2006/01/27

Hierundiatuz

Bromako titulu honekin, gogorarazi nahi dizuet gaztelaniazko gerundioen ordainetan erabiltzen ditugun egituren gaia atera dela azken bi saioetan, gutxienez, eta interesgarri genukeela adibide batzuk biltzea. Azken saioan (2005-01-26), kasu bat aztertu genuen eta desegokitzat jo:
Halako puntua aldatzea, honela utziz.
Halako puntua aldatzea, eta honela uztea.

Baina iruditu zait denak ez daudela konforme aurreko saioan ikusitako (eta batzuok ontzat emandako) esaldi batekin:
Halako egunetan, idatzi bat aurkeztu du, zera eskatuz.

Azken saioan, ahoz erabiltzen dugun "deitu du, zera esanez" horrekin parekatu nuen nik. Baina beharbada gehiago hitz egin behar dugu horretaz. Oso gogoan dut, bestalde, adibide horretan nagusi/menpeko hierakia aldatuta mezua kasik hobeki adierazten dela:
Halako egunetan aurkeztutako idatzi batean, zera eskatu du.

Bildu adibideak, otoi.

3 comments:

Anonymous said...

Kaixo Patxi:

Gaztelerako gerundioa euskaratzeko bide batzuk badira:
-tzen (eguzkia hartzen dago)
aditza-z (eskuak mugituz hitz egiten du)
izena-z (negarrez dago)
-ta (–rik) (ardoa edanda mozkortzen naiz (ardoa edan eta mozkortzen naiz)
-ka (txaloka hartu ninduten)
-ean (diru eskean ibiltzen da)
-ela(rik) (Salamancara nindoalarik…)
Eta egongo dira gehiago.

Niri lan handien ematen didana –z hori da.

Nik –z hori ongi ikusten dut honako hiru baldintza hauek ematen direnean:

- Bi akzio une berean ematen direnean
- Bi akzio horietan subjektua bera denean
- Nola galderari erantzuten dionean (ez noiz galderari erantzuten dionean)

Esaterako:

Jonek eskuak mugituz hitz egiten du.

- Eskuak mugitu eta hitz egin aldi berean ematen dira
- Jonek hitz egiten du; Jonek mugitzen ditu eskuak
- Nola hitz egiten du? (ez: noiz hitz egiten du?)

Jon hitz egiten hasi zen gauza asko esanez * (ez da lehen baldintza betetzen)
Jon hitz egiten hasi eta gauza asko esan zituen

Jonek lapurrak ikusi zituen etxean sartuz* (ez da bigarren baldintza betetzen)
Jonek lapurrak ikusi zituen etxean sartzen

Jonek Aitor ikusi zuen autobusean joanez* (ez da hirugarren baldintza betetzen)
Jonek Aitor ikusi zuen autobusean zihoanean.

Halako egunetan, idatzi bat aurkeztu du, zera eskatuz.

Lehenengo baldintza betetzen al da? Nik esango nuke ezetz (aurkeztu du/eskatzen du). Beraz, honen arabera (eta gaztelerako gerundioaren ordezkoaren bila):
Halako egunetan, idatzi bat aurkeztuta (aurkeztu eta) zera eskatzen du.

Beraz, esaldia ez dut ongi ikusten (horrek ez du esan nahi, jakina, gaizki dagoenik).

Xabier Andonegi

Patxi said...

Ados nago zurekin, Xabier, ia erabat, eta “ia” horretan dago koska txiki bat. Duela bizpahiru urte arte edo, esaldi hori okertzat ematen nuen. Orain, ordea, zirrikitu bat zabalik uzten dut hori bezalako banaka batzuentzat (benetan, uste dut zirrikitu horretatik gutxi batzuk pasa daitezkeela, ez administrazio-testuetan aurki daitekeen samalda osoa).

