Skip to main content

Bide orain arte ez saiatua

Izenaren eskuin aldetik eman daitezkeen zenbait osagarri konplexu (aditz eta guztikoak) aipatu genituen uztailaren 15eko mintegi-saioan. Geroztik, adibide batzuen bila aritu naiz, eta etorri zait esku artera pare bat; haietako bat, berri-berria, Administrazioa euskaraz aldizkarian agertua oraintxe (urtean behingo Solasaldiak ale berezia; aurtengoa, Luis Rojas Marcos psikiatrari Miel Anjel Elustondok egindako elkarrizketa).

Honela dio, sarrerako esaldian, hain justu:
Irudi luke psikiatrian hitz berri horren agertzea —erresilientzia, kasurako— eritasun berri baten albiste dugula, edota, bestenaz, eritasun zahar bati aurka ekiteko bide orain arte ez saiatua.
Hots, "bide orain arte ez saiatua" dio (esan zezakeen "bide orain arte saiatu gabea" ere), eta ez, demagun, "orain arte saiatu gabeko bidea", gaur egun gehienetan idatziko genukeen bezala.

Zalantza ote dugu halako egituren ulergarritasunaz? Niri ez zait iruditzen aparteko zailtasunik duenik horko esaldi horren bukaera prozesatzeak, adibidez. Segituko dugu.

Comments

Patxi said…
Begira zer esaldi ederra:

Zer izan zitekeen hoberik amerikar emakume milioidun, ezkongabe eta Walden doktorearen lanean guztiz murgildu bat baino? (Zortzi kontakizun, Isaac B. Singer / Koro Navarro, Alberdania-Elkar, 2002)

Popular posts from this blog

Itxiera-ordutegia

Irratian entzun dut gaur goizean iragarki bat, Herrizaingo Sailarena, (tabernen) "itxiera-ordutegiak" betetzearen aldekoa. Ez dakit burmuinaren txokoren batean "etxera-ordua" ez ote dugun ikusten... Bestela, nire uste oraingo honetan ere harro samarrean, "ixteko orduak" zaindu behar lirateke: ez "itxiera", eta ez "ordutegia". Zer diozue zuek? Patxi

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondoriorik izan ez duenez, iragarki honen bidez jakinarazten dira, 1992ko azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Lege ak, 59. artikuluko 5. zenbakian agintzen duenaren arabera. Interesatuek jakin dezaten ematen da horren berri eta interesatu horientzat banakako jakinarazpen balioa izan behar du». Atzoko BAO tik: «Zigortzeko espedienteari ebazpen proposamenaren jakinarazpena ehizari buruzko BI-60/2010. / Notificación de la propuesta de resolución del expediente sancionador de caza BI-60/2010». (Gero bada zehapen bat edo beste). 30/1992 Legearen euskal testua k zehapen, zehapen-prozedura eta halakoak darabiltza etengabe, eta uste dut zuzenbidearen arloan aipatu samarra dela zehapen/zigor bereizkuntza. Ez genuke hitz hori erabili behar testuetan?; ez zaigu sinesgarria iruditzen oraind...

Mendetasuneko pertsonak

Testu hau Ezintasun mailak izenekoaren jarraipena da. Osteguneko saioan, ikusi genuen hitz zehatz bat behar dugula "dependencia" kontzeptua adierazteko ("Ley de dependencia" eta abar adierazi beharra dago: Itzul-en behin galdetu zen, eta inork erantzunik eman ez!). Ikusi genuen, orobat, hitz horrek ezintasun eta ez-gaitasun hitzez bestelakoa izan beharko duela. Aipatu genituen "laguntza beharra", "besteren beharra" eta abar, baina ordainik beteena mendekotasun dela atera genuen ondorio ( menpeko ere badago Hiztegi Batuan, eta mendeko -ren sinonimoa dela dio, baina eratorririk bat bera ere ez dute sartu, eta bai aldiz mendeko -renak, eta hortik ondoriozta daiteke erro hori hobesten dela). Horrekin batera, mendetasun ere badagoela ikusi genuen, esanahi berarekin. Hortik aurrera, beste bi kontu daude erabakitzeko: lehena, mende(ko)tasun sustantiboa hartu ondoren, zer adjektibo edo izenlagun hartu "persona dependiente" adierazteko; bigar...