Skip to main content

Ni naiz erreka zikinen...

Lerro hauek ez dute bigarren asmorik batere. Pentsakizuna etorri egin zait saioaren ondoren, eta esan egingo dut, xalo.

Aitortzen dut nik ere esan izan dudala behin baino gehiagotan "Ni naiz Patxi" (alegia, nor naizen esateko; ez "nor da Patxi?" galderari erantzunez, horrek ez baitu harritzekorik deus ere). Aitortzen dut entzun ere egin dudala, jakina, eta irakurri ere bai halakorik; nola ez. Baina ez dut bereziki bultzatzekoa ikusten, oro har, hurrenkera hori. Oro har, diot, eta idatzian.

Horrekin batera, zuen aurrean aitortua dut ez dudala inondik uste mesede berezirik dakarrenik "Taldeak bildu nahi ditu 10.000 sinadura" idazteak, adibidez, komunikagarritasunaren aldetik. Nik, aizue, "Taldeak 10.000 sinadura bildu nahi ditu" idatziko dut; benetan, horrela hitz egiten erakutsi zidaten (ez dut esan nahi formalki erakutsi zidatenik horrela), eta horrela idaztea daukat eredutzat oraingoz. Komunikagarritasunaren izenean ere bai.

Dudarik ez daukat, jakina, "Ni naiz erreka zikinen iturri garbiak aurkitu nahi dituen poeta tristea" ezin idatz ez esan daitekeela bestela.

Besterik gabe. Denek ongi ulertu didazuen segurtasun osoz, agur bero bat. Saio polita izan da, ederra.

Patxi Petrirena

Comments

Gotzon said…
Guztiz ados, Patxi.

Baina:

«Hondarribiko Udalak 2009ko abenduaren 16an, arazo informatikoen ebazpen proaktiborako eta informatika hobekuntzak egiteko zerbitzua kontratatzeko egindako deialdia da hau»

Ala:

«Hau da Hondarribiko Udalak 2009ko abenduaren 16an, arazo informatikoen ebazpen proaktiborako eta informatika hobekuntzak egiteko zerbitzua kontratatzeko egindako deialdia»
Anonymous said…
Ala:

hau da Hondarribiko Udalak 2009ko abenduaren 16an egindako deialdia zerbitzu bat kontratatzeko, egiteko, hartara, arazo informatikoen ebazpen proaktiborako eta informatika hobekuntzak.


Xabier

Popular posts from this blog

Itxiera-ordutegia

Irratian entzun dut gaur goizean iragarki bat, Herrizaingo Sailarena, (tabernen) "itxiera-ordutegiak" betetzearen aldekoa. Ez dakit burmuinaren txokoren batean "etxera-ordua" ez ote dugun ikusten... Bestela, nire uste oraingo honetan ere harro samarrean, "ixteko orduak" zaindu behar lirateke: ez "itxiera", eta ez "ordutegia". Zer diozue zuek? Patxi

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondoriorik izan ez duenez, iragarki honen bidez jakinarazten dira, 1992ko azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Lege ak, 59. artikuluko 5. zenbakian agintzen duenaren arabera. Interesatuek jakin dezaten ematen da horren berri eta interesatu horientzat banakako jakinarazpen balioa izan behar du». Atzoko BAO tik: «Zigortzeko espedienteari ebazpen proposamenaren jakinarazpena ehizari buruzko BI-60/2010. / Notificación de la propuesta de resolución del expediente sancionador de caza BI-60/2010». (Gero bada zehapen bat edo beste). 30/1992 Legearen euskal testua k zehapen, zehapen-prozedura eta halakoak darabiltza etengabe, eta uste dut zuzenbidearen arloan aipatu samarra dela zehapen/zigor bereizkuntza. Ez genuke hitz hori erabili behar testuetan?; ez zaigu sinesgarria iruditzen oraind...

Mendetasuneko pertsonak

Testu hau Ezintasun mailak izenekoaren jarraipena da. Osteguneko saioan, ikusi genuen hitz zehatz bat behar dugula "dependencia" kontzeptua adierazteko ("Ley de dependencia" eta abar adierazi beharra dago: Itzul-en behin galdetu zen, eta inork erantzunik eman ez!). Ikusi genuen, orobat, hitz horrek ezintasun eta ez-gaitasun hitzez bestelakoa izan beharko duela. Aipatu genituen "laguntza beharra", "besteren beharra" eta abar, baina ordainik beteena mendekotasun dela atera genuen ondorio ( menpeko ere badago Hiztegi Batuan, eta mendeko -ren sinonimoa dela dio, baina eratorririk bat bera ere ez dute sartu, eta bai aldiz mendeko -renak, eta hortik ondoriozta daiteke erro hori hobesten dela). Horrekin batera, mendetasun ere badagoela ikusi genuen, esanahi berarekin. Hortik aurrera, beste bi kontu daude erabakitzeko: lehena, mende(ko)tasun sustantiboa hartu ondoren, zer adjektibo edo izenlagun hartu "persona dependiente" adierazteko; bigar...