Horiek horrela, garbi dago seguruena esaldi hori baztertzea dela; are gehiago, aukera egokiagoa ikusten badugu, menpekotik koordinatura pasatuta ez ezik, menpeko dudako hori nagusi bihurtuz eta “nagusi ustekoa” haren menpean utziz: Atzo aurkeztutako gutun batean, zera eskatu du.

Egia da, bestalde, “zalantzaren onura” aitortzeko prest nengokeen esaldi tipo hori, neurri batean, “deitu du zera esanez” esaldiaren parekoa dela (nire ustez), eta halakoak euskaraz berez egindakotzat dauzkadala nik (oker egon naiteke baina). Alegia, gaztelaniazko gerundioek kutsatu gabeko jendeak esan ditzakeela horrelakoak (garbi dago, hori bai, “telefonoak kutsatu” gintuenez geroztikoak izango ditugula…).

Besterik gabe. A, ez! Beste zerbait esan beharra dago:

Idatzi bat aurkeztu du, zera eskatuz eta horretarako zera azalduz.

Berezitasun bat du esaldi horrek (horixe baitzen testu aztergaian genuena). Egiazki, bigarren menpekoa lehenbiziko menpekoaren menpeko ere bada nolabait, zentzuz: eskaera nola egin duen esaten du, eskaera egiteko arrazoiak eman behar izan baititu. Nik uste dut horrek ere eraman ninduela ontzat-edo jotzera.

Adibideak behar ditugu. Animatu eta bildu (bi hitzetan esanda, DE NOK…).

Patxi

Anonymous said...

Kaixo Patxi:

Esan dudanean ez nuela esaldi hori onartzen, esan nahi nuen nuek ez dudala erabiltzen. Baina nik ez diot inoiz ikasle bati horrelako esaldirik zuzendu (horretarako, ziur egin behar gaizki dagoela.

Adibideak eskatu dituzu eta hemen dituzu. Atzoko GAOkoa dira guztiak. Aldizkari erdia-edo begiratu dut eta hauek aurkitu ditut. Denetarik dago: Ongi daudenak, gazki daudenak eta zalantzazkoak. Ea baliagarri zaizkizun.

(nik beltzez jarri ditut, baina blog sistema honek kendu egin ditu)

Xabier

Adibideak:
Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala
21. zenbakia Data 2006-02-01

ERRENTERIAKO UDALA
Trafiko eta Garraio Saila
Ediktoa
Udal honek trafiko arau-hausteagatik ezarritako isunak, lortu gabe, notifikatzen saiatu ondoren, edikto honen bidez egiten da eta azaroaren 26ko 30/1992 Legearen, Herri Administrazioen Lege Arauei eta Administrazio Ihardunbide Arruntari buruz, 59.4 eta 61 artikuluen arabera. interesatuen jakinaren gainean jartzen ditugu, jakin dezaten eta banan-banan jakinarazita har dezaten, era berean ondorengoaren berri ematen zaielarik:
PROZEDURA ZIGORTZAILEA
Izapidegilea: Errenteriako udaltzainburua. Hau errefusatu liteke 30/1992 Legearen 28 eta 29. artikuluei jarraiki.


HERNANIKO UDALA
Hirigintza eta Ingurumena
Iragarkia
Tokiko Gobernu Batzarrak, 2006ko urtarrilaren 12an, «LHI-15.10 eta LHI-15.9 bizitegi sektorearen (Sagastia) urbanizazio egitasmoari» hasierako onarpena ematea erabaki zuen.
Ekainaren 30eko 17/94 Legeak, Etxebizitzaren arloko premiazko neurriak eta Hirigintza Plangintzarako zein kudeaketako tresnak izapidetzeko neurriak zehazteari buruzkoak, 7. artikuluan ezarritakoa betez, espedientea jendaurreko ikusgai jartzen da, hamabost eguneko epean Obra eta Hirigintza saileko bulegoetan aztertu nahi duen edonoren eskueran gera dadin eta epe berean bidezko alegazioak egin daitezen.
Hernani, 2006ko urtarrilaren 18a.—Delegatua.

