «Zigortzeko espedienteari ebazpen proposamenaren jakinarazpena ehizari buruzko BI-60/2010. / Notificación de la propuesta de resolución del expediente sancionador de caza BI-60/2010». (Gero bada zehapen bat edo beste). 30/1992 Legearen euskal testua k zehapen, zehapen-prozedura eta halakoak darabiltza etengabe, eta uste dut zuzenbidearen arloan aipatu samarra dela zehapen/zigor bereizkuntza. Ez genuke hitz hori erabili behar testuetan?; ez zaigu sinesgarria iruditzen oraind...

Altzari higigarriak

Askok jakingo duzuenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak zentro berri bat zabalduko du laster Irunen, URI izeneko lantegia izandako eraikinean. Zentro horretan kultura ondareko elementuak gorde eta zainduko dituzte: batez ere, indusketa arkeologikoetatik bildutako tresnak, Aldundiaren jabetzakoak diren arte lanak, eta gisakoak. Gazteleraz, zentroaren izen osoa hauxe izango da: (1) Centro de Depósito y Conservación del Patrimonio Cultural Mueble de Gipuzkoa Euskarazko izena emateko eskatu digutelarik, lehen-lehenik esan diegu burutik kentzeko «Gizartekintza - Departamento de Servicios Sociales» gisako ereduak. Guk izen orekatu bat proposatuko dugu, euskaraz oso, gazteleraz oso, hizkuntza bakoitzean era burujabean erabiltzeko modukoa. Esan diegu, baita ere, gaztelerazko izen luuuuze hori ondo egon daitekeela xedapenetan eta dokumentu guztiz ofizialetan erabiltzeko, baina hobe dutela horrekin batera erabilerarako izendapen laburrago bat eratzea, adibidez: (2) Centro de Patrimonio Mueble...