Skip to main content

Posts

Zehazki hiztegia sarean

Duela aste gutxi, on line kontsultatzeko moduan jarri dute Ibon Sarasolaren Zehazki hiztegia. Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Institutua erakundearen ekimena izan da. Erraz erabiltzekoa da sareko hiztegia: nahikoa da laukiaren barruan gaztelaniazko hitzaren hasiera edo hitz osoa idaztea. Zehazki

Genitibologia

Artikulu benetan argigarria idatzi du Iñigo Roquek bere Idazkolako takatekoak blogean, izenburu irrigarri horrekin. -ren / -ko betiereko koska horretan estropezu gehiegi ez egiteko lagungarria izan daiteke, ikuspegiz eta irtenbidez. Artikulua irakurri nahi duenak: Genitibologia PD: Zoritxarrez, 2009ko abenduaren 15ean argitaratutako ohar batean , egileak dio bloga elikatzen jarraitzerik ez duela: «Aldi batez, behintzat isilik egongo gara». Ez bedi luzerako izan!

Tailerreko eskuliburu teknikoa

Lehengo batean Erabili.com webgunean eman zuten makina-erremintaren arloko agiri baliagarri baten berri: Tailerreko eskuliburu teknikoa . Kontsultako material interesgarria izan daiteke itzulpen lanerako, makina erremintaren munduko hiztegia eta magnitude matematiko eta fisikoak euskaraz eskaintzen baititu. Magnitude horiek euskaraz nola eman, web gune hauetan ere aurki daiteke: J.R. Etxeberria (Uztaro, 70. zk.) M. Ensunza, J.R. Etxebarria, J. Iturbe (Sigma, 21. zk.)

Eskailera-maila atzendua: puntu eta koma

EHUko hizkuntza-zuzentzaile Iñigo Roquek artikulu labur bezain argigarria argitaratu du Administrazio euskaraz aldizkarian. Gutxitan irakurtzen ahal ditugu euskarazko puntuazioaren gaineko iritzi ongi sustraituak; hau benetan irakurgai gomendagarria iruditu zait. Eskailera-maila atzendua: puntu eta koma (PDF dokumentua, 11-12 orrialdeetan)

Historias de trujimanes

Artikulu ederra argitaratu du Salamancako Unibertsitateko irakasle Jesus Baigorrik, Europako erakundeetako espainierazko itzultzaileen Puntoycoma buletinaren 114. zenbakian. Itzulpengintzaren ikuspegi historikoa nabarmentzen du Baigorrik, gaztelania dotore eta zehatz batez, esaldi luze baina ongi tolestuetan, eta historiaren aitzakiatan, itzulpengintzari buruzko hausnarketa ezin sakonagoak aletzen ditu. Tartean, pasadizo polit bat azaltzen du: Antonio Herranz, gerra garaian Santurtzitik Sobiet Batasunera ihes joandako umea, 1962an Kubako misilen krisi larri hartan interprete lanak egiten ibilitakoa. Aldizkaria paperean argitaratzen dute lehenik, eta handik pixka batera ipintzen dute sarean; gaur-gaurkoz, ez dago, beraz, Baigorriren artikulua Puntoycoma buletinaren webgunean. Irakurtzeko aukeraz goza dezazuen, Gipuzkoaeuskara.net webgunean ipini dut: Historias de trujimanes

Plazos anuales sucesivos

Testu batean por plazos anuales sucesivos agertu zait, hitzarmen baten inguruko itzulgai batean. Alegia, esan nahi da, alde batetik, hitzarmena luzatzekotan urtebeterako edo urtebeteko epe baterako luzatuko dela (ez sei hilabeterako edo hiru urterako), eta, bestetik, hitzarmena luzatzekoa den tarte hori segidako urteetan errepikatu daitekeela. Euskarazko ordaina begiratzean, urtez urteko epe jarraituetan aurkitu dut Elena datu basean. Baina, ez dut argi ikusten ordain horrek benetan jasotzen duenik gaztelaniaz adierazten dena. Nire ustez, euskaraz ematean, epea urte(bete)koa izan daiteke, baina ez, ordea, urtez urtekoa. Egokiagoa iruditzen zait urtebeteko epe jarraituetan luzatu . Beste bide bat hau izan daiteke urtez urte segidan (edo jarraian) luzatu . Pentsatzen dut horrelako formulak tarteka agertuko direla Diputazioko testuetan. Norbaitek beste bide bat ikusten al du?