IBARRAKO UDALA
Ediktua
Manitek Recuperaciones S.L.ren izenean eta horren ordezkari gisa Itsaso Legarra Muñoa And.ak, udal baimena eskatu du pieza mekanikak berreskuratzeko jarduerarako, Apatta Industrialdean, D lursaileko C17 pabilioian.
Eta 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko lege orokorraren 58.atalak dioenarekin bat etorriz, jendaurrean jartzen da, hain zuzen ipini nahi den iharduerak nolabait erasaten diela uste dutenek bidezko oharrak egiteko aukera izan dezaten. Gainera, bertan ohartarazten da, delako espedientea jendearen esku egongo dela hamabost lanegunez bulego-orduetan Udaletxe honetako Hirigintza, Azpiegitura, Zerbitzu eta Ingurugiro Sailean, eta epe horretan bertan egin litezkeen erreklamazioak Udaletxeko Erregistro Orokorrean sarrera emanez bideratuko direla.
Ibarra, 2006ko urtarrilaren 25a.—M.ª Consuelo Romeo Aya, Alkatea.


GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
BIDE AZPIEGITURETARAKO DEPARTAMENTUA
Kudeaketa eta Plangintza Zuzendaritza Nagusia
Kalteen erantzunkizunagatik irekitako espedienteak, interesatuei zuzenean jakinarazterik izan ez direnak.
1992ko azaroaren 26ko 30/92 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarenak eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 59.5 artikuluan dioena betez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren errepideetako elementuei kalteak eragiteagatik irekitako erantzukizun espedienteen zerrenda argitaratzen dugu hemen, interesatuei entzuteko epearen berri emanez bidalitako idatzia helaraztea ezinezkoa izan delako.

ESTATUKO LOTERIA ETA APOSTUAK
Gipuzkoako Merkataritzako Ordezkaritza
Iragarkia
Eibarko (Gipuzkoa) 3 zki.ko. Loterien Administrazioen titularrak (20.031.0003), orain Eibarko (Gipuzkoa) Fermín Calbetón 19-ean dagoen Administrazioa Fermín Calbetón 7-ra aldatzea eskatu du. Azaroaren 26ko, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Arruntaren 30/1992 Legearen 86 artikuluarekin bat etorriz argitaratzen dena, erasanda erizten diren pertsonek iragarki hau argitaratu eta 20 eguneko epearen berne alegazioak aurkeztu ditzaten.
Donostia, 2006ko urtarrilaren 25a—Paloma Ortiz de Zárate, Estatuko Gipuzkoako Loteria eta Apostuen Ordezkari Komertziala.
(49) (836)

EUSKO JAURLARITZA
INGURUMEN ETA LURRALDE
ANTOLAMENDU SAILA
Uren Zuzendaritza
Jendaurreko informazioa
Bergarako (Gipuzkoa) udalerrian, Ozaeta Jauregian karparen aldaketa eta makinak jartzeko bertan egin beharreko indusketa lanak egiteko baimena eskatu du Koldo Lasa jaunak, Bergarako Zubiaurre Kaleko 35. enean helbdiea duenak eta 15.888.154-F IFKdunak.
Jatetxea handitu nahi da behe-planta eta sotanoarekin, Deba ibaiaren eskubiko aloban 7m luzeran ibaiaren hormatik gutxienez 5 metrora aldenduaz.

EUSKO JAURLARITZA
INGURUMEN ETA LURRALDE
ANTOLAMENDU SAILA
Uren Zuzendaritza
Jendaurreko Informazioa
Hondarribiko udalerrian (Gipuzkoa), Jaizubia auzoko Amezti-Punta baserria berreraikitzeko lanetarako baimena eskatu dute, 15.249.098-Y IFK eta Irungo Primantzar kaleko 35.ean helbidea duten Francisco Javier Etxeberria Mendizabal eta Jesus Mari Etxeberria Mendizabal jaunek.
Amezti-Punta baserria eraitsi eta, 10 metro Ekialderago eta 2 metro altuagoko kotan berri bat eraikitzean datza obra. Proiektua hartuko duen lursailak Bekoerreka erretena du mugakide Ipar-ekialdean, eta Hego-ekialdean, berriz, Simoneneko erretena, eremua erreten bien polizi aldean kokatuta dagoelarik

ADUNAKO UDALA
Iragarkia
Alde interesatuak eskatuta, Alkatetza honek egun indarrean dagoen legediak ematen dizkion eskurantzak erabiliz, eta Kode Zibileko 51.2 artikuluak eta Herri Administrazioen eta Guztientzako Administrazio Ihardunbidearen Erregimen Juridikoko 30/92 Legearen 13. artikuluak xedatutakoa betez, ondorengoa,

ARRASATEKO UDALA
Kontuhartzailetza
Iragarkia
2006ko ekitaldiari dagokion Aurrekontu-espedientea jende aurrean agerian egoteko arauzko epea igarota, inolako erreklamazio edo oharpenik aurkeztu ez denez, eta Udalbatzarrak, 2005eko abenduaren 26an eginiko bileran, hartutako akordioaren arabera, aipatutako aurrekontua behin-betiko izaeraz onartuta gelditu da, ondoren, Udal Entitateen Aurrekontuei buruzko indarrean dagoen Araudiak ezarritakoa betez, bere Kapitulukako laburpena argitaratzen da:

7 UDAL ADMINISTRAZIOA
AZPEITIKO UDALA
Diru laguntza emateko oinarriak, Joxe Takolo Beka egitaraua barne delarik, alpinismo jarduera bultzatzeko.
________________________________________
AZPEITIKO UDALA
Iragarkia
Alkatetza honek 2006ko urtarrilaren 24an emandako ebazpenaren bidez, Joxe Takolo Bekaren baitan dagoen dirulaguntza lortzeko eskariak eta beka bera ematea arautzen duen arauak onartu zituen, Euskal Herriko Mendi Federazioko kide izanik, adierazi den helburuarekin bat datorren jardueraren bat antolatu nahi duten Euskal Autonomia Erkidegoko mendizale, mendi elkarte eta beste edozein eratako talde edo elkarteei zuzendua.

BIDEGOIANGO UDALA
Bidegoiango Agerre-Azpiko a.312.u, a.312.v eta a.312.x Partzeletako Xehetasun Azterlana behin betiko onartzea. Jende aurreko erakusketa.
Udal Batzarrak, 2006ko urtarrilaren 11an eginiko bileran, Bidegoiango Agerre-Azpiko a.312.u, a.312.v eta a.312.x Partzeletako Xehetasun Azterlana behin betiko onartzea erabaki zuen.
Administrazio-bideari amaiera ematen dion behin betiko erabaki honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako epaitegian, bi hilabeteko epean, administrazioarekiko auziak arautzen dituen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8. eta 46. artikuluan ezarritakoaren arabera eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen 109.c) artikuluarekin bat etorriz.

BIDEGOIANGO UDALA
Iragarkia
Bidegoiango Udalak, 2005eko abenduaren 28an egindako Udalbatzaren Osoko Bilkuran, 2005ari dagokion Udalaren berezko Aurrekontuko 1/2005 zenbakidun Kredituen Aldaketako Espedientea behin behingo izaeraz onartu du.
Abenduaren 28ko 39/1988 Legearen, Toki Ogasunen Erregulatzaile denaren 158.2 eta 150. artikuluetan xedatutakoa betez, apirilaren 20ko 500/1990 Erret-Dekretuko 41. 20. eta 22 artikuluei jarraiki; jendaurreko informaziora jartzen da ondorengo erregelen arabera:

Zehapenak eta zigorrak

Gaurko GAO tik: «Beheko zerrendako zigor espedienteen Foru Aginduak (zigor-jardunbidea hastekoa) jakinarazten saiatu arren, horrek ondorior...